Zerk 'rulatzen' du Euskadiko hiriburuan?

  • Lehenik industrializazioak eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak Gasteiz erabat moldatu zuten. Estatus berriari erantzuna eman ahal izateko, nekazaritza eta industria hiri izatetik zerbitzuetan oinarritutako hiri izatera igaro zen. Sektore publikoak erkidegoko beste hirietan baino indar handiagoa du orain.

Lehenik industrializazioak eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak Gasteiz erabat moldatu zuten.
Lehenik industrializazioak eta ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak Gasteiz erabat moldatu zuten.

XX. mendean, Hego Euskal Herri osoan bezala, Gasteizko egitura sozioekonomikoa nabarmen aldatu zen. 1950 bitartean, lehen sektorean eta industria tradizionalean oinarritzen zen ekonomia gasteiztarra, eta Arabatik Gipuzkoa eta Bizkairako migrazioa gero eta arruntagoa zen. Industrializazioak batetik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatzeak bestetik, egoera guztiz aldatu zuten. Kontuan hartu behar da Gasteizek, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare industrialetatik gertu egoteaz gain, eraikitzeko lur mordoa zuela. Hala, Euskal Herriko beste hiriburuek baino populazio igoera handiagoa izan zuen proportzioan. Izan ere, 30 urtetan Gasteizen bizi zen jende kopurua laukoiztu zen ia: 52.206koa zen 1950ean eta 192.773koa 1980an, Espainiako Estatuko Estatistika Institutuaren arabera.

Gerora, Eusko Autonomia Erkidegoko hiriburu izendatu zuten, eta eratu berri zen Eusko Jaurlaritzaren azpiegitura mordoa Arabako hiriburuan kokatu zen. Halaber, izendapenaren ondorioz hiriaren urbanizazioa eta hedapena areagotu zituzten, eta horiekin batera hirugarren sektorearen gorakada etorri zen. Kulturarekin, hezkuntzarekin eta administrazioarekin lotutako zerbitzuak behar ziren biztanleriaren gorakadari eta EAEko kudeaketa gune nagusi bihurtzeari erantzuna eman ahal izateko. Gipuzkoan eta Bizkaian ez bezala, Arabako bilakaera sozioekonomikoa hiriburuan fokatu zen batez ere eta, hortaz, Gasteizek herrialde osorako zerbitzuak eskaini behar zituen.

Beraz, 30 urteren bueltan hiru fase igaro zituen Gasteizek: lehena, nekazaritza eta betiko industria nagusi zen garaia XX. mendeko lehen erdian, industrializazioarena gero, eta Eusko Autonomia Erkidegoko hiriburuarena azkenik. 2008ko datuen arabera, Gasteizko Balio Erantsi Gordina honakoa da: zerbitzuak %63,73, industria %26,68, eraikuntza %9,44 eta nekazaritza eta abeltzaintza %0,14. Halaber, establezimendu kopuruaren %80 zerbitzuei dagokie.

Urteotako krisialdiak industriari erasan dio batez ere. Enpresa enblematiko ugarik itxi behar izan dute 2008tik hona. Azkenekoa Cegasa. Lehendik ere arazo ugari zituen pila sortzaileak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du joan den astean.

Hiriburu izatearen ondorioak

Capital artificial de un país singular... zioen Potatoren abestiak 80ko hamarkadan. Gasteiz Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren egoitza bihurtzearen erabakiak eztabaida piztu zuen garai batean, baina noizean behin gaurkotasunera ekartzen den gaia baldin bada ere, EAEko hiriburua dela naturaltasunez onartu da. Hala ere, ukaezina da erabakiak hiriaren bilakaera moldatu zuela eta gaur egungo Gasteiz nekez uler daitekeela erkidegoko hiriburu izan gabe. Esan bezala, egitura administratibo osoari egoitza ematen dion azpiegitura osoaren eraikuntza ez ezik, hiriburuaren urbanizazioa eta zerbitzu sarearen osaera ekarri zuen.

Berrikitan, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu dute “hiriburutartasun kanonaren” inguruan. Jaurlaritzak 2013 eta 2016 artean 20 milioi euro emango dizkio Udalari, hiriburuko oinarrizko hirigintza proiektuetan eta zerbitzuetan inbertitu ahal izateko. 30 urte zeramatzan udal administrazioak kanona aldarrikatzen.

Hiriburutzak turismoan ere eragina izan duela esan daiteke. Estatusa bera turismorako erakargarri izan daitekeen arren, azken hamarkadan kongresu eta jardunaldiekin lotutako turismoaren gorakada sumatu da. 2002an mota horretako 50.000 bisitari izan zituen Gasteizek, gaur egun 100.000 baino gehiago dira.

Azken urteetan Udalak bultzatutako politikak filosofia horretan sakondu du. 2012an Europako Hiriburu Berde izendatu zuten eta 2014an Espainiako Estatuko Gastronomia Hiriburu. Hiri ekologian oraindik egin daitezkeen aurrerapenak albo batera utzita, kanpora begirako errekonozimendu gisa ulertzen dira izendapen horiek. Beste modu batean esanda, balizko bisitarientzako apeu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoak 35 urte behar dituen 2014 honetan, oraindik ez da egin Gasteiz Jaurlaritza eta Legebiltzarraren egoitza bilakatzearen eragin sozioekonomikoari buruzko taxuzko ikerketarik. Hala ere, bistan da ondorioak izan dituela eta datuetan horren zantzuak hautematen dira. Esaterako, administrazio publikoa arlo ekonomiko indartsuagoa da Gasteizen Donostian edo Bilbon baino. 2011n Arabako hiriburuan langile kopuru osoaren %7,5ek egiten zuen lan sektore publikoan. Bilbon eta Donostian, berriz, %5,95 eta %6,01 hurrenez hurren.

Erradiografia

Biztanleak: 242.147 (2013)
Sektorekako ustiapenak: Lehen sektorea: %0,4. Eraikuntza %9,44. Industria %26,68.
Zerbitzuak %63,73'6 (2008)
Langabezia tasa: %14,8 (2013)
Administrazio publikoko langileak: 7.452, kopuru osoaren %7,55 (2011)
Biztanleria dentsitatea: 873,82 perts. / km2
Udalaren osaera: Alderdi Popularra (PP): 9. Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ): 6. Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE): 6. Bildu: 6.
Euskararen ezagutza tasa: %24,32.

Iturria: Gaindegia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tokian tokiko ekonomia
2023-05-16 | Euskal Irratiak
Milioi euro pasako salmentak barnekaldeko saltegietan, Euskal Herria Bihotzean txekeen bidez

Baxenabarre eta Xiberoako merkataritza bultzatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Bihotzean elkartea, duela hamabost urte. Erosketak hurbileko saltegietan egiteko usaia zabaltzeko, opari eta kultura txekeak sortu zituzten.


'Beterri Saretuz' ekonomia eraldatzailearen sarea ekintzara pasako da

Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragile biltzen dituen ekimenak ostegunean aurkeztuko ditu bere ekintza plana eta aurtengo helburuak, Usurbilen. 2019an sortua, parte hartzean oinarrituriko proiektuen ekosistema sustatu nahi du sareak eskualdean, ekonomia eraldatzailearen... [+]


Paretaren kontra

Jakina da eskuduntzen auzia erabakigarria dela arlo ekonomikoan. Botere banaketa zehazten omen du. Eta zorrotzagoak bagara, boterea nork duen, eta beraz, nork ez duen ere ezartzen duela esan dezakegu. Eskuduntza nagusiak estatuek beretzat gorde dituzte, baina kapitalak du eredu... [+]


Trebiñu ofizialki Arabako parte izateko ekimena abian jarri dute berriz

Argantzungo eta Trebiñuko udaletako osoko bilkurek gehiengo osoz erabaki dute lan-mahai bat sortzea, egun Burgoseko probintziaren administraziopean dagoen barrundia ofizialki Arabako parte izatea lortzeko.


‘Hernani Burujabe’ aurkeztu dute, tokiko moneta, energia, zaintza eta ekonomia bultzatzeko egitasmoa

“Berreskuratu dezagun gure baliabideen kontrola!”. Esaldi horrekin aldarrikatu eta laburbildu dute Hernani Burujabe-ren oinarria. Ostiralean aurkeztu dute egitasmoa Hernanin, ekonomia desmerkantilizatu baterantz eta demokrazia sakonagorantz egiteko helburuz.


Eguneraketa berriak daude