Seme-alabekin kartzelara

  • Umeak 3 urte bete arte, Espainiako Estatuan preso dagoen amak eskubidea du seme-alaba espetxe barruan berarekin izateko, Frantziakoan berriz, umeak urte eta erdi bete arte. Ama batzuek argi dute adin horretan haien alboan egon behar duela haurrak, kartzelan izan arren; seme-alaba senitartekoekin kanpoan uztea deliberatzen dute bestetzuek. Biak ala biak, umearen onerako egindako hautuak. Biak ala biak, hautu zailak.

Semea kartzelan izateko erabakiarekin
Semea kartzelan izateko erabakiarekin "biziki harro eta pozik" dago Maite Diaz de Heredia, baina une latzak ere bizi behar izan zituen. Goizeko ordubatean urak bota eta erditzear zela ziegako txirrina jo eta jo aritu zen lau orduz, erantzunik jaso gabe.Diaz de Herediak utzita

“Oso zaila da kartzelan egonik umea eduki nahi duzula eta lehenengo hilabete edo urteak barruan igaroko dituela erabakitzea. Ez da aukera pertsonala soilik, nire bikotekideaz gain (bera ere kartzelara joango zela bagenekien) familiak ere parte hartu zuen erabakian eta babes osoa eman zidaten hasieratik. Buruari asko eragin nion, badakigu espetxea ez dela eremurik aproposena ume bat izateko eta sentimendu kontrajarriak dituzu: alde batetik ama izan nahi duzu (32 urte nituen eta agian aurrerago ez nuen umerik izateko aukerarik edukiko) eta bestetik ez dakizu zeurekoi jokatzen ari ote zaren. Baina pentsatu nuen lehenago, gerra garaietan, emakumeek seme-alaba ugari izaten zituztela eta haiek ere ez zutela erditzeko prestaketa ikastarorik jasotzen edo egoera latzetan hezten zituztela haurrak. Aurrera jotzea hautatu nuen, unean-unean zetorrenari erantzuten joango nintzela. Denborarekin konturatu naiz zorte handia izan dudala, biziki harro eta pozik nago hartu nuen erabakiarekin, eta ikusi dut beste askok ama izan nahi baina ez dutela lortu, bikotekidea urrutiko beste espetxe batean izan dutelako edo Frantzian bis intimorik ez zegoelako… eta nahi eta ezin hori, hori bai da gogorra”. Gasteizko Maite Diaz de Heredia preso politiko ohia da mintzo zaiguna. 2001ean atxilotu zuten, Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako sarekadan, 2003an haurdun geratu eta 2004ko otsailean erditu zen. Harri semeak bost hilabete igaro zituen berarekin espetxean eta uda hartan fidantzapean kalera atera ziren biak.

Euskal Herrian badaude emakumeentzako moduluak dituzten espetxeak –ez gizonezkoentzako adina, emakume askoz gutxiago dagoelako presondegietan–, baina ez dago ama eta haurrentzako modulurik. Araba espetxea (Zabaian) berria da, baita Iruñekoa ere, baina ez batak ez besteak ez dute aintzat hartu seme-alabarekin barruan egoteko aukera. Espainiako Estatuan, hainbat kartzela daude ama eta umea jasotzeko prestatuta: moduluak gainerakoen berdinak dira egitura aldetik, goiko solairuan ziegak daude eta behean patioa, jantokia, denda modukoa, telefonoak, komunak, gimnasio txiki bat eta telebista gela. “Berezitasuna da –zehaztu du Diaz de Herediak– ziegan zu bakarrik zaudela umearekin eta sehaska bat ematen dizutela. Soto del Realen eta Aranjuezen paretak Disneyko pertsonaiekin-eta zituzten apainduta eta haurtzaindegia ere bazegoen, modulutik aterata”. Lau hilabetetik aurrera, sartu-irtenak egin ditzake haurrak, gainera umea paseatzera eta bestelako ekintzetara eramaten duten hainbat elkarte boluntario daude. Frantziako Estatuan ere badira amak hartzen dituzten espetxeak, baina Espainian baino kaskarragoak dira baldintzak, ama eta umea ziega txikietan eta isolatuta egon ohi dira. Frantziako legeak ez du orain arte bis intimorik onartu eta teorian debekatuta dago kartzelan haurdun geratzea.

Erditzear ziegan itxita

Madrilgo Soto del Realen zegoelarik, goizeko ordubatean urak bota eta ziegako txirrina (garitarekin komunikatzeko interfonoa) jo zuen Maite Diaz de Herediak. Inork ez zion erantzun, ezta hurrengo lau orduetan ere, txirrina jo eta jo egon zen arren. Konplikazioren bat izan balu edo umea lehenago etorri balitz, auskalo zer gertatuko zatekeen. Baina heldu ziren azkenean, eta erizaindegira eta handik ospitalera eraman zuten. Erditu eta hurrengo egunak bakarrik pasa zituen gasteiztarrak ospitalean, ahaztu egin zutelako senitartekoei jakinaraztea hara eraman zutela. Ez zuen hasiera ona izan Diaz de Herediak, gertatutakoa salatuz idatzi zion kartzelako zuzendariari, eta Harri jaio eta astebetera Aranjuezeko espetxera aldatu zituzten.

Aranjuezen galarazita zegoen haur-kotxea sartzea –barrukoarekin moldatu behar zuten–, jostailurik ere ezin zuten ekarri kanpotik eta gutxi ziren barruan zeuden jolasgarriak. Txomin izeneko astotxo bat eta beste jostailuren bat baino ez zeuzkan Harrik. Amaren kezkak, dena den, bestelakoak ziren. “Aranjuezera oso nekatuta iritsi nintzen, ahulduta, eta normala den bezala zalantzaz beteta heldu nintzen, ume jaioberriarekin. Hasieran adibidez, era jakin batean hartzen nuen umea eta seme-alaba mordoxka izandako beste presoak inguratu eta esaten zidaten, ‘gaizki hartzen duzu!’ eta berriz ezartzen zidaten, modu naturalagoan. Preso politiko bakarra nintzen, baina nahiko ondo moldatu nintzen gainerako presoekin. Gero kolikoak izan zituen umeak, baina nik ez nekien zer zeukan eta kezkatuta nengoen, gosea zuela esaten zidaten beste presoek eta ez nekien bularra eman ordez besterik eman beharko ote nion. Telefonoz segituan amarekin edo ahizparekin hitz egitera jotzen nuen halakoetan, pediatra ere bagenuen. Egia da egoera horietan inor ez duzula ondoan, baina aldi berean, nolabait, nire barnerako erdi-txantxetan pentsatzen nuen lehenengo haurrarekin ingurukoengandik jasotzen den aholku piloa saihestu nuela eta onerako edo txarrerako, nik neuk hezi nuela hasieran. Kanpoan amatasunak artifizialtzera jo du pixka bat, liburu mordoa dago, internet… eta ematen du ume bat izan beharrean arazo bat izan behar duzula, zure bizitzara estralurtar bat iritsiko dela bat-batean. Hemen barruan, beste erremediorik ezean, senak esaten dizunari egiten diozu kasu”.

Haatik, espetxean erabaki ugari ez daude amaren esku. Inguru erdaldunak, adibidez, semea euskaraz hezteko nahia baldintzatzen zuen. Ahalik eta ongien eta gehien jaten saiatzen zen gasteiztarra, umearen pureak ere hartzen zituen, Harriri bularra ematen zionez hau ere ondo elikatuta egon zedin, baina aurrera begira, bularra utzi eta bestelakoak jaten hasten zenean, kartzela barruan umea ondo nola elikatu, hori zuen kezka handienetakoa. Nola ez, haurraren osasuna ere bazegoen ardura nagusien artean: “Jaio eta bi hilabetera bronkiolitisa izan zuen, ospitalera atera gintuzten eta une horietan ahul eta inseguru sentitzen zara, batez ere erditzean izan nuen esperientziaren ostean. Salduta zaude nolabait, beraien esku, eta ardura hori etengabea da, beti zaudelako besteen pean eta euskal presoa izanik zurekin jolastu dezaketelako, estutu zaitzakete eta kontua da ez duzula zure burua zaindu behar, haurrarena baizik, berak du lehentasun osoa”.

Umea kanpokoekin gehiago ez egotea ere bota zuen faltan amak, bestelako erreferentziarik ez izatea. Txema bikotekidearen eta senitartekoen argazkiak jartzen zituen ziegan, eta asteroko bisitaz gain, bis familiarra eta elkarbizitza-bisa zuten hiru hilean behin, baina tarte laburrak dira eta une garrantzitsu asko galdu zituen aitak, “gogorra da harentzat ere. Zortedun sentitzen nintzen, pozik, eta aldi berean apur bat neurekoi, Txemari eta etxekoei zerbait lapurtuko banie bezala, baina haurra nirekin izateak izugarri lagundu zidan, eguneroko indarra eman zidan han barruan”.

Kartzelaren eragina vs. harreman estua

Harrik ez du espetxe garaia gogoratzen. “Jakin badaki han egon zela guk azaldu diogulako, baina modu naturalean bizi du eta ez da zerbait traumatikoa beretzat. Inkontzienteki eragiten al dien? Zaila da zehazten eta horri ere bueltak ematen dizkiozu buruan. Barruan daudenean berdina da dena: errutina oso markatua, paisaia eta aurpegi berak… Nire ustez Harri ez zen jabetzen, baina egia da ume helduxeagoak ikusi nituela eta haiek guardiak imitatuz jolasten zuten, edo ateak ixtera jostatzen ziren. Barruan denbora gehiago egon balitz, kontziente izango zen ziurrenik, adibidez miaketez, astero miatzen baininduten. Asteburu-pasa kanpoan egon ostean umeak negar batean bueltatzen ikustea gogorra zen. Adin batetik aurrera hasten dira sozializatzen eta jabetzen mundua askoz zabalagoa dela, eta niretzat ez zen erraza, badirudielako umea kaltetzen ari zarela, bere bizi kalitatea murrizten, lau pareten artean duzulako. Baina hala eta guztiz ere, Harrik 3 urte bete arte jarraitu izan banu kartzelan, nirekin mantenduko nuke segur aski. Azken finean, ezagutu ditut 3 urtera arte barruan egon diren umeak eta ez dut ikusten kalte egin dienik”.

Nahiz eta kartzelan umea hezteak ageriko alde txarrak dituen, Maite Diaz de Herediak garrantzi handiagoa ematen dio harekin harreman estua garatu ahal izateari: “Diotenez umearen bizitzaren lehenengo hiru urteetan garrantzitsuena lotura eta harreman hori da, atxikimendu hori oinarri sendoa da gero umearen garapenarentzat, eta erabaki nuen, mugak muga, bera nirekin egotea zela inportanteena. Gero semeak bere bidea egin behar du eta egin du, ez naiz umea ama-zulo nahi duten horietakoa, baina 2007an Segurako sarekadan berriz atxilotu eta kartzelan umearengandik bananduta eman dudan sei urte hauetan, harekiko soka askatu dudan arren, bion arteko haria ez da inoiz eten, neurri handi batean, nire ustez, hasierako oinarri horri esker”.

Erabakia ondorio guztiekin hartu zuela eta errepikatu egingo lukeela dio Diaz de Herediak. “Kanpotik agian epaitu egin gaituzte, baina egoera hau egokitu zaigu eta amatasunari uko egin behar diot espetxean nagoelako? Zoritxarrez, Euskal Herrian inoiz baino emakume gehiago dago preso politiko eta erabakia hartu behar duzu: arre edo ixo. Espetxea gogorra da, hori da abiapuntua, baina dena balantzan jarrita, zalantzarik gabe baietz esango nioke galdetzen didanari, umea izateko. Umearekin ditudan kartzelako oroitzapenak batez ere onak dira, edo latzak direnak ere, umorez kontatzeko gai naiz gaur egun (erditzea adibidez). Azkenean, zure burbuila sortzen duzu, badakit non nagoen, miaketak daude tartean, eskuburdinekin zoaz erditzera, guardiaz inguratuta zaude… baina umea da lehentasuna, berau babestea, eta oskola sortzen duzu inguruan”.
 

Alaba, hobe kanpoan

Preso sozialen bergizarteratzeaz arduratzen den ADAP elkarte arabarretik ziurtatu digutenez, espetxeratzen dituzten Euskal Herriko preso sozial ia denek seme-alabarik gabe joatea erabakitzen dute, familiarekin geratu ohi dira haurrak. Faktore nagusietako bat izaten da umea barrura sartu nahi izanez gero urrutira joan beharko luketela, Euskal Herrian ez baitago amentzako modulurik –sakabanaketa dela-eta, preso politikoek ez dute halako dilemarik–. Rosa María Gonzálezek kartzelan sartu baino hilabete batzuk lehenago izan zuen Naiara alaba, eta ahizpari eman zion haren zaintza. Familiaren babesa izateagatik zortekotzat du bere burua, haurra norekin utzi ez eta gizarte zerbitzuek umea kendu dieten presoak ezagutu baititu, “eta hori latza da”. Kartzelan haurra izatearen aurka dago, “delitua egin dugunak gu baikara, ez gure seme-alabak. Gu markatuta uzten gaitu espetxetik igarotzeak, pentsa umearentzat zer den, ateek ixterakoan egiten duten hots lehor hori, uniformeak, isolatuta egotea… Nahiz eta txikiak izan, haurrek ere barneratzen dituzte halakoak, hobe daude etxean, familiarekin. Egun bakar batez Madrilgo Dueñasen egon nintzen, amen moduluan, eta lur jota bukatu nuen, eta egun bakar bat baino ez zen izan! Jolasean ari ziren han umeak, baina ez dakit… ez zen gauza bera, inolaz ere. Haur bati barruan ezin diozu eman zuk nahi duzun guztia, espetxea oso mugatua delako”.

Droga-trafikoagatik eta orduko bikotekidearekin lapurretan aritzeagatik sartu zuten kartzelan González, 2004an. Zamorakoa da eta Leongo kartzelan zortzi urte eman ditu, baina Araba espetxerako aldaketa eskatu eta zortzi urtetan lortu ez duena zortzi hilabetetan eskuratu du Zabaian: pisu batean dago beste emakume preso batzuekin eta hainbat hezitzailerekin, Gasteizen. “Gogorra da familiarengandik hainbeste kilometro urrundu behar izatea onurak jaso ahal izateko, baina Leonen jarraituko banu, oraintxe bertan kartzelan nengoke”. Espetxean sartu eta hilabete batzuetara, senitartekoei adierazi zien ez zuela bisita gehiagorik jaso nahi, irteteko baimenak aprobetxatuko zituela Naiararekin eta beste bi seme zaharragoekin aurrez aurre egoteko eta egun batzuk haiekin pasatzeko, “baina ez nuen nahi seme-alabek hemen barruan ikusterik, gaizki pasatzen dutelako eta nik ere gaizki pasatzen dudalako. Kanpotik bueltatzerakoan ere gogorra da, ez pentsa, negarrez itzuli naiz beti espetxera, baina…”. Barruan, Naiararen ahotsa entzuteko telefonoan jartzen zion umea ahizpak, eta haren eboluzioaren berri ematen zion, harik eta Gonzálezek alabari buruzko konturik ez azaltzeko eskatu zion arte, “irteteko baimena nuenetan aprobetxatuko nuela alabaren ondoan egoteko, baina espetxe barruan ezetz, min handia egiten zidalako, ez baitzara ari ikusten egunez egun nola ari den hazten. 3 hilabete zituenean sartu ninduten kartzelan eta kalera ateratzeko lehenengo baimena eman zidatenean urte eta erdi zeukan jada. Naiarak izeba deitzen dit, jakin badakien arren ni naizela bere ama. Ama nire ahizpari deitzen dio, nik eman diodalako bizitza baina hark hezi du, eta hura da bere ama”. Naiararen argazkiak eta marrazkiak ere eramaten zizkion ahizpak, “eta dena ondo gordeta daukat, baina espetxeko gelan inoiz ez ditut jarri, latza delako, argazkiak ikusi eta jota geratzen zara, gauza arraroak pentsatzen hasten zara eta berriz ere drogetan eror zaitezke…”.

Nola azaldu?

Gaur egun 9 urte ditu Naiarak, baina ez diote esan ama –harentzat izeba– kartzelan dagoenik, ikastetxean umeak zaintzen baizik. “Txikia da oraindik, 12-13 urterekin agian bai, hitz egingo dut berarekin eta gauza asko azaldu beharko dizkiot, zalantza ugari izango ditu-eta”. Harriri ordea, beti azaldu diote egoera, hasieran oso modu sinplean, baina garbi. Batez ere, Diaz de Herediaren arabera, umearen jakin-mina asetzen joan dira, “neurtzen joan gara zer, zenbat azaldu, galdetu duen heinean. Uste dut asmatu egin dugula eta ondo ulertu duela, baina hasieran gogorra da, ezin duzula atera adierazi arren 4 urterekin negarrez joaten zelako bis guztietatik, ea noiz itzuliko nintzen galdezka behin eta berriz… Gurasooi sortzen zaigun beldurra da umeak sentitzea alde batera utzi dugula eta beti saiatzen zara argi uzten espetxetik ezin zarela atera. Sakabanaketa ere azaldu behar diozu, zergatik gauden urruti. Tamalez, errealitate hori bizi du eta modu ahalik eta naturalenean bizi dezan saiatu gara. Nik uste presoen seme-alabek heldutasun puntu bat bereganatzen dutela, egokitu zaien bizimoduak eraginda. Ez da Harriri ezer txarrik sumatu diodanik, baina heldutasun hori antzematen zaiola esango nuke, bidaia luzeak tartean (kexatu gabe), duen ardura, eta profil hori errepikatzen dela ikusi dut, ume izateari utzi gabe, hori ere garrantzitsua baita”.

Bidaia luzeak egiten jarraitzen du Harrik, aita ikusteko. Txemak gutxienez beste lau urte eman behar ditu oraindik kartzelan, Puerto de Santa Marían, eta otsailean Harrik 10 urte beteko dituenez, elkarbizitzako bisak egiteko aukerarik gabe geratuko dira, hala dagoelako araututa. “Ez du hanka ez bururik, bat-batean, dirudienez, desagertu egiten da haurraren beharra, eta hilean ordu eta erdira mugatuko da aitarekin duen harremana”. Rosa María Gonzálezi berriz, ondo bidean martxoan baldintzapeko askatasuna emango diote eta senarrarekin ari da etorkizuna planifikatzen. Seme-alabekin harremana izaten jarraitu nahi duela dio, baina ez du zaintza beregain hartzeko asmorik. “Ezin dut alaba hartu eta nirekin bizitzera eraman, ama txarra eta ahizpa txarra nintzateke. Pixkanaka egingo dugu dena, egoera bortxatu gabe. Izeba izatearekin pozik nago oraingoz”.

Biek ala biek garbi dutena da erabaki zuzena hartu zutela. Ziurrenik hala da, hautu oso pertsonala baita, norberaren egoeraren, baldintzen, baliabideen eta printzipioen araberakoa.


ASTEKARIA
2013ko urriaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude