Azken erregea eta lehen arkeologoa

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2014ko abenduaren 28a
Estela honetan Nabonidok errege babiloniarren jantzi tradizionala du soinean, eta zeremonia zetroa eskuetan. Alboan Sin, Ishtar eta Shamash jainkoen sinboloak ageri dira. Lehenaren kultua inposatzeagatik herritarren babesa galdu zuen Babiloniako azken err
Estela honetan Nabonidok errege babiloniarren jantzi tradizionala du soinean, eta zeremonia zetroa eskuetan. Alboan Sin, Ishtar eta Shamash jainkoen sinboloak ageri dira. Lehenaren kultua inposatzeagatik herritarren babesa galdu zuen Babiloniako azken erregeak.

Babilonia, K.a. 556. Labashi Marduk errege gaztea kargutik kendu ondoren, Nabonido tronuan eseri zen. Herodoto greziarra lehen historialaritzat jotzen den arren, haren aurretik Nabonidok ere iraganarekiko interes handia izan zuen. Indusketak egiteko agindua eman zuen gainbehera etorritako hiri sumeriar eta akadiarretan, eta horietako batzuetan berak parte hartu zuen zuzenean. Indusketa lan horietan aurkitutako erregeen eta jainkoen estatuak, testuak idatzita zituzten estelak eta bestelako materialak Babiloniara eramanarazi zituen.

Ustez, haren asmoa objektu horiek toki batean erakusgai jartzea eta herritarrek antzinako erregeen loria miretsi ahal izatea zen; egungo museo moduko bat eraikitzea, alegia. Horrez gain, errege-liburutegiko milaka taulatxoren kopiak eginarazi zituen. Erregealdi guztien kronikak gordetzeko obsesioa zuen eta horretarako hainbat tailer zabaldu eta idazlari mordoa bildu zituen. Halaber, buztinezko eta betunezko nahasketa berezia asmatu zuen dokumentuak gehiago iraunarazteko. Horri esker Babiloniako errege liburutegia ia osorik iritsi zaigu.

Egungo arkeologoak ziurrenik hotzikarek hartuko lituzteke Nabonidoren indusketa metodologia ikusita; derrigorrezko informazioa bildu baino lehen objektuak testuingurutik ateratzea, esaterako, sakrilegioa da. Baina harengandik izan ez balitz, objektu asko eta bertan bildutako informazioa betiko galduak lirateke. Errege akadiarren berri, esaterako, ezer gutxi jakingo genuke.

Historiari egindako ekarpenak ekarpen, Nabonido agintari kaskarra izan zen. Hasteko, agintea lortzeko egindako bidea iluna izan zen eta klase boteredunarekin bat egin ordez, haien etsaitasuna irabazi zuen, bereziki apaizena. Marduk jainkoaren kultuaren nagusitasuna eten zuen eta haren ordez Sin ilargiaren jainkoa ipini zuen rankingaren lehen postuan. Horrenbestez, herri xeheak bat egin zuen boteredunekin erregearen aurka.

Halaber, huts larria egin zuen Pertsiako Ziro II.a Handiaren kontra Lidiako Kresorekin bat egitean. K.a. 539an Ziro Babiloniako ateetan konkistarako prest zegoenean, edozein agintarik armada prestatuko zukeen erasoari aurre egiteko. Baina Nabonidok beste estrategia bat hautatu zuen: erresumako jainkoen estatuak hiriburuan bildu zituen, jainkozko batzorde hark arazoa konponduko ziolakoan. Herritarrak Nabonidoren aurka egonik eta harrizko armada alferrikako harekin, Ziroren osteek ez zuten gezi bat bera ere jaurti behar izan Babilonia mendean hartzeko, Bibliak konkista gertaera ia apokaliptiko gisa deskribatu arren.

Herodotok dio Nabonido sutan erretzera kondenatu zutela baina azken unean Zirok barkamena eman ziola. Beste iturri batzuen arabera 539. urtean bertan exekutatu zuten eta bertsio baikorrenak dio bere azken urteetan bizimodu lasaia izan zuela Karmanian. Kontua da, azkenean, Nabonido Babiloniako azken errege penagarri gisa igaro dela hainbeste maite zuen historiara.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ekialde Hurbileko zibilizazioak  |  Arkeologia

Ekialde Hurbileko zibilizazioak kanaletik interesatuko zaizu...
Sexuak jainkotutako deabrua

Mesopotamia, duela 4.000 urte. Sumeriar Inperioaren gainbeheraren ondoren, Asiriako erresuma indartzen hasi zen eta, horrekin batera, asiriar mitologiaren pertsonaia sorta zabala taxutzen. Ordukoak dira Nisroch deabru arriskutsua aipatzen duten idazkun zaharrenak.


Ogia, nekazaritza baino zaharragoa

14.400 urteko ogia aurkitu du Jordaniako Shubayqa 1 aztarnategian Amaia Arranz Otaegi euskal ikerlaria buru duen Kopenhageko Unibertsitateko talde batek.


Oholtxo asiriarren jarraibideak

Iazko urrian idazkera kuneiformez idatzitako 90etik gora buztinezko oholtxo aurkitu zituzten Bassetki aztarnategian (Kurdistan). Orain Heidelbergeko Unibertsitateko ikerlari Betina Faist-ek K.a. 1250. urteko testuok diotena deszifratu du.  

 


Bankariak beti bankari

Sumer (Mesopotamia), K.a. XXIV. mendea. Lagasheko Urukagina erregea, boterea lortu bezain pronto, askotariko erreformak egiten hasi zen. Besteak beste, neurrigabeko zorrak barkatzea eta alargunen eta umezurtzen zerga-salbuespena jarri zituen indarrean.


3.500 urteko bitxitegia

Danimarkako Moesgaard Museoko arkeologo talde batek duela 3.500 urteko bitxigintza lantegi baten aztarnak aurkitu ditu Failaka uhartean, Kuwaiteko kostaldean, Mesopotamiako merkataritza sarean irla txikiak izan zuen garrantziaren seinale.


Duela 5.000 urteko haurtzaindegia

Irak, 1930eko hamarkada. Irango mugan ia, Diyalah ibaitik hurbil, Eshnunna sumertar hiriaren arrastoak induskatzen hasi ziren, Chicagoko Unibertsitateko Ekialdeko Institutuaren gidaritzapean. Sumertar arrastoak nahasita aurkitu ohi dituzte, eraikinak zaharkituta zeudenean birrindu eta txintxorren gainean berria eraikitzeko ohitura zutelako. Horregatik zaila izan ohi da eraikinen mugak zehaztea, eta Chicagoko Unibertsitateko arkeologoek aztarnategia alderik alde zeharkatzen zuen bost metro... [+]


Emakume langileen eguna duela 4.000 urte

Kopenhage (Danimarka), 1910. Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Topaketan, Alemaniako Alderdi Sozialistako ordezkari Clara Zetkin eta Kathy Dunckerrek “Emakumeen nazioarteko Eguna” edo “Emakume Langileen Eguna” ospatzeko proposamena aurkeztu zuten. 1911ko martxoan, Emakume Langileen Eguna ospatu zen lehenengoz Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Ofizialki behintzat, 4.000 urte lehenago, Mesopotamian, emakume langileek, beren eguna ez ezik, aste osoa jai izan... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude