Eskola, joera nagusia eteteko lanean

  • Ene, zarra-zarra ari dira ikasleak gaztelaniaz, non eta eskolako jolaslekuan. Irakasleek badakite gelan eta gelatik kanpo zein hizkuntzatan ari diren ikasleak, eta kezka nabaria da. Arrue ikerketak susmoak baieztatu ditu. Emaitzak liseritu, interpretatu eta aurrera begiratzeko garaia da. Ariketa hori egiten lagundu digute Helena Artanok, Iñaki Biainek eta Itziar Idiazabalek.

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Arrue ikerketa Eusko Jaurlaritzak, Soziolinguistika Klusterrak eta ISEI-IVEIk elkarlanean ondu dute. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei (9-10 urte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailakoei (13-14 urte) galdeketa egin diete eskola giroko hizkuntza erabileraz informazio mardula jaso asmoz. Euskal Autonomia Erkidegoko 35.844 ikaslerengana jo dute.

Emaitzetan, oro har, apenas den harritzekorik, bitxikeriarik, irakasleek egunero entzuten dutena eta ikerketaren datuak bat datoz ideia orokorretan. Ikerketaren emaitzak argitara eman eta berehala, Soziolinguistika Klusterrak egun beteko jardunaldiak antolatu zituen. Han aipatu zen halako zerbait pentsatzeko arriskua: hainbeste ikerketa lan horretarako, bagenekien-eta, hizkuntza ereduak eredu, ikasleek guk nahi baino gehiago hitz egiten dutela gaztelaniaz ikasgelan eta jolastokian, bai beraien artean baita irakasleekin ere (ikus grafikoak ondoko orrialdean). Hezkuntza eta hizkuntza alorreko adituz eta arituz jositako jardunaldi haietan, intuizioak alboratu eta ikerketen lerroa sendotzea aldarrikatu zuten, nahiz eta azterketok usteak baieztatzeko baino ez balio.

 

Besterik espero al genezakeen?

9-10 urtekoen %36k egiten du elkarren artean beti euskaraz ikasgelan; jolastokian %17k. 13-14 urtekoen %14k egiten du beti euskaraz ikasgelan, eta %11k jolastokian. Datu gutxi hauek –eta 76 orrialdeko Arrue proiektuaren txosteneko gainerakoek– botila erdi beteta edo erdi hutsik ikusteko aukera ematen digute. Milaka irakasle euskaldundu, hizkuntza ereduen sistema ezarri, eskolan belaunaldi berria euskaldunduko zenaren esperantza izan... eta orain hau. Irakaslearen magaletik zenbat eta urrunago orduan eta gaztelania gehiago. Umea gaztetu ahala euskara bazterrerago. Etsigarria. Baldin eta botila erdi hutsik ikusten bada. Bestelako irudia eman zuten hizlariek Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldi haietan.

Gizartearen jokabideari hautsi nahian

Gotorleku hitza darabil Mikel Zalbide Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzu buruak: “Hartuko bagenitu etxea, lagunartea, administrazioa… garbi dago eskola gotorlekua dela”. Dena dela, gotorleku horrek umeentzat bai, baina gaztetxoentzat nola gero eta indar gutxiago duen azaldu zuen: umeen bi gune nagusiak dira eskola eta etxea, 13-14 urtekoentzat berriz, bizitza eremuak hedatuz doaz, eta eskolaren eragina, txikituz. Eduardo Apodaka soziologoak eskolak euskararekiko betetzen duen egitekoaz “atmosfera kontrolatua” terminoa erabili zuen; umeei erreferentzia eginez, ez gazteei. F. Xavier Vila soziolinguistak kontrapisuaz hitz egin zigun: “Eskola zerbait izatekotan euskararen normalizazioan daukagun kontrapisurik garrantzitsuena eta eraginkorrena da”.

Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kidea da eta Arrue proiektuko egileetako bat. Eskolak, urteen poderioz, egin ezin dituen gizarte osoaren lanak egingo zituela uste izan omen dugu. Esate baterako, etxetik eta kaletik erdaldun datorren haurra eskolan euskaraz aritzea; ikasgelan bezainbeste jolastokian euskaraz aritzea; eta haurtzarotik gaztarora igarota, gizartearen jokabideari bizkarra emanda gaztelaniaz baino euskaraz gehiago egitea. Zaila. Suberbiolak botila erdi beteta ikusi nahi du eta Berriari esandako hitzok adierazgarriak dira: “Ez da paranormala jolastokikoa. Zuzenagoa da datuei honela begiratzea: ez zenbat jaisten den gelatik jolastokira, baizik zein den batez bestekoa gizartean eta zer plus sortzen duen eskolaren eraginak. Euskara lehen hizkuntza ez duen ikasleak nola egunero euskaraz egiten duen ikaskideekin eta irakasleekin”.

Ez dira estralurtarrak ikasleak; etxean, kalean eta hedabideetan bizi dutena daramate eskolara, eta ikastetxea etengabe ari da kontrapisu lana egiten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
Eguneraketa berriak daude