"Kulturalki noraino gauden kolonizatuak ikustea zaila egiten zaigu"

  • Xabier Morrasen margolan erraldoi eta gogorren aurrean denak gara txikiak.

"Beste norbaitekin bidaiatzea oso atsegina dela ulertzen dut, baina bakarrik joatearen aldekoa naiz ni". Dani Blanco

Zertan zabiltza orain?

Asmo handiko erakusketa prestatzen ari naiz hamar urteotako nire lanekin. Erakusketa gutxi egiten dut. Lanak edo marrazkiak eskatzen badizkidate erakusketa baterako, Nafarroa Oinezerako, adibidez, bai jartzen ditudala, modu barreiatuan, baina erakusketa handi bat, azken urteotako zure lanaren muina biltzen duen horietakoa, azkena duela 12 urte egin nuen. Hau Iruñeko Ziudadelan urrian edo azaroan jarriko da. Iaz egin behar nuen baina minbiziz operatu ninduten eta bertan behera utzi behar izan nuen. Bizitza osoan landu ditudan gaiak ikusiko dira margolan hauetan.

Hiri handietako eraikin ikaragarriak eta hemengo eszenak?

Bai. Orain horren modan dagoen glokal hitz itsusi horrek adierazten duena, hain zuzen. Lokala eta globala. Denok ditugu bata bestearen gainean jartzen diren munduak: hurbila lehena eta gero ikasten goazena, gure unibertso propioa eratu arte. Bidaia asko egin dut eta hainbat urtez kanpoan bizi izan naiz. Ez dakit hori ona edo txarra den. Nik horrela ezagutu nituen hiri handietako eszenografia urbanoak: Londres, Chicago, New York… Interes handia izan dut beti etxe-orratz erraldoien arkitekturarekiko eta horiek sortu ziren garaiarekiko. Liluragarria iruditzen zaizkit lehenbiziko eraikin haiek, XIX eta XX. mende hasierakoak. Urte haietan gizarteak etorkizunean sinesten zuen oraindik. Mugarik gabeko aurrerakuntzan sinesten zuten. Ekintzaile, enpresari, arkitekto, ingeniari handiak eta haien aldamenean eskultore, zeramika egile, beiragile, artisau onenak… Denak bat eginik etorkizunerako eraikinak altxatzeko. XX. mendeko jauregiak edo katedralak ziren. Eraikin fantastikoak. Proiektu horiek gauzatu zituzten ameslari haiek omendu nahi ditut. Miresmen sentipen honetaz gain, eraikin horietako asko eraisteak edo gaur duten egoera txarra ikusteak sorrarazten didan oinazea ere erakutsi nahi dut. Beste eskala batean hemen gauza bera gertatzen ari da. Gaztetatik izugarri interesatu zaizkit herrietako etxeak eta haiei buruzko doktoretza tesia egin nuen hamar urtean. Gure aita Lakarrekoa zen eta ama Zabaldikakoa, Esteribarkoa. Zirraragarriak zaizkit etxe-orratzak, baina berdin herrietako etxeak. Lakarreko etxea Noeren ontzia bezalakoa zen. Dena animaliaz betea, gari pila toki batean, beste batean lastoa edo intxaurrak eta sagarrak, olioa eta ardoa egiten zuten… Usain eta ukimen berrien mundu zoragarria zen ni bezalako haur kalekume batentzat. Ez dakit zorioneko edo zoritxarrekoa izan ote nintzen hori dena ezagutzean, gero mundu hori gainbehera etorri baita, betiko desagertzeko.

Garai oso latzak ziren eta milaka gizon-emakume joandakoan herriak gazterik gabe gelditu ziren. Nik sakonki maite nituen etxe haiek erortzen hasi ziren. Itzali ziren suak eta berriketaldiak eta jakin badakit hori ez dudala inoiz gehiago biziko. Mundu hori desagertzen denean barrenean gelditzen zaizun hutsa, ezerk eta inork ezin dizu sendatu. Jendeak etxe zoragarri haiek utzi zituen hirietako auzune nazkagarrietan bizitzeko. Ez dakit zer pasako zen pertsona horien buru eta bihotzetatik haien etxe, soro, bide, baratze, animaliak… beren gau, hotz eta beroak uztean, baina izugarri sufritu zutelakoan nago. Herri batzuk suntsitu dira jende hustuketarengatik, baina bada beste suntsipen mota bat: gehiegizko garapen okerra. Herri txikiak zirenak azkar industrializatu ziren, etxe zaharrak irentsiko zituzten auzune higuingarriak eraikiz.

Horrek min handia ematen dit. Eta gauza bera gertatzen zait etxe-orratz, tren geltoki eta fabrika zaharrekin. Ez hemengoak, oso txikiak direlako, baizik ere Ingalaterrako ehun edo burdin lantegi erraldoiekin. Lehen aldiz ikusi nituenean, 22 urterekin, zerbait misteriotsua aurkitu nuen. Eliza batean zer dagoen badakizu, baina fabrika batean ezin zara sartu: adreilu iluneko eraikin erraldoiak, ketzarra botatzen zuten tximiniak, leiho ikaragarriak… Hunkigarria zen benetan. Sentipen hauek islatu nahi izan ditut koadro askotan.

Erakusketa honetarako koadroez gain, tamaina handiko beste margolan batean ari zara gogo biziz azken urteotan: Amaiurko batailarena. Zer moduz doa?

Oso lan berezia da, pasioz egiten ari naizena. Nire omenaldi pertsonala da Amaiurko defendatzaileei. Autoenkargu bat da, nik neure buruari egin diodana. Duela hamar bat urte, Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena hurbiltzen ari zela, zerbait egin nahi nuela pentsatu nuen, baina ez nekien zer. Zerbait historikoa behar zuen motibo askorengatik. Batetik, kulturalki noraino gauden kolonizatuak ikustea zaila egiten zaigulako. Kanpoko kulturek erabat kolonizatuta gaude. Txikitan Espainiako gertaera historikoak islatzen zituzten artelanak ikusten nituen zeharo hunkituta, baina gero hasi nintzen pentsatzen ea zergatik hunkitu behar ninduen Isabel Katolikoak Granadako giltzak eskatzen edo Numancia edo Anibal eta ez dakit zerk. Ez gara ohartzen intelektual eta sentimentalki gu bortxatzen ari direla. Artelan handi horiek bikainak dira, ikaragarriak zalantzarik gabe, eta haiek kontatzen duten historia zeure egiten duzu ohartu gabe. Inork ez badizu azaltzen hau erresuma bat izan zela, euskaldunok geure historia propioa dugula edota foruak zer diren, ezin jakin. Ni hasi nintzen hori dena aurkitzen gazte garaian. Agian asko bidaiatzerean ondorioz hasi nintzen ikusten zerk ukitzen zidan bihotza eta zerk ez. Azken finean, zeure errealitatea deskubritzen duzu beste batzuekin alderatzen duzunean.

Margolari bezala sentitu nuen ene ekarpena egin behar nuela eta Amaiurko bataila hautatu nuen. Ez da bakarra izan ezta garrantzitsuena ere, baina hor gazte batzuk gotortu ziren kemen handiz, izugarrizko armada baten zain. Ez ziren ezjakin ergel batzuk, zenbait historialarik esaten duten bezala. Bazekiten oso ongi zergatik zeuden hor. Amaiur, beraz. Ongi, baina zer? Hiruzpalau urte eman nituen hausnarrean zein eszena nahi nuen islatu erabaki arte. Bataila bera ez, ez delako argi ikusten nor den nor, galdu ondorengo unea umiliagarria zen… Azkenean erabaki nuen saiatu behar nuela harrapatzen gure soldaduek etsaia begien bistan ikusi zuten unea. Urrutira begira ari dira, oso kezkatuta. Hori erabaki ondoren, otu zitzaidan gure defendatzaileei aurpegi ezagunak, izen-abizenak jartzea, nire bizitzan oso garrantzitsuak izan diren pertsonei omenaldia egiteko: Jimeno Jurio, Pablo Antoñana, Jorge Oteiza… eta hil diren nire beste lagun asko. Oso lan zaila da emozio horiek guztiak aurpegietan erakustea espanturik gabe. Amak negarrez eta oihuka beren semeak hil behar dituztelako erakustea ez da gure estiloa. Gu nafarrak gara. Argi daukat lan honek irakurterraza behar duela izan eta aldi berean oso duina eta artistikoki kalitatezkoa. Hamaika urte daramazkit honekin eta oraindik beste hiru edo lau gehiago beharko ditut.

1972an Iruñean ospatu ziren arte topaketa entzutetsuetan hartu zenuen parte. Gainera, zure lan bat erretiratu egin behar izan zenuen. Zergatik izan ziren horren garrantzitsuak?

Huarte industrialari familiak bultzatutako topaketak izan ziren. Oso artezaleak ziren eta, nonbait, zerbait oparitu nahi izan zioten Nafarroari. Bi urtean behin eginen ziren jardunaldi hauek abiarazi zituzten. Luis de Pablo musikagileari eta José Luis Alexanco artistari eman zieten zuzendaritza. Hauek lortu zuten uztartzea ordura arte hemen inoiz uztartu ez zena: goi mailako kultura garaikidea eta herri kultura. John Cage newyorktarra eta eskupilota partidu bat, adibidez. Hori izan zen, ene ustez, garrantzitsuena. Eta ez da berriro egin. Oso interesgarria izan zen, baina aldi berean, esan daiteke kolonizatzaile kulturalaren ideiarekin etorri zirela. Euskal artearentzat ez zuten leku propiorik aurreikusi. Azken unean Nafarroako Museoaren txoko batean sartu gintuzten. Ni oso haserre nengoen garaiko botere bortizkeria giro guztiarekin. Ez dut inoiz ikusi nola botatzen zuten jendea ezpondetara gerran eta gerra ondokoan, baina betidanik halako istorio latzak aditu ditut. Hori dela-eta bururatu zitzaidan Jesukristoren burua jartzea, ahoa estalirik zuela, odola zerion oihal batean, eta alde banatan bi polizia nazional galaz jantziak, prozesio batean joanen balira bezala. Hori dena kabina beltz moduko batean sartu nuen. Tamaina ikaragarria zuen lanak eta emaitza txundigarria zen. Antolatzaileek eskatu zidaten erretiratzeko arazorik sor ez zedin eta hala egin nuen topaketak aurrera ateratzea nahi nuelako. Lehen egunean Bilboko beste margolari bati ere zentsurak kenduarazi zion lan bat eta hori dela-eta Ibarrolak eta alderdi komunistako beste batzuek esan zuten topaketa horietan normalizazio itxura eman nahi zutela, baina ez zela egia eta gainera kapitalista batzuek finantzatua zela, eta abar. Nola edo hala egin ziren topaketak eta lan harrigarri berri asko ikusi ahal izan ziren, baina ez ziren berriz egin. Hor gelditu zen dena.

Duela gutxi Eskasiaren Kultura kolektiboak salatu zuen gure agintariek artista otzanak eta molestatzen ez duen artea nahi dituztela. Nolakoak dira artearen eta boterearen arteko harremanak?

Arte handia boterearen eskutik joan da beti. Bezeroak beti aberatsak eta boteretsuak izan dira eta artistak oso esanekoak enkargu handiekin. Hala ere, horrek ez du esan nahi emaitzak txarrak zirenik, aitzitik lan ikaragarri onak egin dira horrela. Artea izan daiteke ona eta botereari molestatzen ez diona, edo kontrakoa, edo ez bata ez bestea. Argi dagoen gauza bakarra da inon ez dakitela zer egin artistekin. Artistaren egoera prekarietate hutsarena da toki guztietan: Alemanian, Frantzian, Britainia Handian, Finlandian… Gutxi batzuek lortzen dute beren artelanetatik bizitzea eta gehienek beste hamaika zereginetan ibili behar izaten dute. Erakundeetatik laguntzak jasotzea oso zaila da. Nik badaramazkit 50 urte baino gehiago margotzen eta orain arte udalak koadro bakarra erosi dit, NUPek marrazki bat, Nafarroako Diputazioak koadro txiki bat, eta kitto. Esaten dute gazteek ez dutela laguntzarik, baina helduek eta zaharrek ere ez. Nik aurrera egin ahal izan dut beste lan batzuetan aritu naizelako. Zaila da administraziotik ezer jasotzea, kultura egiturak bizkortzeko eta dinamizatzeko dauden arduradunek normalean gaitasun eta sormen aski izaten ez dutelako. Jakin beharko lukete gauzak egin daitezkeela baita dirurik gabe ere.

Zergatik margotzen duzu?

Batez ere neure burua ezagutzeko. Barneratze modu bat da. Gutako bakoitza amildegi bat da. Ni naiz dakidana eta ez dakidana. Margotzen asko arriskatzen dut. Bertigoa ematen didan zerbait margotzeko beharra dut. Bertigo intelektuala eta fisikoa; zerbait kitzikagarria eta aldi berean beldurra ematen didana. Beldurra, hortik zer aterako den edota kalitate artistikorik izanen ote duen ez jakiteari. Obra mentalki irudikatzean edo elaborazio prozesuan denbora asko emateak ez dizu inolaz ere bermatzen horrek emaitza ona izanen duenik. Sormen prozesu guztietan badira hiru fase: lehenbizikoa bururatzea da, bigarrena egitea eta hirugarrena funtzionatzen duen ala ez egiaztatzea. Hor zalantza asko izaten ditut eta une horietan arriskatu egiten naiz beti. Niretzat oso bizigarria da, oso ernagarria. Gehien harrapatzen nauena edertasuna sortzea da. Edertasunagatik ulertzen dut beste inork lehen egin ez duen zerbait egitea nik nahi dudan bezala, nire ukituarekin. Nik EDERTASUNA, hizki larriz, sortu nahi dut.

Nortasun agiria

Xabier Morras Zazpe (Iruñea, 1943). Margolaria. 22 urte zituela Nafarroako Diputazioaren beka bat lortu zuen Londresera ikastera joateko. Gerora New Yorken eta Edinburgon jarraitu zuen formakuntza 70eko hamarkadan. 1971tik 1986ra Nafarroako Aurrezki Kutxako Kultur Aretoko zuzendaria izan zen. Bere lanari esker, gune hau nabarmendu zen Iruñean abangoardiako artearen zabalkundean. Zuzendari izan zen 15 urteotan mila artistak baino gehiagok beren lanak erakusteko aukera izan zuten. 1987tik irakasle izan da EHUn, Bilboko Arte Ederretako fakultatean. Oteiza Fundazioko patronatu kidea da sorreratik. Miren Aranoa Bilduko legebiltzarkidearen senarra eta hiru seme-alaba gazteren aita da. Hizlari aparta, distiratsua. Nafarroa eta Euskal Herriaren aldarrikatzaile nekaezina, kritikoa eta konprometitua. Ausarta, zalantzarik gabe, bere margolan errealista, gogor eta ikusgarriak bezalakoa.

Bakarrik bidaiatzea

“Beste norbaitekin bidaiatzea oso atsegina dela ulertzen dut, baina bakarrik joatearen aldekoa naiz ni. Harreman sakonena, egiazkoena errealitate horren eta zure artean, horrela sortzen da, filtrorik gabe. Benetan harritzen zaituena da zuk zerorrek aurkitzen duzuna, lehen inork esan ez dizuna”.

Arriskua

“Pentsamendu, sentsazio, astintzen nauten bibrazio fisiko eta mental bizkorrak izatea gustatzen zait. Bizitza arruntean dagoena niretzat ez da nahikoa. Nahi dudan arrisku hori arteak ematen dit”.

Ahaztea

“Gauza bat da diru-laguntzarik ez jasotzea eta oso bestelakoa erakunde batek zu ahaztea. Niri gobernuak esaten badit hitzalditxo batzuk antolatzen dizkidala, erakusketa batzuk hainbat herritan barna, soilik gasolina ordainduta,ahalegina eginen nuke gustura. Baina hori ere ez dago: ez laguntzarik ezta interesik ere. Ez dago ezer egiterik”.

Pasioz

Lehenagotik ezagutzen nuen Xabier. Horregatik presarik gabe joan nintzen bere etxe-lantegi zoragarrira. Bere koadro erraldoi eta milaka libururen artean hartu genuen goxo-goxo kafe suabea. Katilukada bat eta beste bat, lasai ederrean. Banekien hasi aurretik berak niri eginen zidala elkarrizketa: non idatzi, zer nolako beste lanak, nori egin diodan elkarrizketarik lehenagotik, Argia zer moduz… Interes ikaragarria. Eta segituan berak bere buruari lehen galdera: “Zertan nabilen orain, adibidez?”. Grabagailua piztu eta hortik aurrera, kafeari hurrupa txikiak hartzea eta bere azalpen koloretsu eta pasioz beterikoak aditzea izan da ia ene lan guztia. (Elkarrizketa honengatik ordainduko didate eta neuk ordaindu beharko nuke?).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude