Helburua beteta

  • Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate erraldoia osatzeko 60.000 lagunek eman dute izena jadanik. Baina helburua aurrez bete dutela dio Gure Esku Dagok: herrietan sorturiko ekimenek ideia askotako jende andana biltzea lortu dute.

150 batzorde pasatxo sortu dira herrietan eta milaka lagunek hartu dute parte sustapen ekitaldietan. Irudian, Amurrio.
150 batzorde pasatxo sortu dira herrietan eta milaka lagunek hartu dute parte sustapen ekitaldietan. Irudian, Amurrio.

Durango eta Iruñea elkartuko dituen giza katea egiteko atzera kontaketa hasi da dagoeneko. Gure Esku Dagoko antolatzaileek azken xehetasunak eta informazioa eman zituzten joan den astean. Agian, daturik esanguratsuena honakoa da: ekainaren 8an 123 kilometroak betetzeko adina jendek izena eman du. Ibilbidea osatzeko 50.000 lagunetik gora behar direla kalkulatu dute sustatzaileek –kilometro bakoitzeko 400-500 pertsona–, bada kopuru hori aisa gainditu da: 60.000k eman dute izena.

Baina jendetza biltzea bezain garrantzitsutzat jo dute “hausturarik gabeko kate sendoa” osatzea. “Berriz ere eskatzen dugu bakoitza egokitu zaion tokira joateko, hori izango baita arrakastaren gakoa”. Horretarako, hainbat gomendio dakartzan liburuxka argitaratu dute. Metroa aurretik erosi eta ahal den neurrian autobusez bidaiatzeko eskatu dute.

700 autobus bete dira, kasu batzuetan aurreikuspenak erabat gaindituta: “31 autobus beteta eta beste 10 betetzeko bidean, izugarria izango da!” zioen Getxo eta Algortako Gure Esku Dagok txio bidez. “Laugarren busa betetzeko zorian, inoiz ikusi gabea, ezin duzu kale egin!”. Donostiako Amara Berriko beste erabiltzaile batek. Autobusentzako hiru aparkaleku erraldoi atonduko dituzte Kanpazar, Lizarrusti eta Deskargan bilduko direnentzat.

Giza katea Durangotik Iruñerako norabidean ezkerreko aldean egingo da eta toki askotan errepidea ez da autoentzat moztuta egongo. Horregatik segurtasun arauak errespetatzeko eskatu dute. 

2.500 lagun boluntario arduratuko dira giza katea antolatzeaz, kilometro bakoitzeko hamar lagun –arduraduna, bost laguntzaile eta informazio puntuan beste lau–.

10:00ak inguruan hasiko da jendea biltzen eta giza katea prestatuko da “modu animatu eta ordenatuan”. 12:00etan kateari hasiera emateko soinu ozen bat entzungo da, izan txalaparta, adar, kanpai edo beste soinuren bat. Amaitu ondoren egun osoko jaialdiak antolatu dituzte Durangon, Bergaran, Etxarri Aranatzen, Iruñean eta Lazkaon. Azkeneko honetan, esaterako, 10.000 lagun bildu litezkeela uste da eta 1.000 lagunentzako bazkaria jarriko dute.

Desberdinen arteko bilgune

Ekainaren 8ko data hurbildu ahala ekintzak ugaritu dira. Asteburu honetan muga herrietan giza kate “ttipiak” osatu dituzte. “Ekimenak balioko du baldin eta asmatzen bada eguneroko milaka muga desberdin, ikusgarri eta ikusezinak, gainditzen” zioen Amets Arzallus bertsolariak Kazeta.info atarian.

Ipar Euskal Herriko Gure Esku Dagoren arduradunek nabarmendu dute lurralde horretan elkarlanerako esperientzia ugari izan direla azken urteetan eta horiekiko errespetuz ari direla lanean. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrak giza katearen 111 eta 112 kilometroetan bilduko dira.

Desberdinen arteko bilgune izaten ari da Gure Esku Dago dinamika. Azpeitian eta Altsasun hainbat alderditakoak diren alkate ohi guztiek eman diote babesa; Oiartzunen  ere 1975etik gaur arte udalean izan diren 50 zinegotzi bildu ziren argazki historiko batean, honako alderdietakoak: ezker abertzalea, PSE, EAJ, EA, Hamaikabat, Ezker Anitza, Aralar eta EH Bildu. Hamaika telebistako Pausoan telebista saioan Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohiak honako hausnarketa egin zuen: “Gure Esku Dagok abantaila bat izango du: gehiago ezagutu dugu elkar. Hemen bizikidetza konpondu behar dugula esaten dugu, bada ekimen honek ere egingo du bere lana horretan”.

Carlos Urquijoren parte-hartzea

Denak ez dira iritzi berekoak. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariarentzat erabakitzeko eskubidea “eufemismo” bat da, independentziaren aldarrikapena ezkutatzen duena. Gipuzkoako Aldundiak egitasmoa diruz laguntzeko hartutako erabakia auzitara eraman du. Urquijoren ekarpen partikular horrek eta Etxarri Aranazko hiru lagunek Guardia Zibilaren aurrean deklaratu behar izanak independentziari buruzko erreferendumagatik, oilo ipurdia jarri dio bati baino gehiagori.

Gure Esku Dagok behin baino gehiagotan azaldu du ez dela mugimendu independentista, eskubideez ari dela. Astekari honen azkeneko Larrun zenbakian, Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak ezin hobeto deskribatzen du auzia: “Erabaki eskubideak ez du zerikusirik estatuen arteko itun batekin, autodeterminazioarekin gertatzen den bezala, demokraziaren ideia berarekin baizik. Hemen bizi garenok gure arteko bizikidetza arautzeko gure arauak egin ezin baditugu, ezin esan dezakegu demokrazian bizi garenik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


Eguneraketa berriak daude