Guraso iruindarren odisea

  • Iruñeko Udalak 18 haur eskola ditu, eta bi baino ez euskaraz. Euskarazko eskaintza halako hiru da eskaria. 1.399 plazatik 164 dira euskaraz eta datorren ikasturtean guraso iruindarrek 466 haur euskarazkoan matrikulatuko lituzkete. Gurasoek eta haurrek mila ekilibrio egin behar dituzte euskarazko heziketa jasotzeko.

Ainhoa Irigibel, Araia besoetan duela.
Ainhoa Irigibel, Araia besoetan duela.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Goizean goiz jaiki eta autoz eraman ohi dute egunero hamar hilabeteko txikia haur eskolara. Bitartean, haien ondoko atarietan bizi diren haurrak oinez doaz etxe pareko zentrora. Ipuinaren hasiera dirudiena eguneroko gordina da Iruñeko hainbat ume eta gurasorentzat.

Araia

Alaba Araia txiki-txikitatik euskaraz heztea hautatu zuten Ainhoa Irigibel eta Xabi Terrerosek. Ongi zekiten erabaki horrek eskatzen duen ahalegina, izan ere Iruñea osoan dauden euskarazko bi haur eskola publikoak –Egunsenti eta Izartegi– beste auzo batean kokatzen dira, Txantrean hain justu. Irigibelen esanetan, “garrantzi handia ematen diogu euskaraz bizitzeari, eta gertutasunaren gainetik hizkuntza lehenetsi genuen erabaki hori hartzerakoan”.

Arrotxapean bizi, Sanduzelain lan egin eta Txantreara eramaten dute Araia hamar hilabete zituenetik. Denbora kudeatzeko ahalegin berezia egiten dutela aitortu dute, “ordutegiak egokitzeko tetrisak egin behar izaten ditugu sarri. Gainera, eguraldi kaskarrak, haurra gaixotzeak edo edozein ezustekok eguneroko plangintza aztoratzen digu”, dio amak.

Ekonomikoki gastu handia eskatzen du txikia beste auzo batera eraman behar izateak. Batetik, egunero autoz egiten dutelako joan-etorria; eta bestetik, Araiak haur eskolan egun erdia eman arren osoa egonen balitz bezala ordaintzen dutelako. “Etxe ondoko haur eskolara egun erdiz eramanen bagenu 175 euro ordainduko genituzke hilean, baina euskarazko ereduan jardunaldi osoko eskaintza besterik ez dagoenez 306 euro ordaintzen ditugu”.

Halere, horrela moldatu daitezkeen bitartean aurrera jarraitzeko asmoa agertu du Irigibelek, “gure ustez merezi du ahaleginak, defendatzen eta sinesten dugun euskarazko kalitatezko heziketa jasotzen ari delako gure alaba”.

Ainhoa eta Adei

Alde Zaharrean bizi dira Unai Abanzabalegi eta Karmen Irigoien haien seme-alaba Adei eta Ainhoarekin. Etxetik 50 metrora haur eskola izan arren, euskararen aldeko hautua eginez Izartegira eramaten hasi ziren alaba zazpi hilabeterekin. “Autoz edo autobusez eramaten genuen egunero, baina ikasturte bat besterik ez genuen egin horrela, semea jaio zen arte, hain zuzen”, gogoratu du aitak.

Bigarrenaren etorrerarekin egoera korapilatu zitzaien, bateraezina zelako zaharrena etxe ondoko ikastetxean utzi eta gazteena Txantrearaino eramatea. Hortaz, etxe ondoko haur eskolan hasi behar izan zuen Adeik gaztelaniazko ereduan: “Pena handia eman zigun, baina hori zen zentzuzkoena; oso zaila zitzaigun erritmo hura jarraitzea eta praktikotasuna hobetsi genuen”, dio Abanzabalegik. Orain, Alde Zaharreko ikastetxean dabil Ainhoa D ereduan eta hara eramanen dute Adei datorren urtean.

Ekai eta Maddi

Semea eta alaba koskortuta dituzte Oihana Huerta eta Koldo Morrasek. Ekaik 9 urte ditu eta Maddik 6, baina gogoan dute haur eskolan ibili zireneko garaia, lehen pertsonan bizi izan baitzuten euskarazko eredua hautatu izanak dakarren zama.

Arrosadia auzoan bizi eta hiriko beste puntako bi haur eskoletan egin zuten semearen aurrematrikula. Ez zuten plazarik lortu eta Mendebaldea auzoko Iruña Txiki haur eskola pribatura eraman behar izan zuten. Gazteenarekin aldiz, Egunsentin egokitu zitzaien plaza eta “bi urte zoro eta gogor” gisa oroitzen du amak etapa hura: “Lanera sartu baino ordubete lehenago ateratzen ginen etxetik zaharrena etxe ondoko eskolan utzi eta gazteena haurtzaindegira eramateko”.

Asteazkenetan ordu berean jaso behar izaten zituzten bi haurrak eta “haur eskolako hezitzaileen borondate onari esker” moldatzen zirela azpimarratu du Oihana Huertak. “Ongi ezagutzen dute guraso askoren egoera eta asko inplikatzen dira ahalegin horretan”, berretsi du.

Haur eskola euskaldunen plataforman ibili zen denboraldi batez Huerta; eta “Udalaren aitzakia merkeak eta jarrera zurruna” salatu ditu. Izan ere, haien auzoan aurretik haur eskola izandako eraikin hutsean D ereduko zerbitzua jartzeko eskaeraren aurrean “eraikina zaharra zela eta hori euskaldunak diskriminatzea litzatekeela” erantzun zieten.

“Agintean daudenek oztopoak besterik ez dituzte jartzen eta hainbat desenkusa erabili izan dute hiritarren eskariei muzin egiteko. Gaur egun, finantza krisia eta aurrekontu falta da agintarien argudio nagusia”, azaldu du Arrosadiako amak.

Aspaldiko afera

Euskarazko haur eskolen aldarrikapena antzinatik dator. Hainbat saiakera egon den arren, azken bi hamarkadetan ez da euskarazko haur eskolarik zabaldu Iruñean. Lorpen gisa, 1995ean guraso talde batek Udalak Izartegi haur eskola ixteko asmoa gelditu izana da aipagarriena.

Urte horietan guztietan, kanpaina eta mobilizazio anitz eraman dira aurrera. Auzoz auzoko taldeez gain, 2007an Iruñeko dinamika orokorra batzen duen “Haur eskolak euskaraz” plataforma sortu zuten hainbat guraso eta hezitzailek.

“Argi ikusten da herritarren aldetik borondatea badagoela. Urtez urte jende asko inplikatu da aldarri horretan. Aurrematrikula garaian azaleratzen da arazoa urtero eta ziklikoki indar handia hartu izan du”, dio Irigibelek.

Eskaera errealen datu bilketa

Udalak euskarazko eskaera gabezia argudiatu izan du D ereduko haur eskolarik ez zabaltzeko. Horren aurrean, guraso elkarteek behin eta berriz eskatu dute matrikulazio inprimakian haurra zein auzo eta eredutara eraman nahi duten galdetzea, benetako eskaerari ahalik eta erantzun egokiena emateko. Orain arte ez da halakorik lortu eta aurten herritarrek beraiek abiatu dute datu bilketa.

Aurrematrikulak iraun duen 15 egunetan egin da galdeketa Geu ere kontuan hartzekoak gara lelopean. Euskalgintzako eragileek, hainbat sindikatuk eta Sasoia jubilatuen elkarteak txandak egin dituzte haien haurrak D ereduan matrikulatu nahi luketen gurasoen eskaera erreala jasotzeko.

Eskaria badagoela ikusarazi eta UPN gezurretan ari dela salatu nahi dute horrekin, “arazoa mahai gainean jarri eta politikoei ardurak eskatzeko”, jakinarazi du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kide Maite Indak.

Eskariaren eta eskaintzaren arteko desoreka

Jakina da euskarazko eskaintza eskaria baino askoz ere urriagoa dela; 3 urtetik gorako eskoletan D ereduan dabiltzanen kopuruak ikusi besterik ez dago horretaz ohartzeko. Halere, arestian aipatu bezala, Iruñea osoan euskarazko bi haur eskola besterik ez daude, biak bata bestearen ondoan. Indak ohartarazi duenez, “guraso gehienek gertutasun irizpideen baitan aukeratzen dute haur eskola. Udalak ongi daki hori eta horretaz baliatzen da euskaldunoi oztopoak jartzeko”.

Bien bitartean, gaztelaniazko eta ingelesezko jarduerak eskaintzen dituzten lau haur eskola daude hiriko hainbat gunetan banatuta; eta gainerako 12ek gaztelaniazko zerbitzua eskaintzen dute soilik. Orotara, urtean Iruñea osoko 28 umek baino ez dute lortzen udal haur eskoletan euskaraz ikasteko aukera. Hortaz, argia da desoreka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
2025-06-13 | Ahotsa.info
Euskararen Defentsarako Sarea
“Bidegabea da euskara lanpostu publikoetan ez baloratzea”

Euskararen Defentsarako Sareak elkarretaratzea egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean ostegunean, aldarrikatzeko lanpostu publikoetan hizkuntzak baloratzen badira, euskara baloratzen ez den lanposturik ez litzatekeela egon behar. Eta beraz, Nafarroako Gobernuak egindako... [+]


Faltzesen euskarazko eredua eskatu dute eta Nafarroako Gobernuak ezetza eman du

Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.


2025-05-30 | Sustatu
Euskaraldiak Artazu herritik dakarkigun harribitxia

Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]


2025-05-22 | ARGIA
Nafarroako D-PAI ereduan bideratu nahi diren aldaketak euskararen kaltetan doazela gaitzetsi du guraso talde batek

Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo ikastetxe publikoetako D-PAI ereduko guraso talde bat Nafarroako Hezkuntza batzordean egon da, 57/2024 foru aginduari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak bideratu nahi dituen aldaketak deitoratzeko. Euskarazko... [+]


2025-05-21 | Ahotsa.info
Erriberako Euskararen Eguna, lehenengo aldia arrakasta handiz

Larunbatean Arguedasen ospatu zen Erriberako Euskararen Egunaren lehen edizioa. Kultura, auzolana eta festa uztartu ziren euskararen inguruan eskualdeko herriak batu zituen jardunaldi honetan.


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


Nafarroako biztanle gehienak, %63, euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak direla ondorioztatu du ikerketa lan batek

Nafarroako biztanle gehienak (% 63) "euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak" dira, eta %17 baino ez daude aurka, Xabier Erizek eta Carlos Vilchesek Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako... [+]


Euskararen aldeko sareak ehuntzeko Erriberan Euskaraz ekimena sortu dute Nafarroa hegoaldean

Prentsaurrekoan, maiatzaren 17an ospatuko duten Erriberako Euskararen Egunaren inguruko argibideak eman dituzte. Ume, gazte zein helduentzat zuzendua izango da. Ekimena, Erriberan egiten diren ekimenetan indarrak biltzeko eta euskararen normalizazioaren alde saretzeko... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


Euskararen gurditik denok tira egin behar dugu, baita hezkuntzan ere

Ez dira gutxi azken boladan euskara bere onenean ez dagoela eta bere transmisioa bermatuta ez dagoela ohartarazten ari diren ahotsak. Bestetik, inork ez du ukatzen hezkuntzak ezinbesteko betebeharra duenik euskara eta euskal kulturaren biziraupenerako. Erronka estrategikoa... [+]


Garikoitz Torregrosa
“Eredu mistoak ez du elkarbizitza sustatzen eta azkenean haur eskola horietan gaztelera nagusitzen da”

Iruñeko haur eskoletako zuzendariek, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta PSNren arteko akordioa kritikatu dute. “Murgiltze ereduaren alde egin dugu beti, baina inoiz ez da gure iritzia kontutan hartzen” salatu du Euskalerria Irratian, Garikoitz Torregrosa... [+]


Eguneraketa berriak daude