Gero eta gehiagoren aukera, baina oraingoz minoritarioa

  • Erlijioak garrantzia galdu du gure bizitzetan, baina oraindik presentzia handia dauka gure heriotzetan. Hileta erritu katolikoen gainbehera ez da, inondik inora, beste arloetako elizkizunena bezain nabarmena. Hileta zibilak etorkizunean nagusi izango direla iragarrita dago, baina oraingoz oso gutxiren hautua dira, gero eta udal gehiagok horretarako espazioak eskaini arren. Heriotza-erritu zibilen nolakotasuna, izan ere, eraikitze fasean dago oraindik, Iñaki Olaizola adituaren esanetan.

Hileta zibila Arrasaten.
Hileta zibila Arrasaten.

Bizitza osoan ingeniari aritu eta gero, 60 urterekin –duela hamarkada bat inguru– erretiro goiztiarra hartu eta antropologia ikasten hasi zen Iñaki Olaizola donostiarra, baita doktorego tesia egin ere. Geroztik, heriotzarekin zerikusia duten gaiez ikertzen dihardu buru-belarri. Gehien aztertu duen arloetako bat hileta zibilak dira: “Ez daukat datu zehatzik, baina gero eta erritu zibil gehiago egiten da. Pertsona batzuek ez dute pentsatu nahi beren heriotza-errituaz, nahiago dute gaia saihestu eta ez dute horretaz hitz egiten, baina gero eta gehiagok agertzen dute interesa”.

Interes horren ondorioz, hileta zibilak suspertzen ari dira, Olaizolaren aburuz. Baina eraikitze-lanetan daude oraindik; esan nahi baita, momentuz ez dagoela argi nolakoa izan behar duen hileta zibil batek. “Sortzen ari den zerbait da, eta ez dago eredu bakarra”. Olaizola hileta zibiletara joaten da eta jendeari galdezka hasten zaio: zer ari gara ospatzen hemen? Festa, agurra, omenaldia? Inork ez dauka argi, nork bere erara bizi du. Hori bai, banan-banan galdezka hasita bakoitzak nolakoa nahi lukeen bere heriotza-erritua, “jai eguna izan dadila” erantzuna gailentzen dela dio ikerlari donostiarrak. Alegia, ez dadila izan atsekabe edo dolu eguna.

“Erritualaren eraikuntza horretan, elementu amankomun batzuk nabarmentzen hasi dira”, dio Olaizolak. Horietako bat litzateke hildakoaren biografiari garrantzia ematea, haren bizitza gogoratzea, baina ez haren hutsegite edo akatsak zurituz, edo ez behintzat sarritan egin ohi den hein berean. Senide edota lagunek hitza hartzea izango litzateke beste elementu bat. Baita musikari protagonismoa ematea ere, normalean hildakoaren gustukoa zena.

Biografia bakoitzari bere agurra

Gako-hitza pertsonalizazioa da, alderdi biografikoa nabarmentzea. “Hori da elizaren erritualetan falta dena”, uste du Iñaki Olaizolak, “batzuetan bi pertsonaren hileta egiten da aldi berean, bien izenak aipatu eta kito, mezak aurrera jarraitzen du; hori trufatzea da, pertsona bakoitzak bere erritua behar du, eta gaur egun ukitu pertsonal hori ematea apaizaren borondatearen menpe dago”. Oro har, hileta erlijiosoek –katolikoek behintzat– ez dute transmititzen horrelako ekitaldi batek transmititu behar duen emozioa, Olaizolaren iritziz.

Eliza katolikoak trokelatuta egiten ditu hiletak, pertsonalizatu gabe. Besteak beste, ezin dutelako. Hartara, gutxitan aipatzen den datua ekarri nahi du gogora Olaizolak: langile falta. “Gutxi gorabehera populazioaren %1 hiltzen da urtero. Horrek esan nahi du Hernani batean, esaterako, 200 lagun inguru hiltzen direla denbora tarte horretan. Denak erlijiosoak balira, 200 hileta elizkoi lirateke. Eta apaiz bakarra dago denentzat. Ez dago azpiegiturarik hori behar bezala antolatzeko. Gizarte zibila, aldiz, ari da prozesua eraikitzen”.

Ari da, bai, baina astiro. Erreportaje hau egiteko gurekin mintzatu diren guztiek esan dute geldiezina dela Olaizolak aipatzen duen eraikitze-prozesu hori, baina oraingoz oso presentzia txikia duela. Tamalez, datu gutxi dago. Eskuratu ditugun apurretatik, ia denak Frantziako Estatuari dagozkio: PFG ehorztetxe-elkarteak iaz egindako azterketa baten arabera, Frantzian hileten %30 dira zibilak. Hego-mendebaldean, Ipar Euskal Herria barne, %25eraino jaisten da portzentaje hori. Hori bai, gorpua errausten den kasuetan %53k aukeratzen du erritu zibila (estatu osoko datua). Korrelazioa ez da erabatekoa, ezta gutxiago ere, baina badago nolabaiteko lotura erritu motaren eta gorpua erraustu edo lurperatzearen artean. Badirudi azken agur katolikoa nahi dutenek joera handiagoa dutela lurperatzea hautatzeko. Hala ere, errausketa kopuruak azken urteetan izan duen gorakada handiak ez du isla erritu zibil kopuruan.

Nonbait, beste arlo batzuetan –ezkontzetan, berbarako– agerikoa den sekularizazio prozesua ez da indarrez iristen ari bizitzaren amaieraren kudeaketara. Datu zehatzik izan gabe ere begi-bistakoa da hori. Azken urteetan Hego Euskal Herriko gero eta udal gehiagok onartu dituzte hileta zibilak arautzeko ordenantzak; beste asko onartze bidean daude. Gauza handirik ezin arautu, ordea, hurkoari agurra ematea kontu pribatu samarra baita. Besterik gabe, udalek toki zehatzak atondu dituzte zeremonia horietarako, dela areto bat, dela plaza bat… eta haiek erabiltzeagatiko tasak ezarri. Kasuren batean, Arrasaten esaterako, hiletan gidari lanak egiteko boluntarioak eskatu dituzte, baina normalean erritua antolatzen duenari lekua eskaini eta gainerako guztia haien esku uzten da.

Udalek aretoa eskaini bai, baina...

Halako ordenantza bat onartu duen udaletako bat Santurtzi da. Lezo Urreiztieta zinegotziak dioskunez, bi areto dauzkate egokituta horretarako; bata, hogei lagunentzako modukoa, udal hilerrian bertan; bestea, ehun pertsona hartzeko gai dena, hiri erdian. Atontzea, kasu honetan, hustearen sinonimotzat har liteke. “Espazioa hutsik dago eta zuk nahi duzuna ipini dezakezu erabiltzen ari zaren bitartean: gurutze bat zein ikur komunista bat. Hasieran aztertu genuen zinegotziek zeremoniaren gidari aritzeko aukera, ezkontzetan bezala, baina gero pentsatu genuen oso une pribatu eta pertsonalak direla, eta hobe zela familia eta lagunengandik aparte inor ez egotea”.

Bi orduko erabileragatik 50 euro kobratzen dute Santurtzin, baina ordenantzak indarrean daramatzan hamabost hilabeteetan zero euro jaso dute. Ez, jendeak ez du ordaindu gabe alde egiten; besterik gabe, oraindik ez da  izan aretook erabiltzeko eskaririk. Kontuan izan 450 pertsona inguru hiltzen direla urtero hirian, Hego Euskal Herriko heriotza-tasa aintzat hartzen badugu.

Hileta erlijiosoak beherantz, baina oso pixkanaka

Santurtziko kasua ez da salbuespena. Gaur egun dozenaka udalerrik zerbitzua eskaini arren, eta jendartean aldeko giroa izan arren, oso hileta zibil gutxi egiten da. Edo behintzat, oso gutxi egiten da udal aretoetan; hortik kanpo, ez dago jakiterik.

Edozein kasutan kopurua zeharo txikia da, ehorztetxeei kasu egitera. Hileta edozein motatatakoa dela ere, ia hildako guztiak haien eskuetatik igaro behar dira. Haiek arduratzen dira, halaber, elizarekin harremanean jartzeaz, familiak hileta katolikoa eskatzen duenean. Bi ehorztetxerekin hitz egin dugu, bata Getxon eta bestea Iruñean, eta bietan esan digute familia gehienek oraindik bide hori hartzen dutela. “Gaur-gaurkoz, hiltzen den jende gehiena giro erlijiosoan hazitakoa da, eta senideek horren araberako hileta antolatzen dute, batzuetan hildakoak hala adierazi zuelako bizirik zegoen bitartean, besteetan familiak uste duelako horixe litzatekeela haren nahia”, esan digute bietan, oso antzeko hitzekin. “Belaunaldi oso bat igaro beharko da hileta erlijiosoen gainbehera nabarmena izateko”.

Getxoko Sarria ehorztetxeko langile batek argitu digunez, igartzen da hileta erlijiosoa eskatzen dutenen kopurua gutxituz doala, baina oso apurka. Bestalde, horrek ez du esan nahi elizara joateari uko egiten dioten guztiek hileta zibila antolatzen dutenik; besterik gabe, ehorztetxeak ez daki familiak zer hautu egiten duen. Edozelan, gehien-gehienek “betikoari” eusten diote. Datu bakarra lortu dugu joera horri buruz: Gipuzkoako ehorztetxeen estimazioaren arabera, hileta ez-erlijiosoak %5 besterik ez dira herrialde horretan. Salbuespen bat Eibar da, erritu zibilek hamarkadetako tradizioa duten herria.

Mendetako eskarmentuaren pisua

“Hileta katolikoek indarra galduko dute etorkizunean, baina egia da oraingoz eusten diotela”, dio Iñaki Olaizolak. “Ez dugu ahaztu behar heriotza dela Elizaren espezializazio nagusia. Zenbat mende izan dute beren erritua egituratzeko? Zeremonia politak dauzkate, musika, organoa... Hitz batean, materiala daukate. Familia edo lagun talde gehienek ez daukate horren alternatiba eraikitzeko behar den indarra. Nik ikusita dauzkat Holandan kanpoko pertsona batek gidatutako hileta zibilak; ondo jantzitako gizon bat, ekitaldi solemnea... Profesionalizatu beharko litzateke kontua? Hileta zibiletarako zeremonia-buru lanbidea existitu beharko litzateke? Zalantza daukat, baina agian bai”.

Zeremonia-buruaren auziaz zalantza egin arren, Olaizolak argi dauka lekuarekikoa: leku bereziak behar dira hileta zibiletarako. Leku antropologikoak, bere hitzetan. “Erakargarriak izan behar dute, gozoak, beroak, bertan daudenei talde barruan sentiarazten dietenak... Uste dut gizarteak eskubidea daukala horrelako lekuak eskatzeko, eta ausartagoa naiz, kontu handiz esango badut ere: uste dut elizak gizarte zibilari itzuli beharko litzaizkiokeela”. Ikusiko al dugu halakorik bizitza honetan?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Harrera-egoitzetan suizidioaren prebentzioa lantzeko “behar handia” dagoela ondorioztatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzaileek harrera-egoitzetako nerabeen jokabide suizidak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute gazteen laurdena bere buruaz beste egiten saiatu dela. Salatu dute langile gehienek ezagutza “baxua” dutela.


Dolua eta kalitatezko osasun-sistema publikoa

Duela hilabete batzuk, ahizpak bost hilabeteko haurdunaldia eten behar izan zuen umekiak buruan zekarren deformazio baten ondorioz. Malko artean hartu zuen erabakia, eta berria eman eta bost egunera umea (Xoán) erditzen zegoen Gurutzetako ospitalean (garapen-maila... [+]


2023-12-21 | ARGIA
Eskatzen dutenen erdiak lortzen du Eutanasia Legearekin hiltzea Espainiako Estatuan

2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.


2023-12-18 | ARGIA
Gehiago Gara ekimena sortu da, "haurren heriotza naturaltasunez eta humanitatez" lantzeko jarrera zabaltzeko

“Gehiago Gara” ekimena aurkeztu dute abenduaren 16an Donostian hainbat elkarteren artean, "haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea posible dela gogoratuz, dagoneko horrela jarduten dutenen erakundeei aitortza eginez, eta alor... [+]


Eguneraketa berriak daude