Bahiketen puzzle osatugabea

  • Sekula ez da jakiten bahiketa bat nola burutu den. Pausoz pauso, bahitua aske geratu denean, puzzlea osatzen saiatzen da. Pieza asko izan ohi dituzte puzzle horiek eta inoiz ez dira bukatzen, toki garrantzitsuan beti falta delako piezaren bat. Irudia, izan zitekeenaren itzal bihurtzen da, eta bakoitzak bere interpretazioaren arabera betetzen du hutsunea. Nork? Zergatik? Nora? Galderak sortzen dira orduan bahituaren buruan.

Siriako gatazkan bahiketak luzeak izaten ari dira.
Siriako gatazkan bahiketak luzeak izaten ari dira. Bostok Photo

Siriako gaztaka denon ahotan dabil azken aldian. Assad eta matxinatuak kolpez kolpe Estatua suntsitzen ari dira. Zibilizazioa hasi omen zen Siria inguruan eta askotan bertan bukatuko dela dirudi. Errefuxiatuak milioika, hildakoak milaka eta tartean bahituak gorantz doaz. 30 kazetaritik gora omen daude bahituak. Halere zaila da zehazki zenbat eta nortzuk diren jakitea, lehen ez bezala, kazetarien artean blackout deritzona hedatu baita. Ezin da ezer konfirmatu, ez esan, hori da blackout. Isiltasunak segurtasuna esan nahi du, segurtasunak bizitzen jarraitzeko aukera txiki bat.

Irailaren hasieran jakin zen Kataluniako kazetari zaildua, Marc Marginedas, bahitua zegoela Sirian. Hama hiritik gertu izan zela dakigu eta ez da beste ezer jakiterik eman. Zein taldek hartu duen misterio bat da gehiengoarentzat. Bahitzaileen eskaerak eta modus operandia bezala.

Halere ez da bakarra. Elkarte askoren esanetan 50 lagun inguru daude egoera horretan. Horietako asko siriarrak dira eta alde batekoen ala bestekoen hatzaparretan erori diren ere ez dakigu. Baina Europa eta Amerikako Estatu Batuetako egunkariei gutxi inporta zaie kazetari ezezagun horiei zer gertatzen zaien, ez baitira euren artekoak. Inor gutxik eskertzen baitie lana bertako informazioa lehen eskutik ematen digutenei. Ez baitute sinatzen artikulu edo argazkirik informazioa maneiatzen duten multinazionalen artean. Iturri horrek balioa galtzen omen du Michael edo Johnny agertu partez, Mohammed edo Brahim agertzen badira.

Hortaz zenbakirik zehaztea zaila izaten da. Hala eta guztiz ere gehienetan bahituak espioitzat hartuak  dira. Zilegitasuna ematen die hitz hori erabiltzeak bahitzaileei. Beste batzuetan gerra estrategia ere bihurtzen da bahiketa. Hango edo hemengo nazio batek alde batekoak edo bestekoak lagundu ditzan presionatzeko, adibidez.

Siriako gatazkan, presoaren ziegako estantziak luzeak izaten ari dira. Bada Austin Tice deitzen den estatubatuar kazetari bat zeinak 14 hilabete daramatzan bahitzaileen hatzaparretan. James Foley –hau ere estatubatuarra– horren beste adibide garbi bat dugu. 347 egun pasa dira desagertu zenetik. Halere azken informazioek diotenez, Assad-en aldeko milizia batek bahitu zuen Idlib hiri inguruan eta Damascoko militarren kartzela batean omen dago.

Foleyren kasua berezia da. Lehen aipatutako blackout edo isiltasunarekin amaitzea erabaki baitzuten familiak eta lan egiten duen egunkariak. Semearen berririk izan ez eta gurasoek telebista programa batetan esan zuten ez zela “inongo espia, kazetari soila baizik”. Ez dakigu inongo erreakziorik izan zuen, berriro isiltasuna jausi baitzen kasu horren gainean.

Aske geratu direnek, aldiz, eurei gertatutakoa nola izan zen azaltzen dutenean, bi egoera ezberdin  aipatu ohi dituzte. Lehena, kontrako milizia baten eskuetan erori zela, toki eta une txarrean egoteagatik. Assad-en aldeko miliziak izaten dira gehienetan horrela jokatzen dutenak. Bigarrena, matxinatuen lurraldean gertatzen da. Kazetariaren inguruko norbaitek –konfiantzazkoa dela uste dena– diru truke informazioa saldu egiten die bahitzaileei. Non eta zeinekin egongo den, armatuak doazen ala ez…

Bi kasuetan denboraldi bat igarota, telefono deiak dantzan hasten dira. Negoziaketetarako ezinbestekoa baita informazio gehien ahalik eta azkarren lortzea. Azkartasunak bahituaren alde jokatzen du beti.

Kazetariaren egunkariak, diplomatikoek eta beste hainbeste elkartek, isileko lana egiten dute. Familia informatua mantentzen saiatzen dira. Gobernu askok familiari psikologo bat jartzen die estresa eta frustrazioa arintzeko. Diplomatiko askoren esanetan, senitartekoei azken informazioak kontatu edo ez kontatzea lan zaila eta arduratsua izaten da. Gezurrezko informazio ugari dabil egiazkoa bailitzan.

Non dira Mohammed eta Brahim?

Siriako kazetarien kasuan ez da berdina gertatzen. Multinazionalentzako irudiak, bideoak eta testuak idazten dituzten herritar soilak dira. Gerra hasi baino lehenago, horietako askok behintzat, kazetaritza ikasketak burutu zituzten eta Assad-en aurkako altxamendua hasi zenean alde batean edo bestean harrapatu zituen nahi gabe. Siriarra izan eta gatazkan kazetari jarduteak lerrokatzea esan nahi du. Askok badakite ez direla etxera sekula bueltatuko, frontearen beste aldean baitaude. Askok lanak sinatzerako garaian ez dute benetako izena erabiltzen, familiako kide asko Assad edo matxinatuak dabiltzan lekuan bizi baitira oraindik.

Hauek bahitzean edo hiltzean inork ez du ahotsik jasoko, ez da nazioarteko kanpainarik egingo askatasun eske. Ez da deus egongo. Estatistika zenbaki ere ez dira izango, kameraren aurrean heriotza fotogeniko bat izan ez badu behintzat, mundu “zibilizatuaren” morboa asetzeko. Ez da ez Mohammed kazetaria ez Brahim argazkilaria izango. Bahitua bada ez dugu ezertxo ere jakingo denbora luzez, ezta bere familiak ere, bi aldetako komunikazioa arras zaila delako.

Inoiz baino bahiketa gehiago ari da gertatzen gerra honetan. Askatu edo ihes egin dutenen deklarazio labur batzuk besterik ez ditugu entzuten. Bahitu askoren albisterik ere ez dugu, ez baitakigu horietako asko bahituta daudenik ere. Hauek saihestea ere zaila da, informatzen jarraitu beharrean baikaude, eta horretarako bertaratu egin behar. Puzzlea osatzen saiatzen bagara ere, falta den piezatxo horrek berriro arriskuan jartzen gaitu kazetariok, ez baitakigu geuk ere noiz, nola, zergatik...
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siria
2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


850.000 haurrek utzi behar izan dute beren etxea Kurdistanen, Turkian eta Sirian

Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.


Turkian lurrikarak 'low cost' hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Eguneraketa berriak daude