Ebakuatuen oinaze isildua

  • Bizitokia utzi behar izan zuelako depresioak jota bere buruaz beste egin zuen anderearen kasuak eta familiari emango zaion kalte-ordainak jarri gaitu udan Fukushimara begira. Eremu hartatik ebakuatu zituztenen ezin bizia dugu lehen planoan.

Hamako Watanaberen alarguna, Mikio Watanabe, emaztearen argazkia eskuetan duela.
Hamako Watanaberen alarguna, Mikio Watanabe, emaztearen argazkia eskuetan duela.Reuters

Ia hiru urte eta erdi igaro dira Fukushima zentral nuklearra lehertu zenetik. Lehen egunetan informazioa nonahi topatu genuen eta telebistaz leherketaren berri zuzeneko irudiez eman ziguten.

Lerro eta iritzi ugari eman genuen munduko aldizkari guztietan denok. Hilabeteek aurrera egin ahala hango berriak eta irudiak urritu egin ziren, tokitako gerrekin gertatu ohi den antzera. Abuztuaren amaieran hango berri zipriztin batek Europako berri emaileen arreta bereganatu zuen, alegia, etxea utzi behar izan zuelako, bere buruaz beste egin zuen andere baten familiak 358.000 euro inguruko kalte-ordaina jaso izanak.

Hamako Watanabek bonzo moduan eman zion su bere buruari, eta ez da hondamendiaren osteko depresioaren ondorioz suizidiora jo duen bakarra. Izatez, kopurua hazi egin da aspaldion, ehundik gora izan litezke, baina kasuz kasu frogatu behar direnez, ia ezinezkoa izango da zenbaki zehatzak ematea epe motzean. Alabaina, ingurua apur bat aztertu zuten adituek aski argi utzi zuten: hango jendeari erradiazioak berak baino kalte handiagoa egin ziola ebakuazioaren estresak. 150.000 lagun atera zituzten beren lurraldetik ezbeharra gertatu zenean. Horietarik herenak etxetik urrun eta behin-behineko babestokitan jarraitzen du oraindik.

Arakatzen aritzeko ohitura duenak ordea, aurkitzen du hango informazioa ateratzeko biderik. Antza, AEBetako armadako kideen arteko transmisioetan sarritan agertzen da eremu haietako erradioaktibitatearen aipamena. Zentral nuklearreko ur erradioaktiboak itsasoratzen jarraitzen du, eta kontrol ezaren eragina gero eta handiagoa da, kaltetutako eremua gero eta zabalagoa. AEBetako mendebaldeko itsasertzeraino heldu da erradiazioaren hazkundea. Migrazio luzeko arrainak, hegaluzea kasurako, erradiazioaren garraiatzaile bihurtu dira, Fukushimako prefekturan gero eta mutazio genetiko gehiago gertatzen zaizkie animaliei eta landareei. Zentral nuklearreko urak gelditzeko izotzezko estaldura eraikitzen hasi ziren duela bost hilabete, baina bertan behera utzita dago, izan ditzakeen ondorio txarren beldur. Tiroideko minbizia ugaldu egin da gazteen artean. Adibide txikiak besterik ez dira.

Deigarria zait Japoniako gizartearen isiltasuna. Harrigarria zait hango oinazea gorde beharra. Hango jendarteak Hiroshima eta Nagasakikoa gertatu zenetik isilik jarraitzen duela uste dut. Duela 70 urte gertatutakoa eta Fukushimakoa ez dira nahikoa izan gizartea eraldatzeko. Bonba atomikoek eragindako sarraskiaren ondoren energia nuklearrean oinarritutako herrialdea osatu dute, eta Fukushimakoa, ordaindu beharreko zerbait gisa onartzen dela iruditzen zait, patu ekidinezina balitz bezala, espanturik gabe pasa beharrekoa.

Esaten ari naizena gogorra da eta ziur naiz han ere kolore guztietako pertsonak izango direla, baina belaunaldi batek energia nuklearrekin  bizitzeko erronkari heldu zion eta ezerk ez du belaunaldi zahar hura mugiarazi, ezta Hamako Watanabe 58 urteko emakumearen suizidioak ere. Tamalez, Japoniaren berreraikitze nuklearrak aurrera darrai.


ASTEKARIA
2014ko irailaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude