"Irakasleen eskaerari erantzuteko sortu ziren udalekuak"

  • Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi elkartea Arrasate Euskaldundu Dezagun euskara elkartetik sortu zen. Ludoteka, Gazte Txoko, Udaleku eta gainerako ekintzen 0-18 urte arteko ehunka haur eta gazterekin lan egiten dute urte osoan. Euskara espazio itxietatik kalera ateratzea dute orain erronka, eskolan egiten den lanak herriko egunerokotasunean jarraipena izan dezan.


2013ko apirilaren 28an
Aizpea Otxandiano eta Eneko Barberena, Txatxilipurdi elkarteko kideak.
Aizpea Otxandiano eta Eneko Barberena, Txatxilipurdi elkarteko kideak.Estitxu Eizagirre

Zer garrantzia du herria eta eskola elkarlanean aritzeak euskara erabilera bultzatzeko?

ENEKO BARBERENA. Arrue ikerketa aurkeztu da duela gutxi, eta bertako ondorioetako bat da eskola kasu askotan irla soziolinguistikoa dela. Eta beste hainbat baloretan ere irla da, hezkidetzan eta abar. Irla bat baldin bada eta kalean beste norabide batean baldin badoa euskararen egoera, eskola oso tresna ahaltsua da, baina berak bakarrik ezin du euskaldundu. Kalean dauden euskalgintzako eragileak eta eskola harremanetan jarri behar ditugu, norabide batzuetan elkarrekin lan egiteko, edo bestela irla izaten jarraituko du. Gainera umeek, adinean gora doazen heinean, kontraesan hau antzematen dute, Arrue ikerketan ikusi den bezala: espazio gidatuetan eta hezitzailea gainean dagoenean erabilera bat da, eta euren artean dabiltzanean beste bat.

AIZPEA OTXANDIANO. Ume askok euskara eremu zehatz batzuekin lotzen dute. Eragile ezberdinok elkarlanean erabilera kalera, auzoetara, herrira zabaldu genezake, egunerokotasuneko esparru ahalik eta zabalenean euskararen erabilera bultzatzeko.
Elkarlan hori zer da praktikan?

E. BARBERENA. Herrian konfiantza dagoenean, hainbat elkarlan sortzen dira. Adibidez, batxilergoko irakasleek ikusi dutenean ikasle talde indartsu bat dagoela, euskaldunak eta eragileak direnak, esan izan digute: “Egin jarraipena gazte hauei, ze gu eskolan konturatu gara gazte hauek badutela ekintzailetasuna, grina... Aisialdirako begirale izateko egokiak izan daitezke”. Eta alderantziz, gu euskara elkartean ohartu gaitezke eskolan lantzea merezi duten zer gai edo alor ikusten ditugun gazteengan. Herrietan harremantzeko gune naturalak egoten dira. Batzuk irakasleen seme garelako, beste batzuk euskara elkarteko bazkide direlako, euskara elkarteko bazkideen seme-alabak eskolan lanean dabiltzalako... Egunerokoan mila harreman sare daude, zaindu beharrekoak.

Arrasaten 90eko hamarkadan, irakasleek euskara elkarteari eskatu zioten irailean udalekuak egiteko, ume askok udan euskara hitz egiteko trebetasuna galtzen baitzuten. Geroztik urtetan antolatu ziren. Natural egin zuten Arrasate Euskaldun Dezagun elkartera joan eta euren beharra agertzea.

A. OTXANDIANO. Arrasateko uztaileko udalekuak ere irakasleek eskatuta sortu ziren, neurri batean. Etxean euskara jasotzen ez zuten ikasleek erraztasuna galtzen baitzuten bi hilabete eta erdian.

E. BARBERENA. Horretarako garrantzitsua da irakasleek herria ezagutzea, jakin dezaten zer antolakuntza sare dauden herrian, behar izanez gero nork lagundu ditzakeen jakiteko. Kanpotik eta bolada motzerako datorren irakasleak zaila izango du.

Arrasateko Udalaren bueltan Transmisio Mahaia sortu da. Nortzuk eta zertarako elkartu zarete?

E. BARBERENA. Hamairu-hamalau eragile biltzen gara, eta abenduan izenpetu genuen hitzarmena: helduen alfabetatzeaz arduratzen direnak, herri eskola eta ikastola, eta euskarazko aisialdia lantzen dugunak. Helburua da transmisioaren gaia faktore ezberdinetatik lantzea: eskolan lantzen denak jarraipena izan dezan aisialdian, eta alfabetatzen ari diren guraso eta ikasleekin hori dena osatu dadin.

A. OTXANDIANO. Lehen lana izan da herri mailako hutsuneak ikustea. Transmisioa emateko zer behar ikusten genituen definitzea. Eta bateratzea ikastetxeetako errealitatea, helduak alfabetatzeko errealitatea, eta Txatxilipurdikoona. Bakoitzak bere ikuspegitik, baina bat egin dugu errealitatearen irakurketarekin, eta ikusi dugu zerbait egin beharra dagoela. Eta elkarrekin egiten badugu eraginkorragoa izango dela. Ikastetxeetakoak arduratuta zeuden, esaten zuten “duela urte batzuk pasilloetan irakaslea pasatzen zenean lotsagatik euskaraz egiten zuten ikasleek. Gaur egun hori ere ez, euskara klase barrura mugatu da”.

E. BARBERENA. Begira zer motibo ahula zegoen oinarrian, lotsa da euskaraz eginarazten ziguna?

A. OTXANDIANO. Ez dakit lotsa edo errespetua zen, baina bai aldatzen zela hizkuntzaz irakaslearen autoritatearen aurrean. Eta gaur egun hori ez da ematen. Gela barrura mugatzen da, eta ikasle batzuek irakasleari ere ez diote euskaraz egiten.

E. BARBERENA. Arrasaten urteak dira dena D eredua dela. Noraino euskaldundu dira erdaldunak eta erdaldundu euskaldunak? Hizkuntza gaitasunarekin ere oso lotuta dago gaia, irakaslearen aurrean euskaraz argumentatzeko behar bada ez dute gaitasunik. Hori guraso askori ere gertatzen zaie, euren burua euskalduntzat duten arren. Haur batekin gai dira, baina nekez ikusten ditut euskaraz argudiatzen nerabe batekin zer ordutan etxeratu behar diren. Eta euren burua euskalduntzat dute, sekula ez lirateke alfabetatzera joango.

Eremuak galdu dira eta kaleko erreflexua gailendu da. Hizkuntza mailan kalea sartu da eskolan. Gure zalantza da ea gaurko gurasoek lehengoen mentalitatea duten, alegia, “gu erdaldunak gara baina saiatuko gara gure seme eta alabak euskalduntzen”. Zure gaitasun ezaren kontzientzia baduzu, sekulako ahalegina jartzen duzu ondorengoak euskalduntzen. Baina bere burua euskalduntzat duten guraso asko transmititzeko eta zer transmititzeko gai diren ikusi beharko litzateke. Ordea, planteatzeko ere oso gai delikatua da.

A. OTXANDIANO. Transmisio Mahaian diagnostiko hori guztia mahai gainean jarri, eta hiru helburu finkatu ditugu: ikastetxeetan gazte eta haurrekin zer lanketa egin dezakegun ikustea, bestalde AEK eta udal euskaltegiaren inguruan gurasoekin batera transmisioa bultzatzeko zer egin dezakegun ikustea, eta azkenik herri mailako transmisio kanpaina egitea, helduak kontzientziatzeko nolako eragina duten euren ondorengoengan.

Aisialdiak lan handia egiten du eskolaz kanpo euskararen erabilera bultzatuz. Bestalde, aisialdi eskaintza zabal horrek ez al du haurren denbora erabat librea murriztea ekarri, haurra etengabe tutoreen begiradapean jarriz?

A. OTXANDIANO. Gakoa da aisialdi talde horrek bere ekintzak aurrera nola eramaten dituen. Hezitzaileak egunero berak nahi dituen ekintzak antolatzen baditu, umeentzat oso gidatutako jarduerak dira eta haurra eskolatik atera eta beste ordu pare batez beste eskola moduko batera darama. Hori egin beharrean umeekin adosten bada zer nahi duten eta zer ez, eurekin batera sortzen badituzu ekintzak eta gainera hori guztia euskaraz egiten laguntzen badiozu, haurra edo gaztea gustura sentituko da, eta euskaraz.

E. BARBERENA. Aisialdiak zituen erreminta batzuk azken urteetan eskolak bere egin ditu, eta hori positiboa da. Eskola ez da guk umetan ezagutu genuen bezalakoa, Arrasaten herri eskolan gelak txokoka antolatuta daude eta umeak aukera dezake goizez zer jarduera egin nahi duen, hasierako urteetan behintzat. Ikastolan ere Rafael Cristobalen proiektuaren harira espazioaren hausnarketa egin dute. Hori zen garai bateko aisialdiaren bandera, askatasuna, gozamena... Eskolak bere egin ditu eta testuliburuetatik apartatu da. Horrek eraman du aisialdia bere buruari galdetzera: zein da gure funtzioa? Noraino ari gara guk nahi dugun aisialdia eskaintzen eta noraino haurrek nahi dutena? Bizpahiru urteotan geure burua zalantzan jartzen ari gara ia astero. Gure galdera da nola egin ludoteka koloretako kartzela izan ez dadin, jakinda Euskal Herriko klimarekin une askotan espazio itxiak beharrezkoak direla. Eta umeak espazio itxi eta hesituetara bideratu ditugunez, hortik nola atera. Gure helburua auzo osoa jolas espazio bihurtzea da. Horrekin zeharka lortu nahi duguna da lehen eremu itxi batekin lotzen zen hizkuntza erabilera auzo oso bateko hizkuntza erabilerarekin lotzea. Lortzen ari gara umeak ludotekara joan aurretik plazan geratzea jolasten. Ea gai garen plazako jolas hori euskaraz izan dadin. Ez dezatela euskara espazio jakin batzuekin bakarrik lotu.

Eskolan irakasleak eta aisialdian begiraleak, gazteek euskara transgresioarekin ere lotzen dute ala arauekin bakarrik?

E. BARBERENA. Luis Azpiazuk transgresioari buruzko lana egin zuen eta Soziolinguistika Klusterreko Hausnartu saria irabazi. Nerabe askoren hizkuntza ohiturak eta musika aztertu zituen ikerketan, eta hori zen ondorioetako bat. Nerabezaroan, transgresioaren garaian zeren kontra errebelatzen dira gazteak? Gurasoen eta eskolaren kontra, justu euskararen indargune direnak. Guztiz naturala da, nerabetasunaren transgresioaren barruan sartzen da hori. Arrasateko datuetan hori igartzen da, nerabezaroan utzi duten batzuk helduaroan itzultzen dira euskarara. Beste batzuk ez.

A. OTXANDIANO. Horren aurrean makilatxo magikorik ez dago. Herriko errealitatea eta gazte horien errealitatea zein den aztertu eta probak egin behar dira.

E. BARBERENA. Ez da samurra. Pilotalekura zoaz umeekin jolastera, eta palaz ari direnak gazteleraz ari badira akabo! Semaforoekin gertatzen den bezalaxe da. Semaforo gorriaren aurrean umeak eta gurasoak geratzen dira eta gainerako jende dena korrika pasatzen da. Umeak zer pentsatzen du? “Heldua naizenean, ni ere pasako naiz”. Eta zer pentsatzen du gurasoak? “Ume txar hau ez baneuka eskutik helduta, zera egongo nintzen hemen ni zain!”. Hor besteok ari gara gurasoaren lana saboteatzen. Denok geldituko bagina, bide heziketa bestelakoa litzateke. Palaz ari direnak euskaraz ariko balira umeek jasoko lukete “kontxo, neska hauek euskaraz ari dira”. Eta zenbat adierazmolde jasoko lituzketen, irain, komentario... Aisialdi taldean txantxetan esaten dugu, Hollywoodekoen moduan estrak kontratatu behar ditugu!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude