Gizon Arruntaren Alderdia, Indiako beste populismoa

  • Delhiko boto emaileek lurrikara politikoa eragin dute Indian jaun eta jabe zebilen Narendra Modiren alderdi ultranazionalista lotsagarri utzirik: Arvind Kejriwali eman dizkiote estatu hartako 70 parlamentarioetatik 67. Duela bi urte ustelkeriaren kontra sortutako Gizon Arruntaren Alderdia da Indiako fenomeno populista berria.

Eexpress erabiltzaileak Youtuben ipinitako bideoko irudian, Arvind Kejriwali gaur Delhi estatuko buru dena. Atzean daukan pankartan ageri da erratza, AAP alderdiaren ikur nabarmena. Agerraldi publikoetan sarritan erakusten dira erratzak, Gizon Arruntaren Alderdiak bere burua txiroen mailaraino apaltzen duela eta Indiako politikagintza garbitzera datozela irudikatzeko. Ezkerretik zenbaitek aurpegiratzen die hizkera marxista garbia baztertu izana. Beste batzuek, ordea, uste dute ezkerreko programa egingarri bat dakartela populismoz beztiturik: herritar guztientzako osasun zerbitzuak eta hezkuntza aldarrikatzen dituzte, kasta apalenen eta emakumeen bazterketaren kontra mintzo dira nahiz eta ez duten kuotarik ezarri, homosexualitatea despenalizatuko dutela agindu dute, energia berriztagarri eta ez zentralizatuak defendatzen, lurra eta baliabideak lekuko komunitateek kudeatzea...

Kejriwalik Delhin lurrikara    eragin duela ez da ahoberokeria.  Gizon Arruntaren Alderdiak (Aam Admi Party) eskuratu ditu 21 milioi biztanleko estatuaren gobernua: metropoliaren parlamentuko 70 jarlekuetatik 67. Hiru parlamentari triste baizik ez  urteotan Indian agintzen duen Narendra Modiren Bharatiya Janata Party (BPJ) ultranazionalistarentzako; alerik ere ez Gandhitarren Indian National Congress (Congress) alderdiarentzat.

“Delhiko bataila politikoaren emaitza harrigarriak arnasarik gabe utzi ditu analistak, ahozabalik BJPko lekuko buruzagiak eta pentsakor Gobernu federalekoak”, idatzi du L.K. Sharma kazetari beteranoak Open Democracy gunean “Proper democracy triumphs in Delhi” (Demokrazia bera garaile Delhin) titulua daraman kronikan.

Delhi estatuko gobernuburu datozen urteotan izanen da Arvind Kejriwal (1968), Indiako Teknologi Institutuan hezitako ingeniaria eta zerga bilketa zerbitzuko funtzionario izana, ustelkeriaren kontra kalean borrokatzen aritu ondotik politikan sartu dena.

“Hauteskundeotan garaileak erakutsi du alderdi politiko batek arrakasta eskuratu dezakeela diru asko eduki gabe, indar fisikoa erabiltzeke eta sektakeriazko manipulazioetan zikindu barik”, dio Sharmak. Ordainetan, Aam Admi Party (AAP) alderdiak lortu du mobilizatzea  erdiko mailako profesional asko Indiako kultura politikoa iraultzeko helburuaren bueltan.

Ideologia usainetik ihes egin eta arazo sinpleak aipatzen ditu AAPk. Txiroen alde mintzo da, lagun arteko edo konplizitatezko kapitalismoa (crony capitalism) salatzen. AAP indarrean azalduz geroztik, Modiren irudia aberatsekin lotzen zelakoan, honek ere txiroen alde mintzatzen hasi behar izan du. Baina ezker tradizionalaren mezuek goiko eta erdi mailako jendea izutzen baldin badute, AAPk bere ezker berri itxurarekin ez du izu hori eragin posizio oneko herritarren artean.

Bigarren aldiz dago AAP Delhiko gobernuan. Aurreko aldian, gehiengo osorik eskuratu ez zuenez bazkidetzat zuen Gandhitarren alderdi ofizialista eta beste zenbait alderdi txiki; gobernatzen ahalegindu zen gehiengo sinplearen jabe zen BPJren kontra. 49 egun iraun zuen Kejriwalek dimititu arte, ustelkeria garbitu eta zerbitzu publikoa bermatzen lagatzen ez ziotelako.

Hiriburuko jendeen artean zapore gozo-garratza utzi zuen Kejriwalek. Alde batetik, 49 egun horietan nabaritu omen zen ustelkeriaren kontrako bere eragina: polizia eta beste funtzionarioek eten zuten eskupeko beltzak kobratuz xantaia egiteko zerabilten ohitura zaharra. Baina beste aldetik,  Kejriwalek ez zuen geldiarazi kaleko protesta eta liskar giroa, berez kaotikoak diren Delhiko karrikak itotzeraino nahasten zituena.

Hori duela urte bete zen. Oraingoan, ordea, estiloa aldatu dute Kejriwalek eta AAPk. Ez gehiago enpresarien kontrako erretolikarik edo liskarzale itxurarik: kaleko gizon arruntaren kezkak eta garbitasunez gobernatzeko promesak. Bide batez esanda, gure arrebek barkatuko digute Gizon Arrunta erabiltzea, matxismo eta guzti, baina AAP eta Kejriwal horrela dira mintzo.

Erratza nahi du jendeak     

Naïké Desquesnesek Le Monde Diplomatiquen iaz egin zuen AAPren erradiografia. Ingelesezko edizioan osorik irakur daiteke haren “New party of the poor” (Txiroen alderdi berria).

Ustelkeriaren kontrako borroka politikaren erdian jartzen lehena Ana Hazare izana zen arren, haren laguntzaile Arvind Kejriwalek kendu dio lekukoa 2012an AAP sortuta. Hazarek Mahatma Gandhiren itxura hartzeko erabiltzen zuen kapa zuriari gehitu zion ikur berria: erratza. Dalit jende ukitu ezinak erabiltzen du kaleak garbitzen. Keinu bikoitza, txiroen defentsa batetik, ustelkeria bizi politikotik erauziz herritarrentzako zerbitzu publikoak bermatzeko promesa bestetik.

“Gu ez gara besteak bezalakoak –diote AAPko buruek–, gu politikan sartu gara soilik sistema garbitzeko”. Ingelesezko hiru C borrokatuko dituztela agindu dute: ustelkeria (corruption), komunitate bereizketan oinarritutako alderdikeria (comunalism), hinduak eta musulmanak elkarren kontra jartzen dituena, eta konplizitatezko kapitalismoa (crony capitalism).

AAPko buruek diskurtsoaren erdian ipintzen dute Gandhik aipatzen omen zuen swaraj: deszentralizazioa, autonomia politikoa. Lekuko aginteei boterea berreskuratzea aldarrikatzen dute beti.

Desquesnesek swaraj ideia ikusten du mamiturik Mumbai hirian Medha Patkarrek egindako bidean. AAPra hurbildu zen Ghar Bachao Ghar Banao (Gure Etxeak Salbatu, Gure Etxeak Eraiki) mugimendua sendotzeko, hiri handi hartako auzo txiroak suntsitu eta bertako jendeak lekualdatzeko agintariek zerabilten estrategiaren kontra.

Aldi berean, Patkar bera da AAPren kontraesanen termometroa. 1985etik Patkarrek gidatu zuen Narmada Bachao Andolan, independentziaz geroztik Indiak industriaren kontra ezagutu duen mugimendurik indartsuena, besteren artean Namada ibaiko urtegi handiaren kontrako borroka burutu zuena. 1995ean 250 erakunde bilduz National Alliance of People’s Movements sortu zuen. Desquesnesen ustean, “Patkarrek ez du aliantza estrategiko bat baizik sinatu AAPrekin, eta hau ahula da AAPk ez dielako lehentasunik ematen berdintasunari eta kasten zapalkuntzaren arazoei”.

Populismo guztiak legez, AAP ere kontraesanez beterik dago, Desquesnesek azaldu duenez. Zenbait buruzagik jokabide xenofoboak eduki dituzte. Delhiko justizia ministroak etorkin afrikarrez esan zuen: “Beltzak ez dira zu eta ni bezalakoak, legea urratzen zaleak dira”.

Matxismoari ez diote eskapo egiten AAPkoek. Turista daniar bat bortxatu zutenean Kejriwalek berak gertakaria prostituzioarekin eta drogarekin lotu zuen.

AAPren programa neoliberala dela salatu dute batzuek, tartean Arundhaty Roik. Alegia, erratzaren alderdiak nahiago duela gobernu zuzena aipatzea (good governance) kapitalismoaren edo inperialismoaren kontra hitz egitea baino, eta langileen askapena lotzen diola legeak ematen dituen zirrituak baliatzeari.

Baina zertarako epaitu hain zorrotz AAPren populismoa, ezker klasikoa bere hizkera erradikalarekin gehienbat ondo bizi den jendeak osatzen duenean eta  benetako txiroek kasurik egiten  ez diotenenean?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: India
Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote

Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.


Indiako gobernuarekiko kritikoa zen hedabide baten aurka egin du Poliziak

NewsClick ezkerreko hedabidearen sortzaile eta erredaktore burua eta Amit Chakravarty giza baliabideen arduraduna atxilotu ditu Indiako Poliziak, zenbait egoitza eta hainbat kazetariren etxebizitza ere miatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude