IKEA Baionan

Doinua: Espainian behera

Nahiz proiektu itzela
duten iragarri
aberastasun eta
lanpostu iturri.
On ezin dela izan
diogu igerri
berriarentzat dena
eraikuntza harri
bihurtzen baldin bada
lehengoen hilerri.

Izan arren altzari
handi eta fina
arrotzean gurea
kabitu ezina.
Nahiago armario
xumea, jakina
nahiz ta ez distiratu
besteak adina
herriarentzat eta
herriak egina.

Multinazionalei
egin gonbitea
ez ote da salduaz
geronen jitea
kapitalismoaren
morroi egitea.
Jada usaintzen zaio
nahi su horri kea
uholdeek eraman
bezate IKEA.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude