"Belaunaldi bakoitzak erabakiko du euskara mantentzen duen ala ez"

  • Hogeita hamalau urte eta gero, agur esango digu Kike Amonarrizek Argiako irakurleoi. Agurraren garaian, hizketan lotu gatzaizkio, txistetik hasirik. Bada irribarrea, eta irribarrea besterik ere bai. Agur, bada, baina ez adiorik!

Zeruko Argian hasi zen umorezko artikuluak idazten eta txiste kontatzen, eta hogeita hamalau urte egin ditu astekari honetan txorakikeritan.
Zeruko Argian hasi zen umorezko artikuluak idazten eta txiste kontatzen, eta hogeita hamalau urte egin ditu astekari honetan txorakikeritan.Dani Blanco

Kantari gatoz kopla zaharra: “Hauxe da despedidea / hauxe da despedidea / despedida honen tristea / agur aita eta ama /agur anai arrebea /agur anai arrebea /hauxe da despedidea”. Txiste kontatzeari utziko diozu Argian.

Ez dakit agurra den, baina eten bat bai, behintzat. Nekea ere sumatzen nuen, eta hogeita hamalau urte eta gero etentxoa egiteko garaia dela iritzi nion. Betiko izango den ez dago esaterik sekula. Neke apur bat, ez da besterik.

Txorakikeriak berriaren azala ere ikusi dugu: Mona Lisa da, baina zeure aurpegia eta irribarrea ageri ditu!

Txiste txar batetik sortua da. A-mo-na-rri-z (a), bada, Mona Lisa bat egingo dut neure aurpegiarekin. Liburuaren edukia islatzen duelakoan nago, urteetako bilketa, moldaketa eta egokitzapen lanaren fruitu da. Irribarreak, kasu honetan, are gehiago erakusten du barrenean dagoena, barre algara baino. Hemengo umorea kritikoa da, gogoetarakoa ere bada… Eta bestalde, neure buruaz barre egiten saiatu naiz: pertsonaia asko tolosarrak dira, gizonezkoak, euskarari buruzko materiala ere dezente, politikari buruzko txisteak ere ez gutxi, pentsarazi egiten dizutenak.

Euskal filologian lizentziaduna zaitugu, soziolinguista, telebista aurkezle… Zer duzu umorea zure lan profesionalean, soziolinguistarenean bereziki?

Hizkuntzaren funtziorik nagusietakoa funtzio ludikoa ere bada, eta soziolinguistikak funtzio hori kontuan hartzen ez badu, gaizki gabiltza. Hizkuntza, berez, bata bestearekin komunikatzeko da, herri bat eraikitzeko, komunitate bat trinkotzeko, eta horretarako, derrigorra du umorea, ludikotasuna, hizkuntza beraren erakargarritasuna, erabilgarritasuna, aberastasuna. Umorea lantzeko ere, hizkuntza tresna da. Zenbat eta hizkuntza aberatsagoa, zorrotzagoa, herrikoiagoa, orduan eta umore noranahikoagoa izan genezake. Horixe gogoan sartu nintzen txiste afarietan. Haien helburua soziolinguistikoa zen. Gero, Txiskola etorri zen ETBn, eta haren helburua ere, batez ere, soziolinguistikoa zen. Eta soziolinguistikari buruzko hitzaldietan ere, umorea funtsezkoa izan zait, mezuak helarazteko. Horrekin batera, umorea nahitaezkoa da gazte hizkera lantzeko. Ate asko zabaldu dizkit umoreak, eta soziolinguistika jardueraren zenbait norabide ere umoreak argitu dizkit.

Umorea, soziolinguistika, telebista…

Dena lotuta ikusten baitut! Nire obsesioetakoa izan da, nola lortu hizkuntzaren aldeko jarrerak zabaltzea. Ikusle, irakurle, hiztunak erakartzea, geureganatzea. Nola lortu gure diskurtsoak, gure produktuak ahalik eta gehienengana iristea. Hortik jo dut beti. Gogoratzen naiz, behin, Tolosaldea berreuskalduntzeko elkartea sortu genuenean, 80ko hamarkadan, gure galdera: “Zer egingo dugu jendea erakartzeko?”. Bertso jaialdiek jendea biltzen zuten, baita hitzaldiek ere, baina besterik behar genuen, eta horrela antolatu genituen txiste afariak, ordurako Iparraldean egiten hasita zeudenak. Eta sekulako arrakasta! Txiste afarietan jendea pozik ikusi nuen, barrez, hizkuntzarekin gozatzen, txisteak euskaraz konta zitezkeela sinesten… Horixe izan da bidea.

Tribuaren berbak saioraino irauten duen bidea…

Horretan nago ni. Helburu bat nuen saioari ekin nionean, gure tribua nola ari den erakustea, noraino iristen den, zein anitz den, zein interesgarri, zenbat gauza dauden gure tribuaren barruan. Askotan ahaztu egiten zaigu nola ari den gure tribua! Behin eta berriz esan digute txikiak garela, ahulak, gureak ez duela ezertarako balio… Sinetsi dugun arte! Tira, ez gara hain handiak, badakigu nola gauden, gure egoera ahula dela, ia-ia desagertzeko arriskuan egotetik gatoz… Hori dena badakigu, baina Tribuaren berbak eginez, bestelako ikuspegi bat erantsi nahi dut: “Horrek ez digu aurrera egiteko balio. Aurrera egiteko, bestelako ikuspegi bat, bestelako jarrera eta aldarteak behar ditugu”. Tribuko elkarrizketatuei horixe esaten diet beti: “Errealitatea dena da, eta kontatu egin behar dugu, izan gordin edo gozo; esan nola ari garen, ondo ala gaizki; hoberantz goazen ala okerrerantz. Baina bukaeran, irrintzi bat behar dugu. Aurrera egin behar dugu!”. Baten batek esan izan du: “Programa baikorra da”. “Zaude! Programak ez du egoeraren irakurketa baikorra egiten, baina egoera edozein delarik ere, baikorra da jarrera, eta horrela irabazten dira partidak!”. Hori transmititu nahi izan dugu, eta hori espiritu umoretsua da!

Zenbat herri gure tribuak! Beti-betiko lekuak ez ezik telebistan agertu ohi ez direnetan ere bada tribu: Tutera, Lapuebla Labarka, Tafalla…

Mihiluzen ere bagenuen kezka hori: gu Euskal Herrian gaude. Inork ezin du jakin nondik egiten den gure saioa, nondik abiatzen garen, dela Bilbotik, dela Iruñetik, dela Baionatik. Euskal Herrian dugu fokua jarria, ez da Gipuzkoatik begira egiten den programa, ez: Euskal Herritik Euskal Herrira begira egiten da. Horixe da gure tribuaren aniztasuna. Gu, izan ere, tribuaren lurraldean mugitzen gara, Euskal Herrian, baina ez Euskal Herrian bakarrik. Skype bidez nahiz furgonetaz, tribua dagoenera hurbiltzen gara: Montevideon zuberotarrez ikasi duen Carlos Costarekin izan gara, Madrilen Carlos Cidekin mintzatu gara… Tribukide dira, euskal herritar ez izanagatik ere, Bartzelonako euskaldunen moduan. Edo Maria Spandini greziarra eta José Miguel Ramírez kolonbiarra, tribukide. Hori bai, tribuak bizirik jarraituko badu, Euskal Herria behar du, horixe du bere gune geografikoa, eta gainera, Euskal Herrian bertan gune indartsu bat behar du, egoera onean, behar ditu arnasguneak herri eta hirietan, behar du geografikoki zabaldu, demografikoki indartu, lurraldea berreskuratu… Hori guztia ere behar du.

Etxegabe da tribua? Beti kalean zuek…

Programaren formatuari lotua dago hori. Hasi aurretik esan genuen: “Ezin dugu euskarari buruzko saioa egin, atzean liburuz betetako apalak dituzten pertsonak –gizonezkoak, gehienak– elkarrizketatuz”. Irudi horrek adierazten du programa jende jakin batentzat dela, eta, juxtu, gure programa jende jakin horrentzat ere bada, baina ez batez ere horientzat. Kaleak airea ematen du, berriketa. Kalean ezin da “morfosintaxi” esan, besterik esan behar da. Kaleak hizkera herrikoia, ulergarria erabiltzen laguntzen gaitu, hizkera teknikotik aparte. Tribuaren berbak-en armarriak hiru hitz ditu: “Argi, labur, mamitsu”.

Euskaldun zaharra, berria da tribua?

Tribua euskalduna da, eta euskaltzalea da. Euskaldunberri kontzeptuaren inguruan bada eztabaida interesgarri bat, ezabatu behar ote dugun. Ni euskaldunberri kontzeptua mantentzearen aldekoa naiz eta badut arrazoi bat: euskaldunberrien ahalegina nabarmentzeko modua egiten duelako. Euskaldunberri izateak adierazten du, adin batetik aurrera, gutxi jakinda edo batere ez, euskararen ikasketa prozesuari heldu eta ikastera iritsi den pertsona. Multzo garrantzitsua da, eta gure lehen programetako batean euskaldunberriaren monumentuaz aritu ginen. Multzo kualitatiboki ezinbestekoa izan da gure normalizazio prozesuan, eta merezi duena baino aitortza txikiagoa jaso du orain arte. Bestalde, zenbait egoera azaltzeko ezinbestekoa da euskaldunberria. Balio handikoa da, errespetu handikoa. Gainerakoan, gure tribuan denetariko euskaldunak ditugu, eta horixe erakusten saiatu gara: tribuan mundu guztiak dauka sarbidea, adin, jatorri, kolore eta pentsaera guztietakoak. Guztiontzako kalea egiten saiatu gara tribuan, euskara eta euskarazko komunikazioa helburu duena. Horrekin bat datorrenak, erraza du sarbidea gure kalean: esparru komun bat, non euskaraz bizi, komunikatu eta gozatu nahi duenak horretarako aukera izango baituen.

Harrigarri zait zenbat eta zenbat jende ari den euskararen gainean gogoetan.

Bada horretarako arrazoirik, edo nik hala interpretatzen dut, behintzat. Aldaketa garaia bizi dugu, aldaketa asko bizi izan ditugu urte hauetan, aldaketa guztiak batera: noiz sortu zen ETB, noiz euskararen legea, noiz euskaltegiak, noiz euskararen erakunde nagusiak, noiz hasi zen euskara batua indartsu sozializatzen? 80ko hamarkadan. Gaur egun normaltzat jotzen ditugun gauza askoren abiapuntua orduan dugu. Orduan gazte ginenok eta orduan heldu zirenek abiada eman zioten orain nahiko egonkortua dagoen prozesuari. Orain, berriz, 2010etik honako hamarkadari begira jarri eta esan behar da 80ko hamarkadan jaiotako belaunaldi hura kalean dagoela, gurasotzen ari dira, lan mundura sartzen: ETB izan dute, euskara batua, testuliburuak, euskararen aldeko praktika, euskaldunberriak dira asko, errazago kontsumitzen dituzte gaztelaniazko produktuak euskarazkoak baino…

Eta, hala ere…

Euskalgintza, iristen den lekura iristen da. Gure helburuak ez dira betetzen ari, asko egin da, baina frustrazioak ere baditugu. Euskara ez da erabiltzen guk nahi edo espero genuen neurrian. Ezinean ari gara arlo askotan. Bestalde, momentu sozio-politikoa berria da, krisi ekonomikoa ere hor da, etorkin berriak etxean ditugu… Alegia, 80ko hamarkadan baliagarri zitzaizkigun kontzeptu eta eskemak ez zaizkigu baliagarriak gaur egun. Egoera sakon aldatu da: gure hizkuntza komunitatearen ezaugarriak erabat ezberdinak dira. Testuingurua ere erruz aldatu da: gure gaztetan euskara eta gaztelania entzuten ziren herriko plazan; gaur egun, 8-10 urteko neska-mutilak gaztelania, euskara, ingelesa eta besteren baten berri ere badu! Elebakartasuna deskatalogatuta dago, baita elebitasuna ere, eleaniztunak dira gure seme-alabak, bai musika kontsumoan, bai sare sozialetan. Kontzeptu berriak behar ditugu gaurko egoera ulertzeko, aurrera egiteko.

Eta nola egin aurrera?

Askoz ere konpromiso sozial eta politiko handiagoa behar dugu, akordio handiagoa normalizazioaren inguruan. Bestelako kontzeptu, dinamika eta entendimentuak behar ditugu. Aurrera begira, jauzi kualitatiboa egiteko garaia dugu. Hor bada irudi bat, Jon Sarasuak Hiztunpolisan eman duena: botila erdi hutsarena, eta Jonek dio: “Baina botilak zuloak ditu; betetze erritmoa mantentzen ez bada, gehiago irtengo da, sartu baino!”. Kontuz, beraz, esparru batzuetan irabazten eta beste batzuetan galtzen ari baikara. Eremu geografiko batzuetan, eremu sozial batzuetan, irabazten, eta beste batzuetan galtzen ari gara, eta horretan izango gara ondoko urteetan. Aurreikuspen handiagoak jarri genizkion geure buruari, erreferentziarik ere ez genuelako, eta kontuz ibili behar dugu, gehiegizko frustrazioak ez baitira onak inoiz izan.

Ruper Ordorikaren kantua: “Egin kontu / bost mila zazpiehun / kultura ezberdin / desagertu dira historian. / Esaten dutenez / aurrerabidea / elkar jan horretan / oinarritu da mendeetan zehar”…

Zazpi mila hizkuntza munduan. Hizkuntza erraldoiak, hamabi. Horiek beste maila batean ari dira jokatzen. Bestalde, estatu hizkuntzak ditugu; horiek abantaila handiak dauzkate, baina estatu hizkuntza guztiak ere ez daude gu baino hobeto. Are gehiago, zenbait alditan, gu estatu hizkuntza batzuk baino lehenago iristen gara; Wikipediako artikulu kopuruan, adibidez. Gizarte honetan bada gutxiengo aktibo bat, gutxiengo horrek ekarri gaitu hona, eta gu horren partaide gara. Gutxiengo aktibo hori benetan aktibo da Euskal Herrian, eta horrela lortu dugu lortu duguna. Bada, munduko hizkuntza gutxituen artean –katalana aparte–, euskara da erreferentzia nagusia! Erreferentzia Europako hizkuntza gutxituentzat eta munduko askorentzat! Erantzukizuna dugu komunitate eta herri bezala, eta garrantzitsua da ideia hori ere hurrengo belaunaldiei transmititzea. Hemendik aurrera, belaunaldi bakoitzak erabaki beharko du euskara mantentzen duen ala ez, eta zein neurritan, denok eleaniztun izango baikara, neurri handi edo txikiagoan. Giroak eta garaiak erabakia baldintzatuko du, baina belaunaldi bakoitzak hartuko du erabakia. Eta erabaki horretan, kontuan hartu beharko dugu erreferentzia garela beste komunitate askorentzat, eta guk ez badugu aurrera egiten, gurekin batera tropel osoa joango dela atzera. Horixe dugu erantzukizun erantsia.

 

Nortasun agiria: Kike Amonarriz

Kike Amonarriz Gorria (Tolosa, 1961) Euskal Filologian lizentziadun, soziolinguista, umoregile, aurkezle. Tolosako Udaleko euskara teknikari eta Siadecoko langile izana. Zeruko Argian hasi zen umorezko artikuluak idazten eta txiste kontatzen, eta hogeita hamalau urte egin ditu astekari honetan txorakikeritan. Soziolinguistikazko hainbat artikuluren egile eta ETB1eko hainbat eta hainbat saiotako gidoilari eta aurkezle izana: Hitz eta Pitz, Funtzioa, Hau da A.U., Balinda, Txiskola, Mihiluze… 2013tik, Tribuaren berbak programa aurkeztu eta zuzentzen du ETB1en. Azken Txorakikeriak liburua argitaratu berri du.

Eskatu baino lehen, egin

“Sekulako eztabaida izan genuen orduko hartan Tolosan. Euskara bultzatu nahi genuen inauterietan, %100 erdaraz zirenean. Bi ziren planteamenduak. Batzuek zioten pankartak hartu behar zirela, karrozetara igo eta euskaraz egin behar dela esan behar genuela. ‘Bada, nik ez nuke hori egingo: mikroak hartu eta inauteriak euskaraz egingo ditugu!’, esan nuen. Eta aldamenetik, beste batek: ‘Gu nola jarriko gara, bada, mikroarekin?’, eta, nik: ‘Gu jartzen ez bagara, zein jarriko da, bada?’. Horixe izan dut ikuspegia: ezer eskatu aurretik, egin!”.
 

Tribua

“Elkar ezagutu behar dugu, mugitu, tribua ezagutu, ipar eta hego, eki eta mendebalde. Hitz egin, mugitu, nahastu, bata bestearen hizkerak jaso, errespetatu, onartu. Ezin dugu iparraldeko hizkera ez dugula ulertzen eta atzera egin. Ezin diogu hamar urtean euskara ikasten ari denari barre egin, ezta okerrak egiten dituenari ere, ezin diogu eskatu halako hiriburukoari azpeitiarrak bezala hitz egitea. Elkarrekiko harremana eta errespetua behar ditugu, eta jakin XXI. mendeko euskara ez dela XIX. mendekoa bezalakoa izango. Ezin du izan, hala balitz galduak ginatekeelako!”.

Azken hitza: Ilusioa

“Hurrengo hamarkadek izan behar dute euskararen aurrerabidea atzeraezin bihurtuko dutenak. Horretan, denok gara beharrezko, denok egin behar dugu urrats bat aurrera, ilusioz, eta ondo bizitzeko asmoz. Euskaraz bizi nahi dugu, alai eta eroso bizi euskaraz. Euskara da gozamena, jende interesgarria, egitasmo zoragarria. Ilusioz eta irribarretsu, aurrera!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude