Kimuak

Film laburren erakusleihoari azterketa sakona

  • Euskal Herriko film laburren katalogo prestigiotsuena da Kimuak. Urtero hautatzen dituen lanak Euskal Herrian eta nazioartean barreiatzen dituzte, zinemaldi ugaritan besteak beste. 1998an Kimuak sortu zenetik 2012ra egin duen ibilbidea jaso dute liburu batean, hamabost edizio horietan parte hartu duten zinemagile eta filmak aztertuz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2014ko uztailaren 27a
'Zeinek gehiago iraun' eta 'Asämara' film laburrak.
'Zeinek gehiago iraun' eta 'Asämara' film laburrak.

Hamabost urtetan, 109 pelikula eskaini ditu Kimuak katalogoak. Horien analisitik jaiotako gogoetak eta hautaturiko 18 zinegileri egindako elkarrizketak –hainbat pasarte irakur ditzakezu behean– jasotzen ditu Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco liburuak. Lau urteko lan mardularen fruitua da, Ainhoa Fernández de Arroyabe Olaortua, Nekane E. Zubiaur Gorozika eta Iñaki Lazkano Arrillaga EHUko irakasleek egina. Gaztelaniaz da liburua, Euskadiko Filmategiak aurrekonturik ez zuelako lortu eta Salamancako Comunicación Social argitaletxearekin argitaratu dutelako.

Lehenengo zatian, Kimuak egitasmoaren ibilbideari errepasoa egin diote autoreek. Ibilbide horretan hautatuak izan diren laburrak ere aztertu dituzte eta ondorio mordoxka bat atera dute. Lan gehienak fikziozkoak dira (%82), animaziozkoak %10 eta dokumentalak %6. Kimuak katalogoan, nahiko fenomeno berria da dokumentala; 2008ko edizioan agertu ziren lehen aldiz, Jon Garaño zuzendariaren eskutik: Asämara eta On the line. Azken urteotan, ordea, gero eta presentzia handiagoa dute dokumentalek.

Dena den, autoreen hitzetan, lausotu egin dira fikzioaren, animazioaren eta dokumentalaren mugak, eta filma genero batean edo bestean sailkatzea jada ez da hain erraza. Artistikoki ere, zinema esperimentala, poetikoa, posmodernoa… nahasten dira, eta zinemak bere baitan hartzen ditu, neurri handiagoan edo txikiagoan, bideokliparen, publizitatearen, bideoartearen edo bideojokoen bereizgarriak. “Genero, forma eta lengoaien hibridazioa da egungo sorkuntzaren ezaugarri nagusia”, diote.

Zinegileek maite dituzten gaiak

80ko hamarkadako sorkuntzarekin kontrastean, Kimuak katalogoko lanetan apenas ageri den gatazka politikoa gai gisa –ez film hautatuen artean, ez kanpoan geratu direnen artean–. La vaca (Gorka Esteban) da zuzenean gatazkari heltzen dion bakarra, eta zeharka jorratzen dute Topeka (Asier Altuna) eta Haragia (Begoña Vicario) obrek.

Genero dramatikoa, berriz, oparoagoa izan da. Familia kontuei lotuta bereziki (Koldo Almandozen Belarra, Safy Nebbouren Lepokoa, Inaz Fernándezen Hauspo soinua…), baina baita drama erromantikoa (Manu Gómezen Hilarri, Tinieblas Gonzálezen The Raven, Nacho Vigalondoren Marisa…) eta soziala ere (Mikel Ruedaren Agua!, Koldo Almandozen Columba Palumbus…).

Komediara hurbiltzen direnean, umore gazi-gozoa maiteago dute euskal zinegileek, tonu iluna eta ironia tristea, gizakion miseriak tarteko (Nacho Vigalondoren 7.35 de la mañana, Borja Cobeagaren Éramos pocos…). Komedia beltzak ere badu lekurik (Telmo Esnalen Taxi?, Irene Arzuagaren Luis Soto…) eta komedia erromantiko gutxitxo ikusi dugu Kimuak-en.

Genero errepikatuenetakoa, dena den, beldurrezko zinema da, nahiz eta gehienetan beste genero batzuekin uztartuta. Adibidez, thrillerrarekin (Haritz Zubillagaren She’s Lost Control, Ugo Sanzen Los ojos de Alicia…), komedia beltzarekin (Asier Altuna eta Telmo Esnalen Txotx, Koldo Serra eta Gorka Vázquezen Amor de madre…) edo dramarekin (David Gonzálezen La calma…).

Genero fantastikoak, azkenik, baditu bere jarraitzaileak Euskal Herriko sortzaileen artean. Horren lekuko dira, esaterako, Aizea, City of the Wind (Ione Hernández), Razielen itzulera (Koldo Almandoz), Hyde & Jekill (Sara Mazkiaran) edo Artalde (Asier Altuna).

Liburuaren bigarren zatian, aukeratutako 18 zuzendari elkarrizketatu eta horien lanak sakonago aztertu dituzte. Eta amaieran, zortzi film labur nabarmendu (euskarazko hiru: Terminal, Zeinek gehiago iraun eta Hezurbeltzak, una fosa común) eta ikerketa analitikotik harago, horien gainean egindako hausnarketak, aurkikuntzak eta iradokizunak eskaini dizkiote irakurleari. Oro har, Kimuak-en izan diren film laburren kalitate handia azpimarratu nahi izan dute liburuaren egileek, pelikulen forma eta narrazio estilo aberats eta heterogeneoak.

Aurtengoa prest

Aurkeztu diren 63 proposamenetatik, zazpi izango dira Kimuak zigilupean aurten erakutsiko diren film laburrak: Zarautzen erosi zuen (Aitor Arregi), Soroa (Asier Altuna), Anómalo (Aitor Gutierrez), A Serious Comedy (Lander Camarero), Don Miguel (Kote Camacho), Hubert Le Blon-en azken hegaldia (Koldo Almandoz) eta Sailor’s Grave (kolektiboa). Irailean, Donostiako Nazioarteko Zinemaldian abiatuko dituzte emanaldiak.

Koldo Almandoz. Errealitate manipulatua

“Dokumental guztiak faltsuak direla, hori dut abiapuntu. Errealitatea fikzionatzea interesatzen zait, edo fikzioa erreal bihurtzea. Hibridazio hori interesgarria iruditzen zait, frogatzen duelako fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak ez direla hain garbiak. Sinesteko irudi erreala behar dugu, baina aspalditik irudi erreala guztiz manipulagarria da. Eguna iritsiko da ohartuko garena irudi erreala ez dela egiazkotasun froga bat”.

Ione Fernandez. Femeninoa, maskulinoa

“Emakumeak gutxiengo gara profesio honetan, emakumezko zine zuzendari oso gutxi daude. Gainera, badirudi interes handiagoa sortzen dutela gizonen istorioek, egitura, gai eta abar aldetik. Zaila da zuzentzea, gizon nahiz emakume izan, baina guretzat pixka bat konplikatuagoa da. Zuzendu, ama izan eta bizitzan errealizatu nahi baduzu, gauza ugariri uko egin behar diozu, eskatzen duen denboragatik. Dena den, generotik harago doazen kontuak direla uste dut. Ni, funtsean, zinema onaren defendatzaile naiz. Zinema egiten duzunean oso zurea den zerbait espresatzen ari zara, oso pribatua den zerbait. Eta emakumea bazara, esentzia edo ezaugarri horren zati garrantzitsu bat egongo da zure obran, saihestezina da emakume baten obran elementu femeninoak ez antzematea. Baina ezaugarri femeninoak dituzten gizonak badaude, eta oso maskulinoak diren emakumeak. Sorkuntza artistikoan, zure zati emozionalera estuki lotu behar zarenez, zaila da emakumearen alde maskulinoak femeninoa estaltzea. Azken finean, sorkuntza emoziotik egiten da”.

Luiso Berdejo. Haurrak eta suspentsea

“Pelikula batean suspentsea beti beharrezkoa dela uste dut, maitasun istorioa izan arren. Kontatzen ari zarena kontatzen ari zarela ere, ez duzu jakin behar zer gertatuko den ondoren. Haurrek agian hori iradokitzen didate eta horregatik agertzen dira nire filmetan, mundua ikusteko modu berri eta bakarra dutelako, beti txundigarria. Niretzat bizikleta bizikleta da, baina ume batentzat mundu bat da. Egunerokoan harritzeko gaitasun hori atsegin dut, gauzetara hurreratzeko xalotasun hori”.

Koldo Serra. Arriskatzea

“Film laburrak aukera ematen du film luzean esperimentatu ezin daitezkeen gauzak esperimentatzeko. Labur batean arriskatzen ez baduzu, ez duzu arriskatuko 90 minutu irauten duen hiru milioi euroko pelikulan. Film laburretan nahi duzun istorioa errodatu behar duzu, ongi errodatu, sarietan edo zabalduko dizkizun ateetan pentsatu gabe. Zine eskola batzuetan, labur arrakastatsuak egiteko prestatzen dituzte ikasleak, parametro jakin batzuk jarraituz. Batzuk oso sarituak izan dira, baina inoiz ez dut defendatuko estetika hutsa edo txistea baino ez den filma”.

Begoña Vicario. Diskurtsorik ez

“Ni egiten joaten naiz, eta gertaerek ondorio batera naramate. Pentsatuko banu, ‘gai honi buruz zerbait egingo dut eta hala amaituko da’, aurretik pentsatu dudan zerbaiti buruzko diskurtsoa egiten nengoke. Jakina gogoeta egin dudala, baina ez planifikatutako bukaera horretara naraman zerbait bilatzeko. Sentsazioak helaraztean datza filma. Nola bukatuko den jakingo banu, ez nuke egingo, istorioak berak bakarrik egin behar du aurrera”.

Nacho Vigalondo. Gure buruaz barrezka

“Norbaitek diagnostikatu beharko du zergatik eramaten ditugun komediak kutsu garratz horretara, edo benetan istorio garratzak ote diren bidean komedia tonuz janzten ditugunak. Zergatik du istorio hain ilunak kutsu hain komikoa? Nolabait, ez dudalako ikusten nire burua publikoari egia eskaintzen ari zaion norbait solemne gisa. Nire buruaz ziurrago eta zintzoago sentitzen naiz, egiten ari naizen pelikulaz barre egin badaiteke. Ez zaizkit gustatzen pertsonaiak beraiek pelikularen esanahia azaltzen ari zaizkizun film anbiziotsuak. Azkenaldian hori gertatzen da: hasieratik maisulan izateko jaiotzen dira aurrekontu handiko hainbat pelikula. Ni gertuago nago itxuraz kontatzen ari direnaren garrantziaz konbentzitzea helburu ez duten zuzendari eta pelikuletatik”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zinema

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...
"Film sendagaitzak"

Bilboko kaleetara zinea, antzerkia eta hamaika kultur jarduera eraman ditu Zinegoak jaialdiak. Horietako bat Asier Altunaren azken laburmetraia izan da: Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandiaren liburuaren izenburu bereko ipuin bat oinarri hartuta osatu du zuzendari bergararrak 5 minutuko lana. 12 zuzendarik abiatutako Gure oroitzapenak film kolektiboaren piezetako bat da. Filma bere osotasunean Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta labur bakoitzak bere ibilbidea hartu du ordutik... [+]


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre Prouvze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


Woody eta Juanmi

Woody Allen Donostiara etortzekoa omen da filma errodatzera. Berri on-ona dela esan du alkateak. Gure artean, baina, aspaldi izandakoa da. Orain berrogeita piku urte ikastetxe batean irakasle nengoela, jada gure artean zegoen artista: Allenen obrak irakurtzen genituen eta antzezten gazteekin, filmak ere ikusten genituen eta zine forum apalak antolatzen. Ez ginen bakarrak izango.

Woody Allen Donostiara etortzekoa omen da filma errodatzera. Berri on-ona dela esan du alkateak.
Juan Miguel... [+]

2019-03-05 | Arrosa Sarea
Emakumeek historian zehar egindako borrokei buruzko hiru film

Martxoaren 8ko greba feministarako motorrak berotzen goazen honetan, zinema eta telesail mundura begira jarri gara, Pikarako Maria Castejonen eskutik.


2019-02-27 | Gaizka Izagirre
"Gorakada Euskal Herrian errodatutako proiektu kopuruetan". Eta zer?

Zinea.eus atariak eman zuen albistea: “Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu berri duenez, azken lau urteetako joera gorakorrari eutsi zion iaz ere Bizkaian egindako errodaje kopuruak. Hala erakutsi dute zabaldutako datuek: orotara, 128 grabaketa egin dira 2018an”.


Afrikar emakume gerrariak Oscar sarietan

Dahomey erresuma (Egungo Benin), 1724. Emakumez osatutako ejertzitoak Alladaren aurkako gerran parte hartu zuen.


2019-02-22 | dantzan.eus
Dantza filmaren arrakasta zinemetan: 10 aste, 40.000 ikusle, kritikak eta erreakzioak

Fenomeno berezia gertatzen ari da Dantza filmarekin zineetan. Hamar aste daramatza Telmo Esnalen pelikulak zinematan: hamar aste, 56 herri eta 40.000 ikusle. Irailaren 24an aurre-estreinatu zen Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean eta abenduaren 21etik Hego Euskal Herriko aretoetan da Dantza pelikula. Ikusleen aldetik erantzun ezin hobea izaten ari da; hilabete hauetan oihartzun zabala izan du pelikulak, bai aretoetan, bai komunikabideetan, baita sare... [+]


Zer egin Hitlerrekin meme digitalen garaian

Antzezpena apartekoa zen, uste dut mundu guztia egon zela ados: 2004an Der Untergang (Hondoratzea) filmean Adolf Hitlerren larruan sartu zenean, Bruno Ganzek goia jo zuen. Baita polemika eragin ere, pelikulak lider naziaren azken egunak erakusten baitzituen Berlingo bunker batetik ia atera gabe, zaharkitua, bere onetik aterea, amildua, lider sendo gisa agertu nahi eta ezin, sortu gura izan zuen inperioa pikutara joaten ari zelako bere azken maniobra militar inpotenteak gorabehera. Hitler... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude