Sakabanaketa politika amaituta, etxeratzea helburu

  • 34 urtez luzatu den euskal preso politikoen sakabanatze politika amaitutzat eman dute Etxeratek eta Sarek, ostiralean Espainiako Gobernuak iragarritako bost Euskal Herriratzeekin. Pozez hartu dute berria bi elkarteek, eta iragarri dute orain lanean jarraituko dutela preso, errefuxiatu eta deportatuak etxeratzea helburu.


2023ko martxoaren 27an - 05:46
Azken eguneraketa: 17:42
Argazkia: Sare

“Azkenean iritsi da aspaldi egin nahi genuen agerraldi hau”, hasi du bere hitzartzea Etxerateko bozeramaile José Moralesek, presoen senide eta lagunen elkarteak eta Sarek sakabanaketaren amaiera baloratzeko elkarrekin egin duten agerraldian. Moralesek eta Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak gogoratu dute urruntze politika “ia 35” urtez luzatu dela, eta bere amaiera “lan nekaezinaren emaitza” dela azpimarratu dute. “Lortu dugu” adierazi dute, aipatuz “ehunka” kale ekimen eta mobilizazio handi zein txiki, edo adostasunak ehuntzeko bilera zenbaezinak. “Zorionak modu batera edo bestera, beren ekarpen handia zein xumea egin duten guztiei”.

Etxeratek eta Sarek gogoan izan dituzte errepidean egindako milaka eta milaka kilometroak –Mirentxineko furgoneten eta autobusen gidariei eskerrak eman dizkiete–, “milatik gora” zaurituak eta, bereziki, “bidean geratu ziren” hamasei pertsonak. “Gaur, dihoakie haien senideei gure besarkadarik estuena”.

Iragarritako azken lekualdatzeekin Euskal Herrira helduko dira Irantzu Gallastegi (Estremeratik, Madril), Faustino Marcos (Darocatik, Zaragoza), Asier Borrero (El Duesotik, Kantabria), eta Garikoitz Etxeberria eta Gregorio Eskudero (Dueñastik, Palencia). Behin lekualdatzeak burututa, 152 euskal preso politiko egongo dira Hego Euskal Herriko Espetxeetan. Salbuespena Jaione Jauregirena da, Madrileko Alcala espetxean preso dagoena prebentiboki, Auzitegi Nazionalak epaitu zain.

Frantziako Estatuari dagokionez, euskal preso politiko ia denak (11) Lannemezanen daude, Euskal Herritik hurbilen dagoen espetxea Mont de Marsanekin batera. Salbuespena kasu honetan Ainhoa Ozaetarena da, Paris inguruko Réaun preso dagoena, besteak beste Euskal Herritik hurbil dauden espetxeetan ez dagoelako amentzako modulurik.

Etxerako bidean oztopoak

Urruntzea atzean utzita, helburua orain preso, errefuxiatu eta deportatuen etxeratzea dela azaldu dute Moralesek eta Azkarragak, urtarrilaren 3an jada Etxera ikur eta lelo berriarekin irudikatu nahi izan zuten moduan. Helburu hori legeak ahalbidetzen dituen bideak baliatuta eskuratu nahi dute, baina horretarako salbuespen legediak indargabetu eta presoei legedi arrunta aplikatu behar zaiela azpimarratu dute.

Oztopo handiak dituen bidea da presoen etxeratzearena, eta horietako batzuk zerrendatu dituzte Etxeratek eta Sarek. Batetik, hiru lege: 7/2003a, “bizi osoko zigorrak ahalbidetzen ditu”; 14/2003a, “Frantzian betetako zigorrak kontuan ez hartzea ahalbidetzen du; 5/2003a, “gradu progresioen edota zigor baimenen eskumenari eusten dio salbuespen organo batean, Auzitegi Nazionalean, hurbileko epaitegien kaltetan». Bestetik, lege arrunten aplikazioa: “Bigarren graduan dauden presoei legez dagozkien baimenak ukatzen dizkiete. 33 preso soilik daude hirugarren graduan, berez 110 egon beharko liratekeen arren. Gradu erregresioak gertatzen ari dira”. Iheslari eta deportatuak ere izan dituzte hizpide: “Itzuli ezinik jarraitzen dute, salbuespen legedia indarrean dagoelako”.

Oztopoei, lana

Oztopoka oztopo, edonola dela, etxeratzea lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute Etxeratek eta Sarek: “Harremanak sustatzen jarraituko dugu, aktibazioa bilatzen, plazak betetzen eta gure eskaerak lau haizeetara helarazten. Eta hori guztia, bizikidetzaren mesedetan, bateragarria egin behar dugu indarkeria guztien biktima guztiei erreparazioa eskatzearekin eta laguntzearekin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude