Hauteskundeak amaituta, demokraziaren garaia da

  • Sei konderrietako estatua orain 101 urte sortu zen Irlandako iparraldean. Gehiengo unionista iraunkortzeko zegoen diseinatua. Sistema mota bat, non sortua izan zenean, hauteskunde barrutiak halako gisan banatu zituen ezen unionistek beti abertzale irlandesek baino bozka gehiago lortzen zituzten.

Sinn Fein-eko Michelle O'Neill Irlandako Iparraldeko gobernuko lehen ministroa izatea eragotzi nahi du DUPk, Protokoloa aitzaki hartuta. (Arg.: RTVE)

2022ko maiatzaren 23an - 14:28

Gainera, sistema sektarioa, irlandar identitateko komunitatea bereizten zuena, eta baita ere tradizio irlandarraren aldekoak edota tradizio unionistakoak ez zirenak, bigarren mailako herritar izatera bideratzen zituena. Diskriminazio hau guztia estatuak babesten zuen etxebizitza publikoaren esleipenetan, lana bilatzerakoan eta botoetan.

Injustizia eta errepresio unionista, alderdi bakarreko iparraldeko estatua, kolonialismo britaniarraren eta Irlandako banaketaren ondorio ziren.

Oinarrizko eskubideen ukapenak iparraldean, hala nola eskubide zibilak, demokratikoak eta giza eskubideak, 1969tik 1997 arte luzatu zen gatazka politikoa izan zuen ondorio. Ostiral Santuko Akordioak aldiz, 1998an, hamarkadak irauten zituen gatazkaren eta aldaketa demokratikoak zein gobernu partekatuaren arteko marra marraztu zuen. Ostiral Santuko Akordioa, Irlandako bake prozesuaren arkitektura demokratikoa bilakatu zen. Printzipio, balore eta arauz osatutako inguru bat sortu zuen, Irlandako iparraldean eraldaketak eta gerora begira aldaketak ahalbideratzeko.

Aldaketa honen erakusle da, adibidez, 2017tik, iparraldean gehiengoa zen unionismoaren itzaltzea, Sinn Fein eta beste alderdi aurrerakoien mesederako. Brexita, pandemia eta Protokoloaren (EBko muga Erreinu Batuarekin non kokatu Irlandan) inguruan dagoen impassea medio, paisaia politikoa dramatikoki aldatu da. Politika iparraldean etengabeko eraldaketan egon da.

Hilabeteak dira jada, Sinn Feinek iragarri zuenetik maiatzaren 5eko hauteskundeak belaunaldi bateko garrantzitsuenak izango zirela. Eta horrela izan da. Ez daude bi hauteskunde bertsuak, baina hasiera batetik deigarri gertatu zitzaidan oraingo hauteskunde hauen eta 2017ko orokorren artean zegoen antzekotasuna hautesleen inplikazio politikoa dela eta. Hautagai bezala aurkeztu nintzen barrutian sentitu ahal izan nuenez, jendeak bizimoduaren garestitzeari buruz hitz egin nahi zuen, gure osasun zerbitzuen egoerari buruz, edota zerbitzu publikoetara bideratutako inbertsio ekonomikoei buruz.

Ipar Irlandako Asanblearako hautatutako Sinn Feineko parlamentariak.  (Argazkia: An Phoblacht

Hitz egin nuen jendeak, jatorri unionistakoak barne, DUPk (Alderdi Demokratiko Unionista) instituzio publikoak eta gizartea bera baitu zituela zioen. Haserre eta frustraturik zeuden DUPk botere partekatuari egindako min itzelagatik, lehen ministroak (DUP) Protokoloaren aitzakipean dimisioa aurkeztu ondoren.

DUPk eta politikari unionistek hauteskunde kanpainan egindako komentarioengatik ere haserre zeuden bozkatzaileak. Horien aburuz, denon lehen ministroa izan zitekeen pertsonaren kargu hartzea blokeatua izan zitekeen hura errepublikarra izateagatik. Izan ere, hauteskunde hauetan aspaldiko sektarismo unionista, “iparraldeko estatu unionista bat” leloaren sinonimoa dena, oso presente izan da.

Gertakari hauek guztiek hauteskundeetan eragina izan bazuten ere, 250.000 pertsonek Sinn Feinen mezu positibo eta aurrerakoia bozkatu zuten, elkarrekin aldaketa erreala eragitearena alegia. Beste alderdi aurrerakoi batzuk ere sarituak izan ziren aldaketaren aldeko mandatuekin. Duda gabe, maiatzaren 5eko hauteskundeak belaunaldi oso bateko garrantzitsuenak izan dira, inflexio puntua bilakatuz.

Brexitak dena aldatu zuen, eta oraingoan, berriro ere, paisaia politikoa eta soziala aldatu egin da. Orain, denona izango den lehen ministro bat egon daiteke lehen aldiz 101 urtean, eta gainera botere partekatua egokiago sortzeko potentziala dago.

Ala ere, agenda positibo hau zuzenean mehatxatzen dabil DUP alderdia, botere partekatua eta hego-ipar instituzio politikoak berrezartzeari uko egiten baitio. Eta larriagoa da oraindik hau guztia orain gertatzea, bi aldeetako familiak inoiz ikusi gabeko bizitzaren garestitzearen ondorioz pairatzen ari diren krisia dagoenean tartean; iparraldean zerbitzu soziala eta osasun zerbitzua krisi sistemiko batek kontsumitzen dituenean.

Botere partekatuaren oinarri guztia arriskuan dabiltza jartzen DUPen eta torien taktikak, eta bereziki torien kanpo harremanetarako idazkariaren, ERG Ikerketa Ekonomikoen Taldearen eta DUPen arteko aliantza toxikoak. Nazioarteko hitzarmen eta nazioarteko legalitatea, Ostiral Santuko Akordioa eta Protokoloa alegia, zuzeneko erasopean daude. Isilpean ari dira Ostiral Santuko Akordioa desegiteko asmoarekin, eta baita Protokoloa bera ere, EBren kontrako guda faltsua irudikatuz.

Egungo torien administrazioak ez du inongo interesik Irlandako bake prozesuan inbertitzeko edo harekin loturarik mantentzeko. Whitehalleko katu potoloei ez die iparraldeko inork axola. Eta bien bitartean, DUP alderdiaren egungo zuzendaritzak ihes egiten dio agertoki politiko berrira moldatzeari. Nazioarteko tratatuekin eta nazioarteko legalitatearekin jolastu nahi dute, pentsatuz, erronka politiko garrantzitsuagoen testuinguruan, Ostiral Santuko Akordioa birrintzea eta beto unionista erabiltzea botere partekatua ekiditeko ez direla arazo izango ez etxean ez kanpora begira. Horrenbestez, urgentziaz jokatu beharra dago.

Ezin zaie utzi gizartearen nahi demokratikoa gutxiesten, ezta ere parlamentarien gehiengoaren mandatuari errespetua galtzen.

Ezkerrean Kearney, artikuluaren egilea. (Argazkia: An Phoblacht)

EBk eta AEBetako administrazioak tente mantendu beharra dute, Ostiral Santuko Akordioa babestuz eta nazioarteko tratatuen eta nazioarteko legediaren lehentasuna defendatuz. Ondorioz, baztertu egin beharko lituzkete Protokoloaren eta Ostiral Santuko Akordioaren negoziazio berririk, biak bere horretan baitira beharrezkoak eta gelditzeko baitaude.

Akordioa berrorekatu behar dela dionean, Gobernu Britaniarra Ostiral Santuko Akordioaren kontrako agenda bultzatzen ari da, akordioaren aldeko erretorika erabiliz. Ostiral Santuko Akordioak behar duena bere inplementazio osoa da.

Irlandako Gobernua irmo mantendu behar da eta DUPren zein torien jarrera suntsitzailearen kontrako posizio garbia erakutsi behar du. Eta iparraldeko jendartearen batasun garrasia indarrez entzun behar da. Hautetsontziak argi mintzatu diren honetan, aukera zail baten aurrean gaude; edo xantaia onartzen dugu eta iraganera bueltatzen gara edo demokraziaren alde altxatzen gara.

Aukera bakarra gelditzen zaigu, demokraziak gailendu beharra baitu.

(Deklan Kearney Sinn Feineko bozeramaile da. Artikulua Igor Letonak itzuli du eta originala  'An Phoblcht' aldizkariak argitaratu du)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude