Urrezko Egunsentia, sistemaren misioa betetzen

  • Garai latzak bizi ditugu Europan. Grezia dugu, momentuz, kapitalismoaren gabeziak argien erakutsi dituen herrialdea. Demokraziaren aitzindari den nazioa pairatzen ari den krisi politiko eta ekonomikoak %27ko langabezia utzi du, eta hamar gaztetatik sei lanik gabe dago. Eszena gogor honetan, neofaxismoak bere lekua aurkitu du.

Urrezko Egunsentiko kideek gogotsu ospatu zituzten hauteskundeetako emaitzak.
Urrezko Egunsentiko kideek gogotsu ospatu zituzten hauteskundeetako emaitzak.NPR / Dimitri Messinis (AP)

Atenaseko plaza bateko zoruan, “Atzerritarrak Greziatik at! Grezia Greziarrentzat” dioen pintada ikus daiteke. Murru batean, “Holokausto berri batek herri hau garbituko du” dioen beste bat. Kalean, zenbait greziar ikus daitezke etorkin batzuei inongo ausikirik gabe irainak jaurtitzen. Greziar gizartean gero eta indar handiagoa hartzen ari den mugimendu nazionalsozialistaren isla dira zantzu horiek denak. Mugimendu horren ordezkari da Urrezko Egunsentia alderdia.
Alderdi honek Grezia “garbitzeko” ardura hartu du bere gain. Eskuin muturreko nazionalismoaz baliatuz, euren marko ideologikoan sartzen ez den ororen kanporaketa aldarrikatzen dute. Azken hauteskundeetan Urrezko Egunsentiak 440.000 bozka eta 18 parlamentari lortu zituen. Lehen begiratuan gutxi diruditen arren, aulkiak lortu dituzten lehen urtea izateko kopuru handia da. Bozen legitimazioak gizartean eragin zuzena izan du: ezkerreko militante, homosexual eta, bereziki, etorkinen aurkako erasoak biderkatu egin dira.
Biktima horietako bat da Abu Zeid Mubarak arrantzale egiptoarra.The Guardianek egindako elkarrizketan azaltzen duenez, gau batez terrazan lo zegoela zenbait neofaxistek eraso zuten: “Ni jipoitzen ari zirela esnatu nintzen. Hogei bat lagun ziren”, dio etorkinak. “Aurpegia kolpatu zidaten eta metalezko inplanteak jarri behar izan zizkidaten. 27 egun pasa nituen ospitalean”.
Urrezko Egunsentia alderdiko jarraitzaileek etorkinei egozten diete krisiaren errua. Alderdiko parlamentari Ilias Panagiotarosek argi du Greziaren “suntsipena” haiek eta beste zenbait gizarte taldek eragin dutela: “Gizartea prest da borrokarako. Alde batean, gu bezalako nazionalistak eta herria lehen bezala nahi duten zenbait greziar daude. Eta beste aldean, legez kanpoko etorkinak, anarkistak eta Grezia makina bat aldiz suntsitu dutenak”.
Bada mugimendu honetako kideen jokaera munduari erakusteaz arduratu den pertsonarik. Konstantinos Georgousis zinema zuzendariak alderdi honek arrazakeria sozializatzeko duen erraztasuna erakutsi du ekaineko hauteskunde-kanpainak iraun bitartean grabatu zituen irudien bitartez; The Cleaners dokumentalean bildu ditu.
Bertan Urrezko Egunsentiaren parlamentari-gai bat ikus daiteke, azoka batean alderdiaren panfletoak banatzen. “Bozkatu Urrezko Egunsentia. Herria zikinkeriaz libratzeko”, diote panfletoek. Bidean gurutzatzen duen etorkin orori irainak jaurtitzen dizkio: “Zabor hori niri begiratzera ausartu ez da ba! Pakistandar alua!”, “Greziarra al zara? Kendu paretik! Zu ez zara hemengoa!”.
4News telebista kateak Geogrousisi eginiko elkarrizketan, zinema zuzendariak dio alderdikideek euren jokaera harrotasunez erakusten dutela. “Kontziente ziren ni grabatzen ari nintzaiela, eta hala ere oso harro zeuden, euren jokaera Europa osoari erakusten ari zirelako, haien ideien publizitatea egiten ariko balira lez”. Greziako gizartearen zati handi batek nazionalsozialismoa zer den ez dakiela dio zinemariak, eta eskuin muturreko alderdiaren indar eta amorruaren aurrean txunditurik gelditu direla gehienak.
Kalean Urrezko Egunsentiak egindako presioak eragin du azken inkestek alderdiarenganako atxikimenduaren gorazko joera marraztea. Zenbait inkestaren arabera %7tik %15era igo liteke alderdiaren babesa hurrengo hauteskundeetan. Indar horren ondorioz, gainera, euren ideiak boterean den Demokrazia Berria alderdira ere heldu dira. Kontuan hartu beharrekoak dira alderdi horretako Antonis Samarasek presidentetza lortu eta berehala esandako hitzak: “Etorkin klandestinoak herrialdetik bota beharko genituzke, gizartearen zapaltzaile bilakatu dira eta”.
Greziako indar armatuetan, eta gehien bat polizian, alderdi nazionalsozialista babes handia lortzen ari da bestalde, eta hori salatu duten ahotsak asko dira. Izena esan nahi izan ez duen polizia-buru batek The Guardiani adierazi dion gisan: “Greziako polizian urte luzez biziraun duten faxismoaren hondarrak desagerrarazteko nahi adina politikorik ez da izan. Estatuko aparatuek, zerbitzu sekretuak eta segurtasun indarrek aspalditik dute Urrezko Egunsentiaren mugimenduaren berri. Gaur egun, Greziara aldaketa politikoa etorriz gero, Urrezko Egunsentia eta indar errepresiboak Greziako ezkerraren aurka erabili ahal izango lituzkete”.
Al Jazeerak argitaratutako bideo batek argi erakusten du poliziaren eta alderdiaren arteko lotura hori. Analisia egin ostean, hauteskundeetan, Atenaseko erdialdeko hautestontzietan Urrezko Egunsentiak lortutako botoak %7,8 izan zirela ikusi zuten. Polizia-etxeak gertu zituzten beste zenbait gunetan, aldiz, alderdiak %20,3rainoko bermea lortu zuen. Panagiotarosek babes hori berretsi egiten du gainera: “Nire ustez gaur egun polizien artean %50 edo %60tik gorako babesa daukagu. Agian gehiago, egunero handitzen ari baita”.
Javet Aslam pakistandarraren komunitateko eledunaren hitzek ere egia gordina erakusten dute datu horiek: “Faxistek askotan jipoitzen zaituzte poliziak geldiarazi zaituztenean. Polizien aurrean egiten dute eta ez da ezer gertatzen. Ez diete ezer esaten. Are gehiago, animatzen dituzte ‘Jarraitu! Zure alboan gaude’ esanez”.
Badira eskuin muturreko mugimenduaren kontra ari diren gizarteko hainbat sektore. Alderdi Komunistak gogor ekin dio neofaxismoa salatzeari. Bertako parlamentari Liana Kanellik zera dio: “Gamelu ideologiko eta politikoak dira, beldur diren herritarrak polarizatzen dituztenak. Desesperatuta eta ikaratuta dagoen herriaren aurrean oztopo, muga bezala agertzen dira”. Azken aldian, gainera, faxismoaren aurkako mugimendua indarra hartzen ari da kaleetan. 2012ko abuztutik urrira bitartean 120 manifestaldi antifaxista izan dira.
Greziako egoera nahasiaren ondorioz sortutako jokabideok aldatzea, errotik egin beharreko gauza da. Kanelliren ustez, ordea, gauza zaila da hori: “Azken batean, sistemak eman dion misioa betetzen ari da Urrezko Egunsentia”. Arrazakeria gaitz erdi bezala onartzen duen sistema honen aurrean ezkerreko mugimenduek langile herriari alternatiba erreala eskaini beharko diote, Europan inoiz itzali ez diren faxismoaren suek berriz indar hartu ez dezaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude