Brexita eta ardatz anglosaxoia

  • Europako Batasuna 1993an sortu zenetik kide berriak gehitu dira bata bestearen atzetik. Joan den ostiralera arte 28 estatuk osatu dute makro-egitura politiko eta ekonomiko hori. Izan ere, urtarrilaren 31 historiara pasako da, EBk izan duen lehen zatiketaren eguna izan delako. Prozesu korapilatsu eta luzearen ostean, 67 milioi pertsonak, Erresuma Batuko biztanleek, agur esan diote EBri. Historian iltzatuta geratuko den mugarri geopoliko honen erroak eta ondorio batzuk aletu ditugu erreportaje honetan.

II. Mundu Gerraren ostean, AEBek garbi zuten Alemaniaren boterea mugatu eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko elkarlana sustatu behar zutela Mendebaldeko aliantza trinkotzeko. Helburu horrekin Europako integrazioa bultzatu zuten. Abiapuntua 1950 eta 1957. urteen artean koka daiteke, Europar Komunitateen hiru itunak sinatzearekin batera. Lehenengoa 1951n Alemaniak, Belgikak, Frantziak, Herbehereek, Italiak eta Luxemburgek Parisen sinatu zuten Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa sortzeko. Sei herrialde horiek, II. Mundu Gerran galtzaile eta okupatuak izan zirenek, 1957an, Europako Energia Atomikoaren Erkidegoa eta Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE) sortzeko itunak sinatu zituzten Erroman.

Erresuma Batuak aldiz, bestelako estatusa zuen, II. Mundu Gerrako irabazle nagusietako bat izateaz gain, oraindik inperio garrantzitsua baitzen. Londresek dekadentzia goxoa bizi zuen Britainiar Commonwealth-ari eta Amerikako Estatu Batuei esker. Stuart Laycock historialariak azaldu du Erresuma Batuak egungo Nazio Batuen Erakundeko 193 herrialdeetatik 171 inbaditu izan dituela. Britaniako armadaren inbasioaz libratu diren herrialdeak 22 baino ez dira, horietako asko hiri-estatu ñimiñoak. Honek erakusten du Inperio britaniarra izan dela historian interes globala azaldu duen lehenengo potentzia, eta ondoren bere seme-alabek, AEBek, gogoz hartu dute munduko hegemonia anglosaxoia mantentzeko erreleboa.

Norbera hegemonikoa den pentsamendutik europar integrazio proiektu batera iristea zaila suertatu zen hasieran. Halere, proiektua sendotu ahala britaniar kontserbadoreek Europar Ekonomia Erkidegoan sartzearen alde egin zuten merkatu librea (kapitalismoa) garatu asmoz. Ez zuten lortu 1973ra arte, gainbehera inperial garratza jasaten ari zen De Gaulleren Frantziaren betoa jaso zutelako.

Ordutik Erresuma Batua beti izan da rara avis Europar Batasunean. Estatuak eta herritarren gehiengoak maiz azaldu zuten Bruselarekiko distantzia emozionala, nolabait aditzera emanez pragmatismo hutsagatik hartzen zutela parte elkartean. Areago, Alderdi Laboristako sektore batzuk ez zeuden batere kontent 1970 eta 1980ko hamarkadetan, tartean Jeremy Corbyn, Europar Ekonomia Erkidegotik atera nahi zuten, Erresuma Batuan neoliberalismoa zabaltzeko tresna gisa identifikatzen zutelako.

Laboristen mesfidantza kontserbadoreen artean ere zabaltzen hasi  zen, baina beste arrazoi batzuengatik. 1986ko Europako Akta Bakarrak eta 1992ko Maastrichteko Itunak merkatu bakarra sendotu zuten eta neoliberalismoari ateak zabal-zabalik utzi zizkioten, ordurako baina, Europako proposamen kapitalistek moderatuak ziruditen Thatcherrek inposaturiko merkatu librearen ereduaren aldean. Europa neoliberalismoa biguntzeko tresna gisa hasi ziren ikusten laboristak eta, kontserbadoreak aldiz, nazionalismo britaniarraren betaurrekoak jarrita, beldur ziren europar integrazioan sakontzeko hartzen ari zen bideaz.

Londresi baimendu zizkioten nahierako akordioen logikak britaniar salbuespena eta euro eszeptizismoa indartu zituen. Brexitaren aldekoak etengabe hazi izan dira 1990eko hamarkadatik, halere, ez ziren gehiengo bilakatu XXI. mendeko krisi ekonomikoa jazo arte. Britaniar neoliberalismoak desindustrializazio prozesua azkartu eta langileak gehiago pobretu zituen. Eskuin populistak pobreen arteko lehia eta ezinikusiak bultzatu ditu etorkinek esku lana merketu eta paisaia nazionala aldatzen dutela argudiatuta. Ezkerra odolustuz joan da, klase apaleko sektore batzuk seduzitu dituelako eskuinaren soluzio magikoak: mugen gaineko kontrola berreskuratzea etorkinen jarioa erregulatzeko. Elementu honekin batera EBri egiten zaion ekarpen ekonomikoa bertan behera uztea eta merkataritza akordioak egiteko eskumena berreskuratzea izan dira ideia klabeak Brexitaren garaipena ulertzeko. Nigel Farage politikari ultraeskuindarrak maiz laburbildu izan ditu ideia horiek era sinple batean: burujabetza eta demokrazia berreskuratu behar dira. Faragek behin eta berriro azaltzen du Erresuma Batuak burujabetza galdu duela Europar Batasunaren mesedetan, "demokratikoa ez den" eta britaniar interesa lehenesten ez duen egitura baten onerako.

Behin erreferendumean Brexita garaile izan ostean, sekulako anabasa ikusi dugu irteera gauzatu ahal izateko. Erresuma Batuak orain arte hartu dituen erabakiak ulertzeko –baita 2020an negoziatu eta hartu beharko dituenak ere– Merkatu Bakarra, Europako Esparru Ekonomikoa eta Europar Batasuneko aduana-batasuna zer diren jakin behar da. Hiru hauez gain, Eurogunea eta Schengen-esparrua (pertsonen mugikortasuna errazteko balio duen akordioa) daude, baina bi hauetan Erresuma Batuak ez du parte hartzen.

Batasun europarraren ardatz nagusietako bat da “lau askatasunak” segurtatzen dituen Merkatu Bakarra. Honek erregulatzen ditu ondasunen, kapitalen, zerbitzuen eta pertsonen mugikortasun askatasunak. Hemen EBko herrialdeek parte hartzen dute eta lau betebehar dituzte: lau askatasunak errespetatzea, EBko arauak betetzea, EBko aurrekontuari ekarpena egitea eta EBko auzitegiaren menpe jartzea.

Bestalde, Europako Merkataritza Libreko Erkidegoa (EFTA) dugu.  Erakunde hau Europako Ekonomia Erkidegoan eta Europako Batasunean parte hartzen ez zuten edo duten Europa Mendebaldeko herrialdeen arteko lankidetza ekonomikoa garatzeko erakundea da. Besteak beste, Austria, Britainia Handia, Finlandia, Portugal eta Suedia izan dira kide; egun lau baino ez dira gelditzen: Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitza. Hauetatik lehenengo hirurek EBko estatuekin batera Merkatu Bakarrean parte hartzen dute Europako Esparru Ekonomikoaren kide direlako. Suitzak, berriz, esparru honen partaidetza berretsi ez badu ere, de facto kidea da sinatu dituen aldebiko akordioei esker.

EFTAko herrialdeek Merkatu Bakarreko lau betebeharren bertsio propioa dute EBko araudi guztia ez dutelako bete behar (nekazal eta arrantza sektoreetan ez dute parte hartzen) eta beraien auzitegi propioak dituztelako, gainontzekoan “lau askatasunak” errespetatu eta EBren aurrekontuari ekarpena egin behar diote. Trukean EBko estatuekin merkatu askatasuna dute eta munduko beste herrialdeekin merkataritza akordioak sinatu ditzakete, izan ere, EFTA herrialdeek ez dute EBko aduana-batasunean parte hartzen. Azken honetako kideak dira Andorra, Monako, San Marino, Turkia (nekazal produktuetarako izan ezik) eta EBko herrialdeak. Hauek guztiek arantzel politika komuna dutenez, nazioarteko merkataritza akordioak herrialde bat balira bezala negoziatu eta sinatzen dituzte, ezin dute beren kabuz bakarka negoziatu eta adostu munduko beste estatuekin.

Boris Johnson - AP

Brexit Leuna ala gogorra?
Gauzak horrela, Erresuma Batuak Brexitaren ondoren Merkatu Bakarrean eta Aduana-Batasunean parte hartzen jarraitzea hautatu izan balu, Brexit leuna zatekeen; egungo egoerarekin alderatuta, EB finantzatzen eta bere araudiaren gehiengoa onartzen jarraituko zukeen, bi elementu horiei buruzko erabakitze ahalmenik izan gabe Bruselan. Baina, Brexitaren hiru oinarrizko proposamenak izan dira EB finantzatzeari uztea, herritarren mugikortasun askatasuna etetea eta EBtik kanpoko herrialdeekin aldebiko merkataritza akordioak negoziatu eta sinatu ahal izatea, batez ere AEBak gogoan. Azken hau lortzeko Europako Esparru Ekonomikoaren kide izate hutsarekin nahikoa da, kontua da trukean EBko aurrekontuari ekarpena egin beharko liokeela eta Merkatu Bakarreko herritarren mugimendu askatasuna bermatu beharko lukeela. Horregatik, Londresek aukera hauek guztiak baztertu egin ditu oraingoz. 

Beraz, Brexitaren abiapuntua Merkatu Bakarretik eta Aduana-Batasunetik bere osotasunean ateratzea izan da, horrela Erresuma Batuak bere mugen kontrola berreskuratuko du eta gainontzeko helburuak erdietsiko ditu hasieran. Arazoa da Londresek EBko merkatuarekin harremantzeko Suitzak eginiko bidearen antzekoa egin beharko duela, aldebiko tratatu ugari negoziatuz eta adostuz. Ez da erraza izango, Erresuma Batuko Gobernuak nahi duen integrazio maila baina handiagoa erdietsi baitu Suitzak: Merkatu Bakarreko kidea da Europako Esparru Ekonomikoaren bidez, eta Schengen esparruan parte hartzen du. 2020a negoziaketa gogorren urtea izango da eta ez dago baztertzerik Brexita leuntzeko adostasunak lortzea.

Eskozia eta Irlanda
Edozein kasutan Londresek ez du lana Bruselarekin bakarrik izango, etxean zereginak pilatzen hasi zaizkio. Eskoziak Brexitari ezetz esan zion eta orain beste independentzia erreferendum bat eskatu du. Oraingoz Boris Johnson Lehen Ministroa kontra azaldu da. Halere, Erresuma Batuaz ari garenean sorpresatarako prest egon behar dugu. Aspalditik Londresek lurralde gatazken aurrean erakutsi duen malgutasuna kontuan izanik, egokitzapen asimetrikoak negoziatu eta sortzeko gaitasun handia du. Horregatik, Eskoziak presionatzeko estrategia eraginkorra jartzen badu martxan, litekeena da Britainia Handiko gobernuak irtenbide bat bilatzea.

Adibide ona da Ipar Irlandako kasua: merkatu bakarretik ateratzeak 1998ko Ostiral Santuko bake akordioa higatzea dakar. Izan ere, Irlanda osoan ondasunen eta pertsonen mugimendu askatasuna egotea oso elementu garrantzitsua izan da bakegintzarako. Baina, azkenean Erresuma Batuak hartu duen erabakia da Ipar Irlanda Merkatu Bakarrean mantentzea salbuespen batzuekin (zerbitzuak). Alde batetik, uhartean ez da egongo merkatu mugarik, horri dagozkion kontrolak Itsasoan egongo dira Irlanda osoaren eta Britainia Handiaren artean. Bestalde, Londresek sinatuko dituen aldebiko merkataritza akordioen pean geratuko da Ipar Irlanda, Erresuma Batuko aduana-batasuneko kide bezala.

Dena den, akordio hau lau urtetarako izango da. Epe hau igarota Ipar Irlandako Parlamentuak erabakiko du egoera horretan jarraitu ala ez. Bi komunitate nagusiek babesten badute gehiengo osoz, zortzi urtez jarraituko du akordioak, gehiengo sinplez babestua bada lau urtez jarraituko du indarrean eta azkenik, babes nahikorik izango ez balu, bi urteren buruan Ipar Irlanda Merkatu Bakarretik aterako litzateke. Erabakitze eskubidearen beste aitorpen bat Belfastentzat.

Europako Batasunako egoitzatik Erresuma Batuko bandera kendu zuten unea.

Korapiloak askatzeke
Brexita urtarrilaren 31n gauzatu bada ere, argi dago prozesuak korapilo eta hari-mutur asko duela askatzeko. Batzuk beste batzuk baino errazago argituko dira, baina atal guztiak ez dira itxiko 2020an. Ikusteko dago ea Erresuma Batuaren irteerak EBri erraztasun handiagoa eskaintzen dion bere integrazio prozesuan sakontzeko, eta ea anglosaxoien menpekotasun politiko-militarretik askatzeko gai ote den. Beste interesgune inportante bat izango da ikustea nola jarraituko den gorpuzten herrialde anglosaxoien aliantza. Polo bakarreko mundu batetik polo anitzeko mundurako trantsizioan garbi dago bost herrialde anglosaxoiek (AEB, Erresuma Batua, Kanada, Zeelanda Berria eta Australia) bloke bat osatzeko erabakia hartu dutela. Inteligentzia zerbitzuetan eta arlo militarretan duten integrazio maila, beste arlo batzuetan ikusiko dugu hurrengo urteetan, besteak beste, ekonomian. Berresteko dago Washingtonek eta Londresek iragarri zuten AEB eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza akordioaren negoziaketa azkarra. Hori azkar ikusiko bagenu, eta Commonwealth-eko aterkiaren laguntzaz, Erresuma Batuak espero baino gutxiago sufritu lezake Brexitagatik.

Londresek baliabide eta aliatu asko du eskura bere interesak defendatzeko. Izan ere, XIX. mendean Lehen Ministro bitan izan zen Lord Palmerstonek azaldu zuena oraindik Erresuma Batua eta Brexita ulertzeko esaldirik lagungarrienetako bat da: “Ez dugu [Ingalaterra] betirako aliaturik, ezta betirako etsairik ere. Gure interesak iraunkorrak eta betierekoak dira, eta gure betebeharra haiek zaintzea da”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brexit
2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


2020-12-24 | ARGIA
Brexit-ari buruz akordioa sinatu dute Erresuma Batuak eta Europar Batasunak

Negoziaketa prozesu luzearen ondotik, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak Brexit-aren gaineko akordioa lortu dute azken minutuan.


2020-02-04 | Euskal Irratiak
Brexita Ipar Irlandan

Otsailaren lehenean bereizi dira Erresuma Batua eta Europar Batasuna.


Erresuma Batuko hauteskundeak 2019
"Brexit" zaleak eta Eskoziako independentistak garaile Erresuma Batuko hauteskundeetan

Brexita gauzatzeko aukera eskura du Lehen Ministro eskuindar Boris Johnsonek, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo absolutua lortu ostean. Alderdi Laboristak 85 urtean izan duen emaitzarik eskasena eskuratu du. Eskoziako Alderdi Nazionala da hirugarren indarra Erresuma Batuko... [+]


2019-10-28 | ARGIA
Europar Batasunak onartu du Brexitaren luzapen berri bat: 2020ko urtarrilaren 31

Luzapen berria Brexitaren partida luzean: Europar Batasunak data berri bat onartu dio Britainia Handiari haren egituretatik ateratze baldintzak zehazteko, 2020ko urriaren 31. Bi aldeek adostasun osoa lehenago lortuko balute, britainiarrek balukete lehenago joateko aukera. Aldi... [+]


Eguneraketa berriak daude