Gerretako interes ekonomikoak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Frantziako kolonia izandako Mali iparraldean eraso militarra jo du Frantziako Gobernuak, eta Aljerian eragiten ari da jadanik. Frantziako presidente François Hollandek dio erasoa “antiterrorista eta behin behinekoa” dela, Bamako hiriburuan bizi diren frantziar biztanleak babesteko eta Malik bere lurraldea berreskura dezan. Gune hartara 2.500 militar bidali ditu eta Europan nahiz AEBetan babes logistiko bila dabil. Espainiako Estatuak baimena eman dio Frantziako abiazioari bere aire espazioa erabiltzeko eta laguntza gehiago ere emango omen dio. Erasoa hasi zenetik 30.000 lagun euren etxeak utzi eta herrialdetik atera nahian dabiltza, batez ere Mauritania eta Aljeria aldera. Hollandek honakoa esan du: “Ez gaude Malin gure enpresak defendatzeko, gure herritarrak baizik”.

Hain justu, badirudi interes ekonomikoak daudela jokoan misio militar honetan. Beste eraso eta gerretan ere hala gertatu da, AEBek Pertsiar Golkoan edo Afganistanen beren petrolio erreserbak defendatzeko egindakoak kasu. Malin ere interes ekonomiko ugari daude. Zehazki, lehengaiak merke erauzten dituzten enpresak daude han, Frantziako zentral nuklearrak funtzionatzeko beharrezkoa den uranioa ateratzen dute, adibidez. Testuinguru horretan, azkenaldian enpresa horietako langileak bahitu dituzte. Eraso militarra jotzeko, Frantziako Gobernuak arrazoitzen du “demokraziaren defentsan” ari dela, islamiar “terroristek” bortxatua izan delako. Aitzitik, azken urteetan Maliko Gobernuak egindako bortxaketa ugariren eta ustelkeriaren aurrean, ez du ezer egin. Zergatik orain hainbesteko presa erasotzeko? Demokraziaren defentsaz ala uranio merkeaz ari gara?


Eguneraketa berriak daude