Joseba Irazoki

"Internetekin, industria ez da beharrezkoa musikarentzat"

  • Eta gitarristaren hatz puntetan balego mundua?

Sustrai Colina
2013ko azaroaren 10a
Joseba Irazoki 1974an sortu zen Beran. Maixa eta Ixiar, Xabier Montoya, Petti, Anje Duhalde, edo Mikel Erentxunekin astindu ditu gitarraren sokak, bere inguruan sorturiko Onddo, Do edo On Benitorekin zein bakarka aritzeaz gain. Egun, Atom Rhumba-ko partai
Joseba Irazoki 1974an sortu zen Beran. Maixa eta Ixiar, Xabier Montoia, Petti, Anje Duhalde, edo Mikel Erentxunekin astindu ditu gitarraren sokak, bere inguruan sorturiko Onddo, Do edo On Benitorekin zein bakarka aritzeaz gain. Egun, Atom Rhumba-ko partaidea da, bakarka kontzertuak eman eta eman ari da, Duncan Dhu-rekin biran dabil, eta ez dauka geldi egoteko asmorik. Dani Blanco

Gitarra?

Eskusoinuaren eta pianoaren artean aukeratzen zen sasoian gitarra baizik ikusten ez zuena naiz. Orduan, gurasoen autoan entzuten genuen musika. Pedrito Fernandez, Laboa, eta euskal folka entzuten ziren gurean, Beatles-ik ez. Berantago, Euskal Rock Radikalak salatu zidan rocka egiteko nahi nuela gitarra. La Polla eta Kortatu izan ziren nire lehen bi taldeak, Barricadarekin itsutu nintzen gero, eta 16 urterekin etorri zen lehen gitarra elektrikoa. Talde horien kantuak jotzen nituen, huraxe nuen estilo kuttuna. 20 urtera arte, ordea, kirola eta gitarraren artean banatzen nuen denbora, baina hortik aitzina ia 24 ordutan izan dut gitarra buruan, obsesio bihurtzeraino. Aunitzetan esan dit neskalagunak gitarrarekin bat naizela. Zer nahi duzu, afiziotik ofiziorako bidea egin dugu batera, eta 40 urterekin gitarra kentzea besamotz geratzea litzateke niretzat.

Gitarrarik gabe besamotz eta Berako mikroklima musikalik gabe amuarraina lehorrean nola?

Mugakoak gara, eta deus izatekotan, etengabeko eta orotariko mugimenduan dauden gune biziak dira mugak. Hala, Beratik atera garen musikariak ez dugu musika estandarrik jorratzen, bidezidor ezberdinagoetan gabiltza. Gure kulturarekin, gure kultura musikalarekin bat datorrena jotzen dugu. Disko trukaketa oparo bateko ondorioak gara. Tabernara jaitsi eta garagardo artean diskoak konpartitu eta entzuten genituen melomano batzuk ginen. Bilaketa betean geunden, telebista eta irrati formuletan ematen zigutenak ez zigun balio, ez zitzaigun gustatzen, eta ezin ginen gure musika gosea ase gabe gelditu. Horrela sartu ginen bidezidorretan, eta zidor batek bestera daramanez, halaxe gabiltza.

Historiaurreko eszena bat dirudi diskoak tabernan trukatzearenak.

Lehen ostatuan eskutik eskura egiten zena Facebook eta Youtuben bidez egiten da orain. Egia da lotura intimoa desegin dela, elkartrukea aunitzez globalagoa eta zabalagoa dela, baina Facebooki esker Estatu Batuetako hiri galdu bateko bazter auzoko talde baten diskoa deskubritu ahal izateak ez dauka preziorik. Arazoa da, orokorrean, baldintza kaskarragoetan entzuten dela musika, eta ez Mp3 formatuaren eta ordenagailuaren bozgorailuaren kalitate eskasarengatik soilik, musika entzuteko prozesua eraldatu delako baizik. Diskoa entzutera zure egongelan jartzen zinenean horretara zeunden, melodiak sentitzen, nota bakoitza arnasten. Orain, interneten zaude, aldi berean musika entzun, bideo bat ikusi eta lagunari mezua igortzen. Hori gutxi ez, eta single eta bideokliparen sasoiak dira. Pentsa, badira Youtuben bueltaka dabilen bideoklip batekin ez duzula diskorik behar diotenak. Ezaguna izan eta zure lana lau haizetara zabaltzeko balio dezake agian, baina niri diskoak egiten dituen jendea gustatzen zait, pieza oso bat proposatzen duena, soinu orokor bat. Berehalakotasunaren kulturan bizi gara ordea, eta musika ez dago horretatik salbu. Famatu izan nahi baduzu, aitzina, baina nola izanen zara musikari ez baduzu zuzenean jotzeko errepertorio eta ahalmenik? Ni gitarrarik gabe besamotz, eta kantu bakarra daukana hankamotz.

Musika doan jaisteko aukerari eskua sartu behar zaio ala hobe eztabaidatik hanka egin?

Ez da samurra. Denborak aldatu dira, eta aroarekin bat egitekotan, zure musika ia dohainik eman eta zure lanaren ordaina beste bide batzuetatik eskuratu behar duzula dirudi. Doako artearen ideia oso erromantikoa da, baina zergatik izan behar da artea dohainik eta elektrikaria ordainduta? Guk ere behar dugu gure ordaina. Hala, interneten izaera libre eta doakoa mantentzea garrantzitsua iruditzen zait, baina horren ordainak zuzenekoetan kobratzea behar luke. Sarrerak garesti jartzen direla? Ez nago kontra. Tom Waits Kursaalean ikusteko 100 euroko sarrerak direla? Dirua da, baina edozein harginek kentzen dizkizu 500 txapuza bat egiteagatik, eta denak isilik. Edozein langileren lanak zor du ordaina, izan hargin edo musikari. Argi dago autoa konpontzearekin alderatuta, kontzertu batera joatea ez dela premia gorri bat, baina ez dakit kulturalki gero eta jende pobreagoa ez ote garen, ez dakit kultura bere neurrian preziatzen dugun.

Kultura pobreagoa preziatzen dugu, agian?

Saltzen dugun eta saltzen diguten kultura oso biguna da, oso erraz jatekoa, pobrea. Agian, gizakiok ez dugu maila ematen, uste baino animaliagoak gara, eta daukagun jendartea baldin badaukagu ustez garenera iristen ez garelako da. Ikerketa lan seriorik egiten ez duen kazetaririk ez badago, edo kazetaria arrapaladan lan egitera behartzen bada, nekez argitaratuko da hausnarketa sakonik, eta behin jendea errazera ohituz gero ez dago buelta emango dionik. Niri esan izan didate nire musika ez zela sobera erraza, sobera irratian pasatzekoa, eta kritika baino, lorea iruditzen zait. Ez musikan ez ezertan, ez dut moldeetan sinesten. Zuk zure ustez egin behar duzuna egin behar duzu, zuretzat ona denaren bila joan. Moldean sartzea, erraztu beharraren erraztu beharraz zure sorkuntza pobretzea da. Beste bide bat gustatzen zaizula? Urratu ezazu, horrela iristen baitira emaitzak bizitzako arlo guztietan. Onartzen dut egin izan dudala lan bat edo beste joerara errendituz, baina ez pentsa emaitza hoberik lortu dudanik... Kar, kar, kar.
Musika eskola eta akademiek ere moldezale fama dute. Urte askoan ibili zara halakoetan irakasle.
Akademia pribatu eta eskola publikoetan egin dut lan. Pixkanaka zabaltzen ari bada ere, publikoan darabilten metodologia musika klasikora bideratua dago, eta klasikoa beharrezkoa izan arren, gaur egun musika eskola batean fundamentuzko pop-rock irakaskuntzarik ez egotea sinesgaitza bezain atzerakoia zait. Akademietan, aniztasun gehiago dago, baina oro har berehalako emaitzari begira irakasten da, moldetik moldearentzat, gauzak ahal bezain emanak egin eta ahal bezain eginak emanez. Inongo irakaskuntza sistemetan ez da artista bat bere pertsonalitatean oinarrituz hezten. Ezinbestekoa da oinarri sendo bat lantzea, baina norbere bidea aurkitu eta urratzea da irakaspen garrantzitsu eta lortzen zailena. Horregatik, niri ez zait irakastea gustatzen, nik jotzea dut maite, beste musikariekin konpartitzea, sortzea.

Horregatik erabaki zenuen, orain hiru urte, irakasle lanak utzi eta musikatik bizitzea?

Irakaskuntzarekin oso erreta nengoen eta aldaketa eskatzen zidan gorputzak. Gainera, ordura arte izan ez nuen diru berme bat neukan, ordura arte ez bainekien musikari izanda bizitzerik izanen nuen, baina esku-artean hiru proiektu indartsu neuzkala oharturik apustua egin nuen. Gero, kontraesan moduko bat neukan, hain justu moldeetan ez sartzeagatik hasi bainintzen irakasten. Ez nuen musika diruagatik soilik egin nahi. Kontzerturik ez eman eta ez saldu arren, nahi nuen musika egin nahi nuen, eta diru-iturria beste bide batetik ziurtatuta eduki. Baina orain hiru urte, neuzkan egitasmoak erakargarriak zirela jabetu nintzen, ezer sentitzekotan musikari sentitzen nintzela, ez irakasle, eta salto egin nuen. Orain gustuko dudana egiten ari naiz. Hilabete batzuetan kontzerturik ez eta dirua nolabait atera beharrak estres puntua sortzen duela? Bai, baina baita bizia eman ere, etengabe baitzaude formula berrien bila. Pentsa, arrakasta gehien eman didan orkestra-gizonaren proiektua kontzerturik ez nuen denbora tarte batean sortu zen! Edozein krisi egoerak dakarren sortzeko adrenalina pizten dit bizimodu honek. Lanik ez daukadala? Ba ateak jotzera, formula berriak planteatzera, agian maila ematen ez duzulako entsaioetan ordu gehiago sartzera... Ez dago besterik. Horrek asko ematen dit artistikoki zein pertsonalki.
Industriaren negar hotsei kasu eginda, ez direla zurea bezalako apustu baterako garai onenak pentsa liteke.
Industria da krisian dagoena, ez musika. Musika ez da sekula krisian egon, eta nire ustez, ez da sekula egongo. Industria da zer egin ez dakiena, zirrikiturik topatu ezinik dabilena. Multinazional zein Euskal Herri mailako zigiluak galduta daude. Hala, desagertzea lukete onena. Nik bere musika kudeatzen duen artistan sinesten dut, eta internetekin, industria ez da beharrezkoa musikarentzat. Lanean dago koska. Ahaleginak dakar emaitza, egiten ari zarena dudan jartzeak, zure bidea urratzeak. Hemen jende bat oso eroso zegoen, formula egin eta betiko akomodatuak zirela sinetsita, etengabe aldatu eta egokitzeak lana suposatzen duela ahantzita. Hori da internetek hankaz gora jarri duena, ez musika.

Hankaz gora erortzeko modukoa zure lanen zerrenda da. Proiektu handiak, txikiak, bakarka, besteei laguntzen...

Diferentzia handiena lehen lerroan edo besteei laguntzen egotea da. Bakarrik zaudenean begi guztiak daude zuri so, azterketa zorrotzagoa da, eta arrakasta edo porrotaren ardura handiena zurea da. Bakarka, biziago sentiarazten zaitu txalo bakoitzak, eta sakonago zauritzen kritikak. Horregatik diot erosoagoa dela bigarren lerroa, baina era berean, bakarkako kontzertu glorioso baten satisfakzioak autoestimua goitzen dizu. Hori hala, kontzertuaren dimentsioari ez diot garrantzirik ematen. Jotzen gustura banago, ez zait inporta taberna batean edo antzoki erraldoi batean egotea. Duncan Dhurekin jotzeak hasieran urduritasuna pizten duela? Jakina, baina beti iruditu zaizkit gaitzagoak hamar lagunen aitzinean emandako kontzertuak 500en aurrean emanikoak baino. Oso feedback bereziko kontzertuak dira horiek, tranparik gabekoak. Egia da, bestalde, bakarrik jotzera noanean dena nik muntatu eta desmuntatu behar izaten dudala, eta esaterako Duncan Dhurekin kamerinoetan lasai egon besterik ez dudala, baina horri ez diot inolako garrantzirik ematen. Zuzenean jotzea da niri gustatzen zaidana.

Zuzenekoek etorkizunik dute?

Arazo handi batekin egin dezakegu topo: publiko falta. Euskal Herrian bederen, kontzertuetara doan jendearen artean, ez da belaunaldi aldaketarik eman. Musika estilo batzuetako kontzertuetara 30 urtetik gorako jendea soilik joaten da. Gainera, zuzeneko musikarekiko interes falta nabarmena sumatzen dut. BBK Live eta abarrak jendez gainezka egoten dira, baina tabernetako kontzertuak desertu hutsak dira. Hori gutxi ez eta “gaur ere musikariak!” kexatzen dira batzuk kontzertu bat egonda garagardo bat hartu ezin balute bezala. Beste kontraesan bat ere badago: jende gehien biltzen den musika jaialdietara jendea ez doa musika entzutera, eta gehienetan musika ez da garrantzitsuena. Festibaletako soinua txarra izaten da, ezin duzu zure taldea gertutik ikusi, bere berezko eszenografia eta muntaiarik gabe jotzen du, denbora mugatua dauka... Gaizki bizi dut festibalen moda hau. Konbentzituta nago bertara doan jendeak ez duela zinez musika preziatzen. Nola azaldu bestela Donostiako Jazzaldian karrikan ezin kabituta ibiltzea, eta urtean zeharreko Altxerriko kontzertuetan hainbeste leku sobratzea? Oso moda kaltegarria da.

Modak moda, irudikatzen duzu musikarik gabeko mundu bat?

Publiko faltak zuzenekoak kondenatu ditzakeela suposatzeak ez du esan nahi musikak etorkizunik ez duenik. Beti egongo da musika, beti egongo da musikarientzat lana. Haur eta gazteei bideo-jokoak gustatzen bazaizkie bideo-jokoetarako musika egin beharko da, gerora filmak egingo badira filmetarako musika egin beharko da... Formulak aldatuko dira, besterik ez. Dena den, ni zuzenekoak aldez edo moldez mantenduko direlakoan nago. Nire mundualdian bai behintzat. Oso ongi irudikatzen dut nire belaunaldiko jendea 60-70 urterekin rock kontzertuetara joaten. Horregatik, oraingoz zuzenean jotzen ikusten dut nire burua. Hemendik urte batzuetara, jende gazteagoa eta hobea etorri, eta laguntzen ditudan taldeek beste zerbait eskatzen dutela? Ba birziklatu eta nire ibilbidearekin segituko dut. Zergatik ez, 60 urterekin, esklusiboki gitarraren inguruko proiektu bat? Nonbaitera iristeko ari naiz lanean, nonbait hori oraindik zehatz-mehatz definitzen ez dakidan arren.
 

Nortasun agiria

Joseba Irazoki 1974an sortu zen Beran. Maixa eta Ixiar, Xabier Montoia, Petti, Anje Duhalde, edo Mikel Erentxunekin astindu ditu gitarraren sokak, bere inguruan sorturiko Onddo, Do edo On Benitorekin zein bakarka aritzeaz gain. Egun, Atom Rhumba-ko partaidea da, bakarka kontzertuak eman eta eman ari da, Duncan Dhu-rekin biran dabil, eta ez dauka geldi egoteko asmorik.

Promozioa

“Artista guztiek dugu exhibizionista puntu bat. Denoi gustatzen zaigu norbait gure lanaz galdezka etortzea, hedabideetan gure lana aipatzea, baina promozio sasoia heltzean... Nire desio handiena disko bat egin eta elkarrizketa bakar bat eman gabe jendeak entzutea litzateke. Nahiago nuke musikak soilik hitz egingo balu. Baina ez da posible, promozioa egin beharra daukagu. Orokorrean bizia ematen dio proiektuari”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Musika

Musika kanaletik interesatuko zaizu...
Artea irekita

Mundu honetan mugarik ezagutzen ez duen bakarra kapitala dela dirudi. Gainerako kontuentzat araudi, kontrol, debeku eta zentsura neurriak non-nahi eta nolanahikoak dira. Ikuspegi honen beste lagin bat erakutsi du Eusko Jaurlaritzak azken egunotan: urtean 12 kultur emanaldi egiteko muga ezarri nahi zien taberna eta areto txikiei.


Paxkal Indo, autodidakta nekaezina
"Hautetsi guztiek babesten dute Seaska, borroka hori irabazia dugu"

Baigorrin hartu gaitu Paxkal Indok, etxean, eta hitz egin dugu haren bizitzan garrantzia duten hainbat gairi buruz: musikaz, euskararen hainbat ertzez, Seaska ikastolez. Halako batean, argazkilaritza ere gustuko duela aipatu, eta gehitu du: “Gauza asko egin ditut, eta eginen oraindik”. Harentzat ez omen baitago ametsik, “ondoko egunetako proiektuak bakarrik”.


Hegan egiten, aske

Joseba Irazoki eta Lagunak taldearen disko berriak oihartzun handia sortu du, oso txalotua izaten ari da, eta ez da harritzekoa. Disko biribila baita, lan bikaina.

2014an kaleratu zuten lehen diskoaren jarraipen polita da, aurrerapausoa. Talde soinu trinkoa gauzatu dute, eta kantak aurreko diskoan baino landuago daudela sumatzen da. Melodia, erritmo eta zertzelada dotore ugari entzun daiteke. Halaber, Joseba kantari moduan ere finago aritu da, ahotsa pixka bat aldatu du, onerako.

Joseba... [+]


Jaurlaritzak aldatu egingo du tabernetan kontzertuak mugatzeko araudia, protesten ondoren

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak aldatu egingo du tabernak urtean 12 kontzertu ematera mugatu nahi zituen araudia. Urgentziazko tramitazioa egingo dute, protestak eragin dituen neurria aldatzeko.


2019-03-21 | Kepa Matxain
Saldiasek bakarrik ez, guztiek egiten dute tranpa hemen

Leporatuko didazue kukuak nondik jotzen didan antzematen zaidala, disimulurik gabeko kutunkerian nabilela, baina ez daukat isilik geratzeko asmorik. Bai, nik ere entzun dut zer dabilen kalean ahoz aho –larunbat gauean Hernanin zimaur eginda zegoen batek bota zidan azken aldiz, eta albotik koadrilak arrazoi eman zion, nola gainera, barbaroen aurrean bere kidea babesteko koadrilak bakarrik dituen mekanismoak martxan jarriz–. Halaxe bota zidan azkar ustekoak: “Xabier Saldiasek... [+]


Aurrekontu txikia, talentu handia

Ematen du Donostian opera-denboraldia Musika Hamabostaldiarekin lotuta dagoela, jaialdi honetan bai betetzen delako Kursaal Auditorioa opera bat programatzen denean. Hortik aparte, urtean zehar Opus Liricak egindako saiakeretan jende gutxi ikusten dugu. Pena ikaragarria da, eta ulertezina. Benetan txalogarria da Opus Lirica elkarteak egiten duen esfortzua. Titulu ederrak eskaintzen ditu, bakarlari eraginkorrak ere bai, eta eszenaratze erakargarriak taula gainean jartzen dituzte. Orduan, zer... [+]


Madonna ulertuko duen coach baten bila

Arazoren bat dagoela susmatzeko motiboak eman dizkidate sofan eseri eta ETB1 jarri dudanean: “Aste honetan ere Bago!az? Joder, zoaz pikutara behingoz”. Gogorra da talent show honen jarraitzaileon bizitza, kasik beganoek baino jazarpen handiagoa pairatzen dugu; kasik haiek baino azalpen gehiago eman behar ditugu gure aukera telebisiboaz. Aski da.


Euskal kantuaren intonazio berezia Zuberoa, Baxenabarre eta Lapurdin
MULTIMEDIA - solasaldia

Iparraldeko herri-kantaera tradizionalak dituen ezaugarrien artean, bada bat nortasun berezia ematen diona eta adituak aspaldidanik harritu izan dituena: intonazio neutro edo erdibidekoa deitzen ahal duguna.

Agustin Mendizabal 1967an jaio da. Ingeniaritza eta musika ikasketak egin ditu. Azken urteotan, euskal herri-kantaeraren zenbait alderdi ikertzeari ekin dio. Hainbat publikazio egin ditu eta hitzaldiaren gaia dela eta sari bat jasoa du (2013ko Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria).


2019-03-10 | Iker Barandiaran
Batu eta hunkitzeko gaitasuna

Badira talde gutxi beraien herrian profetak direnak; eta The Potes bada horietako bat. Bestelako barik hasi zen taldea, ia txantxa moduan: ondo pasatzeko asmotan lagun talde bat elkartu eta banjoaren aukerak probatzearekin batera The Pogues zein traza horretako folk talde ganberroen kantak bertsionatzeari ekin zioten. Emaitza jendaurrean plazaratzen hasi eta harrera oso beroa jaso zuten sorterrian, Arrasate aldean batez ere. Tamalez, baina, epe laburrera taldeak Bergarako Gaztetxean egin zuen... [+]


2019-03-07 | Kepa Matxain
Saldiasen faltan, coach-ak hankamotz

Azken mudantzan telebista bidean gelditu zitzaigunez, Bar Jose Miguelera jaitsi behar izan dut Bago!azen bigarren atala ikustera, hortzak izerditan, lehengo astean Gorka Bereziartuak idatzitako kronika leitu ondotik. Bazen garaia norbaitek kontuari bete-betean heltzeko, ze, Go!azen telesailak euskaltzale progreen kontsentsua eskuratu duen honetan, miopia nabarmena sumatzen zen orain eta hemen puskatzen ari den fenomeno zinez goitiarragoaren aurrean.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude