2011ko uztailean jarri zuten martxan Bizi Toki proiektua. Eskola alternatiboa sortzeko asmotik abiatu eta eskolari alternatiba izaten bukatu du, bertako kideek argi baitute haurren hezkuntzak gurasoen esku egon behar duela. Seme-alabek eskolan ez, Bizi Tokin ikasten dute, eguneroko jardueren bidez.
Nafarroa Beherean, Amikuze eskualdean, dago Behauze herrixka, hirurehundik gora biztanleduna. Eta herrigunetik gora hartuta, naturaz inguratutako leku paregabean aurkitu dugu Bizi Toki baserria. Alokatuta dute etxaldea, baina jabea proiektuaren aldekoa dela eta ordaintzen diotena hutsaren hurrengoa dela azaldu digute komunitateko kideek. Etxeko txakurrak egin digu ongietorria eta aurkezpena berriz, Oihanek. 6 urteko mutil zolia da Oihan eta bere eskutik ezagutu ditugu frontoidun ezkaratza, sukaldea, komun idorra, baratzea, liburutegia, psikomotrizitate eta jarduera fisikorako gunea… Logelak atontzeko goiko pisuan martxan dituzten obrak ere erakutsi dizkigu.
Auzolanerako eta ekintza jakinetarako jende gehiago biltzen den arren, egunerokoan sei-zazpi familiak hartzen dute parte, orotara hogei bat lagun eta horietatik erdia inguru haurrak –txikienak hilabeteak ditu eta helduenak 11 urte–. Parte-hartze maila, dena den, norberaren esku dago: familia bakoitzak finkatzen du astean zenbat egunetan etorriko den Bizi Tokira, eta horren arabera antolatzen dira. Aukera dago bertan lo egiteko eta egunero daude jarduerak eta ekintzak, nahi duenak parte har dezan, askatasunez.
Proiektuko bi kiderekin mintzatu gara, sukaldean. Duela bi urte, auzolan deialdietara joaten hasi zen Andoni Estrella, eta hilabete batzuetatik hona buru-belarri esku hartzen du Bizi Tokin. Gorka Torre hastapenetatik aritu da eta berak azaldu ditu lehen urratsak: “Dozena bat lagun elkartu ginen, kezka berak batuta: ez gentozen bat eta ez ginen eroso dagoen hezkuntza ereduarekin, ikastetxe publiko nahiz pribatu. Argi genuen zer ez genuen nahi eta beraz abiapuntua izan zen zer nahi genuen. Zer da haurrekin bizi nahi duguna? Zer da transmititu nahi dieguna? Ordura arte eskola barruan egindako hausnarketetan, egiturak berak oztopoak jartzen zizkion gogoetari eta hortik atera eta gogoeta arrunt orokorragoa egin behar zela konturatu ginen, eskola eredua ahantziz”. Eskola alternatiboak bisitatu zituzten (Montessori, Freinet, Steiner, eskola libertarioak…) eta amesten zuten ikastolaren zirriborroa marrazten joan ziren. Hainbat hilabetez egindako lanketaren emaitza internetera igoa dute (bizitoki.org).
Poliki-poliki, eskolaren kontzeptua bera gainditu eta une batean eskola alternatiboa izatetik eskolari alternatiba izango zen egitasmoa jaio zela argitu du Torrek. “Gure ustez, hezkuntza ez da jarduera banandu bat, instituzio edo profesionalen esku delegatzen den zerbait, baizik eta biziari lotua doan prozesua, gurasoen eta helduen egunerokoari lotua. Ikastetxeetan, beste batzuek fabrikatutako programak jarraitzen dituzte, beste batzuk dira haurrei zer transmititu erabakitzen dutenak, eta guretzat naturalena da gurasoek euren gain hartzea haurren heziketa. Ez gara ezer asmatzen ari, duela 40-50 urte, Euskal Herrian haurrek komunitatearen egunerokoari lotuta ikasten zuten, gizatalde baten harreman zuzenean garatzen zen ikasketa prozesua”.
Haur bat hezitzeko, leinuko pertsona guztien beharra dago irakur daiteke baserri aurreko pankartan. Belaunaldi guztien arteko hartu-emanean oinarritzen da Bizi Toki, ez dago irakasle edo ikaslerik, adin ezberdineko jendea baizik. “Haurren hezkuntza bertako haur eta heldu guztien esku dago, talde guztiaren esku, eta horrek erran nahi du kolektiboki finkatu behar dugula zein diren funtsezko baloreak, arlo guztietan zer nahi diegun haurrei transmititu”, adierazi du Torrek. Hori bai, haurrarengan pisu handiena haur horren gurasoek eurek dutela gaineratu du Estrellak.
Euskara, ekologia, adostasuna, autonomia…
Euskaraz aritzea, planetaren oreka ekologikoarekin bateragarria den bizimodua eramatea, naturarekin kontaktuan bizitzea, partekatzea, ekonomia solidarioa lehenestea, elkarrekiko harremanak zaintzea (zintzotasuna, konfiantza, errespetua, laguntza…), norberaren autonomia garatzea edota adostasuna bilatzea dira Bizi Tokin sustatu nahi dituzten baloreetako batzuk. Horiek haurrei nola transmititu? Helduentzat zentzua duten baloreak definituz eta koherentziaz jokatuz. “Eguneroko jarduera kultural, ekonomiko, sozialak guretzat zentzua duten baloreen arabera burutzen ditugu eta haurrak hori ikusi eta gurekin batera bizi dutelarik, ikasi egiten dute, zentzua ematen diotelako egiten dutenari”.
Azken finean, komunitateko zereginak, bizi-hautua izateaz gain, jarduera hezigarriak ere badirela gogoratu du Andoni Estrellak. Hala, baratzea adibidez ez da soilik autokontsumorako tresna, ez da eginkizun ekonomiko hutsa, ikasteko aukera ona ere bada. Berdin zurgintzan eta iturgintzan egiten ari diren obrak –“edozein teknologia-eskolak baino balio handiagoa dute”– edo sukaldean janaria prestatzea. “Matematika, komunikazioa, giza-harremanak, auzolana… jarduera ugaritan landu ditzakezu, ez dute zertan ikasgai sailkatuak izan behar. Eskolan ohikoak ez diren gauza sotilagoak ere ikasten dituzte, esaterako biltzar batean parte hartzea zer den. Antolatzeko modu hori zurrupatzen dute eta ume batentzat gauza handia da helduon biltzar batera etorri eta proposamen bat planteatzea”, dio Estrellak.
Margo eta dantza tailerrak ere badituzte, gurasoentzat eurentzat. “Haurrek badakite ordu jakinetan margolaritza eta dantza egingo dugula eta nahi badute etorri egingo dira. Eta etortzen dira”, ziurtatu du Torrek, material pedagogikoa dagoen joko gelara bezalatsu: idazketa, irakurketa, kalkulu edota ikerketari eskaintzen diote denbora bertan helduek, eta txikiek interesa agertu ohi dute. “Gogoeta anitz haurretatik deszentralizatu eta helduongana ekarri ditugu, guk geuk zer baloreren inguruan bizi nahi dugun ikusi eta horren arabera giroa sortu dugu; haurrak hurbilduko dira eta ikasiko dute”. Esaterako, familia erdaldun bat etorri zitzaien: seme-alabek euskaraz ikas zezatela ongi ikusten zuten, baina euskaraz ikasteko prest egon behar dutenak lehenik gurasoak beraiek direla azpimarratu dute kideek, umeentzat zentzua izan dezan.
“Atzo –kontatu du Torrek–, gorputzeko organoei buruzko kezka batzuk zituen Garazik, aitatxik arazoa duelako prostatan, eta interesgune horretatik abiatuz esparru oso bat dugu lantzeko: pixa egiteko sistema lotua delako odol sistemari, odola arnasketa sistemari… Jakin-mina azaldu ahala ikasiko dituzte gauzak”. Lelo hau dute Bizi Tokin: haurrek ez dute egiten nahi duten guztia, baina egiten duten guztia egin nahi dute.
Egungo gizartearekin bateragarria?
Haurren hezkuntzan guztiz inplikatzeko, batez ere denbora eskatzen du proiektuak. Egungo bizimoduarekin hori nola den bateragarria galdetu diegu eta garbi erantzun du Estrellak: egunero zortzi orduko lanaldian bagaude eta hipotekari lotuta, ez da egingarria. Gako bi nabarmendu dituzte: batetik, beharrak gutxitu eta sinplifikatzea, behar horiei kolektiboki erantzunez. Hala, Bizi Tokin familiek bertan egin dezakete lo, eta inguruan etxebizitza kolektiboa eraikitzea da etorkizuneko asmoa. Edota baratze kolektiboa eta autoekoizpena bultzatzen dute eta ekoitzi ezin dutena kolektiboki erosten dute, merkeago lortzeko. Bestetik, beharrak murriztuta, soldatapeko lanean ordu gutxiago eman eta denbora gehiago libratu dezakete. Gorka Torre irakaslea da ikastolan, astean 12 orduz; Andoni Estrella nekazaria da, sasoiko lanak egiten ditu eta denbora duenean etortzen da etxaldera. “Aldaketarik zailena buruan dago –baieztatu digu berak–, baina gauzak desberdin egiteko eta askatzeko beldurrik ez baduzu, ohiko irizpideetatik pixka bat ateratzen hasten zarenean, harrigarria da ikustea zein errazak izan daitezkeen gauzak”.
Itzul gaitezen arlo pedagogikora. Zerrendatuta dituzten hezkuntza printzipioen artean daude haurraren nortasuna errespetatzea (eta nortasun kritikoa garatzea); bere berezitasunean laguntzea; dimentsio afektibo-emozionala, sentsorial-motorra eta mentala kontuan hartzea; haurraren sexualitatea errespetatzea; edota zigorrik eta saririk gabe heztea. Nola gauzatzen da hori guztia praktikan? Taldeko elkarbizitzarako eta denen artean gauzak eraikitzeko, komunikazio ez bortitza dute abiapuntu (errespetatzea, bestea ulertzeko ahalegina egitea, enpatizatzea, entzutea…). Eredu pedagogiko bakarrari ez diote heltzen, interesgarriak zaizkienetatik elikatzen dira, baina ildo nagusi batek zedarritzen du bidea: haurrak berak izan behar du ikasketa prozesuaren aktore nagusi eta helduek laguntzaile gisa jokatzen dute, umeen interesa urrunago eramanez, “mundu osoa deskubritzeko dutela erakutsiz”. Torreren arabera, “haurrak errespetuan oinarritutako ikaskuntza baldin badu, bere erritmoa eta gogoa aintzat hartzen duena, afektiboki ongi baldin bada eta eroso, ez du zertan arlo pedagogikoan arazorik izan behar, modu naturalean ikasiko du. Zenbat ordu ikastolan motibazioaz hitz egiten, erantzunik atxeman gabe!”.
Erleez, euskaraz edo feminismoaz jardunaldi irekiak
Kolektiboa diren heinean, oinarrizko funtzionamendurako arauak dituzte Bizi Tokin eta ahal dela astero egiten dituzten biltzarren bidez antolatzen dira: ardura eta eginbeharrak banatu, gogoetatu, egunerokoaz eztabaidatu, tailerrak taxutu edota jardunaldiak prestatu. Irekiak dira jardunaldiak, “gizarteari zerbait eskaintzeko” xedez; sumatzen dituzten beharrean arabera hautatzen dituzte gaiak eta jende dezentek hartu du parte orain artekoetan. Besteak beste, jardunaldiotan elikadura buruaskia, antzinako jolasak, basalandareen ezagutza, haziak, erle eta erlezaleak, baloreen transmisioa, euskara eta feminismoa jorratu dituzte, eta kolektibotasunaz eta nerabetasunaz egin nahi dute hurrengoa.
Zailtasunak ere badira, haatik. Handiena, inguruan lagun sare zabala izan arren, benetan parte hartzera ausartzen direnak oraindik gutxi direla. “Hamar bat heldu nahikoa izan daitezke horrelako egitasmo batean, baina haur batentzat ez da aski –onartu du Torrek–. Adin tarte batean, umeak ume gehiago behar ditu inguruan eta indarrak batu behar ditugu jende gehiagok bat egin dezan, ez dezagun behartuta ikusi gure burua 7 edo 13 urterekin haurra eskolatzera”. Zentzu horretan, gaur egun Euskal Herri osoko proiektua da Bizi Toki, bizirauteko Euskal Herri osorako bakarra ikusten baitute eraginkorrena. “Bihar ikusten badugu Tolosaldean kokatzea komenigarriagoa dela, bada egingo dugu, gu ez gara Behauzera lotuak, baina gaur egun hemen ditugu baldintza egokienak. Eta hamabost urte barru lortzen badugu hau aski garatua izatea bigarren bat Gasteizen sortzeko eta beste hirugarren bat Iruñean, bada primeran”.
Azken finean, krisi garaiotan kontzientzia hartzeko eta eredu kapitalistatik aldentzeko une egokia izan daitekeela uste du irakasleak: “Bizi Toki gizarte proiektua da, epe luzera planeta honetan bizi ahal izatearekin koherentea. Egungo errealitateak ez garamatza inora eta Bizi Toki bide berri bat ari da urratzen, oso interesgarria eta aberasgarria, alternatiba jasangarria bizitzen ari garelako, zentzuz betea. Bizitza honetan bizi daitezkeen gauzarik ederrenetarat nahikoa hurbiltzen ari gara eta plazera da. Kontsumo gizarteko egunerokotasuna gal dezakegula? Horren beldur gara? Bai, baina asko irabaz dezakegu eta merezi du jendeak gaian sakontzea, ez dago dena egun batetik bestera aldatu beharrik. Aldi berean, hala ere, ausardia behar da ur-lasterraren ohiko norantzan ez doan ekimenari bai esateko”.
Adin batetik aurrera umeak eskolatzeko asmorik al duten galdetu diogu Gorka Torreri: “Ikusten bada uneren batean haur bat eskolatzea beharrezkoa dela hainbat arrazoirengatik, guk prestatu egingo dugu horretarako. Adibidez, 17 urte bete arte hemen egoten bada eta unibertsitatera joan nahi badu, azterketak prestatzen lagunduko diogu hala egin dezan”.
Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.
Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.
Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen... [+]
Irailaren 1ean hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintzari dagokionez, hainbat berrikuntzarekin. Esaterako, Sohüta eta Luhusoko haur eskola publiko banak euskarazko murgiltze eredua eskainiko dute, eta Hazparneko Armand-David laborantza lizeoak euskaraz... [+]
Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]
UEUk eta BadaLabek ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute. Honen helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Irailaren 22ra arte... [+]
Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]
Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.
473 plaza eskaini dituzte eta 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ia lanpostu guztiak bete dira.
Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]
Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]
Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]
Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.
Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]