Irregulartasunak kontratuetan

  • EAEko Kontu Epaitegiaren fiskalizazio txostenaren arabera, irregulartasunak izan dira 2011ko AHTren kontratu guztietan, Naiz.info-k argitaratu duenez.

Hego Euskal Herriko AHTren obretan 10.000 milioi euro gastatzea aurreikusten dute. Irudian, hondeamakinetan egindako protesta Ordizian.
Hego Euskal Herriko AHTren obretan 10.000 milioi euro gastatzea aurreikusten dute. Irudian, hondeamakinetan egindako protesta Ordizian.AHT Gelditu!
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Patxi Lopezen Gobernuak 2011n AHTren eraikitze lanetarako egindako kontratu guztiek gutxienez bost irregulartasun dituztela argitu du epaitegiak fiskalizazioaren inguruan egindako txostenak. Adjudikazioak balio-judizioari lotuegi zeuden kontratatutako enpresak aukeratzerakoan. Txostenak dioenez AHTren kontratuen espedienteetan ez dira zehazten eskaintza onena adjudikatzeko irizpideak.

2011n Eusko Jaurlaritzak lau kontratazio egin zituen, bakoitza denbora tarte desberdinarekin eta guztiak irregulartasunekin. Adjudikazio hauetan guztietan, erabakigarria izan zen kontratatuaren balio-judizioa, aukeratutako proposamenetatik bakarra ere ez zelako merkeena, Naiz.info-k dioenez.

Bestalde, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak antzeman du AHTren lau zatietako hirutan lan programak garaiz kanpo onartu zirela. Gainera, langileen segurtasuna arriskuan egon dela salatu du epaitegiak txostenean. Bertan esaten denez, Patxi Lopezen Gobernuak obrak hasi ostean onartu zuen segurtasun eta osasun plana; eta ez ditu betetzen obretarako legeak ezartzen dituen gutxieneko segurtasun neurriak.

Bizikleta martxa AHTren aurka

AHTren aurkako bizikleta martxa antolatu du Mugitu! kolektiboak Lurraren alde, mugitu eta eragin lelopean. Altsasutik abiatuko da uztailaren 25ean eta astebeteko itzulian hainbat herri eta eskualde zeharkatuko ditu: Urbina, Legutio, Aramaio, Angiozar, Urretxu, Beasain, Zerain, Legorreta, Tolosa, Andoain, Zubieta, Zarautz, Hernani, Lezo, Irun eta Orereta igaroko ditu, besteak beste. Donostian amaituko da abuztuaren 1ean.

Lurraren aldeko borrokan oinarrituko da ekimena. Hainbat ekintza egingo da martxak iraun bitartean: ekintza desobedienteak, herritarrekin topaketak, batzar eta eztabaidak, kale ikuskizunak eta abar.

Gainera, AHTz gain bestelako azpiegitura handiak ere salatuko dituzte, haien kontrako borrokan ari diren eragileekin harremanak indartuz.

Lurraren defentsatik harago, badira AHTren kontra egiteko arrazoi gehiago, Mugitu!-ko kideen hitzetan. Arrazoi ekonomikoak adibidez. Bizi dugun krisi egoeran Hego Euskal Herrian 10.000 milioi euro gastatzea aurreikusita dago: aurten EAEn 568 milioi euro bideratu dira AHTra eta Nafarroako aurrekontuetan 130 milioi gorde dira hastapenetan dauden lanetarako. Zifra horiek ulertezinak egiten zaizkie mugimenduko kideei, jende ugari pobrezia larrian bizi dela ikusita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
Eguneraketa berriak daude