Orain gurekin ez zauden arren

  • Hogei urte joan dira Joxemi Zumalabe Goenaga (Donostia, 1950-10-14 / 1993-01-12) hil zenetik. Gorazarre egin asmoan mahai-inguruak, kultur ekitaldiak eta bestelako omenaldiak antolatu dituzte urtarrileko lehen eta bigarren asteburuan, eta honenbestez, hura izan zena, batzuok sekula ahanzterik izango ez duguna, ekarriko dute gogora: haren eskuzabaltasuna, haren filosofia, haren bultzadaz lortutakoak, haren itzal luze beti presentea.

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Donostiako familia euskaltzale eta abertzale bateko semea, frankismo garaiko ikastola klandestinoak ezagutu zituen haurra zela, eta aitaren –Jose Migel Zumalabe Mendiburu– eta Karlos Santamariaren ekimenez sortutako Santo Tomas lizeoa, ondoren. Sarritan eskertuko zuen gerora gurasoek egin zioten mesede hura, giro hartan eskolatu izana hain zuzen, han ernatu baitzitzaion bere bizitza osoko funtsa izango zuena: euskararen, euskal kulturaren, euskal prentsaren eta oro har herrigintzaren aldeko jardun nekaezina. Borroka horretan oinarritu zuen bere biziera,  pentsaera, ibilbidea. Martin Ugaldek hitz ezin ederragoz azaldu zuen bezala, “euskararekiko maitasun istorio bat” izan zen Joxemi Zumalaberena.

Taldeko gizona zen, eta taldean eman zuen onena, taldekide bakoitzaren nolakotasunak nabarmenduz, elkarlanaren ahalmena balioetsiz, ametsak partekatuz. Eguneroko lanak, proiektu berriek, konspiratzeak oro har, biziarazi zuten azken eguneraino.

Argieroak

Bereziki hari eta Joxe Mari Ostolazari zor dio Argiak honainoko bidea egin izana. Krisirik latzenetik atera zuten Kaputxinoen garaiko Zeruko Argia hura, zorra besterik ez zuenean, haren alde inortxok xentimorik ere eman nahi ez zuenean, inguruneak prentsa elebidunaren alde egin eta euskara hutsezko argitalpenari zentzurik ikusten ez zitzaionean.

Eta hark akuilatuta, abiapuntu hartatik bertatik lortu zen ilusioa piztea, behar gorria sentitzea, oztopo eta ezikusi guztien gainetik aurrera begiratzea eta apurka indarrak batzea, euskal prentsan sinetsaraztea eta gizartean proiektatzea, Euskaldunon Egunkariak argia ikus zezan. Buru-belarri jardun zuten gainerakoei meriturik kendu gabe, noski.

Handira jo zuen beti Zumalabek. Pack osoa behar zuen, euskararen eta euskal kulturaren mundua bere betean hartuko zuen plangintza orokorra. Hortik beherako ezerekin konformatu gabe, arlo gehientsuenetan jardun zuen, denak bakarrera ekartzeko ahaleginetan.

Euskalgintza, naziogintza eta herri mugimenduak izan zituen pentsamenduaren oinarri. Ezin uler zezakeen euskalgintza naziogintzatik aparte. Ezta, jakina, euskalgintza alde batera uzten duen naziogintza. Arazo linguistikoa eta kulturala naziogintzaren oinarrizko osagaitzat jotzen zituen: “Herri honek nazio bilakatu nahi baldin badu, hizkuntza nazionalean oinarrituriko kultura garatu behar du, eta kultura horretan bere izate nazionala egituratu. Eta hori da, finean, euskaldun abertzaleak duen proiektu nazionala; hots, nazio honek bere egitura, bere subiranotasun eta bere kultura nazionala lortzea. Herri bezala. Euskarak nagusitzeko behar dituen bitartekoak euskaraz ez dakitenen aurkako zapalkuntzarik gabe eskuratuz”.

Ertz ugari du Joxemi Zumalaberen figurak. Pintore izan nahi zuen. Etxetik transmisioan jasotako nolakotasuna, hori ere. Eta eskua zuen, horretarako ere bazuen. Lehentasunak lehentasun, gurari hura jubilatuko zenerako utzia zuen.

Bere alderdi artistikoaren aleak ekarri nahi izan ditugu orriotara, Argian utzi zigun ondare grafikoa, ilustratzaile eta azalgile gisa landutako zenbait gai. Haren sormenaren ohorez. Bere senaren maiteminez.

Maitasun hutsunea baino handiago

Ipurtargiaren itzal luzea argitaratu zuen Euskaldunon Egunkariak, Joxemi Zumalaberen heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñaki Uriak –2003ko hartan Egunkariako Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkaria– egin zion hitzaurrea Lorea Agirrek idatzitako liburu hari. Handik hartuak dira hitzok.

(...) Joxemik utzitako hutsunea maitasun hutsunea baino handiagoa da ordea. «Aitatxo galdu dute Maddik eta Jonek. Joxemi Ostaizkak eta lagunok. Eta gizon handia euskaldunok», idatzi nuen bera hil eta hurrengo egunean Egunkarian. Gizon handia bere isilean. Gizon handia bere apaltasunean. Gizon handia euskalgintzan. Gizon handia herrigintzan. Proiekzio handiko gizon sendoa genuen Joxemi. Agortzen ez zen ideia iturria. Gogoetarako gaitasun aparta, irudimen eta sormen harrigarriak eta horiek guztiak modurik errazenean adierazteko gaitasuna. Adierazpenaren ondoren zetorren ekimena: gu guztiok norabide berean lanean jartzeko abilezia eta abiatutako lanari eusteko adorea. Gogaide, lagun, konplize, burkide, lankide, adiskide, buruzagi... maitale, aita, maketatzaile, txofer, marrazkilari, diseinatzaile, kudeatzaile, enpresari... Langile eta enpresari. Militantea. Gizon osoa. Nik neuk, esan dezaket ez dudala bera bezalako beste bat topatu. Behin eta berriz harritzen ninduen. Hainbat urtetan hain gertu eta elkarrekin hainbeste ibili ondoren, uste duzu badakizula nolakoa den zure laguna. Ezagutzen dituzula bere erreakzioak, bere pentsamenduak... badakizula zer esango duen. Ez zen Joxemiren kasua. Bere errekurtsoek, bere gaitasunek Joxemi berri bat osatzea lortzen zuten estualdi bakoitzean. Krisi bakoitzean Joxemi berri eta osoago bat agertzen zitzaigun.

Maite genuen Joxemi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025-08-26 | Josu Iraeta
Euskara, oldartu zaitez

Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebista gaztelerazko filmak ematen hasi dela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta

Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Euskarak Euskal Herria behar du

Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Euskarafobia ari du beste behin Lizarrako Udalean

Lizarrako Udalak udarako antolatu dituen bost musika ikuskizunetan eta beste horrenbeste film emanaldietan bat bera ere ez da euskaraz izanen; datorren astean hasiko diren festen egitarauan haurrentzako ekitaldi bat dago euskaraz programatua, justu, erraldoi eta buruhandien... [+]


Desobedientzia praktikatzen

Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du... [+]


2025-07-23 | Patxi Saez Beloki
Euskara gara

Gu gara euskara. Euskara gure baitan bizi da. Guk biziarazten dugu. Euskara bizi dugu eta euskarak bizi gaitu. Guk elikatzen dugu eta gu elikatzen gaitu. Euskara gara. Euskara egiten dugunean euskarak egiten gaitu. Guk dugu, euskarak gaitu.

Euskararik gabe ez gara, eta hori... [+]


Eguneraketa berriak daude