#idlenomore Kanadako indigena haserretuek aldarri

  • Kanadako jende askoren egonezin eta haserreak bildu ditu Idle No More mugimenduak: hiri aberatsen bazterretan abandonaturik bizirauten duten indigenenak, petrolio-hodi berriek eta harea alkitrandunak ustiatzeko lantegiek kaltetu zein kezkarazitakoenak, Estatuak herritarrei zeuzkaten babes sozialak kentzeagatik oldartzen direnenak...  

Calgary Herald egunkariari hartutako argazkian, Attawapiskat tribuko buruzagi Theresa Spence ageri da gose greban, Otawako legebiltzarretik gertu dagoen Victoria Islanden ipinitako tipi (oihal edo larruzko etxola) barruan, bere militantzian aldezkari ditu
Calgary Herald egunkariari hartutako argazkian, Attawapiskat tribuko buruzagi Theresa Spence ageri da gose greban, Otawako legebiltzarretik gertu dagoen Victoria Islanden ipinitako tipi (oihal edo larruzko etxola) barruan, bere militantzian aldezkari dituen Danny Matatawabin eta Angela Bercierren erdian. Nazio Batuen Erakundeak berrikitan salatua zuen Attawapiskat jendea herri txiroenen bizi-baldintzetan dagoela, Kanada izanik ere munduko estatu aberatsenetakoa. Abenduaren 11n egin zion uko jateari eta urtarrilaren erditsutan jarraitzen zuen. Idle No More mugimendua azaroan Nina Wilson, Sheelah Mclean, Sylvia McAdam eta Jessica Gordonek sortu zuten, Kanadako gobernuari nolabait aurre egin beharra zeukatelakoan. Hiru hilabetetan Kanada astindu eta mundu osora hedatu da mugimenduaren mezua.

Hilabete pare bat sortu zela   eta gureganaino ere iritsi da haren zipriztina. Urtarrilaren 5eko Berrian Samara Veltek idatzi zuen: “Iparraldeko aiene indigenak. Protestak antolatzen aritu da Kanadako Idle No More plataforma indigena; azkenean haiekin biltzea onartu du Lehen ministroak”. Bi egun beranduago galdetu du lerroburuan  CBC Newsen Mark Gollomek: “Is Idle No More the new Occupy Wall Street?”, alegia, Idle No More alderatu ote daitekeen Occupy Wall Street  bezalako batekin, atera kontuak.

Idle No More Samara Veltek euskaraz eman du “inaktibitate gehiagorik ez”. Esan liteke ere “gehiago geldi ez”. Gazteek asmatu balute,  #geyogeldiez edo #ezgeldikgeatu idatziko zuketen, ziurrenera. Zeren eta “#” hori funtsezkoa baita: Idle No More ezin da ulertu, Occupy Wall Street eta azken hilabeteotako protesta saio gehienak legez, Twitter eta oro har Internetik gabe.

Wikipedian leitu daitekeenez,  Idle No More iazko azaroan asmatu zuten Kanadan Stephen Harperren politika ezin eramanez elkarri zer egin galdezka ari ziren Nina Wilson, Sheelah Mclean, Sylvia McAdam eta Jessica Gordonek. Saskatoon hirian lelo harekin antolatutako bilkura geldituko da hasierako markatzat.

Ordurako egonezina handia zen Kanadako herritar askoren artean. 2012ko udaberrian zalapartarik handiena ikasleek sortu zuten: Gobernuak hezkuntzan daraman politikaz haserre baldin baziren, unibertsitateko tasak igotzeko erabakiak sutu zituen bazterrak. Ikasleen grebez gain, zientoka milaka jendek egin zuten protesta karriketan.

Baina ikasleak ez ziren zintzurra estutzen nabaritzen zuten kanadar bakarrak. 2011z geroztik Harperren gobernuak herrialdearen legedi osoaren aldaketa sakona abiarazi du, Kanadako lege eta arau oinarrizkoak multzoka ukitu edo eraldatzen dituzten omnibus bill direlakoen bidez.

Jendeak omnibus bill (hitzez hitz, “erabilera anitzeko lege”) deitzen dituenokin Gobernuak eskua sartu du funtsean Kanadako hiru alorrotan: bertako indigenen eskubideak arautzen dituen Indian Act legearenean, nabigatzeko gai diren urei dagokion legedian eta ingurumenaren babeserako lege eta arauetan.

Aldaketok loturik daude Kanadak dauzkan baliabideen ustiaketarekin. Eta batez ere petrolioarenarekin. Azken urteotan ohiko petrolioaren produkzioa munduan bere gorenera iritsi dela eta, energiaren multinazionalek irrika bereziz bilatzen dituzte gas naturala eta gas eta petrolio ez ohikoak: fracking gasa eta harea alkitrandunetan dagoen petrolio lodia. Bata bezala bestea ustiatzeko multinazionalek talka egin dute orain artean ingurumena zaintzeko legeekin eta herri indigenek beren eremuetan dauzkaten eskubideekin. Hesiok dira omnibus bill famatuekin Harperren gobernuak pitzatu nahi dituenak.

Urtarrilaren 28a, ekintza eguna

Indioen autonomia ahultzeko, besteren artean Otawako gobernuak legez erabaki du komunitate indigena batek bere lurrak besteri alokatzeko orain arte botoemaileen gehiengoz erabaki behar bazuen, hemendik aurrera erabakia hartu ahal izango duela horretarako deitutako bilera barruko gehiengoak.

Ingurumenaren babesari dagokionez, lege eta arau berriek lausotu edo ezabatu egin dituzte petrolio hodi eta bestelako obra handiek orain arte eskaini behar zituzten bermeak.

Kanpaina hasi eta laster, Attawapiskat etniako buruzagi Theresa Spence gose greban sartu zen. Eta aldi berean protesta mugimenduak indar hartu zuen mugimendu sozialetan. Eserialdi, festa giroko manifestazio, flash mob, dantzaldi eta abar anitz bezain ugari burutu dituzte hilabeteotan, barrurako bezala mundu osoari begirako komunikazio tresnatzat Internet dutela. Idle No More da, batez ere, Twitterreko #idlenomore eta Facebookeko 40.000 kide, gehi blogak...

Mobilizazio horrek guztiak ernearazi du lehen lorea: Harper Lehen ministroak urtarrilaren 11rako deitu zituen herri indigenen liderrak, Assembly of First Nations erakundeak koordinatzen dituenak. Bileran aurrerako urratsak egin zirela esan zen arren, haren emaitza zehatzik ez da ezagutzen oraindik.

Lerrook idazteko unea arteko Idl No More mugimenduaren azken agiriak, urtarrilaren 14ekoak, zioen:

“Bidaltzailea: Idle No Moreren sortzaileak, antolatzaileak eta Adineko aholkulariak Idle No Moreren erantzukizuna da Gobernuaren gaurko politikei kontra egitea Bake eta Errespetuzko bidean. Egin daiteke. Erasorik eta bortizkeriarik gabe egin daiteke. Indar handiko aldaketa garai zirraragarrietan gaude.

Mugimendu honen gidari espirituzkoak izan dira Adinekoak, ametsak, bisioak eta herrien muineko baloreak. Guk hemen lurra, urak, airea eta izakiak gu geu barne segurtatzeko, orekara itzuli behar dugu eta elkarri eta lurrari kalte egitea gelditu.

Bide on honetan jarraitzeko, eskatzen dizuegu egiteko leku bat Adinekoei eta Ezagutza Erritoen Arizaleei lagundu dezaten aurrera begirako erabakiak hartzeko garaian. Gutako bakoitzari dagokio ikustea mugimendu honek zaintzen dituela jende guztiak, ingurumena, gure komunitateak eta auzokoak. Bakean eta solidaritatean”.

Urtarrilaren 28rako ari dira antolatzen Idle No More World Day of Action. Izanen da gurean ere ekintza horien berri, mugimendu sozial, sindikatu, eta abar luze baten laguntza bildu baitute jadanik.

Deialdian garbi diote ezein alderdi politikok ez dituela ordezkatzen, jendeak jendearentzako egindako mugimendua direla, “indigenen burujabetzan oinarriturik etorkizuneko belaunaldientzako ura, airea, lurra eta izaki guztiak zaintzeko”.

Adbusters aldizkariaren guneak lerroburuan ipini du: “Indigenak matxinatu dira mundu osoan. Nazioen arteko negoziazioak agertu dira berriro”.

Judy Rebickek idatzitako hau azpimarratu du Adbustersek: “Idle No Morek nahi du gure kulturaren eta herrialdearen aldaketa bat beltzen edo emakumeen askapen mugimenduaren tamainakoa. Eta jende zuriak eta gizonezkoek benetako aliatuak izatekotan aitortu behar duten moduan beren pribilejioa eta nolaz etekina atera dioten beltzen edo emakumeen kontrako zapalkuntzari, guk kolonook aitortu behar dugu zein handia den gutako bakoitzaren pribilejioa Jatorrizko Nazioei historian zehar eta oraindik gaur ere egindako zanpaketa kolonialaren ondorioz”. Europarrok aurkituko dugu hitzok geurera egokitzeko modua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kanada
2023-02-06 | ARGIA
Kanada hasi da droga gogorrak kopuru txikietan edukitzea despenalizatzen

Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen... [+]


2023-01-05 | ARGIA
Higiezinak erosteko bi urteko debekua ezarri die Kanadako Gobernuak atzerriko inbertitzaileei

Higiezinen merkatuko prezioen goranzko joera eten asmoz, Kanadako Gobernuak lege bat jarri du indarrean: bi urtez atzerriko inbertitzaile eta enpresei etxebizitzak erostea debekatuko zaie, ondorioztaturik atzerriko espekulatzaileen eragina erabakiorra izan dela merkatuko... [+]


2021-07-13 | ARGIA
Beste 160 hilobi aurkitu dituzte Kanadako ume indigenentzako barnetegia izandakoan

Panelakut tribuak egin du oraingoan aurkikuntza: identifikatu eta dokumentatu gabeko 160 hilobi baino gehiago, 1890etik 1970era ume indigenak bortxaz eramaten zituzten barnetegi izandakoan, Kanadako golkoan. Halako barnetegietan 1.100 hilobitik gora aurkitu dituzte dagoeneko.


Eguneraketa berriak daude