Momentu egokiaren zain?

  • Frackinga egunerokotasunaren lehen lerrora itzuli da asteotan. Eusko Jaurlaritzak adierazi du, sailburu biren ahotik, momentuz baztertu egingo duela gas ez-konbentzionala ustiatzeko teknika hori. Bitartean, Gasteizko Legebiltzarrak ingurune babestuetan frackinga debekatzeko lege bat eztabaidatuko du, baina ez du onartu Fracking Ez Araba plataformak aurkeztutako herri ekimen legegilea, debekua EAEko lurralde osorako izateko helburua duena.

Fracking putzua Pennsylvanian (AEB).
Fracking putzua Pennsylvanian (AEB).Bob Warhover

2011ko urtarrilean, artean Euskal Herrian frackinga zer zen inork gutxik zekiela, honako profezia egin zigun Pello Zubiriak: “Ikasi hitz berri hau: fracking. (…) Fracking entzun eta irakurriko dugu sarritan gaurgero”. Bai bete-betean asmatu ere.

EAEko azken hauteskunde kanpainan behin baino gehiagotan atera zen plazara frackinga, gai potoloagoen (krisia, burujabetza, bakegintza) itzalean bada ere. Orduko galdera nagusia oraingo bera da: oposizioan egon bitartean frackingarentzat moratoria eskatu duen EAJk, zer jarrera izango zuen behin Jaurlaritzara itzulita? Azken asteetan sailburu bik publikoki hitz egin dute gaiaz. Biek, Ana Oregik bezala Arantza Tapiak, Ingurumenaren eta Garapenaren arduradun nagusiek hurrenez hurren, hauteskundeen aurreko jarrerari eutsi diote: gaur-gaurkoz ez dago segurtatuta frackinga segurua denik, eta beraz baztertuta dago gasa ustiatzeko teknika modura.

“Gaur-gaurkoz”, “oraindik”, “momentuz” eta antzeko adberbioak etengabe azaldu zaizkigu sailburu bien diskurtsoan. Aurreko Jaurlaritzaren aurka behin edo behin bat egin duten arren, EAJk defendatzen duenaren eta frackingaren aurka azaldu diren gainerako elkarte, talde eta alderdiek diotenaren artean alde handi bat dago: EAJk gasa ustiatu nahi du. Bete-betean frackingaren aurka daudenek ez bezala, EAJk uste du gasa ustiatzea klima aldaketaren kontrako borrokarekin bateragarria dela. Jeltzaleek erregai fosilik gabeko etorkizun bateranzko trantsiziotzat dute gasa. Arazoa frackinga bera da: demostratua dago ez dela segurua, beraz itxaron dezagun teknika seguru bat garatu arte.

Oregi eta Tapia sailburuek ingurumenaren arloko legedia errespetatu beharra azpimarratu dute. Baina, noiz eta nork erabakiko du teknologia segurua dela, eta beraz legearekin bateragarria? Ez dezagun ahantzi gaur egun badagoela frackingak inongo arazorik sortzen ez duela dioenik. Bereziki, espero zitekeenez, gas ez-konbentzionala ustiatu nahi duten enpresak. Horien artean, eta hau bai azpimarratzekoa, Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den SHESA konpainia publikoa. SHESAko arduradunek iritziz aldatu beharko dute nagusi berrien aginduz, edo pixkanaka, ia oharkabean, EAJk aurkituko du “orain bai, orain frackinga egin daiteke beldur gabe” esateko momentu aproposa? Ikusiko da nondik askatzen den korapiloa, baina oso litekeena da horretarako ingurumen babesarena baino faktore gehiago ere izatea.

Arazoa ezkutatzeko, arazoari izena aldatu

EAJ atakatik ateratzeko bide bat, akaso, Frantzian indarra hartzen ari dena da: fracking hitza itsusia denez, esan diezaiogun beste era batera. Louisianako Unibertsitateak egin berri duen ikerketa baten arabera, fracking izenaren ordez beste bat erabiltzen denean, gauza bera adierazteko bada ere, herritarrek hartaz duten iritzia asko leuntzen da. Badirudi fracking berbak oso bizi dakarkigula gogora hausturaren ideia. Horregatik enpresa-jabeak hasi dira, haustura hidraulikoa  debekatuta dagoen Frantziako Estatuan, hizkera amultsuagoa erabiltzen, ia erotismoaren eremuan sartzeraino. Haitzari masajea emateaz hitz egiten da orain, edo haitza kitzikatzeaz, bere hidrokarburoak aska ditzan.

Ikusiko da norainoko arrakasta duen gudu terminologikoak. Frantziako elkarte ekologistek, bere momentuan, mesfidantzaz hartu zuten frackinga debekatzeko Parisek egin legea, haren benetako helburua ingurumena babestea ez baizik eta gizarte mugimendua lokarraraztea zelakoan, behin giroa lasaituta berriz asmo zaharrei ekiteko. Ahots kritiko horiek diotenez, legea ez da behar bezain zehatza frackinga zer den definitzeko orduan.

Izendapen kontuak ez dira anekdota hutsa. Izan ere, legearen definizio ezari aurre egiteko urratsa egin berri dute Frantziako Asanblea Nazionaleko hainbat diputatuk, ia denak Europe Ecologie alderdikoak. Urtarrilaren 16an aurkeztu zuten lege proiektu bat, hidrokarburo ez-konbentzionalen esplorazioa eta ustiaketa debekatzeko eskatuz, erabiltzen den teknika edozein dela ere.

 

Frackinga debekatzea ez da gauza bera guztientzat

Legebiltzarreko Mahaiak ez du onartu Fracking Ez Arabak aurkeztutako herri ekimen legegilea. Ekimen horren helburua da EAE osoan frackinga eta, oro har, hidrokarburo ez-konbentzionalen ustiaketa debekatuko duen legea egitea. Legediaren arabera, herri ekimenez aurkeztutako proposamen bat ez da onartuko baldin eta, proposamena aurkezteko unean, Legebiltzarra gai berari buruzko beste lege proiektu edo proposamen bat tramitatzen ari bada. Kasu honetan horixe gertatzen dela iritzita, Fracking Ez Arabaren herri ekimena ez onartzea  erabaki du Legebiltzarreko mahaiak, EAJ, PP eta PSE-EEren botoekin.

Tramitatzen ari den eta gai bera duen beste lege proposamen hori Arabako Batzar Nagusietatik iritsi da Eusko Legebiltzarrera. Haren helburua ere frackinga debekatzea da, baina babestutako inguruneetan bakarrik. Legebiltzarrak otsailaren 7an erabaki zuen lege proposamena aintzat hartzea.

Hortaz, Legebiltzarra gai izan da aste berean frackinga debekatzearen gaineko eztabaidari atea ixteko, eta justu kontrakoa egiteko. Baina debekuak eta debekuak daude. Fracking Ez Araba plataformako kideek argi daukate euren proposamena eta Arabako Batzar Nagusiena ez direla gauza bera, eta horregatik, errekurtsoa jarriko dute Mahaiak beren ekimena atzera botatzeko erabakiaren aurka. Partidua hasi besterik ez da egin.
 


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude