"Txirrindulari izango naiz hankek pedalei azkar eragiten dieten bitartean"

  • Horra Leire Olaberria, belodromoan itzulika, peraltean gora eta behera, modu ikusgarrian, abiada bizian… Gu, berriz, harixe begira-begira, zirkinik egiteke. Eta, hizketan lasai hasi denean, adi-adi gu, jakinguran.

Leire Olaberria, txirrindularia. (Argazkia: Zaldi Ero)

Txirrindulari profesionala. Pistakoa, oroz gain. Pistako garaipenek eraman zintuzten errepidera.

Bai. Berez, atletismotik nator. Atletismoak eta pistako txirrindularitzak antzekotasun handiak dituzte: serieko lana, abiadura… Horretan ez zegoen alderik. Alderdi teknikoa da ezberdintasuna, bizikleta erabiltzea, alegia. Umetan herrian, Ikaztegietan, ibilita nengoen, baina teknika aldetik gabezia handiak neuzkan. Bestalde, 26 urterekin hasi nintzen lehiatzen, tropeltxoan, eta hor ere gorabeherak izaten dira. Atletismoko abiadura probetan bakarrik ari zara gehienetan, nor bere kaletik doa, bestelako oztoporik gabe. Bizikleta hartu nuenean, berriz, gauza asko ikasi behar izan nituen. Erronka polita izan zen.

Bizikletan hasi, eta ez nolanahi: pistako bizikleta berezian, belodromoko peraltean gora eta behera pedalei etengabe eragin beharrean!

Bai, belodromoan, eta Anoetakoan [Donostia]. Oso belodromo bortitza da. Hara joan nintzenean beldurra ere izan nuen! Baina neure buruari esan nion: “Beldur hau gainditu behar dut nik”. Horrela hasi nintzen. Ez nuen lehiatzeko asmorik, baina atletismo garaian izandako lehiatzeko harra piztu egin zen berriz, eta handik laster, mundu berria deskubritu nuen: izugarri gustatzen zitzaidan espezialitatea, eta nire gorpuzkerari ere ondo zihoakiona: pistako txirrindularitza.

Anoetakoa, etxe ondoko belodromoa zuk. Hor dira, bestalde, Berriz, Zalla, Trapaga eta Tafallakoak. Belodromo bortitza, Anoetakoa, esan duzunez...

Negukoa da gure denboraldia, udan ez dugu belodromoa erabiltzen. Udazkenean hasten gara Anoetako belodromora bueltaka, eta gogorra egiten da: hotza da belodromoa. Hara joan eta serieak egiten ditugu, abiadura handian. Eta zenbat eta handiagoa gure abiadura, orduan eta handiagoa hotza. Txirrindulari ibili nahi duenarentzat Anoetak handicap guztiak ditu. Lanerako desatsegina da, guztiz: hotz handia, hezetasun handia, zementuz egina… Gaur egun, lehiatzen garen belodromo guztiak egurrezkoak dira! Anoetako belodromoak entrenatzeko balio du, bai, lehiatzeko baino baldintza gogorragoetan entrenatu behar izaten dudalako, baina pistak izan ditzakeen gauza polit asko galdu egiten dira Anoetan. Pena ere ematen dit. Atzerrian lehiatzen gara, gehienbat. Pistak tradizio handia duen herrialde asko daude, eta haietara joaten gara. Euskal Herrian txirrindularitzak jarraitzaile asko ditu, baina aldi berean, pena da Anoetako belodromoa hain zahartua egotea. Eta okerrago, proiektu berririk ez inon!
Gustuko pistak badituzu munduan…

Bai. Australiakoak, esate baterako, ikaragarri gustatzen zaizkit. Sidneyn eta Melbournen, bietan lehiatu naiz. Zortzi bat aldiz izan naiz Australian, eta beti gustura. Herrialdea bera asko gustatzen zait. Jendearen izaera bera! Oso irekiak dira. Hirietan, bestalde, kirola egiteko ohitura handia dago, kirola egiteko lekuak ere han eta hemen… Belodromoetan Manchesterrekoa ere gustukoa dut. Izugarri jarraitzen dute pistako txirrindularitza, txirrindulari onak dituzte, eta antolatzaile apartak ere badira. Izan asko dituzte, eta ikusleek gainezka betetzen dituzte beti pistak. Oso atsegina da bertan lehiatzea. Gainera, Bilbotik bertara dago Manchester, hango antolatzaileekin ere harreman ona dut eta han izaten naiz gonbidatzen nauten guztietan. Egia esan, Ikaztegietan nagoenean jasotzen ditudan gonbidapen guztiak onartzen ditut, negua lehiatzen pasatu ahal izateko.

Eta nola gogorratzen duzu Pekingo Olinpiar Jokoetan puntuaketa proban brontzezko domina irabazitako belodromoa?

Txinako belodromoak oroitzapen ederrak dakarzkit, baina herrialdea ez zait batere gustatzen, eta bertara lehiatzera joatea ere ez. Neguan joan behar izaten dugu hara, eta eguraldiak ez du askorik laguntzen. Elikadura aldetik ere zailtasunak ditugu: han ongi jatea ez da erraza, eta beldur handia izaten dugu haragia jaten dugunean. Klenbuterola dela eta ez dela, kontu handia izan behar dugu. Kontrol mordoa gainditu behar izaten ditugu, eta herrialde horietan hemen ez bezala tratatzen dute haragia. Gu gara gure gorputzean azaltzen diren substantzia guztien arduradun, eta kontu handiz ibili behar izaten dugu. Herrialde horietara joatea ez zaigu askorik gustatzen, irabazteko baino gehiago galtzekoak ditugulako.

Cali, Kolonbia…

Belodromoa ez da guztiz itxia, eta hori ez zaigu askorik gustatzen, serie batetik bestera haizea asko alda daitekeenez, lehiatzeko egoerak ere alda daitezke. Gainerakoan, belodromo egokia da, eta herrialdeari dagokionez, Calik ondo hartzen gaitu beti… Bestalde, arrisku handia dago kalean. Kafea hartzen gu, eta poliziak ditugu inguruan, zaintzen. Herrialde horietan ibili, etxera etorri eta bestelakoa da ikuspegia: ni hemen beste inor gabe eta bakarrik irten naiteke bizikletan, ez dut arazorik, ez gorabehera arrarorik. Calin eta halako tokietan, aldiz, ez dago horrelako bakerik. Horregatik, etxera itzuli eta kalean zeure gisa, bakarrik, askatasun sentipena handia da.

Munduan diren bateko eta besteko belodromoak aipaturik, herrialdeak ere ezagutu dituzu zuk; hein batean, bederen. Zer eman dizu munduan ibiltzeak?

Ikuspegi zabala, oso. Bizikletaren bidez, eta pistako txirrindularitzaren Munduko Koparen bitartez, mundua alderik alde zeharkatu ahal izan dut, Australia, Kolonbia, Mexiko… Kultura piloa, eta ikuspegia zabaldu besterik ez dizu egiten horrek. Batzuetan iruditzen zait hemen uste dugula arraza onena garela, eta batera eta bestera ibili eta konturatzen zara munduan jende on asko dagoela. Bestelakoa ere bai. Herritik irten eta mugak hausten dituzu, gauzak ikusteko modua zabaldu egiten da, norberak mundua ikusteko duen modua, eta pentsatzeko modua bera, aldatu eta zabaldu egiten da.

Zure WhatsApp profilean, pintada bat, norbaitek nonbait egina: “Le pedí un café y me dijo: ‘Sólo queda té’. Fue hermoso” (Kafea eskatu nion, eta esan zidan: “Tea besterik ez dago”. Ederra izan zen).

Mexikon izan zen. Asko ibiltzen gara han. Esaten dituztenak, eta esateko modua! Herrialde pobretzat jotzen ditugu hemen, baina sekulako aberastasuna dute jendearekiko harremanetan, hitz egiteko moduan… Han denbora eman, etxera itzuli, eta badira zenbait gauza, hangoak, hemen faltan botatzen ditudanak: Le pedí un café y me dijo: “Sólo queda té”. Fue hermoso.

Beti ari gara, munduko afiziorik ederrena dugula eta hau, hori eta hura…

Asko gustatzen zaigu esatea, bai, hemengo zalegoa eta hau eta hura, baina Belgikara korritzera joan eta berehala konturatzen zara hango afizioa ez dela kamutsa. Eta antolatzaileak, eta azpiegiturak, eta bidegorri sarea… Hemen, zergatik ez dugu behar bezalako belodromorik? Federazioko presidentearekin hitz egiten dugunean horretaz aritu izan gara behin baino gehiagotan, baina, tamalez, uste dut nire bizitza profesionalean ez dudala belodromo bat egokia ezagutuko. Eta, gero, ez dakit.

Ez da erraz ulertzen: ziklismo zaletasun handia, talde profesionala ere bai urte askoan, azpiegitura ikaragarriak nonahi… Nazioartean punta-puntako pista txapelduna etxean, eta belodromorik ez!

Lastima da, bai. Euskadiko Sei Orduak ere egiten zen garai batean, baina orain ez. Uste dut zaharkitua geratu zela formatua, orain bestelako gauzak egiten direla Holandan, Belgikan, Alemanian… Han Sei Orduak ez, Sei Egunak egiten dituzte, eta belodromoak beti gainezka. Espektakulu ikusgarria da izan ere, iluntzeko zazpietan, zortzietan hasten gara korritzen egunero, eta goizeko ordu batak arte izaten gara pistan. Eta jendez gainezka!

Bide ederra egina duzu hasi zinenetik. Ibilbidea, diote. Garaipenak eta porrotak…

Gauza pila gertatzen dira norberaren ibilbidean. Jendea ere, pila ezagutzen da. Garaipenek jende asko ezagutzeko bidea irekitzen dizute, leku askotan egoteko aukera. Porrotek aldiz, oso bakarrik sentiarazten zaituzte, zure ingurua egoki aukeratu ez baduzu, batez ere. Gauza horiek guztiek esperientzia mordoa dakarzkizute, une gozoak eta garratzak. Ni, nire adinean, horretaz nago harro: oraindik borrokan jarraitzeaz eta lanerako aukeratu dudan jendea aukeratu izanaz. Garaipenari nahiz porrotari ematen zaion pisu handi horri ere garrantzia kentzen ikasi dut, asko disfrutatzen ere ikasi dut, nahiz eta jakin, badakidan, kirol honetan nire jarraipena emaitzen menpe dagoela.

Ez gara erretiroa aldarrika hasiko, hurrik eman ere!, baina jarraipenaz mintzo zara… 37 urte dituzularik, noiz arte iraungo du zure gorputzak egurrean?

Inoiz ez diot garrantzirik eman adinari. Txirrindulari izango naiz nire hankak pedalei azkar eragiten dieten bitartean. Konturatzen naizenean mundu mailan punta-puntan ibiltzeko gauza ez naizela, bizikletak ez nau motibatuko. Askotan esaten dute, bai, gaztetan azkarragoak garela, urteekin erresistentzia irabazten dela… Egia da erresistentzia irabazten dela, horren araberako lana egiten baduzu. Nik, oraingoz, ez dut abiadura galdu dudanik nabaritu. Berandu hasi izanaren ondorio izan liteke, eta txiki-txikitatik ez hasi izanak ere neke psikologikoa galarazi didala. Hogeita sei urte nituela hasi nintzen, eta desgaste hori ere ez daukat. Nik zera ikasi dut: gorputza mimatzen baduzu, gorputzak izugarri itzultzen dizula. Kirolari garenez, asko zaindu behar dugu elikadura, prestakuntza, atsedena... Gauzak ondo eginez gero, adin biologikoa gorabehera, gorputzak erantzun egiten du. Erantzuten ez duela ikusten dudanean, beste zerbait egiteko garaia izango da.

Sarah Hammer-en eta Laura Trott-en baimenez…

Txirrindularitzaren historian izan diren eta izango diren ohiz kanpoko bi txirrindulari dira. Haien garaian bizitzea gertatu zait. Aurkari gogorrak dira, oso. Baina beraiei esker naiz ni hobea. Askotan, entrenamenduan, nekatuta, eta serie bat gehiago egin behar! Bi ziklista horiek hor egoteak laguntzen dizu serie hori egiten, badakizu-eta Sarah inoiz ez diola serie bat egiteari utziko, Laurak ez dizula esprintean barkatuko. Guztion gainetik daude biak. Laurak Ingalaterrakoa izateko zortea du, potentzia handia pistako txirrindularitzan. Oso-oso txirrindulari ona da, eta, gainera, ez du pedalei eragiten beste ezertan pentsatu behar. Sarah iparramerikarra da, Kaliforniakoa, harekin lan egiteko zoria izan dut Mallorcan, eta ikusi dut zenbat balio duen. Sarah eta Laura, erreferentzia dira niretzat.

Bizikletaria arriskuan da beti, ez nolanahikoan: bizi-arriskuan.

Askotan, etxetik atera eta ez dakit itzuliko naizen edo ez. Errepidean ibiltzeak duen arriskua. Han ezer gertatuz gero, norbera da lehena min hartzen. Askotan esan dut etxean, erdi txantxetan, erdi serio: “Ezer gertatzen bazait, jakizue egitea gustatu zaidan huraxe eginez gertatu zaidala. Alde horretatik, ez izan kezkarik egun batean itzultzen ez banaiz”. Pistan bizia galdu duten lagunak ere baditut, Isaac Galvez bat, esaterako, Joan Llanerasekin munduko txapelduna izandakoa, Gantera [Belgika] joan, Sei Egunetan korritzen ari zela kolpatu eta hil zena. Haren arrebarekin korritzen nuen nik. Modurik positiboenean pentsatzen dut, baina txirrindulari guztiok dugu oso presente irudipen hori, alegia, egun batean etxetik irten, eta balitekeela ez itzultzea, urteen poderioz hainbat lagun hil zaizkizu-eta errepidean. Iñaki Lejarreta bera, kasurako: txirrindularia, eta neskalaguna berriz, txirrindulari izandakoa eta haurdun. Igande goiz batean, etxetik bizikletan irten, eta itzuli ez. Horrelakoak gertatzen direnean, badakizu norberari ere gertatu ahal zaiola.

Erbestean ere bizi-arriskua esan nahi du bizikletak?

Zenbait herrialdetan, Australian esaterako, txirrindulariak semaforo gorria pasatu eta txirrindulari txarra zarela esango dizu. Holandan eta Belgikan ere errespetu handia diote txirrindulariari. Bidegorriak dituzte leku guztietan, baina bidegorria dagoelarik txirrindularia errepidean ikusten badute, ez dute bi aldiz pentsatzen: igurtzian aurreratuko zaituzte, bidegorrira bidali arte. Jakina, hemengo bidegorriek eta hangoek ez dute zerikusirik. Han, hartu bidegorria eta nahi beste kilometro egin ditzakezu, nahi duzun abiaduran. Hemen, jo bidegorrira eta ez daude zainduak, oinezkoak dabiltza bertan, autoak aparkatuta…

Bizitza luzea da

“Goi-mailan egotekotan, gauza askori egin behar zaio uko, baina, aldi berean, goi-maila horrexek berak eguneroko bizimoduak ematen ez dituen gauza asko ematen ditu. Askoz gehiago dira jaso ditudanak, bidean utzi ditudanak baino. Eta, bidean utzi, lagunak, familia, halako jaki hau… ez ditut betiko utzi: gauzak horrela egiteko momentua da, eta gero, beste modu batera egiteko garaia iritsiko da. Bizitza luzea da!”.

Nortasun agiria: Leire Olaberria Dorronsoro

Leire Olaberria Dorronsoro (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977). Atletismoan hasi zen, eta kadete eta junior mailako Espainiako txapeldun izan zen, 100 metroko modalitatean. 26 urte zituela ekin zion bizikletari, pistan, eta 2004tik hona emaitza onak kateatu ditu bata bestearen ondoren, pistako munduko txapelketetan, Pekingo Olinpiar Jokoetan, nahiz Espainiako txapelketetan. Turismo ikasketak egin zituen lehenengo, eta Magisteritza ondoren. Kirolariak behar duen elikadura gehigarria egiten duen  Fullgas enpresa du, gizonarekin batera. Txirrindulari txapelduna, munduak zaildu duena.

Familia

“Etxean kirolzale handiak izan gara. Lehengusu bat dut, Pello Olaberria, gaztetxoa oraindik, Alberto Contadorren txirrindulari taldean. Beste bat ere, Andoni Olaberria, mendiko bizikletan ibili zen. Etxarri Aranatzen, lehengusina dut Oihana Olaberria, txirrindulari izandakoa. Baina gurasoetan ez dut horrelakorik, zaletasuna besterik. Gure belaunaldia, aldiz, oso kirolaria da”.

Txakurrak zaunka

“Txatartegi mordoa dago Mexikon. Eta txatartegi bakoitzak pit bull arrazako lauzpabost txakur ditu, libre. Han garenean, beti gabiltza esprintean. Gure zain daudela ematen du! Haien parean pasatzean, hantxe bi-hiru txakur gure atzetik segika: ‘Eragin, eragin gogor, atzetik datoz-eta!’”.

Azken hitza: etxera

“18 urte nituela joan nintzen Donostiara ikastera, eta harrezkero, Donostian eta Astigarragan bizi izan nintzen. Oraindik orain, berriz, Ikaztegietara itzuli naiz. Nire bizitzak hainbeste mugimendu dauka, non etxera itzultzen naizenean leku lasai bat nahi dudan. Kanpoan nabilenean oso erritmo handia du nire bizimoduak: etxera itzuli eta bertan errekuperatzen naiz esfortzutik, ordutegi aldaketatik eta gainean daramadan jipoitik”.

Lorpenak

"Domina olinpikoak aldatu zuen nire bizitza. Gizarteak horrela baloratu du, baina nire kirol ibilbidean izan dira beste zenbait emaitza, domina hura lortzeko ezinbestekoak. Askotan esaten diot neure buruari: " Hau inoiz ez zen gertatuko, halako egun hartan aurrera egin izan ez banu".


ASTEKARIA
2014ko urriaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
2023-10-29 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Eguneraketa berriak daude