Giza Eskubideen Siriako Behatokiak salatu du gobernuko indarrek gutxienez 800 zibil hil dituztela Latakia probintzian, "odol hotzean". Ahmed al Sharaa Siriako behin-behineko presidenteak iragarri du "batzorde independente" bat eratuko dutela gertatutakoa ikertzeko eta erantzuleak "epaitegi militarretara" bidaltzeko.
Hiru hilabete bete dira HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeak abiatutako ofentsibak Baxar al-Assad Siriako presidente ohia (2000-2024) boteretik kendu zuenetik. Ahmed al Sharaak HTS koalizioaren buruak –Abu Mohamed al Julani zuen guda izena– hartu zuen bere lekukoa, eta herrialdeko behin-behineko presidente gisa eduki zuen lehen hitzartzean adierazi zuen siriarrak "nekatuta zeudela" borrokatzeaz, eta herrialdea osatzen duten "etnia ezberdinen arteko batasunera" deitu zuen.
Ostegunetik hasita, ordea, al-Assad-en jarraitzaileek osatutako hainbat miliziek Siriako armadaren aurkako erasoak egin dituzte herrialdeko kostaldeko Latakia probintzian, eta erantzun gogorra izan dute: Giza Eskubideen Siriako Behatokiak argitaratutako ohar baten arabera, gobernuko indarrek gutxienez 1.311 –830 zibil tartean– pertsona exekutatu dituzte azken egunetan, "mendeku gisa eta odol hotzean". Siriako hegoaldeko probintzia horretan bizi dira herrialdeko musulman alaui gehienak; biztanleen %13 dira musulman xiiten adar horretakoak, tartean al-Assad presidente ohia.
Agintari berriek eskatutakoaren kontrara, al-Assaden jarraitzaile ugarik ez dituzte armak entregatu, eta abenduaz geroztik eraso ugari egin dituzte Siriako boterea bereganatu duten matxino islamisten aurka: iazko abenduaren 25ean, esaterako, hamalau polizia hil zituzten segada batean, Tartus eskualdeko herrixka batean –hori ere alauiak gehiengoa diren Siriako hegoaldeko probintzia da–.
NBEko Segurtasun Kontseilua martxoaren 10ean bilduko da Siriako kostaldeko gertakariez hitz egiteko, hainbat estatukidek eskatuta "larrialdi bilera" batera deitu ostean. Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Volker Turkek bart adierazi du informazio "beldurgarriak" jaso dituztela Siriako armadak eginiko hilketen inguruan: "Familia osoak eta errugabeak hil dituzte. Behin-behineko agintariek berehalako neurriak ezarri behar dituzte siriarrak babesteko, eta erasoen erantzuleak epaitu".
"Batzorde independente" bat eratuko du Siriako Gobernuak
Siriako behin-behineko gobernuak ostiralean kaleratutako bideo batean, al Sharaak "delitu barkaezinak" egitea egotzi zien al-Assad presidente ohiaren jarratzaileei: "Siria babesten duten horien aurka oldartu zarete, eta armak itzuli behar dituzue berandu baino lehen". Herrialdeko behin-behineko presidenteak larunbatean zabaldutako ohar batean jakinarazi zuen Siriako Defentsa Ministerioak "batzorde independente" bat sortuko duela Latakiako hilketak ikertzeko, eta gobernuaren aginduei jaramon egin ez dieten soldaduak "epaitegi militarretara" eramango dituztela ohartarazi.