"Bortxaren monopolioa daukanak haren kontakizuna eskutik dauka"

  • Altzo, 1948. Euskara irakasle izana eta saiogile oparoa. Hizkuntza, abertzaletasuna, nazioa eta identitatea nabarmendu dira bere saiakeretan. Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara (Txalaparta, 2014) da bere azken lana. Gai konplexua bezain kitzikagarria.

“Indarra estatuak darabilen bortxarekin identifikatzen da. Ematen du indar hori elur zuria bezain naturala dela”.Dani Blanco

Nondik nora bortxa politikoaren gaia lantzeko ideia? Zer dela eta?  

Bortxa politikoarekiko interesa irakurritako testu marxisten eraginez izan dut, besteak beste. Euskal Herriko azken matxinoen bortxa –ETAkoena alegia– hasi zen garaian irakurri nuen marxismoa. Bortxak gizartearen instantziak, faktore sozialak, ekonomikoak edota politiko-juridikoak determinatzen ditu. Ideia horrek erakarrita idatzi dut liburua, eta berau idazteak gauza dezente erakutsi dit bortxari buruz.

Hala nola…

Hainbat pentsalariren bidez jasoak nituen intuizioak berretsi ahal izan ditut. Adibidez, Johan Galtung-ek hiru bortxa mota aipatzen ditu: estrukturala, zuzena edota esplizitua, eta kulturala edota sinbolikoa. Horien arteko dialektika asko interesatu zait, eta ETAk armak utzi zituenetik areago, bortxa gora eta bortxa behera darabiltzagu eta. Jakin-min hori neurri batean ase zait eta ondorio filosofiko batzuetara iritsi naiz. Filosofia kritiko baten ikuspegitik landu dut bortxa, edo saiatu naiz behintzat. Alegia, bortxak gizartea, gure jokabideak eta nazio harremanak nola baldintzatzen dituen ikusi dut sakonetik. Bortxa horiek goitik behera eta alderik alde zeharkatzen eta ezaugarritzen gaituzte. Marxisten testuez beste, egungo beste pentsalariek ere berretsi didate hainbat intuizio.

Ondorio filosofikoak aipatu dituzu.

Konbentzimendu batera iritsi naiz: ez dago gizarte ez nazio harremanik bortxazkorik ez denik. Giza harremanak gaindeterminatuak daude – bai politikoak bai ekonomikoak zein juridikoak–, eta ez modu mekanikoan, alegia, badago bortxa fundazionala edo sortzetikoa. Foucaultek dioenez, “nazio batek beste bat konkistatu eta okupatzen duenean, hori ez da inoiz amaitzen”.

Biolentzia hitza erabiltzean, indarra,   indarkeria edota bortxa darabiltzagu. Zuk bortxa hautatu duzu.

Horrek badu bere arrazoia: indarra kontzeptu neutraltzat hartzen delako. Estatuaren monopolioa dela eta, indarra estatuak darabilen bortxarekin identifikatzen da. Indar hori ematen du elur zuria bezain naturala dela. Elurra egiten badu, zuria behar du eta inor ez da asaldatzen. Estatu modernoak bortxa bereganatu zuen, baita erabili ere, eta  naturala edo normalizatua bezala hartua da. Esan dezagun, bortxa hori zentzu komunaren mailako kategoria dela. Inork gutxik pentsatzen du estatuak darabilen bortxa auzitan jar daitekeenik. Diktaduretan, frankismoan hemen, Europako liberalismoak hori auzitan jarri du nolabait, baina gainerakoan zilegi da, legezkoa, elur zuria.

Eta bestea, horren kontrakoa?

Matxinatuek edo iraultzaileek darabiltena, kontra-bortxa alegia, hori elur beltza litzateke, gure kasuan ETAk egin duena. Hori indarkeria da eta terrorismoarekin identifikatzen da. Hau da, badirudi estatuarena ez dela indarkeria. Setienek [Gipuzkoako apezpiku ohiak] idatzi duenez, indarra hauteskundeen bidez ezarritako aginte onartuarena  da, bestea berriz, ez. Hauteskundeen bidez hautatua ez da indarkeria, antza. Keria atzizkiaren konnotazio guztia kontra-bortxari itsasten zaio, legitimoa ez delako. Niri, aldiz, nahiko arbitrarioa iruditzen zait indarraren eta indarkeriaren arteko bereizketa, bortxa guztiak bortxa direlako. Justizia edo injustizia, ordena bidegabea edo bidezkoa mantentzeko erabiltzen den indarra bortxa da.

Bortxa kontzeptua determinatzea ez da hain sinplea, beraz.

Oso konplexua da. Bortxak gizarte eta nazio guztiak baldintzatzen ditu, eta gu ere, pertsonak, bortxak eraikitako subjektuak gara. Bortxak hil egiten du. Adibidez, egun hauetan bortxa Ukrainian ikusten ari gara. Gu heriotzaren alde ezkorrarekin geratzen gara, sufrimenduarekin. Aldi berean, atzean, bortxa estrukturala dago, prozesu bat ematen ari da. Nazio indartsu bat nazio etsaiaren lurraldeak desegiten ari da eta beretzat hartzen. Hori berez, bortxa da, lurraldea desegin ahala berea zabaltzen baitu.

Intelektualen pentsamenduez gainera, hedabideetako iritzi-emaileen artikuluak ere aztertu dituzu, baita bortxa pairatu dutenen kontakizunen harian idatzi ere.

Iritzi horiek akuilu izan ditut. Horiek aukeratzea ez da erraza izan, eta aukeraketan ez dago arrazoi berezirik. ETAren su-etenaren ondoren testu asko argitaratu dira, artikuluak gehienbat. Giro horretan biltzen hasi nintzen testuak. Iritzi-emaile horiek euskarritzat hartzea eta haiei leku ematea pentsatu nuen. Batzuetan, beraiekin bat egiten dut eta bestetan kritikoa naiz. 50 urte hauetan gertatuen inguruan nire ikusmoldearekin bat datozenak badaude eta horietaz baliatu naiz nire iritzia zurkaizteko, sendotzeko, baina, ziur aski, alderantzizkoak dira gehienak.

Elur beltza eta elur zuriaren artean ibili zara.

Bai, nolabait. Bigarren hauek bortxaren ikuspegi murriztailea ematen dute nik uste. Bortxaren kontzeptua manipulatzen dute, ulertzen dutelako bortxa dela bakarrik kontra-bortxa erabiltzen dutenena. Hau da, bortxa ekintza soiltzat hartzen dute, ordena eta sistema nazional baten kontra doan bortxa, ETArena, alegia, kontra-bortxak hildakoak eragin dituelako. Horien ustez hemen nagusi izan den bortxa kontzeptua hori da. Elur beltza, alegia.

Elur beltza diozu. Garai batean ETArena ez zen hain beltza izan, ordea.

Egia da hori. ETAren lehen garaiko kontra-bortxa, euskal bortxa deitua, elur beltz hori ez zen hain beltza nonbait. Nahiko zuria zen, antza, eta nahiko legitimatua herritarren aldetik, eta ez bakarrik mundu abertzalean, antifrankistek ere onartu zuten. Hori gaur egun gutxietsi egiten da. Alegia, ETAren historia idatzi nahi badugu, hori aintzat hartu beharrekoa da, zeren eta badirudi azken urteetako ETA baino ez dela izan. Hori barneratu nahi digute, baina iraganean ETAren bortxak legitimazio handia izan zuen. Identitate espainola zutenek ere –ez euskal identitatea aldarrikatu dutenek soilik–, haiek ere bortxa hura ez zuten horren elur beltz ikusi. Estatua diktatoriala zelako, akaso? Dena den, diktadura hark etsai asko zituen, eta testuinguru hartan bortxa zilegitzat jo zen. Hura ez zen indarkeria nonbait, gero bihurtu zen indarkeria.

“Nazio euskaldunaren alde borrokatu direnei” eskaini diezu liburua. Hala ere, horien barnean jardun direnekiko eta bortxa erabili dutenekiko kritikoa zara hainbat pasartetan.

Trantsizio ondorengo aldaketen ondorioz, bi bortxen arteko dialektika eta harremanak aldatzen hasi ziren. Ordura arte estatuaren bortxa “ez-legitimoa” zen, gero Espainiak “estatu omen guztiz demokratikoaren bidez” beste estatus bat lortu zuen Europan. Bortxa ofiziala legitimatzen hasi zen emeki-emeki, eta ETAren bortxa ez-legitimoa bihurtzen. ETAren bortxa bumeran bihurtu zitzaion erakundeari hasteko. Hasieran, aldeko zuen haizea kontrakoa bihurtu zitzaion. Aldaketa eta egoera berri horretan borroka armatuaren erabilerarekin oso kritikoa izan behar da, bestela, Estatuak haren estrategia ondo baliatu baitezake. Espainiakoak ondo baliatu zituen ETAren estrategiak. Borroka armatua galtzen hasi zen, besteak beste, babesten zuen oinarri sozial horrek garbi ikusten ez zuelako, euren helburuak legitimotzat jo arren. Dena den, Joxe Azurmendik dioenez, ETA mugimendu zabala izan da. Ez zen talde armatua soila izan, herri mugimendua zen eta horrek blaitu zuen gizartea. Ez zituen soilik eragile politikoak zipriztindu, mundu kulturala eta sindikala ere blaitu zuen, onerako edo txarrerako. ETAren eragin hori aintzat hartzekoa da, hori ere kontatu behar da.   

ETAren borroka armatuak terrorismo kontzeptuaren marra ukitu al du?

Batzuen ustez, bai.    

Zure ustez?

Liburuan aipatzen dudan autore batek galdetzen du: “Izurik gabeko iraultza edota kontra-bortxa politikorik posible al da?”. Terrorerik eragiten ez duena, alegia. Berak dio bortxak berezkoa duela izuaren osagaia, baita zentzurik onenean eta askatzailearenean ere. Mandelaren adibidea da garbiena. Haren ekintzetan zibilak hil ziren. Erakunde terrorista izan zen berea? Nik ez dut garbi ikusten, beste batzuek bai. Emilio Lopez Adanek [Beltza] lerratze terrorista moduko bat ikusi du. Marisol Iparragirre etakideak “guk ez genuen sekula marra hori pasatu nahi izan” dio. Terrorismoa subjektu zibilen aurkako ekintza dela, inplizitua, eta haiek ez zutela ekintza bat inoiz asmo horrekin egin, esan du ere. Asmoarekin ez, baina borroka armatuaren praktikan hori gerta daiteke eta ETAri gertatu zaio behin baino gehiagotan. Lerratze kontzientea izan den? Ez dut uste.

Irabazteko balio badu, bortxa elur zuria bilakatu ahal da?  

Edgar Morinek dioenez, batzuetan asmo txarrez ere, irabazteko bada, balio du bortxak. Bitarteko gaiztoek ere ondorio on batzuk izan ditzaketela, alegia. Herbert Marcusek alderantziz dio, “asmo onenaz erabilitako bortxa iraultzaileak ere, justu kontrako ondorioak izaten dituela”. Justiziaren alde eginagatik ere, ondorioak ez direla onak, alegia. Bitartekoen eta helburuen arteko kontraesanak handiak dira.

“Kontakizunaren bortxara”, dio liburuaren izenburuak. Bortxa ere badago kontakizunean, nonbait.  

Noski. Bortxaren monopolioa daukanak hitzaren monopolioa dauka, kontakizunaren bortxa bere eskutik dauka. Historia jakin bat sozializatzen da curriculumen bidez, historia jakin bat eta ez bestea. Betiko kontua da: historia garaileak kontatzen du. Hori egia berdaderoa da. Orain kontakizun asko egongo da, eta bakoitzak bere egia izango du, bere egia txikia, guk gurea. Baina, azken 50 urteetako historia nola kontatuko den eskoletan ba al dakigu? 

Bortxaren kontakizunaren nolakoaz ezkorra zara, beraz?

Bai. Orain arte, batez ere bortxaren ikuspegi mota bat azpimarratu da: bortxa zuzena, asaldagarria, odolezko irudien bidez ikusten duguna. ETAren bortxa zuzen asaldagarria bortxaren kontzeptura mugatzen dute. Gainera, ETAren inguruak bortxa hori legitimatu duela diote, ETAren mundu sinbolikoa, kulturala eta ideologikoa azpimarratzen dute. Nagusitu dena elur beltza dela, ez dela naturala, ez dela demokratikoa. Ordea, elur zuria, ordenak ezarritako bortxa, ordena nazionala oso naturala da nonbait. Espainiarekin ditugun harremanak oso naturalak direla diote, berezkoak, atzean ez dagoela inongo bortxarik, ez sortzetikorik ez bestelakorik. Hau da, bortxa ez da inoiz hemen ezarri, hemen espainolek eta frantsesek berezko nagusitasuna daukate, modu naturalean eta logikoan sortua. Nagusitzen ari den kontakizuna bortxaren kontzeptu murriztua da. Gainerako bortxak, estrukturalak nahiz kulturalak, noizean behin aipatzen dituzte, gutxitan.

Historia beti errepikan kontatua.

Bai, garaileak eta garaituak daude, edo horrela agertu nahi dute. Karlistadetan garaituak izan ginen, 1936ko gerra zibilean ere bai. Gerra guztiak galdu ditugu euskaldunok, Orreagakoa ez ezik. Tira, batek daki zer izan zen hura... [irribarretsu].

Historia ez da ongi kontatua.

Herri okupatu batek ezin du ondo kontatu. Herri okupatu batek ba al dauka baliabide ideologiko eta sinbolikorik, bitarteko interpretagarri egokiak izateko? Herri kolonizatuak ahalegintzen dira beren historia kontatzen, baina ez da posible. Berriz, diot, bortxaren monopolioa daukanak hitzaren monopolioa dauka. Foucault-ek dioenez, oso argi, jakintza eta egia produktu sozial eta historikoak dira. Hori ez dago edonoren esku, hori boterearen monopolioaren esku dago.

Hedabide nagusiek egiten duten kontakizunari zer deritzozu?

Kontakizun sentimentalak egiten dituzte gehinbat, biktimenena. Biktimek egiten duten interpretazioa onartzen dut, maila afektibo eta sentimentalean egiteko eskubidea dute. Baina hori kontakizunaren parte bat da, herri honetan gertatu denaren partea. Era horretara, biktimen aldeko mekanismoak eta  nola-halako enpatiak nagusitzen dira. Hori egin behar da, baina hemen bi nazioen arteko kontraesan historikoa dago jokoan, bi hizkuntza eta identitate antagoniko daude, espainolak izan nahi ez dugun euskaldunak gaude, oso gutxi, baina bagaude zorionez.

Dilema bat: bortxa estrukturala eta matxinoen bortxa ez dira berdin baloratu behar. Bortxa iraultzaileak ezin du bere burua parekatu instituzionalarekin bere akatsak zuritzeko orduan.

Bai. Yoyes da horren adibide paradigmatikoena. Kontra-bortxa eraldatzailea eta demokratikoa –soziala edo nazionala izan– justiziaren aldekoa edota ezarritako justiziaren kontrakoa baldin bada, zapaltzailearen bortxatik bereizi beharko du. Matxinoak bortxarekiko oso kritikoa izan behar du. Ez du soldadu edo polizia baten jarrera eduki behar. Polizia exekutatzera doa, goiti-beherako agindua betetzen, iraultzaileak justiziaren bidetik joan behar du.

Jesus Mari Zabarte etakide ohiak exekuzio hitza erabili du berriki ETArenak izendatzean.  

Bai, hori erabili zuen… Hori ere ulertu daiteke. ETAko militante  batzuek “nik ez nuen parte hartu ekintza militar batzuetan, baina ni ere konplizea sentitzen naiz”, diote. Beraiena proiektu kolektiboa bezala hartzen dute. ETAko ekintzak komunak izan direla, diote. Kontua ez zen nork egiten zuen, erruduna ez zen exekutatzen zuena. Enpatia morala eta ideologikoa izan da horretan. Sarritan, borroka armatu askatzaileak bere nazioa askatu nahi izaten du, baina tamalez, nazio menperatzaileak kontraesanean sartzen du. Bortxa bitarteko arriskutsua da.

Batzuen ustez, historiaren kontakizuna fikzioaren bidez eginda egokiagoa da. Zer diozu zuk?

Emozioaren eta estetikaren planoan hobeagoa da fikzioa. Hasteko, saiakera zurrunak izaten direlako eta batzuetan aspergarriak. Irakurle askorentzat erakargarriagoa da historiaren interpretazioa modu atseginez barneratzea, nobelaren bidez, kasu. Gero, egokiagoa edo desegokiagoa ote den? Kontakizunaren nolakoaren arabera. Edonola ere, fikzioak nola saiakerak bere mugak dituzte. Saiakeraren gotortasunean informazio lehorregiak ematen dira eta jendeak nahiago du fikziora jo. Harkaitz Canoren Twist nobela adibide ona da, besteak beste. Alabaina, fikzioaren bidezko interpretazioak gehiago lantzen dira plano afektibo, sentimental eta pertsonalean, eta ez hainbeste kolektiboan. Alegia, saiakerak borrokako kontraesanak hobeto agertzen ditu, nire irudipenean betiere.

Saiakera hobesten duzu, alegia.

Kontraesan historikoak dituzten bi nazio eta bi identitate kolektiboen artekoak azaltzeko, terminologiak  azaltzeko bai. Fikzioak ez ditu kontzeptualizazio soziologikoa eta historikoa bereganatzen. Ez du bereganatu behar gainera, bere teknikak dauzka modu atseginean eta erakargarrian kontatzeko, baina beharbada zehaztasuna galtzen du. Problematikaren muinera saiakeraren bidez hobeto iristen gara, baldin eta saiakera ona bada. Izan ere, saiakera historiaren zehaztasun zientifikoa izanda ere, espekulatibotik ere badu. Baina espekulazioa ere zilegi da neurri batzuen barruan. Hau da, egia txikiak kontatzen ditugu fikzioan nahiz saiakeran. Eta egia txiki horiekin guztiekin egia handixeagoak osatzen ari garela pentsatu nahi dut. Euskaldunon aldetik esan nahi dut, espainolek berea egiten baitute. Kontakizuna beti subjektiboa da, kontakizun osorik ez dago, inork ezin dezake hori egin. Kontakizun objektiborik ez dago, gertakariak ez direlako berez mintzo.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezkerreko pentsamendua
Eskuinaren berrindartzea Latinoamerikan

Ezkerraren krisiak Latinoamerikara salto egin du. Orain gutxira arte eskualdeko mapa ia guztian gobernu aurrerakoiak topatu zitezkeen. Baina gauzak aldatzen ari dira azken hilabeteetan. Hiru hauteskunde presidentzialistek inflexio puntua markatu dute: Daniel Noboak Ekuadorren... [+]


Lenin gogoan

Tariq Ali idazle pakistandarrak kontatzen du Lenin hil ondoren buro politiko sobietarrak momifikatzeko hautua egin zuela, familiaren erabateko ukoarekin. Stalinek, Leninen figura erabili nahi zuen bien artean jarraikortasun historiko eta politikoa zegoela adierazteko. Izan ere,... [+]


Atzerantz ala aurrerantz matxinatu?

Gizarte- eta protesta-mugimenduen historia aztertzen denean, ikergai oparoenak Aro Garaikidekoak izaten dira. Iturriak ugariagoak dira, gatazkak ere bai, eta gainera, ikertzaileok ikergaiaren mundu ikuskera konpartitzen dugu. Hau da, aurrerabidearen eta progresoaren galbahetik... [+]


Eguneraketa berriak daude