"Agintariak ez badira gure adiskideak esan nahi du oso ongi egiten ari garela"

  • Nafarroako Kontuen Ganberako komunikazio arduraduna edo diru publikoaren kudeaketa okerraren trapu zikinak bistaratzen dituen kazetaria.

Fermin Erbiti Zabaltza 1964an jaio zen Iruñean. Duela hogeita bat urtetik Nafarroako Kontuen Ganberako komunikazio arduraduna da.
Fermin Erbiti Zabaltza 1964an jaio zen Iruñean. Duela hogeita bat urtetik Nafarroako Kontuen Ganberako komunikazio arduraduna da.Dani Blanco

Aitaren familia Ultzamakoa?

Bai. Ama Iruñekoa eta aita Alkotzen sortua, baina 13 urterekin Iruñera etorri zen aitatxik gerra garaian zabaldutako hotelean lan egitera. Kontrabandistak ziren eta arazoak izan zituzten aitatxi, bederatzi seme-alaben aita zela, atxilotu eta lau urtez kartzelara eraman zutenean Iruñean eta A Coruñan. 18 urterekin aitak, beste anai-arreba batzuekin, oinetako denda bat ireki zuen Iruñean, gaur egun Pello anaiak daramana. Gaztetxo nintzelarik han hasi nintzen ni lanean larunbatetan eta merkealdietan. Horri esker badakit zer den bezeroen aurrean aritzea eta aita zer saltzaile ona den. Kalitatearen aldeko apustua egin zuten hasieratik eta, egia esan, konpetentzia handirik ez zuten izan. Bezero euskaldun asko etortzen ziren, larunbatetan batez ere, eta hainbat denda eta tabernatan biltzen ziren. Gaur merkataritza-gune handietara jotzen dute gehienbat, baina garai hartan Alde Zaharrean eta zabalgunean erosketak egin, bazkaldu eta gero arratsaldean, batzuetan, frontoira joaten ziren. Haientzako egun pasa ederra izaten zen.

Euskara etxean ikasi zenuen?

Aita euskalduna da, baina etxean ez genuen ikasi. Abesti batzuk, zenbait hitz… besterik ez. Gurasoak saiatu ziren anaia eta biok hasi berria zen San Fermin ikastolan sartzen, baina txikientzako taldea besterik ez zutenez, 5 urteko anaia ezin hartu, horregatik gurasoek erabaki zuten biok La Salleko ikastetxera eramatea. Haiek bazekiten gu familia euskaldunekoak ginela eta fraide batzuek beti euskaraz egiten ziguten anaia eta bioi. Garai hartan, beste eskola askotan bezala, euskal kantak irakasten ziren, adibidez. Nik han Bautista Basterretxe ikasi nuen. Penagarria da ikustea gaur egun nola batzuei euskara erabat arrotza egiten zaien. Orduan euskara gurea den zerbait zen. 13 urterekin Maristetara aldatu ginen La Salletarrek eskola eta orubea saldu zituztelako eta han oso bestelako giroa aurkitu genuen. Gero, gaztetan, bete betean harrapatu gintuen Francoren heriotzak eta ondorengo boom politikoak. Piztu zen abertzaletasuna oso erakargarria zen: garai berria, bizi berria… Orduan konturatu nintzen euskararik gabeko abertzaletasunak ez duela zentzurik. Eta beste alde batetik ere, pentsatu nuen gure familian betidanik hitz egin dela euskara gaur arte. Nik ez nuen etenaren erruduna izan nahi, beraz, anaiarekin batera, euskaltegian hasi ginen gogoz. Handik bi urte eta erdira azterketara aurkeztu eta EGA eskuratu nuen.

Eta berehala hasi zinen euskarazko kazetaritzan lanean.

Unibertsitatean bigarren mailan ari nintzela, Navarra Hoy egunkarian hasi nintzen. Han egin nituen bi urte haietan kazetaritza deskubritu nuen. Oso gustura aritu nintzen José Antonio Montón zuzendariarekin eta oso eskola ona izan zen niretzat. Hurrengo urtean Radio Nacionalen euskarazko saioak egiteko kazetari bat behar zutela esan zuten. Ordura arte Kike Diez de Ulzurrun izan zen bertako kazetaria baina urte horretan, 88an, utzi egin zuen buru-belarri Euskalerria Irratia sortu berrian sartzeko. Horrela hasi nintzen irratian. Ikaratuta eta bakarrik. Albistegien laburpenak eta astean behingo saio bat egiten nituen hasieran eta bi orduko saioa egunero ondoren. Gauza duinak egiten saiatu nintzen, batzuetan Euskalerria Irratian zebilen jendearengandik ikasiz eta haien kontaktuak erabiliz askotan. Agian erronka handiegia zen niretzat garai hartan, baina beharrak asko erakusten du. Irratiko zuzendaria telebistako arduradun izendatu zutenean proposatu nion saio bat egitea. Oso interesgarria izan zen medio hori ere ezagutzea eta modu honetara telebista espainiarrak hemen egin duen euskarazko lehen saioa eta bakarra egin genuen.

Eta 1993an Kontuen Ganberan sartu zinen. Nolakoa izan zen komunikazio instituzionalerako jauzia?

Mariano Zufiak martxan jarri zuen erakunde hau 1980an. Ondoren presidente moduan etorri zen Patxi Tuñónen helburuetako bat zen Kontuen Ganberaren lana ezagutaraztea. Komunikazio arloa zaindu nahi zuten eta horretarako ordu batzuetarako kazetari bat kontratatzea erabaki zuten. Ni freelance moduan aritzen nintzen hainbat tokitan, hor sartzeko aukera ikusi nuenean. Handik gutxira oposaketak deitu zituzten postu hori betetzeko eta neuk lortu nuen. Patxi Tuñónek euskararen aldeko apustua egin zuen. Erakutsi nahi zuen erakunde hau nafarra dela eta horretarako euskara erabiltzea funtsezkoa dela. Gobernuak berak hartu ez zuen erabakia hartu genuen guk. Edozein liburu, prentsa oharrak, bisitak, txostenak… Dena elebitan egiten da.

Administrazioaren trapu zaharrak ateratzen dituzue eta modu ulergarrian gainera. Diru publikoaren kudeatzaileen buruko mina zarete?

Ez dakit. Gaur egungo Kontuen Ganberak bi eginkizun nagusi ditu: Nafarroako diru publikoa fiskalizatzea eta Parlamentuari aholku ematea ekonomi eta finantza gaietan. Gure planteamendua hasieratik izan da nafarrek eskubide osoa dutela Gobernuak eta erakunde publiko guztiek diru publikoa nola erabiltzen duten jakiteko. Erronka nagusietako bat da informazio tekniko hori guztia itzultzea eta komunikabideei ematea, haien bitartez hiritar orok, ahal den hobekien, uler dezan. Administrazioak egiten dituen testuak ulergarriak ez badira, gaizki. Mezua argi idatzi behar da, eta horrek ez du esan nahi zehaztasun teknikoa galtzen denik. Gardentasun administratiboa demokraziaren zutabeetako bat da, baina kultura honetan, Espainiatik datorkigun kultura honetan, defizit handia dago. Han antolatu zen kontrol sistemak, adibidez, ezin du emaitzarik sortu. Egin zen kontu epaitegi bat deus ez egiteko, hain zuzen ere. Alderdi politikoen arteko negoziazio bat egiten dute bakoitzak bere ordezkariak izenda ditzan. Eta Gasteizen berdin, Espainiako eredua kopiatu zutelako. Horrek ez du zentzurik, gizarteak baduelako eskubidea kontuen berri jasotzeko.

Hemen Nafarroan zergatik da desberdina?

Desberdina da ez nafarrok besteak baino argiagoak garelako edo holako zerbait, baizik eta Kontuen Ganberarako beste eredu bat hartu zelako. 1980an Parlamentuak erakundea berriro martxan jartzeko erabakia hartu zuen. Gurea izan zen fiskalizazio erakundea sortu zuen lehen autonomia-erkidegoa eta epaitegi zaharraren izen bera hartu zuen. Hau abian jartzerakoan  ibilbide demokratiko luzeko Finlandia, Kanada eta Erresuma Batua bezalako herrialdeei begira jarri ziren. Hango eredua kopiatu zuten eta horri esker gaude orain gauden bezala. Hemen dauden kide guztiak auditore eta teknikariak dira, eta onak gainera, oposaketen bidez sartzen direnak. Berdin zaie zein alderdi dagoen agintean eta inor ezin zaie joan esanez txosten honetatik kendu lerro hau edo jarri beste hura. Hemen lan egin daiteke. Hori da sekretu bakarra. Besteek nahiago izan zuten erakunde erabat politizatua sortu, eta horrek ezin du fruiturik eman.

Nafarroako egoera ekonomikoa nola ikusten duzu?

Gezurra da hemengo kontuetan sekretuak daudenik. Hori esan zuen PSNk UPNk Roberto Jiménez Gobernutik bota zuenean, baina ez da egia. Hemen kontuak argi daude, beste inon baino garbiago. Gobernuarenak eta udalenak ere bai. Zer gertatzen da? Ba hemen 3.000 milioiko zorra dugula, azken urteotan pilatutakoa eta Nafarroa oso egoera delikatuan jartzen duena. Nik esanen nuke azken aldi honetan oso kudeaketa txarra egin dela, dirua oso erraz xahutuz. Eginiko inbertsio batzuek ez dute ez buru ez hankarik. Gure gomendioa behin eta berriro izan da inbertsioak egin baino lehen ongi aztertzeko proiektuen finantziazio bideak. Horren adibide argia Gobernuaren Arena kiroldegia da. Bukatzear dago, baina ez dute amaitu nahi ezin diotelako aurre egin mantentze kostuari. Beste kontu larri batzuk izan dira Los Arcoseko zirkuitua, Iberdrolaren akzioen erosketa edo Parquenasari, Senda Viva kudeatzen duen enpresari, 55 milio euro ematea. Hor Nafarroako Gobernua sartu zen inbertitzaile pribatu batzuekin eta haiek ikusi zutenean ez zeukala etorkizunik alde egin zuten, Sodena enpresa publikoa bakarrik utziz zuloa pagatzeko. Hori gertatu da eta hori zuzendu beharra dago. Gobernu batek ezin ditu halako erabakiak hartu kontseilari bati bururatu zaiolako hori egitea. Diru publikoa, denon dirua, ari bada kudeatzen, bestelako formalitatea eskatu behar zaio gobernu bati. Honetan Nafarroako Gobernuak nabarmen egin du huts azken urte hauetan.

Osasunbidean ere txosten argigarria atera berri duzue.

Politikariei eskatu behar zaie, lehenbizi, ez sartzeko ongi funtzionatzen duten arloetan. Hori oso garrantzitsua da. Horren adibide bat hemengo erietxeen janari zerbitzuarekin gertatu dena da. Ospe handikoa zen, baina erabaki okerrak hartu dituzte. Sukaldeak batu behar ziren eta janaria prestatzeko sistema “hotza” hautatzeak dirua aurreztea ekar zezakeela ikusi zen: janaria prestatu ahala banatu beharrean, egun batez egin eta hotzean gorde hurrengo egunetan emateko. Baina hor koska dago egiteko moduan: zerbitzua pribatizatuz edo etxeko langileekin. Duela bi urte ohartarazi genion Osasunbideari alternatiba guztiak ongi aztertu behar zituela. Baina haiek konparaketa gaizki egin zuten eta pribatizatzea hautatu zuten. Hori ez da serioa. Gure txostenaren ondorio nagusia izan da sukaldeak batuta, sistema berriarekin baino etxeko langileekin egin izanez gero, askoz merkeago aterako zela (670.000 euro urtean) eta gainera kalitate hobekoa. Hemen izan genuen presidente bat kexatzen zen zenbait ekitalditara joaten zenean batzuek ez zutela agurtu ere egiten. Baina gu ez gaude hemen adiskideak egiteko, batez ere agintarien artean. Agintariak ez badira gure adiskideak esan nahi du oso ongi egiten ari garela.

Zure lana, hala ere, ez da mugatzen kontuen ikuskaritzara.

Ni oso funtzionarioa ez naiz eta beti saiatu izan naiz beste toki batzuetan aritzen aldi berean. Fiskalizazio txostenez gain, mundura atera behar da eta ikusi zer dagoen. Horregatik kolaborazioak egin izan ditut eta egiten ditut zenbait hedabidetan (Euskalerria Irratian, Euskadi Irratian, ETBn Azpimarra saioan, hemen Argian…), horregatik aritu nintzen Ikastolen Federazioan presidente eta horregatik dut gustuko liburuak idaztea.

Kontuen ganbera. Iruñeko etxe zaharrenaren eta ingurukoen istorioak zure azken liburua idazteko dokumentazio lan handia egin duzu Nafarroako Artxibo Nagusian, eta kaleko bizilagunei galdezka aritu zara. Zer ikasi duzu?

Ezagutzen ez nituen kontu asko aurkitu ditut Ansoleaga kaleko etxe honen inguruan. Iruñean gelditzen den gotiko zibileko eredu bakarra da.  Adituek diotenez, XIII. mendearen bukaeran eraiki zen eta 1525etik Kontuen Ganberaren egoitza izan zen. Beste alde batetik istorio oso interesgarriak gordetzen ditu eraikin honek. Kontuen Ganberaren eta Diru-etxearen egoitza izateaz gain, beste erakunde asko pasatu dira bertatik: Monumentuen Batzordea, Euskara Elkargoa, lehenbiziko museoa, Vianako Printzea erakundea, Nafarroako Unibertsitatea, Foruzaintza eta baita Iruñeko lehenengo euskaltegia ere. Izan ere, 1951. urtean diputazioak martxan jarri zuen Euskararen Akademia etxe honetan, eta urtebetez 33 ikasle aritu ziren. Hurrengo urtean ikasle kopurua handitu egin zen, eta eskolak lekuz aldatu behar izan zituzten. Dena den, 1970. urtera arte iraun zuen akademiak, eta, denera, 300 ikasle aritu ziren. 1974an sortutako Arturo Campion euskaltegiak hartu zion lekukoa. Istorio politak eta gauza asko pentsarazten dutenak, esate baterako oraingo eskuinaren euskararekiko gorrotoa nahiko kontu berria dela. 80ko hamarkadan Diario de Navarran idazten zuten Nafarroa Euskal Herriko lehena dela. Euzkadi ez, baina Euskal Herria noski. Orain, aldiz, Euskal Herriari “entelekia” esaten diote. Europatik, unibertsitate askotatik etortzen dira eta harrituta gelditzen dira euskarari eginiko erasoak ikustean. Penagarria da UPNren jarrera, PSOEren laguntzaz. Ez dakit inoiz aldeko haizerik ezagutuko ote dugun, baina behintzat kontrako haize hau noizbait desagertuko dela uste eta espero dut. Hemengo euskaltzaleek beti kemena erakutsi dute, baina nik gutxieneko kohesioa eskatuko nuke aurrera egiteko.

Gorrotoa

"Oraingo eskuinaren euskararekiko gorrotoa nahiko kontu berria da. Lehen agian ez zuten gauza handirik egiten euskararen alde, baina, bederen, kontra ere ez. Jose Mari Satrustegik duela 25 urte elkarrizketa batean esan zidan Amadeo Marcoren diputazioa euskaltzaleagoa zela ordukoa (Urralburu sozialistarena baino)".

Azken hitza: Hedabideak

Hiru koaderno txiki, Juan Zelaia saiakera saria 2010ean: “Liburu honetako atal batean komunikazioaren inguruko hausnarketa egin dut. Hedabideek eta Kontuen Ganberak badute lotura bat: agintarien gezurrak eta kudeaketa txarrak salatzeko gaude. Kritikotasuna kazetarion zeregin nagusietakoa da, baina tamalez badakigu askotan oso zaila dela. Nork idatziko du gaur egun Corte Ingles-en aurka? Euskalerria Irratiak edo Argiak, agian, merkataritza-gunearen publizitaterik ez dutelako jasotzen. Kazetarien egoerak ere kezkatzen nau. Hala ere, pentsatzen dut kazetaritza guztiz beharrezkoa dela mundu honetan eta demokraziaren heldutasuna ere komunikabideen egoeraren arabera neurtzen dela. Erronka handia dugu, bereziki Nafarroan, euskarazko komunikabideak indartzeko. Euskaldunok behar ditugu hedabideak eta onartezina da egungo egoera. UPNkoek ere badakite funtsezkoak direla eta horregatik jarraitzen dugu ETB modu digitalean ikusi gabe edo segitzen du Euskalerria Irratiak litzentziarik gabe”.

Penagarri

“Euskararen erabileran gu eredugarriak suertatzea, Kontuen Ganbera alegia, penagarria dela iruditzen zait. Egoera penagarria dela erakusten du, guk, azken finean, dauden errealitatea eta legedia errespetatu besterik ez dugulako egiten”.

Nortasun agiria: Fermin Erbiti Zabaltza

Iruñean sortua (1964ko abenduaren 15ean). Kazetaria. Navarra Hoy egunkarian hasi zen lanean. Ondoren, Iruñeko RNE eta Telenavarran orduan egiten zen euskarazko programazioaren arduraduna izan zen. Duela hogeita bat urtetik Nafarroako Kontuen Ganberako komunikazio arduraduna da. Bost liburu idatzi ditu: Los sanfermines = Sanfermina; Encierrros en blanco y negro; Pamplona: historias, lugares y gente; Hiru koaderno txiki (Juan Zelaia saiakera saria 2010ean) eta Kontuen ganbera. Iruñeko etxe zaharrenaren eta ingurukoen istorioa liburua bi bertsiotan, euskaraz eta gaztelaniaz (2013).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa
Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


Angel Berrueta omendu eta hogei urteren ostean aitortza ofizialik gabe jarraitzen duela salatu dute

Hogei urte bete dira ETA ez zion kartel bat jarri nahi ez zuelako Angel Berrueta hil zutenetik Espainiako polizia batek eta bere semeak. Iruñeko Donibane auzoan Berrueta omendu dute, eta justizia eta erreparazioa eskatu dituzte.

 


Eguneraketa berriak daude