"Guretzat egia da inportanteena, Estatuarentzat justizia formala"

Pat Finucane Centerrek Derryn daukan bulegoan egin genuen elkarrizketa, han ari da lanean Paul O
Pat Finucane Centerrek Derryn daukan bulegoan egin genuen elkarrizketa, han ari da lanean Paul O"™Connor 1992az geroztik.

Pat Finucane Center (PFC) giza eskubideak eta egiaren berreskurapenean diharduen gobernuz kanpoko erakundea da eta bertan ari da lanean Paul O’Connor 1992tik. Europar Batasuneko eta Irlandako Gobernuaren diruak sostengatzen dute elkartea. Pat Finucane 1989an loialistek hil zuten Belfasteko abokatua zen eta, haren oroimena eskuan, Ipar Irlandako gatazkan 35 urtean zehar gertatutako 200 bat hildakoren –gehienak katolikoak– nondik norakoak ikertzen ari da, besteak beste. Ikerketa lanari ekiteko hildakoen familiek haiengana jo behar dute eta honek ekin egiten dio, bai bere kabuz eta, batez ere, Ipar Irlandako Poliziaren Ikerketa Historikoen Taldearen (HET) lana jarraituz.

Egia eta justizia. Gatazka baten iragana ikertzerakoan lehian ibiltzen dira bi kontzeptuak.

Errepublikar eta nazionalista familia askok ez dute ezer espero justiziatik, ez dute konfiantzarik eta errealistak dira. Loialisten familia askok, batez ere segurtasun indarren hildakoen familietakoak, oraindik ere justiziaz hitz egiten dute, eurek sinesten dutelako Estatuak egin zuena ondo dagoela eta Estatuak oraindik eman behar diela erantzun egoki bat. IRAk norbait hil bazuen duela 30 urte, eta hori ikertzen bada, izan behar du kontu handiz, frogekin, ADNarekin… Baina, adibidez, soldadu batek sei metroko distantziatik botatako gomazko pilotak norbait hil duenean, hori ez da ulertzen “tiro egite” gisa.

Estatuarentzat akaso izango du garrantzia justizia formalarenak, baina guretzat garrantzitsuena egia da, ezagutzea Estatu britainiarra noraino egon den sartua gatazka honetan, hau ez baita izan katoliko eta protestanteen arteko gatazka bat

Ez da akordiorik egon Haass elkarrizketetan. Uste duzu azkenean posible izango dela iragana ikertuko duen batzorde independente baten sorrera, adibidez Sinn Feinek aldarrikatzen duen bezala?

Ez dakit, baina horrekin ere kontuz ibili behar da. Estatu britainiarrak inoiz ez ditu bere artxiboak guztiz irekiko eta IRAk ere ez. Hala ere, artxiboak etengabe arakatzen ditugu eta lortzen dugu prozesu berriak irekitzea eta hori oso positiboa da familientzat. Baina, jakina, hori da izebergaren punta, eta gauza asko inoiz ez ditugu jakingo. Horregatik, PFCren politika oso pragmatikoa da. Hildakoen guraso asko hiltzen ari dira, zer esan behar diegu, itxaroteko 30 urte batzorde independentea sortu arte eta honek emaitzak eman arte?

Familia guztiek ez dute justiziaren ideia bera. Hauetako batzuek soldaduak espetxean ikusi nahi dituzte –ez da gertatuko– eta beste batzuek egia besterik ez dute nahi, horrek lasaitasuna ematen dielako. Armadak hildako gehienak errugabeak ziren, baina esaten zuten terroristak edo haien laguntzaileak zirela; Estatu britainiarrak errugabeak zirela onartzea nahi dute familiek.

Jakina, nahi baduzu norbait hil zuten soldaduak espetxera joatea, onartu behar duzu baita ere norbait hil zuten IRAko kideak ere espetxera itzultzea. Bake prozesuan espetxeak hustu genituen eta orain berriz betetzen hasiko gara?

Esaten da 3.600 hildakoetatik kasu gehienak oraindik ikertu eta auziperatu barik daudela. Esaten da hauen ikerketaz aritzen den HET desagertu egingo dela. Bere lana oso zalantzan jarri da. Zuek asko aritu zarete haiekin. Zer uste duzu?

Seguruenik HET desagertuko da. Prozesu hau batez ere britainiarra izan da, eta hori izan da arazorik handiena. Bere zeregina oso eztabaidatua izan da eta askotan oso azalean ibili dira, horregatik gure lana izan da haiek ikertzera bultzatzea. HETko talde batzuek lan ona egin dute, beste batzuek ez. Adibidez, Lethal Allies (Aliatu hilgarriak) liburuan armada eta segurtasun indarrak eta talde paramilitar loialisten arteko frogak agertu ditugu, eta hauek HETri esker lortutakoak dira, oso froga indartsuak. Baina, oro har, HETk behar du legeak eta prozedurak ondo ezagutzen dituztenen jarraipena. Horregatik gu oso kritiko izan gara HETk babesik gabeko familien hildakoak ikertu dituztenean, prozesu hauek gehienetan porrotean amaitu direlako. PFCk, esaterako, inoiz ez du onartu HETk aurkeztutako lehen informea.

Britainiar estatua eta paramilitar loialisten arteko konplizitatearen frogak oso argiak dira liburuan ikertutako 120 kasu horietan. Eta orain, zer gertatuko da?

Gobernuarentzat PFC bazter uztea erraza da, baina epaile batzuek zerbait esatea, edo Legebiltzarrean esatea… Hori saihestea zailagoa da haientzat. Orain justiziaren esparruan norbaitek gure lanarekin zerbait egitea lortu behar dugu. Duela gutxi egon gara Estatuko ordezkariekin eta esan diegu: “120 hildakoren froga oso zehatzak daude hor, zer egingo duzue liburuarekin?”. Eta ez dakite zer egin.

Bloody Sunday auzia ikertu zuen batzordean hiru epaile ziren eta hauek esan zuten, “bai, armadak jende errugabea hil zuen”, eta horrek erraztu zuen David Cameronek “sentitzen dut” esan ahal izatea.

IRAk desagerrarazitako 15 bat kasuetatik zortzi pertsonenak oraindik ez dira argitu. Zergatik da? IRAk informaziorik ematen ez duelako, denbora asko pasatu delako eta informazioa ahaztua edo galduta dagoelako...?

Hilketa horiek ikertzen dituen batzordearen arabera, IRAk eman du laguntza topatu direnak bilatzeko, baina hainbat kasutan tartean zegoen jendea hilda dago, edo ezin dira gogoratu, edo ez daude ados bake prozesuarekin, edo Sinn Fein kaltetu nahi dute… Baina kritika orain ez da IRAren aurkakoa, baizik informazioa izan dezaketen pertsonen aurka. Edozein modutan, immunitate mugatuaren sistemak funtzionatzen du, eta horregatik agertu izan dira hainbat desagertu.

Zertan oinarritzen da immunitate mugatua?

Hildakoaren familiak immunitate mugatua indarrean jartzeko baimena ematen duenean, norbaitek deklaratzen badu berak zerbaitetan parte hartu duela, hori ezin da bere kontra erabili auziperatzean.

Euskal Herrian iraganaren kontakizunaren gaiak garrantzi handia hartu du. Hemen zer adostu da iraganari buruz?

Kontakizunak hainbat dira, ez dago kontakizun bakarrik. Loialisten zati batek, adibidez, ez ditu onartzen hemen izandako errepresioa eta bere ondorioak, hemen urteetan horrek eragin zuen izua; Belfasteko iparraldean, adibidez, 600 pertsona hil zituzten. Haientzat katolikoak besterik ez ziren.

Eta gure komunitate nazionalistak, errepublikarrak, oraindik ez du ulertzen ondo IRAk egindako mina, gerra batean gertatutakoak ziren eta listo. IRAk ia mila soldadu eta polizia hil zituen. Horiek borroka batean gertatutakoak dira, baina horrez gain, beste 600 pertsona ere hil zituen. Horretaz guztiaz ere hitz egin behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude