Zer litzateke etorkizuna antibiotikorik gabe?

www.armadio.am

Sarritan alferrikakoa izaten da izenburukoa bezalako egoera hipotetikoak planteatzea, gizateriaren eboluzioa mesederako izaten baita normalean, eta atzeranzko itzulerak, aldiz, pentsaezinak iruditzen zaizkigu. Baina irudimena pixka bat hegaldatzen utziz gero, eta azkenaldian zineman nahiz telebistan asko ugaritu direnez gaur egun hain “ezezagunak” iruditzen ez zaizkigun giro katastrofisten bidetik, pentsa dezagun une batez zer litzatekeen gure bizimodua antibiotikorik gabe. Hondamendia, apokalipsia eta antzeko hitzak etorriko zaizkigu burura bata bestearen atzetik. Eta ez da gutxiagorako.

Medikuntzak ikaragarrizko aurrerapausoak eman ditu azken hamarkadotan, eta gaur egun bizi dugun ongizate egoerari nekez egingo genioke uko. Baina zer gertatuko litzateke egoera arras aldatu eta antibiotikorik gabeko mundu batean biziko bagina? Ikus ditzagun egoera posible batzuk:

Sukaldean ari garela hatz batean egindako ebaki txiki batek hil ala biziko egoera ekarriko luke, eta bizirik irauteko borroka horretan zorteak garrantzi eta zeresan gehiago izango luke medikurik adituenaren jakituria guztiak baino.

Ebakuntza kirurgikorik sinpleenak ere, gaur egun errutina hutsezkotzat jotzen direnak –handitutako amigdala batzuk kentzea, adibidez–, hilgarriak izango lirateke.

Minbiziaren kontrako tratamenduek edo organo transplanteek hil egingo gintuzkete, minbiziak berak edo hondatutako organoaren hutsegiteak baino lehenago.

Erditzea bera hil ala biziko egoera bat litzateke berriro ere emakumearentzat.

Duela mende erdi

Antibiotikoen erabilera 1950-60ko hamarkadetan hasi zen orokortzen. Gaur egungo gazte eta ez hain gazte askorentzat antibiotikorik gabeko mundu bat irudikatzea ezinezkoa bada ere, ondo gogoan daukat gure osaba zena, gauez ohetik jaiki eta bere cuatro-cuatro zaharrean gaixorik zegoen umeren baten etxera nola joaten zen, baita agian arratsalde hartan bertan umea kontsultan ikusia bazuen ere.

1960 inguruko urte haietan, antibiotikoak apenas erabiltzen ziren Euskal Herrian. Nahikoa zen ume batek bronkitisa edukitzea –zer esanik ez gaitza apur bat larriagoa baldin bazen– medikuaren bisitak askoz ere ugariagoak eta premiazkoagoak bilakatzeko. Zorionez, antibiotikoak zabaltzearekin batera egoera horien larritasuna asko apaldu zen, eta gaurko gizartean eguneroko bizimoduaren partetzat ditugu. Baina zer gertatuko litzateke berriro ere 50-60 urte atzera egin eta antibiotikorik gabeko munduan biziko bagina?

Antibiotikoek bakterioak akabatzen dituzte, baina bakterioek pixkanaka bizirik irauteko modua bilatzen dute, erresistente bihurtuz (ikus Argia, 2.300 zbkia.). Dena den, antibiotiko berriak sortuz joango liratekeen heinean, erresistentziarena ez litzateke arazo handiegia izango. Germen bat erresistentea dela antibiotiko jakin baten aurrean? Bada, gure “armamentu” terapeutikoko beste antibiotiko bat aukeratu, eta aurrera.

Horrela egin izan da azken urteotan, eta adituak kasu gehienak –denak ez esatearren– konponduz joan dira, egin beharreko tratamendu-aldaketak eginez. Halere, esan behar da gaur egun badirela zailtasun bereziak dituzten kasuak, tuberkulosia edo transmisio sexualeko hainbat gaitz, esaterako. Baita ospitaleetako infekzio oportunistak ere, defentsa ahulduak dituzten gaixoei erasaten dietenak. Kasu horiek, oraingoz, nahiko ondo kontrolatzen dira antibiotikoen erabilera arrazoizkoari esker.

Haatik, 80ko hamarkadatik ez da antibiotiko mota berririk aurkitu, eta litekeena da bakterioen kontrako borrokan egunen batean armarik gabe geratzea. Hori nola konpondu? Betiko moduan, oinarrizko ikerkuntza farmakologikoarekin: lan isila eginez, baliabide ekonomiko eta pazientzia handiarekin, eta saiakuntza ugarik kale egin ondoren halako batean antibiotiko berri bat aukituz. Jakina, ikerketa egiteko diru gehiago eskatzea libre da, baina krisi garaiotan...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Medikuntza
Eskola nola bihurtu espazio psikologiko seguru

Haur eta gazteen egoera emozional eta psikologiko txarra dela-eta, irakasleak gaindituta daudela eta ikastetxe bakoitzean psikologo bat ezarri beharko litzatekeela aldarrikatzen du mugimendu batek. Hari horri tiraka, jakin nahi izan dugu zein den pandemiak eskoletan utzi duen... [+]


Biolentzia psikiatrikoa salatuko dute Bilbon, Espainiako Estatu osoko Harro Zoro Erradikalek

EAEk du elektroshockaren praktika tasarik altuena Espainiako Estatuan; Nafarroan berriz, pazienteen euste mekanikoa ohikoa da ospitale psikiatrikoko unitateetan. Psikiatrikoetako indarkeria eta gehiegizko medikazioa salatzeko, Estatuko Harro Zoro Erradikalen manifestazioa Bilbon... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Eguneraketa berriak daude