Malin eta Azawaden okerrena etortzeko dago

  • Azawad hartzea parterik errazena zen. Orain, Maliko estatuak, gerrillarien erasoei, ‘Tuaregen arazoari’ eta zatitutako gobernua izateak sortzen dituen eragozpenei egin beharko die aurre, Imad Mesdoua analista politikoak The Guardian-en idatzi duen moduan.


2013ko otsailaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Frantziar soldadua Niono inguruan, Malin, urtarrilean. (Argazkia: Issouf Sanogo/AFP/Getty Images)

Mali: Okerrena etortzeko dago izeneko artikuluan, Mesdouak dio Frantziako tropak iristean militante islamistek azkar egin zutela ihes, baina horregatik ez dela krisia amaitu, ezta gutxiago ere.

Frantziar soldaduek operazioa abiatu zutenean, nazioarteko kazetari ugarik esan zuten gerrillariak Azawadeko desertuetan “desagertu” zirela, besterik gabe. Lekuko batzuen hitzetan, ordea, gerrillari islamistak modu ordenatuan atera ziren hirietatik, ongi antolatuta, bai baitzekiten nazioarteko interbentzio batek luzez gaindituko lukeela euren militante kopurua.

Mesdouak dioenez, gerrillariak Adrar des Ifoghas eskualdeko mendi eta haitzuloetan ezkutatu eta kontraerasoa antolatzen hasi ziren, azken egunotako eraso selektiboek erakusten duten moduan. Eraso horiek mugimendu “kezkagarriak” azaleratu dituzte, Afrikako ipar-mendebaldeko talde islamisten laguntza suma daitekeelako, Nigerreko eta Txadekoena, adibidez.

Zonaldean segurtasun eza areagotzen du horrek guztiak, eta ez dirudi tropa frantziar guztiak epe motzean handik aterako direnik. Areago, bertan dauden mendebaldeko enpresek segurtasunari buruzko auditoriak egin beharko dituzte, militarren nahietara egokitu ahal izateko. Soldadu frantziarrak jada hasiak dira Nigerreko uranio meategi estrategikoak hartzen.

Duela hiru egun, gorputzean lehergailuak zeramatzaten bi gerrillari atzeman zituzten soldaduek. Arabiarra zen bata, tuarega bestea.

‘Tuaregen auziari’ buruz hitz egiteko parada ematen du horrek. The Guardian-eko analistak nabarmendu duenez, elkarrizketa eta politikarien borondatea beharko dira, tuaregek eta Saheleko beste talde gutxitu batzuek sufritzen duten bazterketa eta estigmatizazioa desagertzea nahi bada.

Dena den, Maliko Gobernuaren barruan dagoen zatiketak agerian uzten du gisa horretako arazoei aurre egiteko gaitasun eza. Gainera, Frantziak abiatutako operazioa agintari tuaregak atxilotzeko eta iparraldeko beste talde etnikoen kontra egiteko baliatu du Maliko ejertzitoak. “Gobernua ez bada gai eraso horiek geratzeko, tentsio etnikoek gora egingo dute”, dio Mesdouak.

Bere ustez, “terrorearen aurkako gerraren” diskurtsoak ezkutatu egin ditu Maliko krisiaren benetako arrazoiak: “Egonkortasuna ezartzetik harago, Malik lidergo arduratsu eta legitimoa behar du, gai izango dena epe luzerako soluzioak emateko. Aldi baterako gobernuak, gizarte zibilak eta nazioarteko aktoreek, tropa atzerritarren presentziak ematen duen atsedenaldi laburra baliatu behar dute aurpegi anitzeko krisi honen sustraietan dauden ustelkeria endemikoaren eta kexa legitimoen aurka egiteko”, bukatu du Mesdouak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azawad
Malik eta tuaregek presoak trukatu dituzte bake elkarrizketen aurretik

Maliko gobernuak eta Azawadeko tuaregek presoak trukatu dituzte bake elkarrizketen bezperan, borondate oneko keinu gisa.


Maliko Gobernuak guda deklaratu die berriz ere errebelde tuaregei, Frantziaren laguntzarekin

Gutxienez zortzi hildako izan dira Maliko armada eta gehienbat tuaregek osatzen duten MNLAren arteko borroketan, Kidal izeneko herrian (ikusi mapan non dagoen). Maliko Lehen Ministroak Azawadera egindako bisita batek lehertu du aurretik ere bero zegoen gatazka. Iturri... [+]


2013-04-10 | Martin Vicioso
Frantziako armada Malitik ateratzen hasi da

Frantziako Gobernua Malin destinatutako soldaduak etxeratzen hasi da. François Hollande presidenteak esandakoa bete du, tropak apirilean herrialdea uzten hasiko zirela adierazi baitzuen. Ehun batek jada utzi du Mali, eta uztaila bitartean besteak etxeratuko dira. Hala... [+]


Mali-Azawad: gerra inperiala etxe atarian daukagu

Afrika erdialdeko Mali idor txiroaren jabe egiten ari ziren islamista fanatikoei, Europatik Frantziak geldiarazi dizkie oinak militarrak bidalita, norbaitek egin behar zuen. Horra Frantzia eta Europako herritar askok sinetsi nahiko lukeen abentura. Polita litzateke, baldin... [+]


Eguneraketa berriak daude