Ruandarekilako gerra saihesteko "azken aukeratzat" jo du Angolaren mediazioa Kongok

  • Tutsi eta hutu etnien arteko gatazka zein mineralen ustiaketa dira gaiztotuz doan gatazka odoltsu horren iturrien artean. Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak jakitera eman du orotara 5,7 milioi errefuxiatu eragin dituela 2021ean areagoturiko gatazkak.


2024ko apirilaren 04an - 12:17
Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta Ruandak sostengaturiko M23 talde armatuaren arteko gatazka areagotu da 2021az geroztik. Argazkia: Wikimedia

Isiltasunean areagotuz doan gatazka odoltsua da Kongoko Errepublika Demokratikoan bizi dutena, presidente Felix Tshisekedi-ren eta M23 talde oldarkorraren artekoa. Aterabide bat aurkitu nahian dabil Angola, hain zuzen, Kongoren eta M23 talde oldarkorraren sostengu nagusi den Ruandaren arteko negoziazioetan bitartekaritza lan dorpeetan dabilen auzo herria. Afrikako Batasunak utzi zuen betebehar hori Angolaren esku. Bi estatuen arteko gerra saihesteko "azken aukeratzat" jo du saiakera Kongoko presidente Felix Tshisekedik, eta Ruandako presidente Paul Kagame-ren "probokazioak" eta "manipulazioak" gogorki kritikatu ditu. Aspaldikoa da gatazkaren abiapuntua: 2021ean M23k berpiztu zuen erasoaldian jarri dezakegu, baita 2004tik 2009ra iraun zuen Kivuko Gerran edo 1990eko hamarkadako Ruandako tutsien genozidioan ere.

Azken asteetan tentsioak gora egin du, M23 erakunde armatuak lortu duelako inguratzea bi milioi herritar bizi diren Ipar Kivuko hiriburu Goma. Horrek errefuxiatuen kopurua emendatu egin duela dio Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak. Orotara, 5,7 milioi errefuxiatu eragin ditu gatazkak 2021az geroztik. Egoeraren larritasunaren berri eman zuen agentziak martxoaren 26an: "Iristen segitzen dute familiek, traumatizaturik eta akiturik, fisikoki eta psikologikoki markaturik. Horietariko anitz dira bidean erasotzen dituztenak –baita sexualki ere–. Herri osoak dira Ruandaren hilketengatik eta indarkeriengatik desplazatuak, baldintza ankerretan bizi dira".

Egoeraren larritasuna azpimarraturik, nazioartearen presio ahulegia deitoratu du Kongoko Gobernuak: "Aleksei Navalni hil zenean, AEBetako 500 zigor bideratu ziren Errusiaren aurka. 500 pertsona bakar batentzat! Kongon 10 milioi herritar hil dira –eta datua ez da nirea, erakunde humanitarioena da–. Zenbat zigor izan dira Ruandaren aurka? Zero".

2021az geroztik, 5,7 milioi errefuxiatu eragin ditu Kongoren baitako gerrak. Argazkia: Monusco
Mineralen merkatu odoltsua

Etnien arteko lehiak daude gerra horren oinarrian –eta abiapuntuan ditugu kolonialismoak lekuko errealitatea kontuan hartu gabe finkaturiko mugak ere–. Ruandak dio, batetik, tutsiak kanporatzen dabilela Kongoko Gobernua –tutsia da Ruandako presidentea ere–, eta bestetik, 1994ko tutsien genozidioan parte hartu zuten eta geroztik FDLR taldeko kide egin zirenak bere armadan integratu dituela Kongok. 1994ko apirilaren 7tik uztailaren 17ra iraun zuen Ruandan hutuek bideraturiko tutsien genozidioak eta 800.000 herritar hil zituzten ehun egunez. Biziraun zuten milaka tutsi Kongoren ekialdean kokatu ziren –gaur egungo Hego Kivun eta Ipar Kivun–. Hutuek ere emigratu zuten, zigorretatik ihes egin nahian eta horietariko batzuk dira FDLR taldean. Beraz, hutu etnikoak dituen FDLR sostengatzea leporatzen dio Ruandak Kongori eta tutsiak dituen M23 taldekoak sostengatzea, berriz, Kongok Ruandari. Hori guztia 30 urte bakarrik dituen genozidioaren minak oraindik zabalik diren testuinguruan.

Baina ekonomiari, zehazkiago, mineralen ustiaketari ere begiratu behar zaio gerra hori ulertzeko orduan. Ruandako presidenteari leporatzen diote Kongoko ekialdean dagoen Kivutik urrea eta koltana lapurtzea eta horregatik babestea M23. Jakin behar da munduko koltan erreserben %60-80 dagoela Kivuko lurpeetan. Ruandako presidenteak aitortu zuen baietz, mineralak Ruandara eramaten dituztela, "kontrabandoz edo legalki", ondotik munduan barrenera bideratzeko: "Dubaira, Bruselara, Tel Avivera doaz... Errusiara ere joaten ziren, ez dakit orain". Funtsean, Ruandarekilako zein Ugandarekilako "trafiko ilegal" horiek salatu izan ditu behin baino gehiagotan Nazio Batuen erakundeak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kongo
2021-02-22 | ARGIA
COVID-19az gain, Ebola agerraldiak atzeman dituzte Afrikan

OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginean atzemandako bi ebola agerraldiek aurrera egin dute. Nazio Batuen Erakundearen Osasun Agentzia birusa zergatik agertu den ikertzen ari da. OMEk gogorarazi du COVID-19a ez dela... [+]


Eguneraketa berriak daude