Hondakinak

Gipuzkoa, errauskailutik Zero Zabor lurralde izatera

  • 2023an, hamar urte barru, Arabako Oionen galdetuko balio kazetari zahar honi 20 urteko gazte batek ea zer izan zen Gipuzkoan hilabeteotan hondakinen inguruan jokatutako aldaketa, honela labur niezaioke. Imajina ezazu, neska, 2013ko azaroan gaudela.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2013ko azaroaren 24a
Errauskailua egitekoa ziren Zubietako orubean hondakinak tratatzeko beste azpiegitura batzuk aurreikusi ditu GHK-k.

XXI. mende hasieran ziklo aldaketa handi bat gertatu da munduan eta horren erdian egokitu da Gipuzkoako errauskailuaren saltsa, laurogei urtetako krisi ekonomiko larrienaren barruan.   

Ordura arte, beste leku askotan bezala, lurraldearen planifikazioa burutzen Gipuzkoan ere instituzioetako agintari eta goi funtzionarioekin elkarlanean aritu ziren energia eta zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten korporazio pribatuak, EAEko ingurumenaren zaintzaile multinazionalen enplegatu bat zegoela.

Hondakinen kudeaketa aldatu beharra zegoen, Bizkaian, Nafarroan eta Iparraldean bezala: zabortegiak ixtea agindua zuen Europak. Bizkairako, Nafarroarako eta Gipuzkoarako errauste planta bana diseinatu zuten, multinazionalek Europako leku gehienetan antolatu duten eskemaren arabera.

Alta, Bizkaiko Zabalgarbi eraikitzean ez bezala, Gipuzkoan herritarrak modu masiboan mobilizatu ziren errauskailu proiektua norbere etxe ingurura hurbildu orduko: Irun-Hondarribia, Astigarraga, Hernani, Urnieta, Zestoa-Zumaia, Donostia… Hondakinak labe erraldoietan kiskaltzearen kalteen beldur ziren herritarrak, mediku eta sendalariek ohartarazita, errausketaren kontrako militanteek gogor jotzen zuten kanpaina. Lurrotaraino iritsiak ziren munduan zaborrentzako dauden bestelako alternatiben lehen albisteak.

Garai hori ondo ulertzeko, ez ahaztu eztabaida egokitu dela instituzioen aginte-oposizio jokoan falta zelarik indar inportante bat, hain justu Gipuzkoan nagusitasuna eduki ohi dutenetako bat, Herri Batasunak ordezkatu izan duena. Kontu luzea litzateke esplikatzea nola iritsi ginen apartheid politiko hartara, ETAren eta Madrilgo gobernuaren arteko negoziaketa ahaleginen porrotak, ezker abertzale eta EAJren arteko adostu ezinak, Espainiako indar faktikoen jokaldiak, independentista armatuek egindako aukera estrategikoak…

Gipuzkoako orduko Foru Aldundiak errauskailua Usurbil eta Lasarte-Oria ondoko Zubietan egitea erabakirik, Usurbilen ilegalizazioaren zirriztuak baliatuz agintzen zuen ezker abertzaleko eta inguruko jendeek landu dute alternatiba, Katalunian eta batik bat Italian zabalduta dagoen hondakinen gaikako bilketa orokortu edo Atez Atekoa ekarriz eta herrian ezarriz Aralar, EAJ eta PSEko zinegotzien botoen adostasunez.

2011ko udal eta foru hauteskundeetan gertatu da ziklo politiko aldaketa, nekez erne ostean ondorioak arin azaldu dituena: ETAk  borroka armatua bukatutzat emanik, ezker abertzaleak inguruko alderdi txiki batzuekin elkartuta aurkeztu, legeztatzea lortu eta Gipuzkoako herri askotan gehi Diputazioan agintea hartu du. Tartean, hondakinentzako errausketarik gabeko alternatiba berria zabaltzen hasia zen beste herri batzuetara. “Kontra” (errausketaren) hasitako mugimendua “alde” (Zero Zaborren) bilakatua zen, militantzian ere trantsizioa gertatu da.

Saltsa guztia egokitu da Europa krisi ekonomiko sakonean murgilduta dagoenean, hilabeteen eta urteen poderioz sozial, politiko eta kultural ere bilakatu dena. Sistema liberalaren aldekoek berek aitortu dute krisia gainditutakoan ezer ez dela izanen berdin. Gero eta kritiko gehiagok uste dute oso bestelako ziklo batean sartu dela mundua, bere mugetaraino iritsita hazkunde eredu bat, elkarren gainean gertaturik atmosferaren kutsadurak eragindako klimaren krisia, sistema industrial kapitalistarena, finantzak espekulazioaren gainean antolatu zituen bankaren porrota Estatuak zorretan itotzearen truke gainditu dena, lehengaien eta batik bat petrolioaren urritze nabarmenak eragindakoa, jendearen bezala instituzio publikoen zorpetze erraldoiak ekarritakoa, aberastasunak munduan hain era injustuan banatzeak eragindako mugimendu handiak…

Kokatu zure burua, gazte, 2013ko azaroan Gipuzkoan agintzen duen ezker abertzalearen ordezkariek betirako itxitzat eman dutenean errauskailuaren proiektua. Erabakiarekin bizkortu egin da hondakinen kudeaketa sistema berria antolatzeko lasterketa. Denbora gutxi daukate gipuzkoarrek. Sortutako hondakin kopurua gutxitzen hasi den arren, bai krisiak kausatutako kontsumoaren murrizketagatik eta batez ere bi dozena herrik eta 125.000 herritarrek –gipuzkoarren %18 inguruk– beren azken zaborra %20 ingurura mugatu dutelako –%80 birziklatuz–, 2013 amaieran gainerako gipuzkoarren %70 edo gehiago nahasirik doa oraindik zuzenean zabortegira.

Gipuzkoako Diputazioak Europako zenbait aditurekin antolatutako plan berria atzeratuta doa, azpiegiturak antolatu eta eraiki beharra dago, gaikako bilketa orokortua lurralde osora zabaldu beharra, herritarren artean sistema aldatzeko ahaleginen kontra hedabide nagusiek zabaldu duten alarma soziala bideratzea ez da erraz ikusten, elkarlan eta kontsentsu berriak eraiki beharra dago politikarien eta indar politikoen artean…

Horraino dakit nik zer erantzungo diodan 2023an galdetuko didanari. Bizi denak ikusiko du nola eboluzionatuko duen hondakinen kudeaketak datozen hamar urteotan. Ikusiko duen bezala ea mundua gai izan den bizimodu iraunkorrago bati buruzko trantsizio ordenatu samarra antolatzeko… ala ez. Orain bertan, ordea, 2013 honetan bai dakigu iraultza gertatu dela Gipuzkoan.

Paradigma berri bat dago martxan. Adituen ustez gizakiak sortzen duen guztiaren %90 diren hondakinen erantzukizuna dagokion lekua hasi dira hartzen planifikazioan, eztabaidetan, herritarren ohituretan. Ahalik eta gehien murriztu, sortutakoa ahalik eta hurbilen berrerabili edo birziklatu. Sortzen duenak dauka hondakinaren erantzukizuna. Kutsatzen duenak pagatu behar du. Kutsatzea ez da libre, ez aukerako…

Paradigma berria itsatsi da Gipuzkoako eta Nafarroako Sakanako herrietan. Eredu zaharrean dirauten beste udalerri askotan ere herritarrak beren kasa murgildu dira trantsizio horretan. Orain, eraginkorra izateko Zero Zabor ereduan murgildu beharko dute hondakin sortzaile nagusiak diren enpresa eta korporazioak. Birzikla ezinak diren produktuak merkatutik atera eta beste iraunkorrago batzuez ordezkatu beharko dituzte.

Ororen buru, Euskal Herrian alor honetan ere ageri dira krisi betean murgildutako munduak dauzkan bi eredu alternatiboak. Alde batetik Bizkaikoa, teknologiaz, energiaz eta antolakuntza eredu hiper-konzentratua, prozesu guztia labe industrialaren inguruan antolatua, multinazionalek kudeatua, kutsagarria, garestia. Bestetik Gipuzkoakoa,  eredu horizontalagoa, eskualdeka banatuagoa, bilketa eta tratamendu  hiper-sofistikatu garestien ordez jendearen eskulanean inbertitzen duena. Eredu iraunkor bati buruzko trantsizioa aipatzen baita gero eta gehiago, hondakinena gerta liteke abiapuntu.  

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak irudikatu zuen krisiak leherrarazi duen eredu zaharkitua: “Herritar maitea, zuk utzi guri zure zaborra eta ahaztu, guk konponduko dizugu”. 2023a baino askoz lehenago ikusiko da eredu hori kostu handiagoa ezkutatzearen gain zegoela eraikia.

Zubietako errauskailuaren datuak
ZENBAT ZABOR ERRE NAHI ZUTEN?

Zubietako errauskailua 260.000 tona hondakin erretzeko diseinaturik zegoen –hirugarren labe bat jarriz gero 315.000 tonara iristeko aukera zuen–. Errauskailuak errentagarri izateko ahalmen osoaren mugan erre behar du. Aitzitik, gipuzkoarrek urtetik urtera sortutako hondakin kopurua handitu ez baina murriztu egin da eta 2013an ez da 195.000 tonara iritsiko.

ZENBAT KOSTA BEHAR ZUEN?

Zubietako eta gainerako azpiegiturek 394 milioi euroko aurrekontua zuten; 272 milioi errauskailua eraikitzeko. Aholkularitza teknikoa eta maileguen interesak gehituta, 580 milioi euro kostako luke, Greenpeacen arabera.

ZEIN KONTRATU SINATU ZIREN?

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietateak (GHK) 192 milioi euroko mailegua sinatu zuen Europako Inbertsio Bankuarekin, hala nola 94 milioi eurokoa La Caixa eta Banestorekin. Kontratuon baldintza zorrotzen ondorioz, partzuergoa derrigortuta legoke hondakinak tratatzeko tarifak garestitzera, bankuek hala eskatuz gero. La Caixa eta Banestorekin sinaturiko swap produktu espekulatiboengatik berriz, hilero 300.000 euro ordaintzen zituen GHK-k, mailegua erabili ez arren.

Bestalde, 2011ko irailean, Bilduk hauteskundeak irabazi eta GHKren ordezkaritza politikoa aldatzear zenean, Zubietako behin-betiko proiektua onartu zuen orduko administrazio kontseiluak, eta enpresa eraikitzaileei kalte-ordainak bermatu zizkien.

NORK?

Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko Gipuzkoako diputatua (EAJ) zen presidente eta Denis Itxaso Donostiako Ingurumen saileko zinegotzia (PSE-EE) presidenteorde.

ZEIN KALTE ERAGINGO LUKE OSASUNEAN?

Madrilgo Carlos III Institutuaren ikerketa da errausketa eta minbizia lotu dituen azkena. Espainiako 8.000 udalerri eta 129 azpiegitura ikertu dituzte 1997 eta 2006 artean, eta ondorioztatu dute errauskailu eta hondakin arriskutsuen tratamendurako plantetatik gertu bizi direnek urdaileko, gibeleko, pleurako, giltzurruneko eta obarioetako tumoreak izateko arrisku handiagoa dute. Zubietako Artzabaletan egitekoa ziren errauskailua Usurbildik 1,9 kilometrora zegoen, Lasarte-Oriatik 3 km-ra eta Donostiatik 10 km-ra.

ZABORTEGIEN ARAZOA KONPONDUKO ZUEN?

Hondakinak erretzean, airera isuritako kutsaduraz gain, 63.000 tona eskoria eta errauts oso toxiko sortuko lirateke. Horiek tratatu eta zabortegietan pilatu behar dira, baina Zubietako proiektuak ez zuen aurreikusita halakorik egiteko azpiegiturarik.

 

Urko Apaolaza Avila

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hondakinen kudeaketa

Hondakinen kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude