Niloko Paris omen zen hura

  • Egiptoko gainbehera ekonomikoaren ikur bilakatu dira Kairo erdialdeko eraikin abandonatuak. Hirigunea husten ari dira, desertuko urbanizazio berrien onurarako. Egungoak ez du itxura onik, baina egoera eraldatzeko garaiz dira oraindik.

Gainpopulazio arazo handia daukan hiria izanik, nekez uler daitezke datuak: estatua da hiriguneko eraikinen %60ren jabe, eta horietatik %85 hutsik daude.
Gainpopulazio arazo handia daukan hiria izanik, nekez uler daitezke datuak: estatua da hiriguneko eraikinen %60ren jabe, eta horietatik %85 hutsik daude.Hamada Elrassam

Sayd Abu Fattak 30 urte daramatza Kairoko Yacoubian eraikineko bawab edo zaindaria izaten. Hiru hamarkada horietan denetik ikusi du, bai eraikineko hormen barruan, baita kanpoan ere. Abu Fattari xehetasun batek ere ez dio ihes egiten, izan ere, hastapenetik igogailuaren ondoko eserlekua izan du bizitoki bakarra. “Kairo fundamentuzko hiri bat zen, baina orain, kaos hutsa da”, dio haserre. Bawab izatea ez da erabaki bat, familia kontua baizik. Aitaren lekukoa hartu zuen eta hark aitonarena, landa eremutik hirirako bidea egin zuen familiako lehena. Abu Fattak, egiptoar gehienek bezala, Masr (Egipto) deitzen dio hiriburuari, eta ez da deskuidu baten ondorio. Niloko herritarrentzat “munduaren ama” da Kairo.

Bawaben istorioak entzutea gomendagarria da Egiptoko hiriburuaren azken hamarkadetako eraldaketa sozio-ekonomikoa ulertzeko. Kairoko eraikin guztiek daukate zaindari bat, baita abandonatuek ere. Zalantzarik gabe, interesgarriagoa izan ohi da iraganaren arrastoak bawabengandik ezagutzea, literatura nostalgikora jotzea baino. “Eraikina zatika erortzen ari da. Apartamentu gehienak hutsik daude, jabeak kanpora joan direlako. Mamuen etxea dirudi”, adierazi digu.

Baina Yacoubian barruko hustasunak talka egiten du kanpoko erritmo frenetikoarekin. Alaa al Aswany idazleak famatu egin zuen art déco eraikinetik atera eta Taalat Harb kaleak agintzen du paisaian. Bi espaloiak saltzaile ibiltariz lepo daude eta oinezkoak nekez mugi daitezke trafiko kaotikoaren erdian. Inork gutxik erreparatzen die etorbide luze honetako etxe ikusgarriei. Gora begiratu behar da horretarako, eta Kairon oso zaila da eraikinei begira jarriz gero autoren batek ez harrapatzea.

Taalat Harb kalea XX. mende hasierako loraldi ekonomikoaren ikur nagusitzat jotzen dute adituek. Bauhaus estiloko eraikinak, hotel modernistak, kristalezko kupulak... iraganeko arkitektura eklektiko bezain aberatsaren lekuko irmoa dira. Alta, desertuko hareak distira hori guztia itzali du. Azken hamarkadetan gizarte bazterkeria erruz nabaritzen da Kairo erdiguneko txoko guztietan.

Gainpopulazio arazo handia daukan hiria izanik, nekez uler daitezke datuak: estatua da downtown-go (hiriguneko) eraikinen %60ren jabe, eta horietatik %85 hutsik daude. Egiptoko ekonomia kontrolatzen duten militarrek hiri sateliteak dituzte nahiago, eta ondorioz, ihesaldia pairatu du erdiguneak. Egiptoko Unibertsitate Amerikarrak, adibidez, Tahrir plazako egoitza nagusia utzi eta campus erraldoia eraiki du New Cairo izeneko kanpoaldeko hiri isolatu batean. Bizitegi-gune berriak bisitatzea besterik ez dago Palestinan egindako kolonia judutarrekin daukaten antz susmagarriaz jabetzeko.

Atzera begira

Kontakizun erromantikoek diote metropoli dotorea izan zela Kairo duela ez hainbeste: 1867an, Ismail Paxa Egiptoko kedive izandakoa Parisera joan zen, eta, Haussmannen diseinuez txunditurik, hiri moderno bat eraikitzeko agindua eman zuen. Hala, eraldaketarako Parisko hirigintza oinarri hartuz, Nilo ibaiaren eskuineko bazterrean bourgeoisie-en neurrira egindako auzoa altxatu zuen. Teoria horren defendatzaile sutsua da Cynthia Myntti arkitektura irakaslea, eta hala argudiatu du Paris Along the Nile (2003) liburu ospetsuan.

Analisi horrek, baina, baditu bere alde ilunak. Mohamed El Shahed ikerlariaren aburuz, teoria biziki orientalista da Mynttirena: “Europarentzat, Ekialde Hurbileko garapen eredu guztiak haren kopia bat dira. Sentitzen dut, baina Egiptok ez zuen Parisko eredua jarraitu”. Hirigintzari buruzko Cairo Observer webgunearen egilea da El Shahed, eta arduraz begiratzen dio iraganaren irakurketa orientalista eta erromantikoari: “Sektore pribatuak bultzatutako proiektua izan zen zabalgunearena. Jatetxeak, zinemak, antzokiak... klase ertain sortu berriaren nahiak asetzeko tresnak ziren. Aldiz, egiptoar gehienak erdigunetik kanpo utzi zituzten”.

Finean, Kairo erdialdearen historia pragmatikoagoa da. Dirudunek alde zaharra utzi eta lurrak erosi zituzten Nilo ibaiaren eskuineko bazter drainatuan. Suezeko kanalaren eta kotoi produkzioaren loraldia izan zen XIX. mendearen azken herena, eta Kairok Europa hegoaldeko merkatariak erakarri zituen, batez ere greziarrak eta italiarrak. Al Shahedek uste du hiri europar gehienak baino kosmopolitagoa zela Egiptoko hiriburua, gutxiengo erlijiosoen eskubideak aski zainduak zeudelako. Horren adierazgarri dira, besteak beste, downtownean judu egiptoarrek eraiki zuten sinagoga handia edo Tiring eraikin ospetsuaren sabaia bedeinkatzen duen Daviden izarra.

Gainbehera, halere, azkarregi etorri zitzaion Kairori. Monarkia bota eta militarrek boterea eskuratu ondotik, nazionalizazioaren eta konfiskatzeen garaia iritsi zen. Asko hitz egin da Gamal Abdel Naserren esku zorrotzaz eta atzerritarrek zioten izuaz. Hain zuzen, hari egozten zaio sistema aldaketak ekarri zuen ondoriorik bistakoena: erdialdeak metropoliaren bihotza izateari utzi zion. 1960ko hamarkadan zehar, kanpotar gehienek Egipto utzi zuten eta klase ertaina kanpoaldeko hiri berrietan ezarri zen. Hala, militarrak eta haien familiak erdialdean gotortu ziren behin-behinean, armadak Egiptoko kasta boteretsuena izatea lortu arte. 1980tik aurrera haiek ere hirigunea utzi zuten eta orduz geroztik agerikoa da eremuaren degradazioa.

Elitismorik ez

Hustasun horrek denboran geldirik utzi du Kairoko downtowna. Eraikin gehienen egoera tamalgarria ikusita, erdigunea birmoldatu egin behar dela uste dute egiptoar askok. El Shaheden hitzetan, agintarien interes falta ikusita, herri ekimenak bakarrik eraldatu dezake ingurua. “Ezin gara itxaroten geratu eraikinak haien kabuz erori arte”, erantsi du. Erronka zaila da, ordea. Egiptokoa ez da ekonomia librea, militarrek ezarritako sistema paternalista zurruna baizik. Hiri plangintzaren alorrean agerikoa da negozioa: militarrek zementu produkzioa, eraikuntza materialak eta lurren jabetza monopolizatzen dute. Hitz gutxitan esanda: armadarentzat etekin gehiago sortzen du eraikin bat egiteak zaharra berritzeak baino. “Bikote batek hiri erdian etxe bat erostea erabakitzen badu, bankuek ez diote mailegurik eskainiko. Alta, hiri sateliteetan bizi nahi izanez gero, erraztasun guztiak izango dituzte”, azaldu du El Shahedek.

Edonola, Ibrahim Abdel Naguib idazleak argi dauka dena ez dela diruaren hotsa. Haren aburuz, ezinbestekoa da aipatzea Egiptoko agintariek, militarrek, ondare arkitektonikoarekiko daukaten sentikortasun falta. Idazleak zera galdetzen dio bere buruari: “Azken 40 urteotan agintean egon diren presidenteek inoiz irakurri al dute historiari, filosofiari edo arteari buruzko libururik?”.
Gauzak horrela, errealitatearen argazkia beltza da, baina gainbehera horrek ba omen du bere alde ona.“Downtowngo lurzorua ez da espekulazioan erori, beraz, ez da elitizazio prozesurik eman. Eremu osoa herritarrena da”. El Shaheden esanetan, eremua oinarritik birsortzeko aukera aparta daukate.

Porrot egin duen eredua

Horretarako, iraganeko hutsetatik ikasi behar da. Mohamed Abdel Dessouki arkitektura irakasleak dio Kairok Alexandriaren eredua aztertu beharko lukeela egin behar ez dena jakiteko. Izan ere, Egiptoko lehen portua izandako hiri sinbolikoak gentrifikazio saiakera hutsala pairatu du. 2002an ireki zen Alexandriako liburutegi berria hirigunearen metamorfosia bultzatzeko eredutzat saldu da nazioartean, hain zuzen, aktibitate kulturalaren bidez hiriko egoera sozio-ekonomiko larria berpizteko aukeratzat. Alta, zeharo kontrakoa da errealitatea. “Liburutegiaren inguruan luxuzko eremua sortu dute, baina herritarrak ez datoz bat espazio berri horrekin”, adierazi du Abdel Dessoukik.

Ondare kulturala babesteaz arduratzen den Safe Alex erakundea gidatzen du arkitektura irakasleak. Haren aburuz, Hosni Mubaraken ametsa izan zen liburutegi erraldoiak ez du lortu hainbeste aldarrikatutako Bilbo efektua. “Atzerriko inbertsioak handituko zirela eta turismoa erakarriko zutela esan zuten, baina Alexandriako herritarrak proiektu faraoniko horretatik kanpo utzi zituzten. Zentzurik ba al du halako liburutegi bat eraikitzeak Egiptoko analfabetismo tasa handia gainditzeko neurriak hartzen ez badira?”. Eraikinak berak argi erakusten du kanpokoa duela nahiago, fatxadak Mediterraneoari begiratu eta hiriari bizkarra ematen baitio. Liburutegi barrura sartuta ondorio garbia ateratzen da: ia hutsik dago.

Kairora itzuliz, ezinbestekoa dirudi espazio publikoaren eta herritarren arteko harremana ulertzea. “Erdigunea elite baten etxea izan zen XX. mendearen lehen erdian, baina talde horrek ez zuen Egiptoko gizartea ordezten. Ingurua eraldatzeko beharraz hitz egitean argi izan behar dugu zein eredu jarraitu nahi dugun”, nabarmendu du El Shahedek.

Tartean, erdialdeari sumatzen zaio berriz ere metropoliaren bihotza izateko desioa. Eta El Shaheden aburuz, argi pixka bat ikus daiteke zerumugan: “Azken bi urteetan armadarenak ez diren etxe hutsen alokairu merkeak hazi dira”. Downtowna berpiztu nahi dutenen helburua sinplea da, baina asmo handikoa: “Ez dugu Parisen distira kopiatu nahi, eraikinei bizitza itzuli nahi diegu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egipto
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Sei Egunetako Gerra: ezpata esku batean, gezurra bestean

Gerra eta gezurra bat doaz eta oso gaitza da jakitea gerra batean nor zertan dabilen kazetariak edo bestelako iturriak tartean ez badira. Israelek historikoki erakutsi du ezpata dantzatzeko indarra eta gezurra maneatzeko abilezia. Orain Gaza bonbardatzen ari denean, ospitaleei... [+]


Gazan garbiketa etnikoa egiteko plana baztertu behar izan du Bidenek

Joe Bidenen agindupean, AEBetako gobernuak Gazan garbiketa etnikoa gauzatzeko planak egin zituen 2,3 milioi palestinar Egiptora bidaltzen saiatuta. "Biden presidentea beste herrialde batzuekin batera plana lantzen ari da, zibilek Gaza utzi eta Egiptorako muga segurtasunez... [+]


Esklabo, sultan eta gurutzaden garaile

Kairo, 1250eko maiatzaren 2a. Shajar Al-Durr Egiptoko sultan izendatu zuten. Ez zen emakumezko lehen sultana izan; urte batzuk lehenago, 1236an, Raziak Delhiko sultan kargua hartu zuen. Baina esklabo izatetik agintari gorena izatea lortu zuen lehena izan zen.


Eguneraketa berriak daude