CAN

CAN eta erantzukizunak

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Aurrezki Kutxaren desagerpenetik urteak igaro dira, baina jendarteak, bereziki nafarrak, ez daki oraindik zer gertatu zen milaka herritarrek euren aurrezkiak utzi zituzten entitate horrekin. Eraldaketa eta ibilbide berrian, aurrezki horiekin espekulatzen ari dira orain. Antzeko zerbait gerta liteke Kutxabankekin ez bada pribatizazioa geldiarazten. Jendarteak ez badaki CANen egoera zein den, UPNren jarreragatik da. Hori logikoa da, beraiek izan baitziren CANeko kudeatzaile nagusiak. Baina PSN ere ildo beretik doa eta alderdi honek jarrera independenteagoa eduki beharko luke. CANeko ikerketa batzordean egin beharreko eztabaida hilabetez atzeratu du PSNk. Atzerapen horrekin denbora gutxi geratuko da ikerketarako, hauteskundeak bost hilabete barru egingo baitira. Gainera, sozialistek ikerketa mugatu nahi dute, esaterako, dieten auzia kanpoan utzita. Hala, ezinezkoa izango da sakoneko ikerketa egitea, eta beste behin, finantza eta politika gestoreek ez dituzte erantzukizunak beregain hartu behar izango. Hori badaki PSNk. Horregatik, ezkutatzeko gehiago duen UPNk baino ardura handiagoa du.

Oposizioko gainerako taldeek, euskal jendarteak, eta bereziki nafarrak, eskubidea dute jakiteko ez soilik nola irten zen entitatea Burtsara, baita nola kudeatu zen ere urte horietan guztietan, nola eta zeinek hartzen zituen erabakiak, dietekin erlazionatutakoak ahaztu gabe. Era berean, ezagutu beharko litzateke nola egin zen aurre-jubilazioen hedapen plana, eta CANen, Burgos eta Kanarietako kutxen eta Cajasolen arteko fusioa, euskal aurrezki kutxei bizkarra emanez, haiekin konfederatuta bazegoen ere.

Zergatik jokatzen du horrela PSNk? Zergatik atzeratu du ikerketa? Zentzuzko arrazoi bakarra dago: berak ere bere miseriak eta erantzukizunak ezkutatu nahi ditu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: CAN
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.