Ez zarena antzeztuz

Antton Olariaga

Interneteko orrialde batetik bestera, Kavafisi arrazoi eman eta berez inportantea dena bidaiatzea dela frogatuz, nondik hasi dakizun eta non bukatuko duzun ere badakizun ariketa horretan nengoela, film labur baten trailerrera iritsi nintzen. Oraindik ez nekien film laburrek trailerrak izan litzaketenik. Ikusi nuen kuantitatiboki apurra baina oro har zati handiak ondorioztatzen utzi zidanaren arabera, filmak aktore baten interpretazio arazoak azaltzen zituen. Protagonistak film batean gayarena egin behar du, baina bera heteroa da eta horrek beldurrak eta segurtasun gabeziak sortzen dizkio. Filmatu beharko duen sexu eszenaren beste partaidearekin entseatzeko biltzen da. Trailerrak ez du korapiloa askatzen, baina dauden aukera gutxien artean ez dirudi zailegia asmatzen.

Horretan tematu beharrean, batek daki zergatik, hasi nintzen film laburraren protagonista bera, Danny Lopes, gay ote den asmatu nahian.

Fikzioak bere izen errespetagarria galtzen ez badu, lausotu behintzat egiten duen tokia gogokoa izaten dut. Aitzakia hori gutxienez eman nion neure buruari, aktore gayarena egin behar duen alegiazko aktore heteroarena egin behar duen egiazko aktore gayaren istorioa, making of-a neure buruan proiektatuz.

Zinemaren barruko zinema den neurrian, aktorearen sexualitateak alda dezake filma nola ikusi. Hortik kanpo? Asko aipatu da egunotan 50 Shades of Grey eleberri harrigarriro arrakastatsuaren filmatzeko tenorean egileak ez ziola Matt Bomerren hautaketari oniritzia eman, zaleen faboritoa bazen ere, Bomer gay aitortua izanik istorioak sinesgarritasuna edo galduko zuelakoan; eleberria irakurri dutenek esan didatenagatik egileak beste kontu, derragun, literarioagoetan horrelako kezkarik inondik inora agertzen ez duen arren. Liburuaren fanak haserre omen daude. Azkenean beste batek eraman du papera, Queer as folk telesailean gayrena antzezten zuen heterosexual batek. Kontrako norabideak gaitzagoa ematen du oraindik.

Orain gutxi, lehenago aipatutako rol zurrunbilo zoro horietako batean murgilduta ikusi nuen neure burua eta lehengo trailerrarekin oroitu. Lagun batekin alokatzeko pisuak ikusten ari nintzen eta eguneko hirugarrenean pisuaren jabe beharrean agentzia bateko langileak arreta eman zigun. Gaztetxo batek. Ezin ukatu egoera erlaxatuagoa dela. Ustez. Berehala ohartu nintzelako langilearekiko berdintasun planoan gaudela uste dezakegun arren, une horretan dirua duenak boterea ere baduela eta bere ikuskera inposatzen duela, baita berdintasuna ispilatzea ere.

Giro lasai eta lagunkoi horretan, komuna erakutsi eta zein txikia zen ikusita, aurretik ikusitako pisuko pasadizoa berritu nuen, lagunak aditu ez zuelako. Jabeak ia ahapeka ohartarazi zidan dutxa bi lagunentzat aproposa zela. Nire adiskideak (mutila) barre egin zion nik kontatutakoari, ez baikara inolaz ere bikote, eszena irudikatuta. Agentziako mutila gure barreei gehitu zitzaien. Gaizkiulertua landatu eta okerra hazi zen. Gu biok maritxuak ginela pentsatzea ere. Ematen zuen une batetik bestera gay jendeaz gaizki esaka hasiko ginela. Nire lagunari eszenak dibertiarazten zion eta ez zuen moztu. Nik segundo batez irudikatu nuen irrien azpian gure ustezko homofobiak ematen zion nazka. Paperak aldatuta, nirea ez den roletik bestea, babesgabe, gure manura antzeztera behartuta ikusteak sentiarazi zidana ez dakit nola deskribatu.
Jakina, ez dugu pisu hori hartu. Dutxan ez zegoen bientzako tokirik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude