Fausto pertsonaia klasikoaren azalean sartzeko proposamena egin digu Galder Perezek bere azken lanean. Fausto, herritar eredugarria. Jatorrizko antzezlana, Bilboko Pabellon 6 aretoko sormen laborategian sortu zen, gaztelaniaz, baina euskaraz ere estreinatuko da, datorren urtarrilaren 29an Donostiako Antzoki Zaharrean, Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan. Fredi Paiak egin du itzulpena. Entseguan harrapatu dugu Galder Perez zuzendaria, urduri, azken ukituak direla-eta.
Kontaidazu nolakoa izan den Fausto antzezlanaren jaiotza, nola sortu zitzaizun ideia eta nola garatu den.
Gogoak eta beharrak nahasturik sortu zen proiektua. Lander Otaolak, Mikel Losadak eta hirurok aspalditik genuen testu klasiko bat gaurkotzeko gogoa, eta azken urteotan Marloweren Faustorekin zenbait jolas eta saiakera egin ostean, iaz 6. Pabiloian amesten genuena taularatzeko behar genituen baldintzak eta aukera etorri ziren. Hortik gogoa. Eta beharra, gaur egun bizi dugun eta kiratsa darion mundua nola ikusten, ulertzen eta sentitzen dugun kontatu nahi dugulako, ziria noraino sartu diguten taula gainean agertzeko beharra genuelako.
Gizarte europarrean bizi dugun fabula faltsuaz ari gara, beraz, eta horren erregina den demokraziaz. Ondoen kontatu eta eraikitako ipuina da demokrazia. Eta horixe, zapaltzen dugun lur labainkor eta kutsakor hau oso gogoko dugu, antza; egunero sinesten dugun gezurra hain potoloa eta agerikoa da... Eta ipuinean bezala, bitartean, libre bagina bezala bizitzera kondenatuta gaude ongizate gizartea deiturikoan.
Hori guztia agertzeko ezinbestekoa izan da antzerkiaren eta musikaren inguruan bildutako komunitate utopikoa, sormenaren beharrak eta kontatzeko gogoak elkartutako lantaldea. Horrela joan zen garatzen proiektua. Testua eta horren moldaketa izan genituen abiapuntu. Gero, denon parte hartze zabalarekin, hain talde heterogeneoan, gutako bakoitzak ahal zuen guztia eman zuen.
Fitxa teknikoan, luxuzkoa, egun euskal antzerkigintzan zabiltzaten hainbat sortzaile ageri zarete.
Diziplina asko nahasten dira proiektuan. Testuari dagokionez, XVI. mendeko C. Marloweren Fausto moldatu genuen Mikel Losada, Lander Otaola eta hiruron artean, eta ondoren Fredi Paiak euskaratu zuen. Rap guztien hitzak, berriz, Endika Lahainerenak dira, eta zuzenean abesten ditu. Berarekin batera, taula gainean lau aktore ari dira: Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola eta Diego Perez. Musikari dagokionez, Maisha Mc-k egin du ekoizpena, eta emanaldietan ere zuzenean aritzen da DJ. Soinuak presentzia handia dauka emanaldi osoan, musikak ez ezik, soinuek eta zaratek ere girotzen baitute eszena bakoitza. Soinua bibrazioa da; aktoreek ikusleak ukitzen ez badituzte ere, soinua ikusle eta entzuleen azaletik barruraino sartzen da dardara dela medio. Horri heldu diogu. Irudien bidez, bestalde, hitzen eta soinuen bidez lortutakoa areagotzen da: Zigor Gorostiolak sekulako diseinua egin du argi eta proiekzioekin, giro ilun, kaletar eta basatia sortu du. Horri aktoreen mugimenduak gehitu behar zaizkio: alde batetik, erraietan bizi dugun lizunkeria eta basakeriarena, eta, bestetik, sinetsarazi nahi diguten dotorezia eta handitasunarena.
P6ko laborategian sortu zen, lehendabizi gaztelaniaz, eta gero euskal bertsioa etorri da. Antzekoak dira ala bakoitzak ditu bere ñabardurak?
Mamia berbera da, kontatu nahi duguna unibertsala baita, barkatu, mendebaldekoa. Beraz, ostikada berdin jasotzen da, hizkuntza edozein dela ere. Baina hizkuntza bakoitzak bere ñabardurak ditu, jakina. Euskaraz lantzen ari garen honek intsentsu usain handiagoa daukala esango nuke... Gure hizkuntzak, eta gure herriak berak ere, agian, elizpean eman, jaso eta jasan duen guztiagatik izango da. Euskarazkoa jostariagoa ere badela uste dut. Ez gaude horren ohituta testu klasikoak entzutera, hitz eta esaldi barrokoak, eta nabarmenagoa da berorika, zuka eta hitanoaren arteko jolasa, hizkera jaso eta kaletarraren arteko kontrastea... Eta erantsi dizkiogun erreferentzia batzuengatik ere, beharbada, euskarazko testua dagokion eremura gehiago gerturatzen da, alegia, ikusleek, obra osoan esaten ez bada ere, Euskal Herrian bertan kokatuko dute antzezlanaren akzioa.
Gazteleraz edo euskaraz, antzezle berberak aritzen dira taula gainean? Honek esan nahi du euskarazko antzerki gehiago ekoiztu daitekeela, egon badagoela lehengaia horretarako?
Kasu honetan, guri gaztelaniaz sortzeko proposamena egin ziguten, baina hasierako sorkuntza lan horretan jada euskaraz hitz egiten genuen asko. Nik lantaldeko gehienekin euskaraz izaten dut eguneroko harremana. Horregatik, lanean ari ginela, euskarazko bertsioa egiteko gogoa piztu zitzaigun. Diegorentzat euskarazko lehen lana da, eta primeran ari da.
Euskaraz sortzeko lehengaia egon badago, asko, baita maila eta gogoa ere. Baina publikoa? Beharbada hori da behar duguna. Azken boladan interes handiagoa somatzen ari naiz euskarazko antzerkiarekiko, ez dakit gogoa, irudipena edo errealitatea den. Dena dela, ekoizpena eta sorkuntza bereizi behar direla uste dut. Sortzaileok ez dugu ekoizten eta oso ekoizle gutxik sortzen du... Kultur eredu duin batean, naturaltasun osoz hitz egingo genuke ekoizpenaz, baina uste dut euskaldunok gehiago sortzen dugula ekoiztu baino. Izango dugu hor ere zer ikasia...
Nolakoa izan da Fredi Paiaren lana?
Itzela! Fredik gaztelaniazkoa ikusi zuenetik agertu zuen testua euskaratzeko gogoa. Sekulako lana egin du. Ez da batere testu erraza, esan bezala oso barrokoa baita, tratamendu nahaste piloa eta, zintzoak izanik eta tamalez, euskaraz ez gaude halako testuetara horren ohituta. Guk, jakina, ez ditugu ikusleak izutu nahi, kontrakoa. Aktoreek ezinbestekoa dute entzulearengana iristea. Oreka hori aurkitu eta mantentzea zen testuaren erronka nagusietako bat. Lanean izugarri gozatu zuela ere esan digu, eta eskerrak! Erronka oso polita zen, ezohikoa gurean. Testua irakurri nuen lehenengo momentutik, idatzi genueneko muina mantentzen zuela ikusi nuen eta barre ere egin genuen erruz. Fredi oso ona da plazan bertsotan, badakigu, baina hizkuntza jasoan idatzitako testu klasiko batean, behar duen handitasun kutsua mantentzeaz gain, ateraldi ederrak lortzeko gaitasuna ere baduela erakutsi du.
Denok gara apur bat Fausto? Denok nahi dugu herritar eredugarria izan? Bizitza eroso horren parte izan?
Antzezlanean esaten dugu libre antzean bizi garela kartzela den eta sistema esaten diogun honetan. Denok ematen dugu egunero baldintza hauetan bizirauteko gure baimena, nola edo hala. Laino artean bezala galduta gabiltza sistema kapitalista-arrazista-heterosexista-patriarkalean, balore faltsuek zipriztinduta, pertsonon zentzumenek ere lekurik ez duten eredu ekonomizista hutsean. Hori dena jakin badakigu eta bertan jarraitzen dugu, ezer jazoko ez balitz legez. Hortik dator antzezlanaren estetika sadomaso guztia, erotikarekin eta lizunkeriarekin konkistatzen gaituzte, eta guk onartu egiten dugu jipoia, gozatu egiten dugu horrekin. Okerrena da batzuetan protesta egiten dugula, baina azkenean beti kaka berera itzultzeko.
Faustok hainbat bertsio izan ditu historian, hainbat idazlek heldu dio bere modura. Zein da gure Faustoren jatorria?
Gure abiapuntua XVI. mende bukaerako testua da, Christopher Marlowek idatzitakoa. Goetherena da ezagunena, eta mitoa bera bada ere, arima deabruari saltzen dion gizonarena, guk Marlowerena gogoko genuen, edukiz eta egituraz gaurkotasun handia ere bazuela iruditu zitzaigun... Egitura aldetik errespetatu badugu ere, eszenek jolaserako aukera handiagoa ematen dute, satira eta komedia gehiago daude. Klasikoari buelta eman diogu eta, paradoxikoa badirudi ere, neurri batean, bere horretan utzi nahi izan dugu.
Nola deskribatuko zenituzke gaur egun kaleetan dabiltzan Faustoak?
Zu eta ni gara, denok gara Fausto. Gure protagonistak, Jon Faustok, politikan egingo du bidea, oso nabarmena delako egunero bizi dugun tranpa erraldoi honetan politikariek duten ardura. Baina Fausto ez dira politikariak, patroiak edo diru gehien biltzen dutenak, hori sustengatzea posible egiten dugun herritar eredugarriak baizik: hipotekatzen dena, ezkontzen dena, haurrak dituena, auto berria erosten duena... Denak preso. Gurpil zoro batean, ezin atera gaude, behin eta berriz errepikatzen dugu, egunero saltzen diogu gure arima deabrua den Demokraziari, horregatik gara denok Fausto.
Urriaren 4tik 19ra iraganen da Nafarroako arte eszeniko komunitarioen jaialdia Iruñean, nazioartekotza eta kritika soziala ardatz harturik.
Ganbaran arrak bizi dira, arrek arrentzat sortutako munduan. Sotoan berriz emea, zoritxarreko egun batean sortutako “akatsa”. Goian jaun eta jabe. Behean kateak eta iraultza. Gela biak inkomunikatuta daude, ez dago nahasterik. Nola etorriko da orduan, aldaketa... [+]
Zer egingo zenuke lagun baten bizia salbatzeko? Zer emango eta zer gordeko zenuke? Komedia honetako hiru lagunek auzi honi eman behar diote erantzuna. Gau zoro batean, ezusteko gertaerak bata bestearen atzetik etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta... [+]
Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.
Marmarra
Dramaturgia: Jon Gerediaga/Atx Teatroa
Zuzendaritza: Atx Teatroa
Noiz: Uztailaren 4an ... [+]
Kolpe bat jaso eta memoria galdu berri duzu. Dakizun bakarra, poliziak esan dizulako, zera da: bere ohean zetzan elbarritu babesgabe bat tiroz akatu duzula; duela gutxirarte maitekiro zaintzen zenuen gizona, hain zuzen. Zeure burua duin eta zintzotzat duzu, eta hala ere,... [+]
Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]
Gosea, txizalarria, maitasuna, gorrotoa, egarria, sexua, beldurra... eta zelan ez... biolentzia. Besteak beste, gure instintoetako batzuk dira hauek. Haiei esker bizi gara historiaurretik gaur egun arte. Oinarrizko tresnak izan dira, badira eta izango dira bizitzan aurrera... [+]
Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean
Nork: Ekida Arte Ekimena.
Noiz: ekainaren 20an.
Non: Azkoitiko Baztartxo antzokian.
------------------------------------------------------------------
50 urte dira Gabriel Aresti euskal idazle marxista hil zela, eta Ekida arte... [+]
Euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko gaituen ikuskizuna da “Ez dok Hiru”. Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala.
Eoa, deskonzertantea eta irrigarria azalez, baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario... [+]
Maiatzean Korsikan egon nintzen topaketa batean, hezkuntza artistikoa eta hizkuntzen irakaskuntza aipagai, gure antzerki taldean hezkuntza eta antzerkia anai-arreba bikiak baitira ekinean. Ikastaroan, luzaz mintzatu ginen linguista batekin, etorkinei frantsesa eta ingelesa... [+]
Miss Karaoke-k abesti bat kantatzeko enkargua jaso du, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo... [+]
Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.
-------------------------------------------------------
Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]
Liluragarria da zinez aulkien disdira. Orok merezi du lanaren osteko atsedena. Kasu, ostera, sakona da loaren eztena. Esertzen bazara aginduetara makurturik, heriok ohartu orduko, jango dizu barrena
Takoidun Zapata Gorria hogei minutuko iraupena duen antzezlan labur bat da, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren bigarren proiektua da. Ezohiko gunetan erakusteko obra bat da, ez baitu eszenatoki baten beharrik. Hartara, antzez-ekintzaren barruan egoteko eta ekintza bertatik... [+]