Emango didazu zure teletrofono zenbakia?

Antonio Meucci italiarrak teletrofonoa asmatu zuen Alexander Graham Bellek telefonoa patentatu baino bost urte lehenago. Baina hamar dolar gorabehera, hotsandia eta aitorpena Bellek eraman zituen.
Antonio Meucci italiarrak teletrofonoa asmatu zuen Alexander Graham Bellek telefonoa patentatu baino bost urte lehenago. Baina hamar dolar gorabehera, hotsandia eta aitorpena Bellek eraman zituen.www.radiomarconi.com

New York, 1850. Antonio Meucci (1808-1889) asmatzaile italiarrak sorterria utzi eta AEBetara emigratu zuen. Beste hainbat asmakizun baztertu eta berehala buru-belarri hasi zen ahots bidezko lehen komunikagailua garatzen. Urteetako lanaren ondoren, azkenean, komunikagailuak funtzionatu zuen; sotoko laborategia bigarren solairuko logelarekin konektatu zuen gailu berriaren bidez. Eta teletrofono deitu zion.

1871n patenteen bulegoan patent caveat delako bat aurkeztu zuen, asmakizun iraultzailea babesteko. Dokumentu hori behin-behineko patente modukoa zen, urtero berritu behar zena. Patent caveat hura indarrean zegoen tartean beste norbaitek antzeko asmakizun bat aurkeztuz gero, patenteen bulegoak jatorrizko asmatzaileari jakinarazi behar zion, eta hark hiru hilabeteko epea zeukan behin betiko patentea eskatzeko. Epe barruan eskaerarik egon ezean, patentea bigarrenak eskuratuko zuen.

Teletrofonoa aurkeztu eta gutxira, Meuccik istripu larria izan zuen. Staten Islanden bizi zen, eta auzunea Manhattanekin lotzen zuen ferryaren galdarak eztanda egin zuenean, erredura larriak izan zituen. Zauriak sendatu bitartean Antonio Meuccik ez zuen diru-sarrerarik izan, eta gizarte laguntzari esker egin zuen aurrera. Baina hori ez zen nahikoa behin-behineko patentea berritu ahal izateko. 1874an ezin izan zituen ordaindu berritzeak balio zituen hamar dolarrak eta, horrenbestez, hiru urte lehenago lortutako eskubideak galdu zituen.

1876an Alexander Graham Bellek (1847-1922) telefonoaren patentea eskatu zuen eta behin betiko dokumentua zuzenean lortzeko behar ziren 250 dolarrak ordaindu zituen. Meucciren izena asmakizunen historiatik ezabatu eta berea idatzi zuen. Bidez batez, asmakizunaren izenari erdiko silaba kakofonikoa jan zion.

Meucciren arabera, asmakizunaren zirriborroak eta prototipoak galdu egin zituen, eta ustekabean, Bellek lan egiten zuen laborategian azaldu omen ziren. Meuccik Bellen kontrako auzi eskea aurkeztu zuen, iruzurragatik. Baina eskea bideratzen ari zirela hil zen italiarra.
2002an, Vito Fossella biltzarkidearen ekimenez, AEBetako Ordezkarien Ganberak 269. ebazpena onartu zuen, eta Antonio Meuccik telefonoaren asmaketan egindako lana aitortu behar zela adierazi. Baina, egun, oraindik ez dago garbi batak zein besteak zenbaterainoko merezimendua izan zuten asmakizunean.

Zer gertatuko zen Meuccik hasieratik behin betiko patentea ordaindu izan balu? Edo istripuaren egunean aurreko ferrya hartu izan balu? Edo 1874an hamar dolar bildu izan balitu? Beharbada gustatzen zaigun horri teletrofono zenbakia eskatuko genioke, gure smarttrophone berrian aplikazioak deskargatuko genituzke, eta teletrofonia konpainien dei gogaikarriekin nazkatuko ginateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude