"Mugikorretarako material ustiapenak ez luke gerra finantzatu behar"

  • Alboan Fundazioa, jesuitek Hego Euskal Herrian sortutako gobernuz kanpoko erakundea, uztailetik dago murgilduta bi urte iraungo duen Gatazkarik Gabeko Teknologia kanpainan. Besteak beste, ikusarazi nahi dute mugikor, ordenagailu eta bestelako gailuen eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko gerraren arteko harremana. Virginia Basurto fundazioko teknikaria da kanpainako arduradun nagusia.

     

Herbehereetako Fairphone enpresak egindako telefonoa darama argazki honetan Virginia Basurtok. “Mugikor ‘garbiak’ egiten dituzte, ez guztiz baina bai hein handi batean”, azaldu digu Alboaneko kideak. Tantalioa eta eztainua Kongokoak dira, baina ez daude t
Herbehereetako Fairphone enpresak egindako telefonoa darama argazki honetan Virginia Basurtok. “Mugikor ‘garbiak’ egiten dituzte, ez guztiz baina bai hein handi batean”, azaldu digu Alboaneko kideak. Tantalioa eta eztainua Kongokoak dira, baina ez daude talde armatuen kontrolpean, eta muntaia Txinan egiten dute, “langileak baldintza duinetan ari direla bermatuz”. Oraingoz, Euskal Herrian internet bidez baizik ezin dira erosi Fairphonen gailuak.

Zergatik nabarmendu nahi duzue gatazken eta teknologiaren arteko lotura?

Gatazketan gero eta eragin handiagoa dute baliabide naturalen ustiapenak eta salerosketak. Batez ere, gatazken finantzazioan. NBEren arabera, azken 40 urteetan sortu diren hamar gatazkatik lauk lotura zuzena dute baliabide naturalen ustiapenarekin. Kongo ekialdeko meategietan erauzten diren mineralak funtsezko osagaiak dira teknologia berrietan; kanpainaren bidez erakutsi nahi dugu zer eragin daukan gure bizi-estiloak beste leku batzuetan.

Eta zergatik bereziki Kongo?

Hango gatazkaren ezagutza zuzena dugu, lankidetzan ari garelako bertan diharduen Errefuxiatuen Zerbitzurako Jesuitak taldearekin. Gerrak dirauen hogei urteotan haien proiektuetarako diru laguntza eman dugu, eta eurek helarazitako salaketak hemen zabaldu ditugu. Kongokoa ahaztutako gerra da, baina kontuan izan behar da Bigarren Mundu Gerraz geroztik hildako gehien eragin duen gatazka dela: bost milioi inguru. Hogei urte hauetan intentsitate desberdineko aldiak izan badira ere, indarkeria etengabe eman da.

Zeintzuk dira gatazkaren gakoak?

Zaila da esplikatzea, osagai asko daude: tentsio etnikoak, beste herrialde batzuen interesak, lurren kontrola... Guk beti azpimarratzen dugu gatazka konplexua dela eta mineralak hor egotea ez dela haren arrazoi nagusia. Hori konponduta ez litzateke beste guztia konponduko. Baina jakin badakigu talde armatuek mineralen salmentatik ateratzen dutela dirua, askotan meatzariei estortsio eginez. Gatazkan parte hartzen ari diren talde guztiek egiten dute hori, Kongoko ejertzitoak barne. Dena den, azken boladan egoerak hobera egin du, besteak beste AEBek 2010ean onartutako lege batengatik.

Zein lege ?

Dodd-Frank Act. Horren arabera, hango burtsan kotizatzen duten eta Kongon edo inguruko herrialderen batean ustiatutako urrea, tantalioa (alegia, koltana), wolframa edota eztainua erabiltzen duten konpainiek bermatu behar dute mineral horiekin ez dela Kongoko gatazka finantzatu.  

Gatazka-mineral esaten zaie lau horiei, ezta?

Bai. Baina hori definizio hertsiegia da, hain zuzen Dodd-Frank legetik datorrena. Gatazka-mineraltzat lau horiek baino ez dauzkate, eta Kongori dagokionez bakarrik. Guri gustatuko litzaiguke definizioa zabaltzea, eta munduko edozein lekutan, baliabide naturalen ustiapenak edo salerosketak gatazka bat eragiten edo finantzatzen badu, horien erabilera erregulatzea.  

Zuen kanpainaren webgunean ikus daitekeenez, Europar Batasuna ere ari da lege bat prestatzen. Horretan eragitea duzue helburuetako bat.

Bai. Zuzentaraua eztabaidatzen ari dira, eta guk sinadurak bildu nahi ditugu Europako Batzordeari eskatzeko legea gogorragoa izan dadila orain arte proposatu dutena baino. Alegia, mineral “zikina” ez erabiltzea derrigorrezko betebeharra izan dadila, AEBetan bezala. Europarako zuzentarau proposamenak, dagoen-dagoenean, borondatearen menpe uzten du mineral horiek erabiltzea ala ez. Hori ez zaigu gustatzen; borondatezkoa bada, enpresek badute orain ere egitea, eta ez dute egiten. Berbarako, ELGAk (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) gida bat kaleratu zuen, lau mineral horiekin arduraz jokatzeko, eta enpresek ez dute erabiltzen.

Eta Dodd-Frank legeak ekarri du onurarik?

Bai. Lege horri eta bertako gobernuak hartutako zenbait neurriri esker, gaur egun esan daiteke Kongon erauzten den mineralaren bi heren “garbiak” direla. Baina heren bat asko da oraindik. Eta kontsumitzaileok ez dakigu, ez daukagu modurik jakiteko, gure mugikorretako tantalioa, wolframa eta abar nondik datozen, zer baldintzatan ustiatu diren, nork atera duen etekina... Eta mugikorra dioanean, esan nezake, ordenagailua, tablet-a, kamera digitala... Europako legeak balio behar luke erosleok hori jakin ahal izateko. Kontsumitzaileok enpresei adierazi beharko genieke mugikorrak erabiltzen jarraitu nahi dugula, baina ez dugula nahi horrekin gatazkak finantzatzerik.

Munduko tantalio edo koltan erreserba ezagunen %80 Kongon dago. Ezinbestekoa da mineral hori teknologia berrietan?
Bai. Tantalioak, oso mineral kantitate txikiarekin, elektrizitate asko metatzeko gaitasuna dauka. Hori dela-eta, funtsezkoa da gailu txiki eramangarrietan. Beste metal batek bete lezake funtzio bera, baina askoz leku gehiago okupatuko luke. Alternatibak bilatzeko ikerketak martxan daude, baina dena den, Kongon ditugun lagunekin hitz egin eta gero gure jarrera da hango minerala ustiatzen jarraitu dadila. Bertako jendeak esaten du meatzaritzan jarraitu nahi duela, baina baldintza egokietan: bertatik ateratzen den etekina beraientzat izan dadila. Hau da, gatazka amaitu dadila.

Nor ari da minerala ustiatzen? Zer enpresa?

Ez dira enpresa handiak, gizon eta emakume talde txikiak baizik. Eskuz egiten dute lan, batzuek zeru zabalean eta beste batzuek lurpean, inolako kontrolik eta segurtasun neurririk gabe. Orain saiakerak daude umeek behintzat lan egin ez dezaten, eta zerbait lortu da. Horrez gain askok talde armatuen estortsioa jasaten dute.

Multinazionalak ere ez dira urruti ibiliko, ordea...

Horiek Kongoko nahasmendua baliatzen dute lehengaiak merkeago erosteko. “Gatazka hau oso konplexua da eta guk ez dugu hor eskua sartzerik”, esaten dute. Eta guk diogu agian gatazka konpontzeko ahalmenik ez dutela, baina euren esku dagoen guztia egin dezakete mineral salmentaren bidez talde armaturik ez finantzatzeko.

Emakumeen kontrako indarkeria Kongoko gatazkaren osagai nagusietakoa da. Zuen kanpainak horri ere erreparatzen dio.  

Zoritxarrez, sexu indarkeria gatazka askotako elementua da, baina Kongoko kasua paradigmatikoa da. Urtero 100.000 bortxaketa daudela kalkulatu da –kopuru horri buruz eztabaida dagoen arren–, eta gainera salatu diren kasuak oso gogorrak dira: emakume bakarra hainbat gizonek bortxatzea, infektatutako objektuak erabiltzea... Emakumearen suntsiketa gertatzen ari da, eta haien bitartez komunitate osoarena. Beharrezkoa da emakume horiek beren bizitzen jabe bihurtzea.


ASTEKARIA
2014ko azaroaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kongo
2021-02-22 | ARGIA
COVID-19az gain, Ebola agerraldiak atzeman dituzte Afrikan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginean atzemandako bi ebola agerraldiek aurrera egin dute. Nazio Batuen Erakundearen Osasun Agentzia birusa zergatik agertu den ikertzen ari da. OMEk gogorarazi du COVID-19a ez dela... [+]


Eguneraketa berriak daude