Tronua berreskuratzeko dieta

Antso I.a Leongoa 
(c. 935-966), XII. mendeko miniatura baten arabera. Marrazkia erregea hil eta bi mende geroago egina da. Beraz, egileak ez zuen sekula Leongo erregea ikusi. Haren antza izatekotan, azken urteetakoa izango du, 959 baino lehen Antsok 220
Antso I.a Leongoa (c. 935-966), XII. mendeko miniatura baten arabera. Marrazkia erregea hil eta bi mende geroago egina da. Beraz, egileak ez zuen sekula Leongo erregea ikusi. Haren antza izatekotan, azken urteetakoa izango du, 959 baino lehen Antsok 220 kilo inguruko pisua baitzuen.

Leongo Erresuma, 956. Ordoño II.a erregea hil zen, eta haren anaia eta aurkari politiko nagusiak, Antso I.ak, eskuratu zuen tronua. Antso Gartzes eta Toda Iruñeko errege-erreginen biloba zen, Leongo Ramiro II.a eta Urraca Sanchez errege-erreginen semea, eta Gizena ezizena ez zioten alferrik ipini. Diotenez, 220 kilo inguru pisatzen zuen, egunean zazpi otordu egiten omen zituen, eta gutxienez hamazazpi plater bete janari irensten.

Muturreko loditasunak bere zereginak betetzen uzten ez ziola argudiatuta, Leongo noble gehienek errege gaztearen aurkako jarrera hartu zuten. Gaztelako nobleziaren laguntzaz eta Fernan Gonzalez kondea buru zutela, armada indartsua bildu eta errege gizena tronutik egotzi zuten, koroa jantzi eta bi urtera. Haren ordez Ordoño IV.a izendatu zuten.

Erbestealdi behartua hasi eta berehala, errege gizenak amonarengana jo zuen, Iruñeko Todarengana. Orduan, amonak hitzarmena egin zuen Abderraman III.a kalifarekin –kalifa ere Todaren senitartekoa zen, iloba, hain zuzen–; Antso Kordobara joango zen argaltzeko terapia egitera, aginterako ezinbestekoa zuen arintasuna lortzera, eta ordainetan, kalifak Duero ibai aldeko hainbat lurralde bereganatuko zituen.

Hasday ibn Saprut izeneko Kordobako gorteko mediku judutar batek hartu zuen Antsoren dietaren ardura, eta errutina gogor baina eraginkorra ezarri zion: 40 egunetan infusioak besterik ez zuen dastatu Antsok. Egunero, egunsentia baino lehen, Kordobako mendilerroko muino batera igo behar zuen oinutsik, gailurraren inguruan hainbat belar jaso eta, jauregira itzuli ondoren, bildutako belarrak sabelalde mardulean igurtzi behar zituen.

Ziurrenik, dokumentuetan jasotako 40 eguneko dieta ez zen nahikoa izango eta Leongo errege ohiak ahaleginari jarraipena eman beharko zion. Baina, kontuak kontu, Antso I.a 90 kiloren bueltan zebilen Leongo erresumara itzultzea erabaki zuenean. 960. urtean, soldadu iruindarrez eta musulmanez osatutako ejertzitoa bildu eta erraz berreskuratu zuen koroa.

Musulmanekin hitzartutakoa berehala ahaztu zuen erregeak, eta aliatu ohiak Ordoño IV.aren alde arituko ziren handik aurrera. Badirudi, ordea, dietari leial eutsi ziola. Azkenik, sagar bat jan ondoren hil zen 966an; Sampiroren Kronikaren arabera, Gonzalo Sanchez konde matxinoak sagar pozoitua eman zion errege argalduari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude