Erosketak

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Normalean, zutabegilea ona dela diot egia borobilak plazaratu ohi dituelako. Ni ez naiz nahi bezain ona, beraz, gezurra kontatuko dut. Mauleko Carrefour saltegi aitzinean gertatu zen. Lagun bat, etxera autoz zihoalarik, ikuskizun baten erdira iritsi zen. Bide-bazterrean gizon bat hamaika ahalegin egiten ari zen zutitzeko lohi artetik. Bere ezintasuna hain zen agerian zutitzeko laguntza behar zuela, begi-bistakoa zen. Hortik hamar bat metrora, saltegiko aparkalekuan, erosketak autora sartzen ari zen jende franko. Lohian lerra eta lerra, burua lurrera jotzeko zorian, gure gizona hatsanturik mintzo zen laguntza eske, boza ahul.

Lagunak autoa gelditu, laguntza proposatu, eta gizonak hala galdeturik medikura eraman zuen. Itxarongelan zeudela, medikuak arta noiz eman aiduru, haur batek bere amari galdetu zion zer deabru gertatzen zitzaion gizon horri herrenka ibiltzeko. “Sobera edan du”. Medikua atera zenean, lagunari hala erran zion: “Berriz ere ikusiko duk lurrean, eritasun bat badik”.

Jendea etxera sartu zen erosketekin, eta han gelditu zen gizona medikuarekin. Ez bazitzaion laguna ondotik pasa, han zegokeen oraino zutitu nahian. Gertakariak gezurra izan behar zukeen.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude