Galindok barrabilak estutzen zituenekoa

  • Mikel Zabalza  atxilotu zuten gau berean eraman zuten Ion Arretxe Intxaurrondoko kuartelera. Tortura latzak jasan zituen, eta orduan bizitakoa bildu du liburu batean.

Ion Arretxe, Zabalzarekin batera tortutak jasandakoa. FiatLux.com

Intxaurrondoko kuartela, 1985eko azaroak 26.
    Norbait garrantzitsua sartu zen gelan. Berehala nabaritu nuen. Akaso bere inguruan egin zen isiltasunagatik, edo hartu zuten morrontza moldeagatik. Nire aurrean jarri zen… Kaputxa kendu zidan…
    –Ba al dakizu nor naizen?– galdetu zidan.
    –Bai. Galindo zara.
    –Zure komandokoek jarraipenen bat egiten ari zarete edo?
    –Ez, inondik ere ez.
    –Orduan zergatik ezagutzen nauzu?.
    –Telebistan ikustetik ezagutzen zaitut.
    Barrabiletatik heldu eta bihurritu egin zizkidan.
    –Gauzak kontatzeko ekarri zaitugu hona… Beraz ez dezagun denborarik galdu eta hasi hitz egiten mutil… bestela, lehertu arte bihurrituko dizkizut barrabilak.
    Barrabilak estutu zizkidan eta jota utzi ninduen. Kaputxa jarri zidan berriz eta alde egin zuen.

    

Horrela ezagutu zuen Ion Arretxek Enrique Rodríguez Galindo, garai hartan Intxaurrondoko Guardia Zibilaren buru zena, eta geroago Joxi Lasa eta Joxean Zabalaren tortura eta hilketengatik espetxeratutakoa. Rodríguez Galindok 75 urteko kartzela zigorra bizkarreratu zuen baina 4 urte pasa zituen espetxean, gaixotasun larria argudiatuta eman zioten askatasuna.

Ion Arretxek Madrilen aurkeztu berri duen Intxaurrondo. La sombra del nogal (Intxaurrondo. Intxaurrondoaren itzala) liburuaren pasarte bat da goikoa. 2008an egin zen ezagun bera ere Mikel Zabalza atxilotu zuten gauean eraman zuela Guardia Zibilak. Eraman eta torturatu. Urte horretan, Jaime Rosales zine zuzendariak Tiro en la cabeza filman protagonista etakide bat zen aktore nagusiaren papera eman zion eta, horren harira, Ion Arretxek 1985ean atxilotu zutenekoa kontatu zuen. Madrilen bizi da egun eta gidoilari, marrazkilari, zuzendari artistiko eta idazlea da.

Arretxe 1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuen Guardia Zibilak Errenteriako bere gurasoen etxean, 21 urte zituela. Gau horretan bertan atxilotu zituzten Mikel Zabalza, Idoia Aierbe haren neskalaguna, Zabalzaren lehengusu bat eta Ion Arretxe bera.

Guardia Zibilak ETAko komando bateko kide izatea leporatu zien, baina Arretxeren esanetan berak ez zituen beste hiruak ezagutzen. Arretxe etxean atxilotu eta mendira eraman zuten, kolpeez eta irainez gain, erreka batean burua behin eta berriz sartu zioten, ia itotzeraino. Tortura latzak jasan zituen hamar eguneko atxilo aldian eta, Madrilgo Carabanchelgo espetxean hiru egun egin ondoren, epaileak kargurik gabe libre utzi zuen.

“Nik ez nuen inoiz ikusi Zabalza –dio Arretxek liburuan–, eta zer gertatu zen segurtatzeko moduko ausarta ez naiz izango. Baina irudika dezaket, eta ez da asko irudikatzea, atxilotu gintuzten gauean ni eraman ninduten toki beldurgarri eta ilun berera eramango zutela, burua erreka berean sartuta torturatuko zutela, eta eskuetatik joan zitzaiela”.

“Zabalza eskuetatik joan zaie”

Pedro Gómez Nieto guardia zibila Intxaurrondon zegoen garai haietan eta CESID Espainiako zerbitzu sekretuen buruetakoa zen Juan Alberto Peroteri zera esan zion 1985ean: “Zabalza eskuetatik joan zaie, galdeketetan geratu zaie”. El Mundo egunkariak eman zuen horren berri 2004an.

Antza, hil eta berehala kuartelean bertsio bat asmatu zuten: atxiloketaren gauean hiru guardia zibilek zainduta zulo batera zihoazenean Bidasoara egin zuen salto Zabalzak. Horretarako, Intxaurrondoko igerileku batean –beste batzuen esanetan Bidasoako urez betetako bainuontzi batean– eduki zuten gorpua, eta egun batzuk geroago Bidasoara bota zuten.

Espezialista askoren ikuspegitik, ostera, Zabalzaren ihes modua sinesgaitza zen. Baina 25 urteren ondoren kasua artxibatu egin zen eta hala jarraitzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guda zikina
Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


Eguneraketa berriak daude