Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?


2025eko apirilaren 16an - 15:24
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol eza eta langile batzuen lanarekiko jarrera ezegokiak. Handik gutxira ELAko Zerbitzu publikoen arduraduna den Igor Eizagirreren erantzuna heldu zen, ¿La motosierra de los oligarcas o cuidar el bosque? artikuluarekin, non zerbitzu publikoetan neoliberalismoak garatutako politikaren datu batzuk ematen dituen eta Ugarteren artikulua kritikatzen duen, aipatutako egoerak lehen arazo moduan irudikatzeagatik.

Eztabaida mamitsua da eta, egia esan, Larraitz Ugarteren artikuluan jasotako hausnarketa ezinbestekoa iruditu zitzaidan. Ezinbestekoa eta ausarta, nahiz eta askorentzat politikoki ez zuzena izan eta pribatizatzaileei bidea errazten diela entzun behar. Publikoaren defentsan gotortzea ondo dago, baina sistema publikoan agerikoak diren egoera batzuen aurrean, tartean langile batzuei aurpegiratu ahal zaizkien jarrerak, beste aldera begiratzeak ez du inolako mesederik egiten.

Zerbitzu publikoen arazorik handiena finantzaketa eskasa da. Beno… arazo handiena zerbitzu publikoak logika kapitalistatik aritzen direnen eskuetan egotea da, non maizegi diru publikoa enpresa pribatuetara bideratzea ezkutatutako helburua den, zerbitzuak zuzen pribatizatuz ala azpikontraten bidez egitura publikoak argalduz. Baliabide nahikorik ez dagoenean zaila da zerbitzu aproposa ematea, nahiz eta langile askok beren ardurei erantzuteko kemen handiz aritu, batzuetan gain-zamarekin eta beren osasun fisiko, psikiko zein soziala kolokan jarriz. Hala ere, ezin da estali administrazio publikoaren esparru askotan dauden inefizientzia, disfuntzioak, gutxieneko tentsio falta, burokrazia eta langile batzuen jarrerak. Burokraziak eta zerbitzuaren antolaketaren desantolaketak ezin dute justifikatu eskakeoa, zabartasuna, zarrastelkeria, despotismoa, endogamia, arduragabetasuna, herritarrekiko enpatia 0 edota amarruen bidezko absentismo bilatua. Parasitismo kasuak ez dira gutxi administrazioaren barruan, eta, baliabideak xahutzeaz gain, zerbitzua okertzen dute eta lan-giroa kutsatzen dute. Eta, zer esanik ez!, halako jarreretan dabiltzanak ez dira normalean sektore publikoaren defentsan lehenengo lerroan borrokatzen dutenak.

Administrazioaren huts horietan guztietan arreta jartzea ez da liberalei argudioak ematea eta bidea erraztea zerbitzu publikoen kontra aritzeko. Enpresa pribatuetan ere halako egoerak egoteaz gain, sistemaren publikoaren ospe-galtze interesatua bultzatu da aspaldidanik kapitalisten partetik, eta sistema publikoaren akats eta gabeziei gehiegizko garrantzia ematen jarraituko dute, beren intereserako erabilgarria den pertzepzio soziala hedatzeko. Ez dute aitzakia handirik behar; gertakizun puntual batzuk nahikoa da behar duten errealitatea eraikitzeko. Halako zerbait ikusten dugu okupazioarekin, migrazioarekin edo kaleko segurtasunarekin. Sektore publikoaren arazo horiek egon badaude, nabariak dira, eta praktika ezegoki horien aurrean (izan goi kargudunarenak izan egituraren azken menpekoarenak) neurriak hartu behar dira, sistema publikoa bera hobetzeko, sistema publikoa defendatzeko, baita orain pribatuak diren zerbitzu asko aurrerago eremu publikora eramateko eta kontrol eta kudeaketa publikoa estrategikoak diren ekonomiaren esparruetara zabaltzeko ere (energia, komunikazioak, garraioa…). Sistema publikoaren gabezietan beharrezko arreta ez jartzeak eta sistema publiko hobea, efizienteagoa, dinamikoagoa lortzeko zuzentze-neurri irmoak ez inplementatzeak bizio eta akats horiek sistema publikoa usteltze progresibora daramate eta, nola ez, merkatari pribatizatzaileei abantaila ematen die beren asmoetan.

Beste maila batean, halako zerbait ikusi da historian zehar planifikazio sozialista garatzen saiatu diren eredu batzuetan, non, beste elementu erabakigarri batzuk tartean (inperialismoaren etengabeko erasoa nagusia izanik), burokrazia, inefizientzia, paternalismoa, tentsio falta eta barne kritikaren ezak min handia egin duten proiektua sendotzeko.

Testu honen hasierara bueltatuz, aipatutakoak seinalatzea ez da basoan motozerra sartzeari bidea erraztea, baizik eta basoa, barrutik ere, hobeto zaintzea, besteak beste, belar txarrak eta gaixotasunak kontrolatuz eta zabaltzen diren espezie inbaditzaileei aurre eginez, landaredia osasuntsu ugaltzeko eta basoa mendi eta haranetara hedatzeko. Kapitalaren sua zain dago baso komunalean sartzeko. Piromanoak, enpresen, inbertsio-funtsen edota instituzioen kargudun moduan, inguruan dabiltza baso komunala progresiboki kiskaltzeko, baso pribatu bihurtu nahian, non haize errotak eta pinu insignis jaun eta jabe izango diren. Basozainak ordezkatzeaz gain, baso barruan prebentzio lanak ezinbestekoak dira eta, ekimen horien artean, sua zabaltzen laguntzen duen sasitza lehorra gutxitzeko mantentze-lanak ere daude.

Iñaki Etaio, internazionalista

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-23 | Iñaki Lasa Nuin
Gizakia kosmosa da

Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere.

Udako solstizioan, egunez eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren... [+]


2025-07-23 | Josu Jimenez Maia
Marokoren estrategia zahar-berritua

"Saharar erradikalizatuek Estatu Islamikoaren burutza hartu dute Sahel-en". Izenburu asaldagarria, berriki argitaratua, baina hasierako asalduratik harago, testuaren irakurketa eta analisi sakonago bat eginda, honako ondorio hauek atera daitezke.

Kezka, ezinegona eta... [+]


Txorimaloei mokoka

Aurrean duzunak min ematen badizu, ez begiratu aurrera. Muturren aurrean duguna saihesteko logikoa dirudi, ezta? Zer ikusiko ote du gutako bakoitzak albo aldera so egiten duenean? Beharbada, miope batek betaurreko bila ikusten duen antzeko zerbait.

Miope bezain itsu,... [+]


2025-07-23 | Patxi Saez Beloki
Euskara gara

Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.

Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]


2025-07-22 | Kote Camacho
Aurtengo baraualdirako jada hamalau lagunek eman dute izena

Barau kolektiboak beti erdaraz izaten ziren, baraualdi bat euskara hutsean antolatzen hasi ginen arte. Irakurketa dramatizatuak taldean, abestu, dantzatu, arnasketa kontzientea, masaje trukaketa, Bergarako igerilekura jaistea, kanten liburuxka... eta pilota partiduak.

Aurten,... [+]


2025-07-22 | Nagore González
Maite ditugun pertsonen heriotza

Zenbat min jasan dezake bihotz batek?

Zenbat aztarna sentitu dezake azkenengo bihotz-taupadara arte?

Jaiotzen garenetik, min desberdinak sentitzen ditugu. Desilusioak eta arazoak, gero eta helduago garenean, orduan eta jasanezinagoak bihurtzen dira.

Jolasa bukatzea... [+]


Banketxeen mozkinak eta ustezko ezinak

Askotan hitz egin izaten da (dugu) banketxeen inguruan, kritika askoren jo-puntuan jarriz behin baino gehiagotan. Inor gutxi ezagutzen dut banketxeei buruz zerbait txarra esan ez duenik… baina, era berean, inor gutxi ezagutzen dut banketxeen zerbitzurik erabiltzen ez... [+]


Eguneraketa berriak daude