ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a

Zatoz Alemaniara, lana nahi duten ausarten paradisura

  • “Zoazte Alemaniara” diotse gazte espainiarrei, gureei barne, 1971n Pedro Lazagaren “Vente para Alemania, Pepe” film lotsagarri hartan kantatutako antzeko doinuan. Zain dauzkate araurik gabeko lanpostuen ugazabak. Ezagutu Mathilde Ramadierren istorioa. Arrakastarako jaioa dirudien emakume gazte bizkor baten bizipenak dira.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2013ko ekainaren 02a
Marrazki handia (Pariseko Luxembourg parkea 1910ean) Mathilde Ramadierrek komiki baterako egindako eszenatokia da. Anaïs Depommier adiskideak egin dion erretratu txikikoa Mathilde bera da. Rue 89en idatzi du Berlinen egokitutako esperientziaz:
Marrazki handia (Pariseko Luxembourg parkea 1910ean) Mathilde Ramadierrek komiki baterako egindako eszenatokia da. Anaïs Depommier adiskideak egin dion erretratu txikikoa Mathilde bera da. Rue 89en idatzi du Berlinen egokitutako esperientziaz: "Start-upen iragarkietan harriturik irakurtzen dut "flat hierarchy" direla, hierarkia laua daukatela. Egia, baldin gaur edozein langile baldin bada 1.200 euro gordin azpitik pagatutako 'country manager', managerrak lan bakarra emaitzak apuntatzea daukala, nerabezaroa gainditu bako patroi baten kapritxoen arabera lan eginez. (...) Start up hauek, kapitalik gabeko fundatzaileei dirua azkar egitea baimenduz, inbertsiogile diru-gose eta presadunak erakartzeko, hauek dira etengabe zabaltzen ari den eredu ekonomikoaren eredu. (...) Horietan mamitzen da kapitalismoak bere burua are gehiago makurtzeko daukan erantzuna: erabateko zinismoa".

Egiazko izen-deituraz sinatu du bere kontakizuna Mathilde Ramadierrek Le Nouvel Observateur astekariaren taldeko Rue 89 aldizkari elektronikoan. Adore handiz izenpetu du “Dans une start-up à Berlin, j’ai devouvert le cynisme absolu” (Berlingo start-up enpresa batean ezagutu dut zinismo erabatekoa), aldarrikatu nahi duelako “Alemaniak ez lukeela izan behar eredugarri, han laneko legeak ez direlako batere txukunak”.
Hona nola deskribatzen duen start-up bat gaztelaniazko Wikipediak: “Ibilbide laburreko negozio bat da, ezaugarri dituena bere arrisku/irabazi perfila eta hazteko ahalmen handia (escalabilidad). Gehienbat berrikuntza, teknologien garapen, web diseinu, web garapen eta kapital-arrisku sailetako enpresak izaten dira. Sorkuntzazko negozio ideia moduan hasi ohi dira, ondoren berrikuntzaren bitartez berezitasuna gehitu eta azkenik negozio bilakatzeko”. Zer besterik ari dira ereiten enpresaburu gazte ekintzaileak (jóvenes emprendedores) sustatzen dituzten unibertsitate eta gisa guztietako programak?
Mathilde Ramadierrek (Frantziako hegoaldea, 1987) betidanik maite izan du idatziarekin eta irudiekin lan egitea. Bere 25 urteekin hiru urtez grafismoa ikasia da eta filosofian masterra egina. Tartean, ikasketak pagatzeko, hainbat lan txikitan aritu da: garbitzaile, zerbitzari, egunkari saltzaile, irakasle... Aldi berean urratsak emanez marrazki bizidunetarako eszenagile moduan.
2011n heldu zen Berlina, ez Frantzian lanik ez zeukalako, Alemaniako hiriburuan ofizioa garatzeko aukera hobeak izatearren. Irakasleek gomendatzen zioten doktoregoaren hiru kurtsoei ekiteko adina diru ez zeukalako ere bai.
Berlingo ostatu batean hasi lanean beltzean eta aldi berean enplegu interesgarriagoetarako deialdietara aurkeztu. Arte galeria ezagun batetik deitu zioten arte eta lana eskaini, grafista eta laguntzaile, 1.500 euro hilean, goizak libre izango omen zituen alemana hobetzeko. Estreina hilabeteko froga aldia, hori bai.
Lehen ezustekoa, 400 euro ordainduko diote free-lance kontratu batekin: seguritate soziala langilearen kontu, “hilean 150-600 euro artean kostatzen da Alemanian, osasun onekoa baldin bazara”.
Horra grafista 9:00etatik 19:00etara buru-belarri lanean Berlinen diseinuaz antolatu nahi duten museo baterako dossier handi bat egiten. Proposatu diote frantsesez mintza dadin, hobeto espiatzeko konkurrentziako museoak; Mathildek uko. Eskatuko diote ordu estrak sartzea kobratu gabe; Mathildek uko berriro.
Lankide alemaniarrek ez dute txintik ateratzen, estatuaren lan bilaketa programan aritzeagatik daukaten laguntza ez galtzearren. Mathilde ere isilduko da 400 euro miserableen beharrez: kontratuan idatzia da hilaren hondarrean nagusiak ez daukala zertan ezer pagaturik emaitza gustukoa ez bazaio, langilea autonomoa da.

Marrazo nerabeen erresuma

Hilabeteren buruan ugazaba gazte xarmagarria datorkio, Pradaz jantzirik. Lastima, ezingo dizugu agindutako 1.500ik pagatu, gehienera jota 500. Baina jakin behar duzu karrera handi bat daukazula aurrean Berlinen, kulturan eta galeria famatu batean lan egiteko zoria, eta lana, askok ez daukatena. “Nik erantzun diot ez dela onargarria bete behar horiek burutzea diru hain gutxiren truke. Hark hotzean diost: ‘Ezin duzu ala ez duzu nahi?’ Orduan ohartu naiz Alemanian ez dagoela gutxieneko soldatarik”.
Konpainia hori utzita, lan hobe bila segitzen du Mathildek, denbora berean gisa askotako beharretan lau sosen truke. 2013ko martxoan deitu diote Berlinen artearen merkatuan ari den start-up batetik. Skypez elkarrizketatzeko konbitea, Mathilde bera Berlinen izan arren ez baitu merezi denbora galtzea.
Bi aste beranduago ekingo dio postu berriari: “Country manager France”. Zeregina: Frantzian arte garaikidean dauden bildumagile guztien zerrendarekin dossierra osatzea frantsesez eta ingelesez. Beren jokabideak, kolekzioak, psikologia... Start-up honek mundu osoko kolekziogileen data basea osatu nahi du, munduan bakarra, informazio hori saltzeko galeriei, artistei, kultur erakundeei... Soldata: hilean 950 euro gordin, astean lau egun lana.
Mathildez gain hamar lagun gehiago daude kontrataturik, India, Txina, Japonia, Espainia, Ingalaterra, AEB, Israel eta Alemaniatik etorriak, nork bere herrialdearen informea egin dezan. Gehienak Berlinen hegazkinetik jaitsi berriak dira, etorkin. Hizkuntza, ingelesa. Egoitza Mitte auzo garestian.
Zuzendari eta fundatzailea lehendik beste start-upak sortua da, abiatu eta sei hilabeteren buruan saltzeko. “Irudikatu dezaket zer gertatu zaien haietako langileei”, diotso bere buruari Mathildek. Harvadetik doktorego eta guzti ateratako 27 urteko gaztea, nagusia hedabideek harro Silicon Allee deitzen dioten auzoko heroietako bat, Web 2.0 guztiak txalotua, bera bezalakoei esker apalduko baita Berlingo langabezia, Alemaniako %6,9aren aldean %12,3koa dena.
Langile bakoitza bakarturik ari da beharrean, nork bere etxetik ekarritako ordenagailuari sudurrik kendu gabe. Aski du batek hitz egitea, enkargatua oihuka hasiko zaio.
Egun batzuen bueltan, berrikuntza, gela handiaren erdian ipinitako ohol zurian apuntatu behar du bakoitzak lortutako emaitza egunaren akaberan. Biharamun goizean managerrak apuntatuko ditu batzuen eta besteen arrakasta mailak.
Hirugarren astea badoa eta diseinatzaile-filosofo gaztea pentsatzen ari da laster egokituko zaiola mailaz igotzea, %87,3ko arrakasta lorturik. Nagusia agertuko da bisitaldi laburrean, emaitzaz betetako oholari erreparatu eta iragarriko du asteko onenak jasoko duela Amazonen 100 euroko erosketa egiteko bonoa. Lankide txinatarra irabazle.
Langile guztiak ohartzen dira gero eta gehiago txinatarrak dituela ugazabak kontratatuko, apaltasunera ohitutako behargin saiatuak dira. Xefak langileak banan bana bisitatzen ditu, seguru izateko denek eta bakoitzak ulertu dutela mezua. Mathilde: “Nire txanda iritsita, esan diot ahal dudana egiten dudala, baina lankideekin lehiatzea ez dela nire estiloa. Berak ‘I don’t care’ [Niri bost axola] erantzun dit. Iltzaturik geratu zait buruan. Nire azken eguna da han”.
Mathilde Ramadierrek, Parisa itzulita idazten duelarik, ez luke berari gertatua orokortu nahi. “Baina iruditzen zait daukadan adinerako oso triste egoteko adina ikusi dudala, eta esan dezakedala garai etsigarriak bizi ditugula”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Prekarietatea  |  Alemania  |  M30 Greba

Prekarietatea kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko ekainaren 02a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude