"Datozen 10 urteetan Belfasten 30 harresi bota nahi ditugu"

  • Belfasteko alkatea da iragan ekainaren 3tik. Sinn Feineko alkatea. Ez da alderdi horretako lehena baina, alderdi unionisten hainbeste urtetako nagusitasunaren ondoren, oraindik ere berezia egiten da. Datorren urteko ekainera arte izango da alkate. Bere leloa: “Etorkizuneko Belfast eraikitzen - elkarrekin”. Donostiako bake gailurrean izango da urriaren 11n.

"Mendeetako gatazka bizi izan dugu eta oraindik gure hamabost urteko bake prozesua nerabe bat bezalakoa da, zaindu eta babestu beharrekoa".Xabier Letona

Donostiako Udalak urriaren 10 eta 11n antolatutako Nazioarteko Konferentzian izango da Maírtín Ó Muilleoir, 53 urteko Belfasteko alkatea. Lau alderdi nagusienen artean urtero txandatzen dute kargua. 1987 eta 1997 artean ere izan zen zinegotzia Belfasteko Udalean. Belfast Media Group Taldeko kudeatzailea ere bada, baina alkate garaian utzia du kargu hori.

Zein mezu eramango duzu Donostiako Bake Konferentziara?

Bakekintzari dagokionez, Europan gaur egun dagoen gai garrantzitsuenetakoa da Euskal Herrikoa. Nik elkartasun mezua eraman nahi dut eta gure laguntzarik handiena eskaini. Belfasteko alkate moduan, bake esperantza, elkarbizitza eta oparotasun nahiak eraman nahi ditut Euskal Herrira. Gatazka armatuaren amaiera gauza ona da Euskal Herriarentzat eta bakea lantzeko aukera ona eskaintzen du.

Zure ustez zein gai dira bereziki zaindu beharrekoak bake prozesu baten hastapenean?

Oso garrantzitsua da lidergo onak izatea, esate baterako Otegi [Arnaldo] batek izan dezakeena modukoa. Jendearen konfiantza duten liderrak behar dira. Eta jakina, negoziazioaren bestaldean bakea landu nahi dutenak ere behar dira; baina badakit Madrilgo jarrera ez dela izaten ari gure kasuan gobernu britainiarrak izan zuena. Halako prozesuetan denek izan behar dute zer irabazia eta hori lortzeko oso garrantzitsua da lidergo sendoak izatea.

Autodeterminazioaren gaia ere oso garrantzitsua da eta, gainera, eskaera justua da. Prozesuaren laguntzaileak ere behar dira eta guk izan genituen, bai Irlandan, bai Erresuma Batuan eta baita AEBetan ere. Funtsean, Martin Luther Kingek esaten zuena da garrantzitsua: bide baketsuekin, gogor saiatuta, gure ametsak eta helburuak bete daitezke. Bilatzen dutenek topatzen dute.

Zuen kasuan, presoen gaia oso garrantzitsua izan zen prozesuaren arrakastarako.

Bai, oso garrantzitsua izan zen eta uste dut zuenean ere hala izango dela. Presoen askatasuna oso garrantzitsua izango da, espetxetik ateratzean euren ekarpena egin ahal izango dutelako eta bake prozesuaren alde egin, beren familien artean, lagunekin, herrietan… Gurean giltzarri izan zen bake prozesua arrakastatsua izateko.

Urte hasieran eta udan istilu larriak izan ziren Belfasten errepublikar eta unionisten artean. Oraindik ere esan dezakegu normalak direla halakoak edo zerbaiten erakusle dira?

Euskal Herriko jendearekin hitz egiten dudanean, azken bi urteetan zenbat arazo dituzten aipatzen didate. Bi urterekin, zuen prozesua haur jaio berri baten gisakoa da, baina konparaketa horretan gurea gazte bat da, eta oraindik arazo asko ditugu. Bai lehen eta bai orain, bake prozesuaren aurkako jendea egon badago, haiek eroso bizi dira gatazkan, baina gure artean esperantza eta begirune zubiak eraiki behar ditugu eta bakea lantzen jarraitu. Azken finean, ziur izan behar dugu batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa dela. Banderak, desfileak, sinboloek –Lord tituluaren erabilera adibidez– banatzen gaituzte… beraz, batzen gaituzten gaiak eta esparruak jorratu behar ditugu.

Bai, egia da, oraingoan gatazka handiak bizi izan ditugu, baina ez da hildakorik izan, eta lehen halakoak zirenean hildakoak izaten ziren. Ni gaztea nintzenean egunero hildakoak ziren egunkarietan. Badakigu min handia jasan duen jendea dagoela, prozesua bakerako aukera bat da eta gogor ari gara lanean berau aurrera ateratzeko. Hitz eginez alde guztiak ados jarriko garela uste dut.

Ostiral Santuko Akordioetatik hamabost urtera Richard Haass estatubatuarra duzue bitartekari lanetan. Hainbeste denbora eta gero oraindik behar duzue bitartekaritza?

Bai, jakina, zergatik ez? Horretarako daude lagunak. Mendeetako gatazka bizi izan dugu eta oraindik gure hamabost urteko bake prozesua nerabe bat bezalakoa da, zaindu eta babestu beharrekoa. Gure kasuan, Barack Obamak argi ikusi zuen berak ere heldu behar ziola gure gaiari eta Haass bidali zuen, eta hau, azken finean, tunelaren bukaeran argi apur bat jartzen saiatzen ari da. Nik ere [txantxa ukituarekin], 2040an berriz Donostiara gonbidatuko banindute, ez nuke arazorik izango bertara joan eta behar denean laguntzeko.

Euskal Herrian alderdi espainolistek ez dute entzun nahi ere bitartekariei buruz. Haientzat, bitartekariak gatazka bat dagoela esan nahi du eta ez dute horrelakorik onartzen.

Bai, ez dute gaia nazioartera eraman nahi, Espainiako mugen barruan mantendu nahi dute.

Irailaren 12an Amnesty Internationalek txostena kaleratu zuen gatazkako biktimei buruz eta esan zuen orain arte egindakoa negatiboa zela. Erresuma Batuko Gobernua eta Ipar Irlandako alderdiak egiten ditu horren errudun. Non egon da akatsa?

Gogoratzen dut txostena atera zutela, baina orain ez dut buruan esaten zuen guztia, berriro begiratu beharko nuke. Baina badakit giza eskubideen esparruan Gobernutik ez dugula behar beste egin. Long Kesh espetxea dagoen eremua, adibidez, bota egin behar zen eta bakearen sinboloa izan behar zuen, baina gure desadostasunengatik, azkenean ez da lortu. Hori izan da orain arteko prozesuaren akatsik handienetakoa, ez dugula nahikoa egin biktimen esparruan. Beste adibide bat: langile protestanteen esparruaren hezkuntzan ere ez da nahikoa egin.

Prozesuan zehar, zeregin oso garrantzitsua entzutean datza eta Amnesty International oso kontuan hartzeko erakundea da. Azken finean, elkarrizketa eta akordioen bidez egiten dugu aurrera eta, prozesu horretan, alde bakoitzak blokeo aukera du. Zerbait blokeatzen bada ezin da aurrera egin eta horrek esan nahi du dagokion gaiari beste leku batetik heldu behar zaiola. Errepublikar moduan, esan behar dut guk gauzak ondo egin ditugula, baina ez gara bikainak izan. Orain argi ikusten dut, nire lan nagusia emaitza positibo horiek lortzea da.

Orokorretik Belfastera etorrita, zer egiten ari zara alkate gisa komunitateen arteko tentsioa baretzeko?

Unionistentzat oso gogorra izaten ari da azken urteetan Belfasten izan duten botere galera. Horregatik haiengana hurbiltzen ari gara, haiek ukitzeko, haiekin komunikatzeko. Gaur egun unionistak gutxiengoa dira Belfasten. Ni txikia nintzenean 30 zinegotzi ziren –akaso 35– alderdi bakarrean, eta gaur egun 50etik 21 dira hiru alderditan banatuak. Azken 25 urteetan botere handia galdu dute, beraiek zuten nagusitasun erabatekoa eta orain galera hau dramatikoa da beraientzat.

Horregatik, guk erakutsi behar diegu bake prozesu honen alde ari garela lanean. Eskatzen duten guztia ezin da egin, gauza askok banaketa dakarrelako, baina, adibidez, ekainaren 3an alkate ordezkaritza hartu nuenean ez nituen kendu hemengo sinboloak [erreginaren erretratuak eta britainiar sinboloez ari da]. Eta kendu ahal nituen. Gero egon nintzen Londreseko alkate Boris Jonsonekin bere bulegoan eta hark ez du erretratu bat bera ere ez. Baina, jakina, beste batzuk ere jarri ditut, esate baterako 1916ko Irlandako Errepublikaren aldarrikapenarena; edo tapiz zahar batean gaelikoz idatzita dagoen duela 1400 urteko poesia bat.

Ekimen ugarirekin ari naiz egunerokoan, denen nahiak kontuan hartuz eta guztiak bakearen eraikuntzara gonbidatuz, hiriaren ongizateari begira funtsezkoa da eta.

Irakurri dut oraindik 30 harresi daudela Belfasten katoliko eta protestante komunitateak banatzen.

30 harresi gutxienez, batzuek diote 60 harresi inguru direla. Ni estresatu egiten nau hainbeste harresik. Datozen hamar urteetan kenduko direla aurreikusi da, baina azkenean herritarren erabakia da kentzea ala ez. Herritarren segurtasunari begira eraiki ziren 1969an, baina gaur egun herritarrak banatzen dituzte eta Gobernuak botatzea du aurreikusia. Jendearekin hitz egin behar da, hauek seguru sentitu behar dute. Ulertarazi behar diegu batetik bestera libre iragatea ona dela komunikazioa, kultura eta ekonomiarako. Harresi fisikoak bakarrik ez, burukoak ere bota behar ditugu, jendea oraindik ez dago prestatua eta gu ari gara lan hori egiten.

Eta Sinn Feineko alkate batek lord titulu britainiarra erabili du azkenean.

Dublinen ere erabiltzen dute eta Corken (Irlanda) ere bai eta ez da ezer gertatzen. Ni errepublikarra naiz, eta nire ustez herritar guztiak berdinak dira. Batzuek gustuko dituzte tituluak, nik ez, baina ez dut arazorik hori erabiltzeko.

Errepublikarren artean tentsiorik eragin du horrek?

Ez da arazorik egon, ez dut inolako tentsiorik ikusi. Martin McGuinness berak ere Lord Mayor titulua erabili zuen behin Twitterren nire lanaz ari zen batean. Beraz, ez dut inongo arazorik titulu hori erabiltzeko. Datorren urtean Belfasten hauteskundeak izango dira eta guk nagusitasuna izan dezakegu. Orduan agian berriz berraztertu beharko dugu sinboloen politika guztia. Gauza hauek guztiak hausnartu egin behar ditugu aurrera begira.

Seguruenik ez da oso esanguratsua, baina mugimendu errepublikar armatuen jarduna hazi egin da apur bat. Zer esan nahi du honek?

Alde bietan dago bake prozesuaren aurka dagoen jendea. Hori ulergarria da, baina ez dut uste horrek inori biolentzia erabiltzeko eskubiderik ematen dionik. Egon zaitezke prozesuaren aurka, eta hala ere zure ikuspegia eskaini eta ekarpena egin. Gatazka garaian besteko ahalegina egin behar dugu orain ere. Jende honekin eztabaidatzeko gaitasuna izan behar dugu, ez ditugu isolatu behar. Elkarrizketan sinesten dut, hitz egin dezagun haiekin eta lortuko ditugu emaitzak. Lortu behar dugu biolentzia iraganeko kontua izatea.

Irlandako erreferenduma dela eta, urte hasieran Gerry Adamsek aipatu zuen Ipar Irlandan 2016rako egin zitekeela erreferendum deialdia,1916ko Irlandako Errepublikaren aldarrikapenaren mendeurrenean. Komeni zaizue hain azkar?

Irlandako iparraldeko nazionalistek ikusi dugu nola konpondu dugun gatazka. Alde horretatik, honek tentsioa sortuko badu, bada ez zait gustatzen. Baina bestetik, aukera emango liguke Irlandako batasunaz eztabaidatzeko, zer onura ekarriko ligukeen eta beste gauza asko. Eskozian ari dira horrekin guztiarekin eta Irlandan ere honetaz guztiaz jardutea oso positiboa litzateke.

Amerikarren bitartekaritza oraindik ezinbesteko

Belfasteko Udala. Udalak 51 zinegotzi ditu eta azken udal hauteskundeak 2011n egin ziren, ondoko emaitzekin: Sinn Fein 16, DUP 15 (Alderdi Unionista Demokratikoa), SDLP 8 (Alderdi Sozialdemokrata eta Laborista), APNI 6 (Ipar Irlandako Alderdien Aliantza) 6, UUP 3 (Ulsterreko Alderdi Unionista), eta besteak 3. Azken 25 urteetan Sinn Feinek bikoiztu egin ditu bere zinegotziak. DUPk ere bai eta galera handiena UUPk izan du.

Richard Haass. Barack Obamak Ipar Irlandarako jarritako ordezkaria da eta bertako alderdien artean bitartekaritza lanak egiten ditu. Ostiral Santuko Akordioak 1998an onartu baziren ere, alderdiek normaltasun osoz hartzen dute bere lana eta urte bukaerarako bitartekaritza txostena bukatua izan behar du. Peter Robinson Ipar Irlandako ministro nagusiak (DUP) adierazi duenez, ez da samurra izango emaitza egokiak izatea. Sinn Feineko Martin MacGuinness da bigarren lehen ministroa.

Istiluak. 2012aren bukaeran Belfasteko udalak erabaki zuen Erresuma Batuko bandera egun berezietan bakarrik jarriko zuela, eta ez egunero. 1906tik bandera britainiarra egunero egon da jarrita udalean. Unionisten protesta handiak izan ziren eta kalean istiluak unionista eta errepublikar gazteen artean. Unionisten desfileak direla eta, aurtengo udan ere istiluak izan dira.

Erreferenduma. 2014ko irailean Eskozian izango den erreferendumaren arrastoan, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiak, urte hasieran adierazi zuen ez legokeela gaizki 2016an Ipar Irlandan erreferenduma egitea, 1916ko Irlandako Errepublikaren aldarrikapenaren mendeurrenean. Gobernu britainiarrak entzun ere ez du nahi halakorik eta alderdi unionisten artean, batzuek uste dute ez litzatekeela aukerarik txarrena, euren ustez, oraindik irabazteko moduan leudekeelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude