"Bizi honetan jaso dudan guztia gizarteari itzuli beharra daukat"

  • Berrogeita hamar urte dira erlijio bizitza hartu zuenetik. Vedrunako karmeldarra da. Gaztetatik ari da feminismoan, Eliza aldatzen saiatzen, mundu hobea nahi. Zoriontsu da, helburuetariko asko bete dituela dio.

Hilari Pagazaurtundua (Arakaldo, 1944). Moja karmeldarra, emakume konprometituta. Nazareteko Jesus du erakusle, eta haren bideari jarraiki, pertsona du ardatz. Feminismoa, Eliza bestelako bat... Eta, beti, proiektuak, pertsona helburu, behartsuak, baztert
Hilari Pagazaurtundua (Arakaldo, 1944). Moja karmeldarra, emakume konprometituta. Nazareteko Jesus du erakusle, eta haren bideari jarraiki, pertsona du ardatz. Feminismoa, Eliza bestelako bat... Eta, beti, proiektuak, pertsona helburu, behartsuak, baztertuak, immigranteak... Caritas Laguntza-n ari da 2001etik hona.Dani Blanco

Berrogeita hamar urte karmeldar.

1944an jaio nintzen, Arakaldon. 68 urte ditut, 69 abenduan. 18 urte nituen erlijio bizitzaren hautua egin nuenean.


Erlijio bizitza, eta kaleko bizitza: feminismoa, Eliza berria, konpromisoa…

Ez naiz bakarra. Asko dira lan horietan ari direnak. Baina, jakina, “erlijiosoa” esan eta abituaren irudia datorkigu. Dena dela, asko gara lan horietan ari garen emakumeak. Egia da, ez daramagu hori erakusten duen txartelik, baina emakume ezkonduak, edo ezkongabeak ere, ez darama, eta hala ere, lanean ari dira hainbat arlotan. Bestalde, erlijio bizitzaren irudi hori azpikoz gora jarri behar dugu: abitua, alegia. Jesus bera, Nazareteko bideetan barna zebilelarik, ibili zebilen, besterik gabe. Inori hurreratuko zitzaion, sendatuko zuen, ukituko zuen hau, hura… Ez zuen arretarik ematen. Geroko kontua da ospea, ez hasierakoa. Gizon-emakume asko ari dira lanean, mundu hobe baten alde, eta milioika keinu horiei esker ez da lehertzen mundu hau, nahiko gaizki dago-eta.

18 urte zenituen hautua egin zenuenean. Handik zazpi urtera, botoak egin zenituen, betiko, erlijiosoen artean abitua nagusi zen garaian.

Eta hasieran abitua ibili nuen neuk ere. Baina hamazazpi emakume ginen, oso borrokalariak, mundua aldatzen ari zela ikusten genuenok, eta erlijio bizitza ere aldatu egin behar zela konturatzen ginenok. Abitua jantzi genuen, bai, baina eranzteko guztizko intentzioarekin. Hamazazpi emakume haiek harremanetan gara oraindik, berrogeita hamar urte eta gero ere! Batzuek utzi egin zuten bizimodu hura, Kontzilio ondoko urteak ziren, garai latzak, urte gatazkatsuak… Bilbon ikasi nuen, Barreinkuako karmeldarren ikastetxean. 1973an egin nituen azken botoak eta, ordurako, emakumea mundu berriak deskubritzen ari zen. 68ko Maiatza izana zen, eta horrek ere eragin zigun. Gasteizko karmeldarren komentuan bizi nintzen garai hartan, eta bateko eta besteko albisteak iristen zitzaizkigun. Tartean, Parisko Maiatzekoak, Burgosko prozesua, ETAren hastapenak…

Denok berdin jasotzen zenituzten albiste haiek, ala moja batzuk besteak baino sentiberagoak zineten?

Denok berdin, behin ere ez. Inoiz ez. Kontzientzia oso gauza pertsonala da. Hala dio oraingo Aita Santuak ere, ezta? “Har ezazu gogoan zeure kontzientzia”. Zenbait jendek behin ere ez du ernai kontzientzia. Beste batzuek, aldiz, azkarrago egiten dute lasterka. Beharbada horietarikoa naiz ni: azkarrago egin nuen lasterka, baina ordurako asko ari ziren lasterka, maratoia egiten. Hamazazpiko talde hartan bertan, hamar-hamabi bat ginen azkarrago ari ginenak. Ez nintzen ni bakarrik. Bagenituen ideiak, asmoak, gogoak, baina ezin adierazi, ezin kanporatu, Elizaren egitura oso indartsua zen-eta orduan. Baina handik eta hemendik saiatu eta zirrikituak baliatu genituen. Beti esaten dudana, eta esaera ez da nirea: “Horma guztiek ere, baita sendoenek ere, dute pitzatu txiki bat. Hasi hortik!”. Horrela hasi ginen gu. Gauza txikiak eginez abiatu ginen, oinez.

68ko Maiatza, Burgos, ETA… Gizonezkoen aurpegiak dira protagonista nagusi. Abituak utzi zituztenak ere, gizonezkoak. Omen. Eta emakumea?

Garai hartan ez zen gutaz hitz egiten. Emakumea ez zen “inportantea”. Ez gintuzten baloratzen, eta ez gintuzten baloratu harik eta esaten hasi ginen arte: “Gu ere bagarela!”. Emakumeak gizarte honen parte inportantea gara, erdia baino gehiago gara, baina oso astiro esnatu ginen. Bortxarik gabeko iraultza izan zen. Horretaz ez da hitz egiten, baina hitz egin beharko litzateke. Ez dugu bortxarik nahi, kanpotik datorkigu biolentzia, baina guk bortxarik gabe egin nahi izan dugu borroka, gizonok ere horretan sar zaitezten saiatu gara, eta lortu ere dugu poliki-poliki. Aldaketak eragin ditugu, bortxarik gabe, bortxaz betetako munduan. Guretzat ez zen beste estrategiarik. Bagenekien bortxaz jokatuz gero erreka galduko genuela. Eta bestelako bideak saiatu genituen, aldaketa helburu. Esate baterako, 1980an, Amerikatik itzuli eta Altzara joan nintzen bizitzera.

Donostiako auzoan...

Bai, Donostian. Altza, langile auzoa, bikaina, ekintzaile mordoa bertan... Era askotako elkarteak sortu genituen: hirugarren adinekoak, emakumeak… Gogoan dut emakumeak ukatu egiten ziola bere buruari dirua gastatzeko eskubidea. Pentsatu ere ez tabernara bera bakarrik sartu eta kafea hartzea. Hortik hasi ginen: “Astean zenbat gastatzen du zure senarrak? Zenbat gastatzen duzue biok batera igande arratsaldeko paseoan?”. Kontuak egin eta erabaki genuen: “Bada, zuk ere baduzu 50 pezeta gastatzeko eskubidea”. Hortik hasi ginen emakume elkarte hartan. Kontzientzia hartzea izan zen. Emakume haietariko askok lan egin zuen ezkondu aurretik, ezkondu eta utzi egin zion kanpoko beharrari. Hala ere, uste zuten etxeko dirua senarrarena zela, ez beste inorena. Erlijio bizitzan, berdin, senarrik ez, baina estu lotuta bizi ginen. Dena kuestionatzen hasi ginen, galderak egiten, gauzak zalantzan jartzen…

Amerikatik itzuli zinenean ari zara…

Bai. Gizarte-langintza ikasi eta AEBetara joan nintzen 1971n, sei urteko. Karmeldarrak komunitateak ditu Amerikan, Latinoamerikan batik bat. Baina Gizarte-langilea behar zuten Washingtonen, joateko gonbita egin zidaten, eta hantxe izan nintzen, Distritu Federalean, Erdialdeko Amerikako jendearekin lanean. Latinoak asko ziren han ordurako. Emakume mugimenduak indarra zuen, klase ertaineko emakumeak, esan nahi dut. Behe mailakoak lanaren estutasuna bizi zuen, ez zuen burua beste ezertan pentsatzeko. Nik, berriz, hauekin egiten nuen lan, eguneroko arazoetan laguntzen, eta emakume kontzientzia hartzen ere laguntzen. Ingelesa ikasi behar zuten, seme-alabak zaindu, dirua bidali etxera… Ezin, bada, emakume kontzientziaz pentsatzeko denborarik izan. Hala ere, tarte batzuk hartu eta saiatu ginen horretan ere.

Zer ikasi zenuen Washingtoneko urte horietan?

Nixonen garaia zen, Watergate kontua eta beste. Amerikako gizarte hura oso umea iruditu zitzaidan, nerabea. Ordu arte Konstituzioa gauza sakratutzat zuten, beraien ustez inork ez zuen testu hura bortxatu. Eta horretan, Nixon presidenteak Konstituzioa urratu zuela ikusi zuten. Herriaren desilusioa! Vietnamgo itzulera ere hor zen, beteranoak zeharo erasanda zetozen; burutik erasanda, alegia. Vietnamgo gerraren kontrako jende mobilizazio handiak izan ziren. Jendeari zerbait hautsi zitzaion barruan. Konbultsio handia izan zen. Agintariengan sinesten zuen, baina ikusi zuen ez zegoela sinesterik… Gogoratzen naiz Arizonan izan nintzela sei hilabetez, Merikopa herrian, Mexikotik laranja bilketara zetozen migratzaileekin.

Rio Grande dugu hor…

Rio Grandetik edo desertutik barrena etortzen ziren. Etxalde handietara joaten ziren, Arizonako desertuaren erdian. Oasi txikiak ziren desertuan. Gizarte-laguntzaile sartzen nintzen soroetara, giza laguntza zen nirea. Beste batzuek, laneko egoera aztertzen zuten. Behin, egun batean, soroetatik bota gintuzten. Jakina, baimenik gabe sartzen ginen. Salatu egin gintuzten eta epaitegietara joan ginen. Oso adierazgarria izan zen: epaileak galdetu zidan ea zergatik ez nuen sheriffarengana jo. Eta nik: “Nire eskarmentuaren arabera, nire lurraldean inoiz ere ez nuke poliziarengana joko laguntza eske! Pentsatu ere ez!”. Garai latzak ziren. Manifestazio txiki bat egiten genuelarik, ondoan genuen polizia, baina gu babesten, ezer gerta ez zekigun. Gure manifestazio eskubidea zaintzeko zegoen han polizia! Etxe Zuriaren aurrean ere manifestatu ginen. Arizonako hartan hogeita hamarren bat ginen taldean: argazkilariak, zinemagileak, eskubide zibilen aldeko ekintzaileak… Denetariko jendea. Sei hilabete egin nituen han, eta lan esperientzia zoragarria izan zen. Gobernuak ordaindu zidan, ez pentsa! Jakin dudanez, haien lan egoerak ere onera egin du, eta pozten naiz. 1979 zen orduan. Urte asko dira ordutik hona…

Arizonako epaileak galdetu zizuna, ea zergatik ez zenuen sheriffarengana jo. Zuk, zure jaioterrian horrelakorik pentsatu ere ez zenuela egingo…

Nik ez. Baina nork bere iritzia izango zuen horretaz, gure hamazazpiko talde hartan. Nork bere joera politiko eta soziala zuen. Ezberdinak ginen.

1975, Franco hil zen urtea. Haren erregimen faxista indarrean zela joan zinen Washingtonera.

Han nintzen, bai. Deia jaso genuen Espainiako enbaxadatik. Han ginen espainiar komunitate guztiei hots egin ziguten, Franco hil zela esanez.

Zuen erreakzioa?

Zeuk pentsatu! Kar, kar, kar, zeuk pentsatu! Batzuk pozik. Tartean bagenituen amerikarrak ere, eta haiek ez hotz eta ez motz hartu zuten albistea. “Azkenean!”, esateko garaia izan zen.

Oraindik orain Gasteizen izan dugu Vicenç Navarro, Politika Publikoetan katedraduna. Zioen oraindik ere erregimen faxista haren ondorioak bizi ditugula, demokraziaren ahula eta beste.

Bai, bai… Begira, Franco hil zenean, bi bertsolari izan genituen Washingtongo komentuan. Idaho aldetik zetozen, nonbait. [Jon] Lopategi zen bat, haren bi arreba gutarrak dira-eta, moja karmeldarrak, eta Washingtonen ziren gurekin. Bertsolariak, Lopategiren arrebak ikusteko aitzakian geratu ziren gurean. Bertsotan ospatu genuen Franco hil zen eguna!

Zer ekarri zenuen AEBetatik?

Gauza asko, eta onak. Batetik, bestelako konfesio kristau batzuk ezagutu nituen. Hemen ez zegoen nazional-katolikotasuna besterik. AEBetan hainbat komunitaterekin jardun nuen lanean. Kristauak ziren batzuk, eta beste batzuk ez. Hala ere, komunitate latinoamerikarraren alde egin genuen lan guztiok, ez zen besterik, ez zen borrokarik, ez errietarik. Nork bere sinestea zuen, baina batera ari ginen lanean. Bestetik, Amerikako jendea ezagutu nuen, solidarioa ezin gehiagoan, borrokalaria. Giza elkarteak milaka ziren. Oso herri solidarioa da. Hemen, nekez ikusten dut horrelakorik. Urteak daramatzat hemen, baina ez dut elkartasun edo boluntario kulturarik ikusten. Ipar Amerikan, lan eske joan eta ikaragarri baloratzen zuten boluntario lanen bat egin izana; ikasle garaian, adibidez. Hemen ez dago horrelakorik. Hemen, oraindik, solidarioagoa da emakumea, gizona baino. Gizona ez da, oraindik, elkartasun lanetan buru-belarri murgildu. Tira, Helduak elkartean gizonezkoak dira gehienak, indarrez ari dira. Baina elkartasun kultura, solidarioarena, urruti daukagu. Nolabait esatearren, bizi honetan jaso dudan guztia gizarteari itzuli beharra daukat, eta ez, nahitaez, soldata truke. Baita soldata truke ere, denok jan behar dugu-eta, baina ez bakarrik. Bizitza luzea da, gero eta bizitza kalitate handiagoa dugu, eta kontziente izan behar dugu: jaso dugun beste itzuli behar diogu gizarteari. Are gehiago gure belaunaldiak. Nire belaunaldian emakume askok hamaika urte baino ez zuen eskolara joateko aukerarik izan. Nik ikasteko zoria izan nuen, neure burua prestatzeko egokiera, eta neure herrialdetik kanpora joan eta esperientzia izateko modua. Ez zen oso gauza normala, egia esan. Nire belaunaldiko emakumeak borrokatu egin dira, eta horri esker, gizonak baino prestakuntza handiagoa dute. Gizonak uste zuen nahikoa zuela lan egitea –batzuetan ez zuen beste erremediorik, lana beltz egitea baino–, baina emakumeak bestelako sentiberatasuna izan zuen eta bere burua prestatu zuen.

Gizarte-langintza, hainbat eta hainbat elkarte eta proiektu Altzan, Itxaropen Telefonoa, Aterpe, Caritas Laguntza, Stop desjabetzeak…

Proiektu guztiak dira onak. Proiektu guztietan dago jende argiegina, konprometitua… Amnistia Internazionaleko kide ere banaiz, eta neure egiten dut haren lema: “Ilunpearen handian, ez ezazu hura madarikatu. Aldiz, piztu ezazu kandela bat”. Uste dut mundu honetan kandela asko piztu behar direla, zeinahi dela ere, baina kandelak piztu, argi txiki bat piztu. Horixe da nire pentsatzeko era, eta horrexek mugitu nau bizi honetan. Eta Jesusen proiektuak hori dena hartzen du bere baitan. Gizatiartzailea da, lehen-lehenik, eta horretan saiatzen naiz ni ere, jendea gizatiartzen eta den horretan onartzen. Beste ezer ez.

Nortasun agiria
Hilari Pagazaurtundua Larrazabal

(Arakaldo, 1944). Moja karmeldarra, emakume konprometituta. Nazareteko Jesus du erakusle, eta haren bideari jarraiki, pertsona du ardatz. Feminismoa, Eliza bestelako bat… Eta, beti, proiektuak, pertsona helburu, behartsuak, baztertuak, immigranteak... Caritas Laguntza-n ari da 2001etik hona. Erlijiosoa izan ez balitz, emakume konprometitua izango zatekeen. Hala ere, damurik ez du, emakume ezkondu askori eman ez dizkion aukerak eman dizkiolako berari erlijio bizimoduak. Esperantza du Frantzisko Aita Santuan, “Egunsenti berri bat”.

Altza

“AEBetatik Altzara etorri nintzen. Azpiegitura gabezia handia zegoen. Auzoekin bildu eta elkarteak sortu genituen, era guztietakoak. 1980an berrogeitaka elkarte genituen Altzan, hogei mila laguneko auzoan. Urte batzuk hor eta Gizarte-langintza eskolan jardun nuen irakasle. Gero, Aterpen lan egin nuen hamabi urtez, kaleko jendearekin. Boluntarioak ginen denok. Ehun baino gehiago ere izan ginen. Itxaropen Telefonoa ere abiarazi genuen… Harako fitxatu nuen Esperantza Miner, emakume bikaina, oraindik orain hil da. Blanca Garzia ere hantxe utzi nuen, Aterpera joan nintzenean. Beste emakume bat, handia, Esperantza Arrue…”.

Gerra eta politika

“Komentuan, gure egitura oso estua zen. Kanpoan zer gertatzen zen jakiten genuen, hala ere. Familiaren bisita jasotzen genuen eta ez ziguten ezer ezkutatzen. Kontatu egiten ziguten. Beti hitz egin izan genuen etxean honetaz eta hartaz. Gerra, adibidez, buruz ikasi nuen. Eta gerra ostearen berri ere izan nuen, nahiz eta nik urrunago bizi izan nuen kontu hori. Gure etxean ohikoa zen gerraz eta politikaz hitz egitea, beste etxe askotan ez bezala”.

Euskara

“Gure etxean, Arakaldon, oso euskaldunak ziren, abertzaleak. Bai aita, eta bai ama. Etxean euskaraz hitz egin ziguten, txikitatik. Euskaraz hazi gintuzten sei neba-arrebok, euskaraz baino ez! Baina eskolara joan, eta gaztelania zen dena. Gaztelaniara jarri ginen. Bilbora joan ikastera, eta gaztelania. Gasteizen, berdin. AEBetan, latinoamerikar komunitatearekin lanean… Euskara galdu nuen arte. Dena ulertzen dut, baina kostatu egiten zait hitz egitea”.
 

Azken hitza
Arrastoa

“Emakume naizen aldetik, erditu banintz bezala da. Ez dut mundura umerik ekarri, baina bai proiektuak: gizartean arrastoa utzi dut haien bidez. Ezin da mundutik ibili arrastorik utzi gabe. Arrastoa utzi beharra dugu norbaitengan, edo zerbaitetan, baina arrastoa utzi”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Juan Maria Uriarte hil da, Donostiako gotzain emeritua

Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioetan parte hartu izan zuen hainbat urtez Donostiako gotzain izandako Juan Maria Uriartek. Larunbatean zendu zen Basaurin.


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


Elizak matrikulatu gabeko 3.000 ondasunen jatorria ikertu nahi du Nafarroako Gobernuak

Ondasunak identifikatu ostean, erreklamazio eta berreskuratze prozesua hasiko du aurten, eta udalerriei laguntza eta babesa eskaintzeko bulegoa sortuko dute.


Eguneraketa berriak daude