ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Antxon Arza

"Zer egin dugun baino, zer egin dezakegun pentsatu behar dugu"

  • Nahiz eta bizitzan kolpe latzak jasotakoa izan, Antxon Arza betiko gazte alai eta baikorra da. Magnetikoa. Berarekin solas egitean, barne-bateria energia positiboz kargatzen zaizula nabari duzu.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2013ko ekainaren 02a

Kirolzalea txikitatik?

Bai. Gurasoekin Iruñerriko mendietara joaten hasi ginen, igande guztietako ohitura zen. Gero igeri egiten hasi nintzen. Konpetizioan aritu nintzen bost bat urtez, aspertu arte. Orduan fondoko eskia eta eskalada ezagutu eta horiek egiten hasi nintzen oso gustura. Aldi berean mendiko bizikletan eta espeleologian aritzen nintzen. 1984an Himalaiara joan eta han tifusa harrapatu nuen. Itzulitakoan besoetako indarra berreskuratzeko hasi nintzen piraguan ibiltzen. Atarrabian, Ultzama eta Arga ugaldeak elkartzen diren tokian, sartu nintzen lehen aldiz ibaian.

Ordura arte lanean nenbilen gurasoekin Onena enpresan espezieak eta txokolatea saltzen, komertzial modura. Baina nik kirolaren inguruan egin nahi nuen lan eta enpresa munduan nituen ezagupenak baliatu nituen lagun batzuekin negozio propioa zabaltzeko. 1987an Urkan kayak sortu genuen piraguak saltzeko, eta hor jarraitzen dugu. Urkan hitzak euskaraz “uraren bila” esan nahi omen du. 

Piraguak saldu eta egin ere bai?

Guretzat eta lagunentzat poliesterrezko piragua batzuk egin genituen San Andres errota honetan bertan, hemen Iruña Kayak elkartearen egoitza zegoelako, eraikina zaharberritu baino lehen. Kayak bat erosi eta hura kopiatu genuen. Erraza zen, baina oso zikina eta toxikoa. Momentu hartan polietilenozko piraguak hasi ziren fabrikatzen. Horiek ez ziren apurtzen eta prezioak ere interesgarriak ziren. Frantziatik eta batez ere Alemaniatik hasi ginen ekartzen eta Arrotxapeako etxabe batean zabaldu genuen denda. Ideia zen gure negoziotik bizitzea, aldi berean kirola eginez. Beraz, hilabetean behin-edo, Alemaniatik gure autoetan piraguak ekartzen genituen eta larunbat eta igandetan ikastaroak ematen genituen. Astean zehar mendian eta piraguekin ibiltzen ginen. Gerora ikastaroak utzi genituen elkarte eta jende gehiago hasi zelako halakoak antolatzen eta gu materialaren salmentan zentratu ginen. 164 modelo desberdin ditugu egun, eta horretaz gain txalekoak, arraunak… denera 2.000 produktu inguru. Oso lanbide polita da. Zure lana maitatzea oso gauza ederra da.

Zenbat balio du piragua batek?

Badira 300 eurotik 1.800era artekoak. Batekoak, bikoak eta baita hirukoak izan daitezke.

Asko aldatu da Arga ibaia ordutik hona?

Bai. Orduan oso-oso zikina zegoen. Fabriketako isuri guztiak errekara joaten ziren zuzenean. Orain araztegitik pasatzen da dena, baina orduan agian berrehun tokitatik ikusten zen ur zikina ateratzen. Oso utzita zegoen. Ez zen ezer konpontzen eta dena plastikoz betea zegoen. Gaur egun barboak daude nonahi eta batzuetan amuarrainak ere ikusten dira.

Aitzindariak izan zineten ur azkarretako kiroletan.

Mendiko mentalitatea, hau da, bide berriak jorratzeko grina, ibaira eraman genuen. Ordura arte piraguan ibiltzen zen jendea konpetizioetan soilik aritzen zen. Gu hasi ginen ibai berriak jaisten, Pirinioak deskubritzen. Elkartu genituen mendian eta eskaladan erabiltzen genituen teknikak piraguarekin. Ibai asko ezagutu genituen. Abenturazale frantsesek eta alemanek noiz edo noiz zerbait egiten zuten, baina oso gutxi. Ni Alpeetan rafting-ak egiten aritu nintzen monitore. Garai hartan hemen oso gauza berriak ziren. Modu honetara ezagutu gintuzten telebistakoek eta haiekin hasi ginen saioak egiten.

Al filo de lo imposible saio mitikoan hamabi urte. Nola sartu zinen abentura horretan?

Kasualitatez. Hemengo neska bat, Miriam García eskalatzailea, haiekin saio bat egitera joan zen eta ondoren proposatu zioten beste bat egitea arroilen jaitsieraren inguruan. Horretarako beste bi lagun joan ginen laguntzera eta modu horretan ezagutu nituen. Adierazi nien zer egiten genuen Pirinioetan eta asko gustatu zitzaienez, 1988an hasi ginen saioak egiten. Lau edo bost ordu grabatzen zituzten, 16 milimetrotan, ordu erdiko saioa egiteko. Hilabeteetako lana ordu erdiko saio baterako. Ur bizien inguruko saioak egin genituen Txilen, Pakistanen, Marokon, Zeelanda Berriko Kaituma ibaian, Afrikako Zanbezen, Asiako Indon… Hamaika tokitan. Ur azkarretako saio guztietan parte hartu nuen bai piraguan baita arroilen jaitsieretan ere. Batzuetan protagonista, bestetan laguntzaile moduan kamerak eramaten edo sokarekin jaitsierak antolatzen. Urtean bi-hiru hilabete ematen nituen horretan.

2000. urtean istripu larria izan zenuen Venezuelan.

Espedizio komertzial bat zen. Hemengo gidak, hangoak eta 25 gazte, bidaia honetan parte hartzeko aukera sari bezala irabazia zutenak. Denera 50 bat ginen. Yunuarí ibaiko ur-jauzi batean 15 metrotik salto eginda ur azalaren kontra erori nintzen, piraguaren sabel osoarekin bete-betean joz.  Porlana bezain gogorra zegoen ur azala. Gainera, zoritxarrez, ur gutxi zegoen. Ur asko jaisten denean urak berak oxigenoa atxikitzen du barnean eta horrek bigundu egiten du ur azala. Baina ez zen hori gertatu eta, ondorioz, bizkarrezurra konprimitu eta hautsi egin zitzaidan. Gaitz erdi espezialista handi bat zegoela eta berak antolatu zuela erreskatea. Helikopteroz ospitale txiki batera eraman ninduten eta han ezin zidatenez ezer egin, Caracasera bidali ninduten, handik 1.300 kilometrora. Orno bat erabat leherturik neukan eta beste bat nahiko gaizki. Oso erreskate ona egin zidaten eta horri esker hankak mugitzen ahal ditut pixka-pixka bat.

Une horretan zer pentsatu zenuen?

Hautsi nintzela sentitu nuen. Oinaze ikaragarriaz gain, hankak deskonektatuak nituela nabari nuen. Bi patata zaku bezala nituen. Segituan Adolonta injektagarria jarri nuen, mina apaltzeko. Beti eskura eramaten dut botikin txiki bat halako botika gogorrekin.

Bizkarrezurra bai baina bizitza ez zaizu hautsi.

Bai, aurrera egin behar beti. Baina halako istripuak izan ditugun gehienok egiten dugu hori, modu batez edo bestez. Duela 50 urte bizkarra haustea oso desberdina zen ez zegoelako aulki elektrikorik edo auto berezirik, kaleak koskaz beteak zeudelako, eta eskiatzea edo mendira joatea, adibidez, pentsaezina zelako. Jendea etxean gelditzen zen eta hilabete gutxitan hil, barneko organoak ere gelditu egiten zirelako. Oso gogorra izan zen hasieran, baina ezin zara atzean gelditu. Zoriontsua naiz berriz bizitzeko aukera izan dudalako, berriz ere familiaz, lagunez eta naturaz gozatzeko aukera dudalako.

Ibiltzeko aukerarik izan dezakezu?

Pixka bat ibiltzen naiz bastoiekin edo lagunen laguntzarekin, baina oraingoz besterik ez. Lesio medularrak sendatzeko modurik ez dago. Gaur egun ikerlariak hurbil dabiltza, baina oraindik ez dago erremediorik, besteak beste, katolikoek ez dutelako ama zelularik erabili nahi. Aznarrek Espainian eta Bushek Estatu Batuetan halako ikerketak geldiarazi zituzten erabat. Ziur nago horiek aurrera joan izan balira, nik orain ibiltzeko ahalmena izanen nukeela. Horregatik jende askori esaten diot: katolikoek lur jota utzi gaituzue.

Beste zartako handi bat jaso zenuen duela urte eta erdi Adi, 15 urteko semea, bizikletan zihoala auto batek harrapatuta hil zitzaizuenean.

Hori da gogorrena. Zauri hori ez dago ixteko modurik eta hala izanen da beti. Aulkian ibili behar izatea gogorra da, baina ez da ezer bestearekin alderatuta. Agian batzuetan pentsatzen duzu “nola aulki batean nagoen, nik jada ordaindu dut bizitza honetan. Ez dakit zer, baina ordaindu dut”. Eta gero konturatzen zara ezetz. Etortzen ahal zaizula beste ezbehar handiago bat, aurrekoa txiki uzten duena. Eta hala da. Une horietan familia eta lagunak oso garrantzitsuak dira. Aurrera jarraitu eta eutsi. Gelditzen bazara, utzikeriak harrapatu egiten zaitu.

Kirola egiteak, zentzu horretan, laguntzen dizu?

Egunero joaten naiz igerilekura eta horrek laguntzen dit sasoi onean mantentzen eta burua lasaitzen, baina ez naiz fanatikoa. Ez dut kirolarekiko obsesiorik. Mendira joan eta eguraldi txarra egiten badu, lasai-lasai eman dezaket bizpahiru egun zakuan sartuta.

Obsesiorik ez, baina diziplina behar da horretarako.

Bai. Gainera igeri egitea oso aspergarria da. Ez duzu inorekin hitz egiten, baldosinak bakarrik ikusten dituzu denbora guztian… Niretzako kirola egiteak duen onena da lagunekin aritzea, taldea, giroa, natura, mendian ibiltzea… baina igeri egiteak on egiten dit eta horregatik egiten dut.

Gero eta lehia handiagoa sumatzen al da kirolean?

Azken urte hauetan bai ikusten dela lehiakortasuna sartzen ari dela gero eta gehiago. Orain dela gutxi borrokak eta harrikadak izan dira sherpekin Everest mendian. Konpetizioa ulertzen nuen gazte nintzenean. Orain Zarautz-Getaria igeriketa txapelketa egiten dugu, baina aitzakia delako bildots bat jokoan jartzeko eta urte osoan entrenatzeko. Garrantzitsuena egunero kirola egitea da, baina batzuek ez dute ulertzen jolastea jolasteagatik, aritzea aritzeagatik. Hori nortasunarekin doa.

Baina, aldi berean, kirolzale gero eta gehiago ikusten da toki guztietan.

Zaletasun handia dago. Lehen adibidez, jende gaztea soilik zebilen ur azkarren bila, eta orain familiak hasi dira halako jarduerak egiten. Gure bezeroen profila asko aldatu da. Alemanian edo Zeelanda Berrian hori ikaragarria da. Oso hedatua dago gizartean eta kulturarekin eta heziketarekin lotua dago. Zenbat eta kultura handiagoa, orduan eta kirol praktika handiagoa. Asko aldatu da hau hemen azken urteotan eta gehiago aldatu behar du.

Berriki telebistara itzuli zara Viviendo al filo con… elkarrizketa saioarekin.

Bai, 2011n eta 2012an. Hamabi saiotan Al filo de lo imposible-n aspaldian parte hartutako hainbat abenturazaleri egin dizkiegu elkarrizketak, orain zertan dabiltzan ikusteko. Ni izan nintzen lehen elkarrizketatua eta han gelditu nintzen aurkezle edo gidari. Carlos Soria, Eduard Admetlla urpekaria egun 88 urte dituena, Josune Bereziartu eskalatzailea, Laureano Casado hegalaria, Adolfo Eraso eta Carmen Domínguez Glackma elkarteko glazialogoak, Cecilia Buil, Iker Carreras… Denek segitzen dute aktibo. Oso elkarrizketa bereziak izan dira eta bukaeran haiekin beti egiten nuen aktibitate txiki bat.

Jarraitzeko posibilitaterik baduzue?

Al filo-rekin alderatuta askoz ere formula merkeagoa izanik ere, ekonomikoki oso zaila da. Arduradun berriek oraingoz ez dute proiektua onartu eta ez dakigu jarraipenik izanen duen ala ez.

Hitzaldiak ere ematen dituzu han-hemenka.

Bai. Horietan nire esperientziez hitz egiten dut enpresari eta kirolari bezala. Bi arloetan, bizitzan bezala, oro har, oso garrantzitsua da zer egin nahi duzun jakitea eta hori lortzeko taldean lan egitea. Ilusioa, taldeko lana, innobazioa, komunikazioa, nola aurre egin une zailei… Elementu horiez hitz egiten dut oso modu pertsonalean eta oso hunkigarria suertatzen da. Nahiz eta mugak izan, gauza asko egiteko gai gara. Zer ezin dugun baino, zer egin dezakegun pentsatu behar dugu. Etxeko sofan telebistari begira geldituta ez dago aurrera egiterik. Hori da entzuleei transmititu nahi diedan ideia nagusia.

Etorkizunean zer egiteko gogoa duzu?

Lasai bizi nahi dut. Gustatuko litzaidake munduan barna bidaia luze bat egitea quad-arekin edo auto zahar batekin. Ez dakit nora joan ezta nondik hasi ere. Kirola niretzat aitzakia da mundua ezagutzeko.

Nortasun agiria

Antxon Arza kirolaria eta enpresaria da, baina batez ere, abenturazalea. 1962ko apirilaren 2an Iruñean jaioa. Gazte zelarik etxeko negozioan gurasoekin espezieak eta txokolatea saltzeari utzi eta bere kirolzaletasuna bizibide bihurtu zuen piraguak salduz. Pirinioetako errekak jaitsi zituzten aurreneko gazte ero koadrila horretako kidea da. Al filo de lo imposible telebista saio ezagunean parte hartu zuen hamar urtez, harik eta 2000. urtean Venezuelako Yunuarí ibaian kayak batean 15 metrotik behera jauzi eta bi orno hautsi zituen arte. Horren ondorioz gurpil-aulkian ibiltzen da, baita eskiatzen, igerian, mendian barna quad baten gainean, eta han eta hemen hamaika hitzaldi ematen ditu enpresa alorreko profesionalen aurrean.

Azken hitza
Adi

“Adiren lagunentzat ere oso gogorra izan da. Semea jende askoren arteko lotura zen, gauza asko egiten zuelako: irristaketa, eskia, piragua… eta mundu desberdinetako lagun aunitz elkartzen zituen. 15 urterekin lagun bat galtzea oso gogorra da mundua desegiten zaizulako. Adiren lagunekin eta haien gurasoekin egoten naiz maiz eta argi ikusten dut hori. Gaztetxo hauetako batzuek eta Saioak, Adiren arreba bizkiak, ikasteko zailtasunak dituzte orain, adibidez. Halako egoera gogorretan burua itxi bezala egiten da eta kosta egiten da gauzak ikastea. Erabateko estresa sortzen da. Nahi dudan bakarra da nire alabak, Ara eta Saioa, pertsona eta adiskide onak izan daitezela eta goza dezatela egiten dituzten gauzekin, nik egiten dudan bezala”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kirola  |  Gizartea

Kirola kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko ekainaren 02a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude