"Euskara plazara ateratzea da Xilabaren funtzioa, bertsozaletzea baino gehiago"

  • IV. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren (Xilaba) finala datorren azaroaren 15ean jokatuko da Baionan. Eneritz Zabaleta, Sustrai Colina, Odei Barroso, Xumai Murua, Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy lehiatuko dira bertan. Finalera lehen aldiz iritsi den Christyrekin eta bigarrenez joango den Arzallusekin hitz egin dugu.

IV. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren (Xilaba) finala datorren azaroaren 15ean jokatuko da Baionan.
IV. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketaren (Xilaba) finala datorren azaroaren 15ean jokatuko da Baionan.Dani Blanco

Nola sumatu duzue zuen burua Xilaban?

Maddalen Arzallus: Lehenengo saioarekin oso gustura geratu nintzen, bertsoen kalitatea kontutan hartu gabe, besterik gabe, gustura kantatu nuen. Bigarren saioarekin, erdizka… zortziko txikian pixka bat zulora erori ginen eta horrek asko iluntzen dit beste saio guztia. Baina hotzean pentsatuta, jakinda ez zela nire bizitzako saiorik onena izan, nahiko gustura geratzeko moduko saioa izan zen.

Ramuntxo Christy: Bi saioetan arrunt desberdinki sentitu naiz. Aiherrako saioan zinez xapelketako saioa egin nuen, xapelketak ematen duen formatuari jarraituz, eta oso saio serioa atera zen ene ahotik. Normalean beti umoretik jotzen dut, eta pena horrekin atera nintzen, nahiz eta saio oso ona egin. Aiziritzekoa bertso maila aldetik beherexeago aritu arren, pozten naiz umoretik gehiago aritzea lortu dudalako eta nire izpiritua saiora ekartzea lortu dudalako.

Bertsozaleek ondo erantzun al dute?

M. Arzallus: Aurtengo Xapelketan finalaurrekoetan eta finalerdietan aurreko urteetan baino jende gehiago bildu dela uste dut, bola handitzen doala iruditzen zait. Ikusiko dugu finalean zenbat biltzen garen.

R. Christy: Nik parte hartu dudan saioetan jendeak ondo erantzun du. Jende multzo ederrak bildu dira saio guztietan lehen kanporaketatik.

Xilabak zer funtzio betetzen du Ipar Euskal Herrian?

M. Arzallus: Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat ez da beti erraza izaten euskaldun izatea eta euskaraz hitz egitea. Nik ere onartzen dut Hendaian nagoenean ogia erosterakoan edo publikoki hitz egiterakoan frantsesez egin beharra daukadala derrigorrez. Xilabak mugimendu txiki bat ekarri du, bi urtean behin behintzat euskaldunak elkartzea errazten duena. Herri Urratsek edo Nafarroaren Egunak eman diezagukeen bizipoz hori sentitzeko beste aukera bat da, inolako oztoporik gabe euskaldun sentitu gaitezkeen momentu bat.

R. Christy: Xilabaren funtzioa euskarari plazan leku bat ematea da. Eskoletan, ikastoletan... denak daude euskararen alde, baina hezkuntzatik edo euskal elkarteetatik aldentzen bagara,  gero eta urrutiago entzuten da gure hizkuntza. Bertsolaritzak lehen baldintza du euskara, eta Xilabaren bitartez plazara ateratzen da. Gero jendea bertso zaletzea ere badu helburu, baina lehenik jendeak euskara entzutearekin goza dezala.

Xapelketarik ez den urteetan, nabaritzen al da gorakadarik saio edo zaleen kopuruan?

M. Arzallus: Iparraldea ez da Gipuzkoa edo Bizkaia, baina gazteak joan dira pixkanaka bertso zaletzen. Batez ere eurengan sumatzen dut zaletasun berri hori. Iparraldeko euskarazko eskaintza huskeria izan ohi da, eta bertsoak ezinbesteko baldintza euskara duenez, hein handi batean horregatik hasi da jendea bertsoa jarraitzen.

R. Christy: Azken urteetan Xapelketari esker hasi dira saioak pixka bat emendatzen. Badira saio finko batzuk herriko festetan, elkarteek edo ikastolek antolaturik, urtez urte egiten direnak. Baina egia da Xilaba igarotakoan saio gehiago izaten direla, bertsolariak berriro atera baikara plazara. Hor ageri da bertsoak pisu gehiago hartzen duela. Epe luzerako balio ez arren, pixkanaka badoa.

Nola jaso duzue bertsozaletasuna zuek?

M. Arzallus: Nola hasi zen ez dut gogoratu ere egiten. Aitak oso txikitatik kantatu izan dizkigu bertsoak. Gogoan dut bertso saioak entzutera joaten ginela, aitaren Nafarroako Txapelketako saioak esaterako, edota etxean gelditzen ginenetan irratitik entzuten genituela. Txirritaren, Xalbadorren eta Xenpelarren bertsoak asko kantatzen genituen autoan (Frantses euskaldun bat, Orioko balearenak…). Gero Hendaiako bertso eskolan hasi nintzen bederatzi urterekin, eta hantxe jarraitu dut. Duela lauzpabost urte bertsolaritzatik zertxobait urrundu nintzen, baina berriro itzultzea erabaki dut.

R. Christy: Ene belaunaldiko bertsolariak baino beranduago hasi nintzen ni, duela hamar bat urte. Baina egia erran, Mauleko bertso eskolan hasi aitzinetik bestetan eta lagunartean jostatzen ginen bertsoak kantatzera edo bertsolariak imitatzera. Aiherran bada tradizioa, eta bertsoak entzuteko parada dugu urte osoan. Herriko saioetan hasi nintzen gai-emaile, eta gehiago sakonduz joan naiz pixkanaka.

Zerk bultzatu zaitu berriro bertsotara itzultzera, Maddalen?

M. Arzallus: Nik esango nuke, hasteko, denborak. Utzi nuen denbora behar nuelako, eta pixka bat gustua galduta niolako bertsoari. Bestetik, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiak ere har hori piztu zidan. Publikoan entzule gisa sarri egon nintzen, eta gaiak entzunda ideia asko zetozkidala sumatzen nuen, beti baneukala zeresana.

Zuen egunerokotasunean, zer leku hartzen du bertsoak?

M. Arzallus: Sekula ez du bere lekua galdu. Ez naiz saioz saio ibiltzen diren horietakoa, baina adi nago bertsolaritzan zer gertatzen den, eta bertso zaharrak irakurtzen ditut. Bertso eskolara ere noizean behin joaten naiz… eta gero, noski, bada gure etxean askotan ateratzen den gai bat.

R. Christy: Lehen leku handiagoa hartzen zuen. Bertsotan hasi nintzenean, Joanes Etxebarria, Xan Alkhat…  buru-belarri sartu ginen mundu horretan. Bertso eskolara joaten ginen astero eta irratsaio bat ere egin genuen Euskal Irratietan, Punttuka izenekoa. Garai hartan bertsoak egunero entzuten nituen, irratia tarteko. Orain biziak beste gauza batzuetara eraman gaitu.

Noiz, nola, norekin… entrenatzen duzue?

M. Arzallus: Senperen dagoen bertso eskolan elkartzen gara Xapelketan parte hartu dugun asko: Odei Barroso, Xumai Murua… Horrez gain, bakoitzak bere etxean egiten duen prestakuntza ere badago. Hor ez da jakiten sekula ongi ari zaren edo ez. Egia esan, batzuetan zaila izaten da jakiten zer egin behar den bertsotan entrenatzeko.

R. Christy: Mauleko bertso eskolan entrenatzen dut duela zortzi urtetik. Joanes Etxebarria, Xan Alkhat, Mixel Etxekopar, Pette Etxebarria eta bostak aritzen gara. Urtean zehar taldea mantentzea lortu dugu, giro onean. Denok bilatzen dugu zerbait bertsoan eta ondo konpontzen gara. Xapelketan zehar ez gara besteetan baino maizago geratzen, ni aita izango naiz aurki eta Xanek ere bigarren alaba izango du negu honetan… Uste dut horrek ere urrundu gaituela pixka bat.

Zer behar duzue bertsotan gustura egiteko?

M. Arzallus: Egun horretan burua zentratuta izatea, horrexetara egotea. Bestalde, publikoak ere asko aldatzen du egoera. Parean publiko hotza edo erraz pizten den publikoa izan, aldea dago. Gero kideak, gai-jartzailea… faktore asko daude, baina batez ere publikoak eragiten dit asko.

R. Christy: Lasaitasuna behar dut lehenbizi, baina publikoak berotzen nau ni ere. Berdin du bertso eskolako lauak badira ere. Publikoari eskaini nahi diot zerbait, eta gustura daudela sentitzeak indarra ematen dit.

Zer da elkarren bertsokeratik gustatzen zaizuena?

M. Arzallus: Ramuntxo gutxitan entzun dut egia esan, gai-emaile gisa gehiagotan izan baitut orain arte. Baina aurten nire saioan entzun dut, eta agian besteena baino arreta handiagoz jarraitu dut bere saioa. Ideia berriak dauzka, freskotasuna. Askotan txikitatik bertso eskolan gabiltzanok nahi gabe modelo batzuk izaten ditugu, eta zaila izaten da horietatik ateratzea. Bera berriagoa delako edo, askoz ideia freskoagoak sumatu nizkion, eta umoretik asko jotzen du.

R. Christy: Maddalenek beti ateratzen ditu espero ez diren ideiak, eta hori dut gustukoen. Ez bertsoaldi guztietan, baina mementu batean beti aterako du ideia bat aurretik ikusi gabea. Horrek ematen dio berezitasuna berari.

Oholtzara igo orduko eta ondorengo ohitura edo maniarik ba al duzue?

M. Arzallus: Azken aldian etxetik atera aurretik txakurra ukitzen dut. Orain dela gutxi Ametsek ezagutu du eskizofrenia duen mutil bat, eta nik ere asko entzun dut berari buruz. Buruan zeukan sartuta edozein txakur ukituz gero, zorte ona emango ziola. Eta nik ere, badaezpada, saiora joan aurretik ukitu egiten dut. Nork daki...

R. Christy: Beste guztiak bezala, saioaren aurretik komunera joaten naiz.

Zertara zoazte finalera?

M. Arzallus: Nire buruarekin gustura geratzera. Txapelketa hasi denetik joan naiz horretara, postuak ez dit gehiegirik axola. Aurkeztu banaiz, oholtzan ondo sentitzeko izan da, eta lasai kantatzeko. Gero zerbait aportatu badezaket, hobeto. Sufritu gabe kantatzera noa.

R. Christy: Beti bezala, publikoari zerbait ematera joango naiz.


ASTEKARIA
2014ko azaroaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xilaba
2023-09-06 | ARGIA
Xilaba txapelketan 38 bertsolarik hartuko dute parte, bederatzi taldetan banatuta

Taldekako Xilaba bertso txapelketa irailaren 22an abiatuko da Ozazen, eta finala azaroaren 18an egingo da Aiherran.


2021-11-09 | ARGIA
Dena prest larunbat honetan Xilabaren finala jokatzeko

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko VI. Bertsulari Txapelketako finala azaroaren 13an Donibane Lohizunen izango da. Bertan kantatuko dute sei bertsolari hauek: Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Patxi Iriart... [+]


2021-10-25 | Bertsozale.eus
Maddalen Arzallus Antia nagusitu da Bardozen egindako Xilabaren bigarren Final Aitzineko saioan

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako bigarren final aitzinekoa jokatu da Bardozen. Bertan, Maddalen Arzallus Antia bertsulariak Finalean kantatzeko txartela irabazi du. Miren Artetxe Sarasolak eta Xumai Murua Berrak egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 130 bat... [+]


2021-10-18 | Bertsozale.eus
Amets Arzallus Antia nagusitu da Maulen egindako Xilabaren lehen Final Aitzineko saioan

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako lehen final aitzinekoa jokatu da Maulen urriaren 17an. Bertan, Amets Arzallus Antia bertsulariak Finalean kantatzeko txartela irabazi du. Maddi Ane Txoperena Iribarrenek eta Aitor Servier Etxexurik egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez... [+]


2021-10-11 | Bertsozale.eus
Amets Arzallus Antia nagusitu da Gabadin ospatutako Xilabako azken kanporaketako saioan

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako laugarren kanporaketa jokatu da Gabadin,eta final erdietako saioak nola osatuak izanen diren erabakita gelditu da. Odei Barroso Gomilak eta Maddi Sarasua Laskaraik egin dute bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. 145 bertsuzalek, giro... [+]


Eguneraketa berriak daude